Juan Carlos Moreno Cabrera
Hizkuntzak bizitza osoan zehar geure eguneroko eginkizun ia guzti-guztietan ditugu beti lagun. Horregatik, zeharo ezagunak egiten zaizkigu, edo hala dirudi behintzat: eta hori horrela, beraiei buruzko hainbat irudikapen edo ideia sortuz goaz eta hain agerikoak direnez, zalantzan jarri ezinak iruditzen zaizkigu. Geure hizkuntzaren inguruan eduki ohi ditugun iritziek egunetik egunerako hurbiltasun horren eragina salatu arren, hiztun moduan geure hizkuntzaz dakiguna oharkabean dakigunez, ezagupen hori berez ez dago gure esku, ahalegin handia eskatzen duen trebatze prozesu luze eta berezi batetik pasatu ezean, behintzat. Ondorioz, iritziok azaleko inpresioetan oinarrituak izaten dira, eta gehien-gehienetan erabat erratuak izan ohi dira gainera, ez baitute inola ere lortzen hizkuntzaren gramatikari buruzko gure oharkabeko ezagupena islatzerik.
Bestalde, besteek hizkuntzei buruz finkatutako balorazio sozialak kritikatu gabe barneratzen ditugu askotan, baloraziook hizkuntzen "berezko" ezaugarriak balira bezala agertzen zaizkigularik. Esate baterako, ingelesa nazioarteko hizkuntza nagusi izatea ingelesaren berezko izaeratzat jotzen dugu, konturatu gabe hizkuntzak ez direla berez nazioarteko mailakoak bilakatzen, baizik eta arlo sozial, politiko edo ekonomikoetako zenbait eragileren ezarpenez. Aitzitik, botere eskasagoaren jabe diren eragile txikiagoak hizkuntza bat sendotzen edo aurrera bultzatzen saiatu bezain laster, haien ahalegina ezarritakotzat jotzen dira. Halaxe gertatzen da, kasu, Estatu espainiarrean galizierarekin, katalanarekin eta euskararekin. Zenbaiten ustez, hizkuntzon aldeko saiakerak ezarpen jasanezinak besterik ez dira, nahiz hori diotenak bene-benetan hainbat eremutan ezarri zaizkigun hizkuntzei buruz -ingelesa, frantsesa, gaztelania...- behin ere ez kexatu.
Baina hau bitxikeria, ezagutzen ditugun hizkuntzei buruz iritziak botatzeko eskubidearekin sentitzeaz gainera, batere ezagutzen ez ditugun hizkuntzei buruz gauza berbera egiteko ere, batere eragozpenik ez dugu! Azken kasu honetan alderaketetan oinarritu ohi gara, ezagunak zaizkigun hizkuntzak kontuan harturik. Baina menperatzen ditugun hizkuntzei buruz ditugun iritziak azalekoak eta erratuak ohi direla arestian esan badugu, nola ez dira izango, bada, hainbat okerragoak geureei buruzko iritzietatik abiatuz beste hizkuntzei buruzko gure aburuak? Iraunkorrak eta errotik baztertzen zailak izaten dira hizkuntzei buruzko aurreiritzi ugari; haiek deuseztatzeko bide bakarra heztea da. Hain zuzen ere, hizkuntzalariok gizartearen aurrean ditugun funtsezko zereginetako bat geure zientzia haren zerbitzuan jartzea da, eta hori egiteko moduetako bat hauxe litzateke: arrazoibide ulergarrien bitartez hizkuntzen egitura, funtzionamendu, erabilpen eta zirkunstantzia sozialei buruzko hainbat aurreiritzi eta sasi-sinesmen argudiatzea.
Gogora dezagun aurreiritziak, ideia guztiak bezala, ez direla datu informatibo hutsak, jarrerak eta portaerak direla. Horregatik, jakintsuek ideia batzuk okertzat jo dituztela konturaraztea ez da aski, ideia hari lotutako jarrerak eta portaerak aldatzen ez badira. Horrek, hain zuzen, askoz ere ahalegin handiagoa eskatzen du datu edo iritzi batzuen berri jakiteak baino. Beraz, huts horiek salatzea ez da nahikoa. Hortaz, sinesmen okerrok eragindako portaeren ordez, beste portaera batzuk irakatsi edo sortu egin behar dira.
Artikulu honetan euskararen inguruan adierazi ohi diren uste ustel batzuei buruz hitz egingo dugu, baina euskara izan edo beste hizkuntza bat izan, hauek askotan agertzen diren aurreiritzi tipikotzat har daitezke. Euskararen ezagupenik ez duten eta hizkuntza honekin inolako zerikusi zuzenik ez duten pertsonengan agertu ohi diren aurreiritzietan zentratuko gara hemen. Espezializatu gabeko komunikabide arruntetan maiz entzuten edo irakurtzen diren iritziak izango ditugu mintzagai. Publikoarengan eragin handia dutenak, hortaz.
Edozein foro orokor eta ez-espezialistatan euskara aipatzen den bakoitzean, ondoren aztertuko ditugun aurreiritziez kutsatutako ideia edo galdera sorta planteatzen da berehala, ia automatikoki, betiko leloen edo topikoen errepikaren moduan. Esandakoaren adibide bezala honako anekdota hau daukat: hizkuntzalaritzari buruzko hitzaldi bat ematen dudan bakoitzean, entzuleetako batek euskara nondik datorren galdetzen dit, nahiz eta galdera horrek nire mintzaldiaren gaiarekin batere zerikusirik izan ez. Oso bitxia da, zeren eta orain arte inork ez baitit sekulan galdetu, demagun, nondik datorren ingelesa. Jakina, azken honen erantzuna aski ezaguna da jakintsuentzat, ez ordea publiko arruntarentzat; honek gehien batean pentsatzen baitu, bere ezjakintasunean, ingelesa betidanik gaur egun bezalakoa izan dela, nahiz eta bere jatorrian Ingalaterrako lurraldera mugatua egon, noski. Hurrengo lerroetan komentatuko ditudan euskarari buruzko aurreiritziak, zerrenda honekin agortu ez arren, honako lelo edo esapide hauen bitartez labur bil daitezke:
-
Euskara izugarri hizkuntza zaharra, arkaikoa edo primitiboa da; haren sustraiak antzina-antzinakoak dira.
