Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna sinatu zuen Espainiak 1992ko azaroaren 5ean, berretsi egin zuen 2001eko otsailaren 2an, eta ondorioz indarrean dago Gutuna Espainiako lurraldean. (BOE 15-9-01).
Europako Kontseiluko estatuak dira Gutuna sinatu edota berretsi dutenak, erakunde horretako kide ez diren estatuek parte hartu badezakete ere.
Frantziak Gutuna sinatu zuen 1999ko maiatzaren 7an, baina ez du berretsi, eta ondorioz ez da bere lurraldean aplikatzen.
7. artikuluan Gutunaren helburu eta printzipioak azaltzen dira, derrigorrez bete beharrekoak. Jarraian, arlo publikoan eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen erabilera sustatzeko neurriak aurreikusten dira esparru ezberdinetarako:
-
irakaskuntza (8. artikulua).
-
justizia (9. artikulua).
-
administrazio agintariak eta zerbitzu publikoak (10. artikulua).
-
komunikabideak (11. artikulua).
-
kultur ekintzak eta zerbitzuak (12. artikulua).
-
ekonomia eta gizarte esparrua (13. artikulua).
-
muga aldeen arteko trukeak (14. artikulua).
8tik 14rako artikulu horietan jasotzen diren neurri posibleen artean, estatuek aplikatuko dituztenak zehaztu behar dituzte.
Estatuek aldian-aldian txostena aurkeztuko diote Europako Kontseiluko Idazkari Orokorrari, Gutunean aurreikusitako neurrien betetze mailari buruz. Legezko erakunde edo elkarteek ere txostenak aurkez ditzakete. Ondorioz, Europako Kontseilutik oharrak eta gomendioak egin ahal izango zaizkie estatuei.
|