Azken eguneratzea: 2008/10/07
Adierazpenak Radio Nacional irratian
Lehendakariaren epaiketaren atzean dagoen "sustapen politikoa" salatu du Azkaratek eta "zentzugabekeria" hau laster bukatzea espero du
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eta Patxi Lopez eta Rodolfo Ares agintari sozialisten kontra Batasuneko kideekin biltzeagatik (alderdi hau legez kanpo zegoenean) abiatutako epaiketaren atzean dagoen "sustapen politikoa" salatu du Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak RNE irratian esandako hitzetan. Gainera, "behingoz zentzugabekeria hau " bukatzea espero duela gaineratu du.

Azkaratek adierazi duenez, Ibarretxeren buruan "inoiz ez da egon justiziari desobeditzeko asmorik". Zentzu horretan, azpimarratu du legez kanpoko alderdiarekin bildu zenean ("Zapatero saiatu zen bezala, eta bere garaian Aznar eta Gonzalez presidente ohiek egin zuten bezala")"gatazkak hitz eginez konpontzea" zela bere asmoa, "negoziatuz eta hitz eginez konponbide batera iritsiz".

 

Hauteskunde prozesuan Lehendakaria eta oposizioaren hautagaia akusatuen "aulkian eserita" egongo direla pentsatzea "pixka bat arraroa" dela iritzi dio Azkaratek, eta ondoren adierazi du ziur dagoela gizartea "nahikoa heldua" dela garrantzitsua zer den eta zer ez den jakiteko eta "gertatzen ari denaren irakurketa egokia" egiteko.

 

ETArekin negoziazio prozesu berri bat irekitzeari buruz galdetu diotenean, bozeramaileak esan du "bere garaian (ETArekin) hitz egin" beharko dela. Halere, esan du horretarako "indarkeria utziko duela adierazi" beharko lukeela eta azpimarratu du hizpide "bakarrak" "elkarrizketaren bidez indarkeriari amaiera ematea, armak nola entregatuko dituzten eta presoekin zer gertatuko den" izan beharko liratekeela.

 

Halaber, "zalantzarik gabe" alderdi politikoen artean "momentu honetan hitz egin beharko" litzatekeela nabarmendu du. "Gobernu hau beti izan da oso kritikoa alderdi politikoen legearekiko eta beti uste izan dugu ez gaituela inoiz konponbidera gerturatuko, izan ere, guri gustatu ala ez, 150.000 pertsona hitz politikorik gabe uztea ez da inoiz konponbidea izango", gaineratu du.