|
Euskara nola txertatu gure enpresan? Saltoki handi baten adibidea 
Gauzatze-fasea edo inplementazioa

SARRERA
Gauzatze-fasean egin egiten dira urteko kudeaketa planean nahiz urte anitzeko planean aurreikusitakoak.
Merkel-Barakaldoren kasuan, 2007ko kudeaketa planean aurreikusitako batzuk nola gauzatu ziren ikusiko dugu labur-labur.
PLANAREN KOMUNIKAZIOA: EUSKARA PLANAREN AGIRIA
Fase praktiko honi ekin aurretik, eta euskara plana enpresaren proiektua zela adierazteko asmoz, lehen-lehenik Merkel-Barakaldoko gerentziak Euskara Planaren agiria zabaldu zuen enpresa osoan planaren berri emanez, eta bere konpromiso sendoa adieraziz. Langileen ordezkariek ere beren adostasuna lortu zuten. Enpresako komunikazio-planaz baliatu ziren euskara planaren berri emateko.
Halaber, bezeroei ahalegin horren berri eman zitzaien, helburua haiek gustura eta hobeto zerbitzatuak sentitzea zela adieraziz. Horren adierazgarri, eskumutur edo pultsera laranja bana oparitu zitzaien kutxetan bezeroei.
MERKEL-BARAKALDOREN IRUDIA ETA KOMUNIKAZIOA
2007ko kudeaketa planean garrantzi berezia zuten publizitatearekin eta bestelako errotulazio finkoarekin lotutako helburuek, esan bezala.
Lantzeko garaian garrantzitsua izan zen eskualdeko eta EAEko Merkel-eko beste saltokiekin koordinatzea. Komunikazio-kanal egonkorrak sortu ziren euskara plana abian zuten hipermerkatuen arteko koordinatzaileen artean, eta bilerak egin ziren beharrezkoa izan zenean.
Era berean, Boulevard Merkaritza Gunean kokatuta zegoenez, hango arduradunekin koordinatu ziren, parkingeko errotulu-aldaketaren berri emateko. Etorkizunean gisa bereko beste ekimenak ere elkarrekin lantzeko koordinatzea aurreikusi zen.
Bai Merkel-Hispaniatik, bai eskualdeko hipermerkatuetatik bideratuko ziren publizitate- edo sustapen-kanpaina berezietan euskara egokiaren erabilera bermatzeko, itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzua kontratatu zen, publizitate alorreko itzulpengintzan eskarmentu luzea zuena: itzulpena egiteaz eta sortutako testuak zuzentzeaz arduratuko ziren. Jendaurrerako nahiz bezeroarentzako errotulu edo agiri oro sistematikoki zuzendu edo itzultzea aurreikusi zen; finko, garrantzitsu eta orokorrenetatik hasita.
KANPO HARREMANAK-BEZEROAREKIKO HARREMANAK
Euskara planaren helburu nagusietako bat bezeroak beren hizkuntzan hartzea zen.
Hizkuntza-egoera onena eta eskaerarik handiena zuten sekzioetako euskal hiztunekin erabilera-talde bat osatu zen, kontratatutako euskara-teknikari batek kudeatu zuena. Helburua laneko hizkuntza-ohitura aldatzea, berean lanean euskaraz egin ahal izateko aukerak identifikatzea, eta hizkuntza-gaitasuna handitzea zen, besteak beste.
Ahozko trebakuntza ez-ezik, idatzizkoa eta hizkuntza-autonomia lantzeko hiztegi orokorra eta berezitua ere landu zuten; zalantza argitzeko nora jo ere ikasi zuten. Izan ere, azken helburua langileek beraiek beren hizkuntza-autonomia eta konfiantza garatzea ere bazen, beti kanpoko itzultzaileengana jo behar izan gabe.
Ahozko trebakuntza ere bereziki landu zen, langileen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzen hasteko, eta gero eta erosoago aritzeko. Garrantzitsua ikusi zen beren artean nolabaiteko harreman-sare euskalduna sortzea eta jarrera proaktiboak lantzea (ikusi ikasketa-plana).
Eransgailu batzuk ere egin ziren bezeroek saltzaile euskaldunak identifikatu zitzaten.
Euskalduntzea. 2007ko kudeaketa planean esandakoekin jarraituz, Informazio Guneko bi langilek ez zuten euskara-gaitasun nahikorik. Hori horrela, euskaltegian ikasteko aukera eskaini zitzaien, horren kostu ekonomiko eta orduen konputua hitzartuz.
Euskaltegiko mailaketa-probaren arabera, 4. urratsean matrikulatu zituzten. Lortu beharreko maila 6.a urratsean finkatu zen (HABEko Lehen Maila gainditzea alegia), hau da, oinarri-oinarrizko gaitasuna lortzea hizketan eta ulermenean. Urtean bi urrats egitea aurreikusi zen, gauzak ondo bidean. Hortik aurrera, behar izanez gero, trebakuntza jasoko zuten. Ikus euskalduntzeko ikasle baten ikasketa plana.
Hauek guztiak eta hemen azaldu ez ditugun beste batzuk abian jarri eta egoki gauzatzen zirela bermatzeko, euskara-batzorde bat eratu zen Merkel-Barakaldo enpresan.
|