|
Euskara nola txertatu gure enpresan? Enpresa industrial ertain baten adibidea
Planaren doikuntza eta berrikuspena

Sarrera
Arruti S.L.ko euskara plana doituz joan zen, bai urtetik urtera, baita plangintza-aldi osoa amaitu ondoren ere. Plangintzaldi osoa amaitutakoan hiru urte haien balorazio orokorra egin zen, eta hurrengo plangintza-aldirako proposamen eta helburu berriak plazaratu ziren koordinatzailearen, euskara batzordearen eta Zuzendaritzaren eskutik.
Hiru urte horietako ebaluazioa txosten batean jaso zen. Edukiak honako hauek izan ziren:
-
Erabilera- eta presentzia-datuen emaitza eguneratuak: emaitzarik onenak lehen eta bigarren ardatzean lortu ziren, horixe zioten adierazleek. Barne Harremanen ardatzean, Sistemen Kudeaketa mailan, laneko inprimakietan atzeratuta geratu zirela ikusi zen. Diagnostikotik bertatik ikusten zen eskatzen zuen ahalegin-maila handia zela. Hala ere, plana lantegira zabaldu ahal izateko beharrezko jotzen zen.
-
Hiru urteotan lortutako erabilera- eta presentzia-maila iraunkortzeko hizkuntza-irizpideak ere indarrean ziren. Horixe adierazten zuten sistematizazio-adierazleek. Jakinarazpen orokorretarako sortutako formatu berriak adibidez, ele bietan sortuak ziren.
-
Hurrengo plangintza-aldirako helburuak ezartzeko maila berrien identifikazioa. Fase berri bati ekingo zitzaiola erabaki zen, eragin-gune berria lantegia izango zen, esan bezala.
-
Euskara batzorde berria izendatu zen, lantegiko ordezkari berriak izendatuz.
-
Balorazio orokorrak, hala nola, erritmoari, eragileen nahiz Zuzendaritzaren jardunari edo zuzenean parte hartu zuten langileak asetzeari buruzkoak.
Oro har, euskara plana Arruti S.L.ko beste planetan, sistematikan (komunikazio-, prebentzio- edo kalitate-programetan) bete tokia hartzen, integratzen hasia zela ikusi zen.
Datu horien artean adierazgarrienak aukeratuz, informazio orri bat landu zen, langileei banatu zitzaiena ohiko komunikazio-kanalen bitartez. Urteko bileran Zuzendaritzak emaitzak eta egitasmoen berri eman zuen.
Metatutako eskarmentua kontuan, bigarren plangintza-aldi bati ekingo zitzaiola erabaki zen. Oraingo honetan plana Arruti S.L.ko lantegira ere iritsiko zen.
|