
OINARRIZKO GLOSARIOA
Ahozko toponimoak: tokian tokiko biztanleek erabili ohi dituzten leku-izenak, landa-lanaren inkestaren bidez jasotakoak. Adibidez: Arrañeta errekea.
Dokumentazio-iturriak:
leku-izenen bilakaera eta jatorrizko izendapenak ezagutzeko oinarrizko
informazioa ematen duten iturriak, adibidez: udal agiritegiak, foru
aldundienak, elizarenak, Jabetza-erregistroko artxiboak, inprimatu
gabeko agiriak, katastro zaharrak, toponimiako argitalpenak…
Entitate geografikoa: leku-izen edo toponimoek osagai espezifikoa (Zadorra,
esaterako) eta osagai generikoa (ibaia) dute; entitate geografikoa
izena duen edo izena har dezakeen paisaiaren edozein elementu da,
naturala (mendia, erreka…) edo artifiziala (plaza,
etorbidea…) eta gehienetan toponimoen osagai generikoarekin bat
dator.
Generikoa eta entitate geografikoa
bat ez datozenean herri-hizkeraren eta terminologia zientifikoaren
artean desberdintasunak agertzen direlako izan ohi da. Adibidez:
• Gastaka errotea, ahozko toponimoa: errota, generikoa; baserria, entitate geografikoa; alegia, ez da errota baizik eta baserri baten izena.
Hizkuntzaren corpusa:
hizkuntza baten erakusgarri diren testu idatzi edo/eta ahozkoen
multzoa; azterketa linguistikoak egiteko biltzen dira testu horiek.
Toponimoak multzo horren zati azpimarragarria dira.
Iturri kartografikoak: toponimoak biltzen dituen edozein dokumentu grafiko (mapak, planoak, krokisak...).
Kode geografikoa: toponimoaren edo leku-izenaren entitate geografikoa (erreka, mendia, errota, errepidea…) adierazten duen zenbakia.
Normalizazio geografikoa:
toponimia kartografian txertatzeko prozesua; horretarako, irizpide
grafiko eta geografiko bateratuak ezartzen dira, toponimoei
koordenatuak aplikatuz eta errotulatzeko era zehaztuz.
Normalizazio linguistikoa:
aurrez finkatutako zenbait hizkuntza-arau edo irizpide toponimoei
aplikatzea da normalizazio linguistikoa; arauok eta irizpideok (EAEko
toponimiaren kasuan, Euskaltzaindiak onetsitako arauak dira) aplikatu
aurretik, landa-lanetik eskuratutako materiala aztertu eta dokumentu
ugarirekin alderatu eta egiaztatu egiten da; gainera, hizkuntzaren
bilakaeraren funtsezko arauak oinarri hartuta aplikatzen dira arau
horiek.
Era horretan, leku-izenek
hizkuntzaren ikuspuntutik sortarazten dituzten arazoei irtenbidea
ematen zaie eta toponimo normalizatuak edo arautuak sortzen dira.
Osagai espezifikoa:
toponimoa zehatz-mehatz izendatzen duen osagaia. Oro har, toponimoaren
izen propioa dela esan daiteke. Osagai espezifikoak osagai bakar bat
edo gehiago izan dezake. Adibidez:
• Galburusoro baserria: Galburusoro, osagai espezifikoa
• Atibar Goikoa baserri:Atibar Goikoa, osagai espezifikoa
Osagai generikoa: toponimoan entitate geografikoaren izaera, modu orokorrean, adierazten duen osagaia. Adibidez:
• Galburusoro baserria: baserria, osagai generikoa
• Urtiaga erreka: erreka, osagai generikoa
Toponimia:
leku-izenen jatorria eta esanahia ikertzen duen jakintza-arloa
(banaketa administratiboen izenak nahiz biztanle-entitateenak eta
elementu geografikoenak).
Toponimoa:
leku-izenak edo entitate geografikoak izendatzeko erabili ohi den
terminoa. Toponimoa izen propioa da, osagai espezifiko batez eta,
gehienetan, osagai generiko batez eratuta dago. Adibidez: Mugarra mendia: Mugarra, espezifikoa; mendia, generikoa.
Toponimo dokumentatuak:
idatzizko dokumentazio-iturrietatik ateratako toponimoak. Toponimo
hauen jatorrizko grafia bere hartan gordetzen da toponimia-lanetan.
Adibidez: Olaun txarra erreca aldea.
Toponimo dokumentatu kartografikoak:
iturri kartografikoen (mapak, grafikoak, planoak, krokisak…)
hustuketaren bidez biltzen diren leku-izenak. Hona zenbait adibide: Gaubeca, Urticoerrote, Artebacarra.
Toponimo erreferentzialak: beste toponimo batetik eratortzen diren leku-izenak, jatorrizko toponimo horri erreferentzia eginez: Gasteizko mendiak, Bizkaiko zubia.
Toponimo normalizatuak:
toponimo dokumentatuak eta ahozkoak aztertu eta normalizazio arauak
aplikatu ondoren, finkatzen diren leku-izenen multzoa. Adibidez: Billao, Errotatxu, Etxandarri.