Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W·C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Euskara nola txertatu gure enpresan? Enpresa industrial ertain baten adibidea

 

 

 

Gauzatze-fasea edo inplementazioa

Sarrera

Gauzatze-fasean egin egiten dira urteko kudeaketa planean nahiz urte anitzeko planean aurreikusitakoak. Arruti S.L.ren kasuan, 2007ko kudeaketa planean aurreikusitako batzuk nola gauzatu ziren ikusiko dugu labur-labur. 


Planaren komunikazioa: Euskara Planaren agiria

Fase praktiko honi ekin aurretik, eta euskara plana enpresaren proiektua zela adierazteko asmoz, lehen-lehenik Arruti S.L.ko zuzendaritzak Euskara Planaren agiria zabaldu zuen enpresa osoan planaren berri emanez, eta bere konpromiso sendoa adieraziz. Komunikazio-planean aurreikusitako kanal batzuk erabili ziren horretarako: urteko bilera orokorra, sailetako komunikazio-bilerak, ohar-taulak eta intraneta.

Harrera

2007ko kudeaketa planean Arruti S.L.ko harrera orokorra euskaraz eta gaztelaniaz egitea jasotzen zen. Helburu hau bi pertsonekin landu zen, administrazio arduradunarekin eta harreragilearekin. Harreragilea euskal hiztuna bazen ere, ez zegoen ohituta honelako erregistro formaletan jarduten. Administrazio arduradunaren zeregina, berriz, harrera-agurrak finkatzea eta landuko ziren hizkuntza-irizpideak definitzea zen.

Aurrez aurreko harreran nahiz telefono bidezkoan erabiliko zen forma "Arruti egun on/buenos días" izatea erabaki zen. Hartara, solaskideak nahi zuen hizkuntzan jarraitu ahal izango zuen.
Bestalde, euskaraz erraz egin zezan, esan bezala 20 h-ko trebakuntza saioa eman zion euskara-teknikariak harreragileari. Agurraz gain, harrera-lanean ohikoak diren esamoldeak landu ziren ahoz, baita idatzizko oinarrizko eduki batzuk ere, bisiten kontrol-agiriari lotutakoak bereziki. Trebakuntza-saio horietako bat erabili zen erantzungailuko mezuak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez grabatzeko eta jartzeko.
Trebakuntza-ordu horiek urteko prestakuntza-orduen baitan konputatu ziren.

Lortutakoari eusteko, eta gero eta sistematikoago izateko, harreragile-lanpostuaren txostenean hizkuntzei buruzko eskakizunak zehaztea proposatu zen, euskarari, ingelesari eta gaztelaniari zegozkienak hain zuzen, ordezkapenetan nahiz kontratazio berrietan alderdi hori bermatuko zela ziurtatzeko. Proposamen bat landu zen euskara batzordeak aztertu zezan, eta hala balegokio, zuzendaritzari helaraz ziezaion.

Lanari lotutako hizkuntza paisaia (bulegoetan)

2007ko helburuak lantzeko administrazio saileko zenbait langilerekin erabilera-talde bat osatu zen. Hamabostean behin egiten zituzten bileretan, aurrez 5S programan begiz jotako elementuak ele bietan jarri zituzten, kontratatutako euskara-teknikariak lagunduta.
Horretarako, trebakuntza ez-ezik, hizkuntza-autonomia lantzeko hiztegi lexikologiko nahiz terminologikoen, zuzentzaile ortografikoen edota bilduma fraseologikoen berri  ere jaso zuten, besteak beste.  Izan ere, azken helburua langileek beraiek agiriak euskaraz sortu ahal izateko gaitasuna izatea zen, kanpoko itzultzaileengana jo gabe (Ikusi ikasketa-plana). Aldian-aldian sortzen ziren kartelen helburua ere talde honetan landu zen.

Ahozko trebakuntza ere bereziki landu zen, langileen arteko hizkuntza-ohiturak  aldatzen hasteko, eta gero eta erosoago aritzeko. Horrekin batera, erabilera-taldean landutakoa eguneroko lanean erabiltzen laguntzeko eta ziurtasunez aritzeko, euskara teknikariak lanpostuko laguntza eskaintzen zien taldeko langile hauei astean hainbat orduz.


Pertsonalaren kudeaketarako ohiko agiriak

Horiek lantzeko euskara-teknikariak trebakuntza-saio bereziak egin zituen giza baliabideetako bi langile euskal hiztunekin. Saio horietan ordurako ele bietan zegoen nomina-agiria berrikusi eta txantiloia egokitu egin zen, informatikariak lagunduta. Beste hainbat agiri orokor, langile bakoitzaren ordutegi-kontrola edota nomina jaso izanaren agiria edota urteko egutegia ele bietan jartzeko modurik egokiena aztertu zuten, euskara teknikariaren laguntzaz. 

Horrekin batera, eta hurrengo plangintza-aldian lantegira zabaltzekoak zirela jakinik,  hango euskal hiztunei harremana euskaraz egin ahal izatea eskaini zitzaien. Hori adierazteko, nominarekin batera banan-banan jakinarazpen bat eman zitzaien.

Euskalduntzea. 2007ko kudeaketa planean esandakoekin jarraituz, Giza Baliabideetako kide batek  ez zuen euskara-gaitasun nahikorik; talde honek lehentasun handia zuen euskara planak enpresan eraginik izango bazuen. Hori horrela, euskaltegian ikasteko aukera eskaini zitzaion, horretarako kostu ekonomiko eta orduen konputoa hitzartuz.

Euskaltegiko mailaketa-probaren arabera, 4. urratsean matrikulatu zuten. Lortu beharreko maila 9. urratsean finkatu zen (HABEko Bigarren Maila gainditzea alegia). Urtean bina urrats egitea aurreikusi zen, gauzak ondo bidean. Denbora horretan lankideek berarekin laneko esaera errazenak pixkanaka euskaraz egiteko eta laguntzeko konpromisoa hartu zuten. Hortik gorako edukiak trebakuntza bidez  eskuratzea begiz jo zen (Ikusi ikasketa-plana).

Hauek guztiak eta hemen azaldu ez ditugun beste batzuk abian jarri eta egoki gauzatzen zirela bermatzeko, euskara-batzorde bat eratu zen Arruti S.L. enpresan.

Autodiagnostikoa