| Azken eguneratzea: 2008/07/30 |
| 600.000 euroko laguntza programa abiaraziko du Eusko Jaurlaritzak, kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen garapenerako |
| Joan den uztailaren 1eko Gobernu bileran, Jaurlaritzak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretua onartu ondoren, arau horretan aurreikusitako betebeharretara egokitzeko enpresentzako laguntza-programa abiarazi dute Kultura eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailek. Egitasmo honen aurtengo deialdiaren aurrekontua 600.000 eurokoa izango da. |
|
|
|
Onuradunak:
- Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, legez unibertsalak, interes orokorrekoak edo antzeko beste kategoria batekoak diren zerbitzuak egiten dituzten erakunde edo pertsona juridikoak:
- Komunikazio-sareak ustiatzen dituzten komunikazio-operadoreak, zerbitzu unibertsala ematen dutenak, eta jendearentzako telefono-zerbitzuak ematen dituztenak.
- Bidaiarien trenbideko edo errepideko garraio publiko erregularreko zerbitzuak ematen dituzten enpresak.
- Bidaiarien aire-garraioko zerbitzu erregularrak ematen dituzten enpresak, eta aireportuetan errepide asistentzia zerbitzuak ematen dituztenak.
- Energia elektriko zerbitzua ematen duten banaketa-enpresak.
- Gas naturala merkaturatzen duten enpresak.
- Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden jendeari begirako, produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduek, baldin eta honako baldintza hauetakoren bat betetzen badute:
- 250 langiletik gora dituzten enpresetakoak diren establezimenduak izatea, betiere urtean 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena badute, edo haien urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa bada, edo aurreko baldintza horiek betetzen dituen beste enpresaren batek haien kapitalaren edo boto-eskubideen % 25 edo gehiagoko partaidetza baldin badu.
- Jendeari salmentak egiteko gunearen azalera 400 metrotik gorakoa duten establezimenduak izatea, elebidunen proportzioa % 33 baino handiagoa duten udalerrietan edo Bilbon, Gasteizen edo Donostian kokatuta badaude.
- Bezeroarentzako arreta ematen duten plantillako langileak 15 baino gehiago dituzten establezimenduak izatea.
- Merkataritza-establezimenduak, betiere kolektiboak badira, hau da, esparru edo eraikin beraren barruan hainbat saltoki badaude eta saltoki horietako jarduerak era independentean gauzatzen badira.
- Euskal Autonomia Erkidegoan jendeari begirako establezimendua duten kreditu-erakundeak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitzak saldu edo alokatzen dituzten profesional, enpresa edo eraikuntza-obren sustatzaileak.
Diruz laguntzen diren jarduerak
Diru-laguntza gai diren jarduerei dagokienez, esan beharra dago Agindu honetako diru-laguntzak 123/2008 Dekretuak ezarritako hizkuntza betebeharrei erantzuteko asmoz garatutako jarduerak finantzatzeko izango direla, bereziki euskaraz eskaintzeko:
- Jendaurrean jartzeko kartel edo errotuluetan ageri den informazioa —finkoa eta aldakorra—.
- Jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoak, produktu edo zerbitzu bati edo gehiagori buruzko informazioa ematen badute.
- Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek betetzeko diren inprimakiak.
- Atxikimendu-kontratuak, ereduzko klausulak dituzten kontratuak, kontratu arautuak, baldintza orokorrak eta horietan guztietan aipatzen diren edo horiei buruzkoa den dokumentazioa.
- Kontsumitzaileei zuzendutako komunikazio edo jakinarazpenak, baita fakturak edo egindako operazioen ziurtagiriak, aurrekontuak, gordailu-frogagiriak eta antzeko dokumentuak ere.
Horrez gain, beste jarduera hauek ere diru-laguntza gai izango dira:
- Bezeroarentzako arreta zerbitzuetan lan egiten duten langileen hizkuntza trebakuntza.
- 123/2008 Dekretuak ezarritako betebeharren planaren diseinua, inplementazioa, jarraipena eta ebaluazioa.
Eskabideak aurkezteko epea
Laguntza-programa arautzen duen agindua 2008ko irailaren 1ean argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta hurrengo egunean kontatzen hasita, entitateek hilabeteko epea, iraila osoa, izango dute eskabideak aurkezteko.
123/2008 Dekretuaren aplikazio eremuko entitateentzako diru-laguntza deialdia arautzen duen AGINDUA (pdf, 162Kb)
Patxi Baztarrika Rodrigo García Azurmendiren sailburuordeen hitzak (pdf, 125Kb)
Donostia, 2008-07-30
|
|