-
Euskara hizkuntza isolatua da, beste hizkuntzekin zerikusirik ez duena.
-
Euskara elkarren artean ulertezinak diren hamaika dialekto ezberdinetan zatituta dago.
-
Euskara batua hizkuntza artifizial asmatua da.
-
Euskara hizkuntza zaila da erabat edo hein batean.
Uste oker hauek banan-banan aztertuko ditut orain, faltsuak edo gaizki planteatuak direla, eta are okerrago, anitzetan euskara gaitzesteko edo gutxiesteko asmoren bat disimulatzeko edo ezkutatzeko baliatuak izan direla, erakutsiz.
Euskara hizkuntza zaharra, arkaikoa edo primitiboa den ustearekin has gaitezen. Une honetan mintzatzen eta ikasten den munduko edozein hizkuntza gure garaiko hizkuntza da, gaur eguneko hizkuntza da. Dagoeneko mintzatzen ez diren hizkuntza zaharrak, horrexegatik hain zuzen ere, deitzen ditugu zahar: greko zaharra, ingeles zaharra, eslaviera zaharra… Euskara, berriz, une honetan mintzatzen den eta haurrek modu naturalean ikasten duten munduko hizkuntzetako bat da, eta hortaz, ingelesa, frantsesa edo gaztelania bezala, hizkuntza modernoa. Egia da euskara ez dela, gaztelania eta ingelesa bezala, hizkuntza indoeuroparra; hain zuzen ere, gerta zitekeen gaurko euskararen iturburu izandako antzinako hizkuntzaren bat hizkuntza aurreindoeuroparra izatea. Hala eta guztiz, horrek ez du esan nahi antzinako hizkuntza hura nahitaez lehenengo hizkuntza indoeuroparra baino zaharragoa zenik; bestalde, auskalo ez ote ziren bi hizkuntza haiek beraien aurretiko beste hizkuntza are zaharrago baten ondorengoak, lehengusuak edota beste mota bateko senideak edo ahaideak. Nolanahi den ere, euskararekin ahaidetasun zuzena duen beste hizkuntzarik ezagutzen ez dugunez, denboran atzeraka joanez gero ere, ez daukagu noraino segitu beharko genukeen jakiterik egungo euskararen jatorrizko arbasoarekin topo egiteko.
Edozein kasutan ere, berriz diot: egungo euskara ez da hizkuntza arkaiko, zahar edo primitiboa, hizkuntza moderno, gaurko edo garaikidea baizik, XXI mendearen hasieretan mintzatzen eta ikasten den beste edozein hizkuntza bezala. Beste aldetik, mintzatzen diren hizkuntza guztiak lehenago mintzatzen ziren beste hizkuntza batzuetan gertatutako aldaketen bidez sortu dira. Gaztelania edo katalana, kasu, ez ziren ezerezetik sortu, latin arruntaren eraldaketa batetik baizik, eta horrenbestez, haiek ere badute historia luze eta korapilotsua, euskararen iragana baino erruz hobeki ezagutua, baina.
Izan ere, hizkuntza guztiek aurretiko aroetatik jasotako ezaugarri batzuk gordetzen dituzte. Esate baterako, latinetik datorren gaztelaniazko padre hitza hizkuntza indoeuroparren arbaso-hizkuntzatik iraun duen hitz zaharra denez, hitz honek gutxi gorabehera sei mila urte dituela esan daiteke. Era berean, dudarik gabe euskarak ere hizkuntzaren antzinako aroetako zenbait ezaugarri gorde zituzkeen. Baina gaztelania hizkuntza zahar, arkaiko edo primitibo bat denik inork esaten ez duen bezala, ez dago gaurko euskarari buruz horrelakoa esaterik. Hain zuzen ere, gaurko egunean mintzatzen diren hizkuntza guztiek ezaugarri berriztatzaile batzuk dituzte; bestalde, denek oso antzinakoak diren zenbait osagarri ere (hitzak edo erroak, gehienetan) badituzte. Hortaz, hizkuntza guztiak aldi berean oso berriak eta arrunt zaharrak dira, eta zentzugabekeria da, beraz, gaurko hizkuntzetako batzuk oso zaharrak, arkaikoak edo primitiboak direla baieztatzea, mundu honetan inon ez baita atzematen guztiz berria den hizkuntza naturalik.
Esaterako, jakin badakigu orain dela gutxienez hirurogei mila urtetik hona gizakiak Australian bizi direla (Dixon 2002: 8). Nekez uka daiteke, beraz, gaur ozta-ozta bizirik dirauten Australiako hizkuntza indigena eskasak duela dozenaka mila urte mintzatu ziren hizkuntzetatik etorri direla; alabaina gaurko hizkuntzak dira. Milaka urtetan zehar jazotako hamaika eraldaketaren ondorioz sortuak izan arren, Europako hizkuntzak bezain modernoak dira. Hizkuntza horiek ez dira ez zaharrak, ezta primitiboak ere: ikuspegi gramatikal batetik hizkuntza europarrak bezain garatuak dira, eta bestalde, hauek bezain antzinakoak dira, zeren eta jatorrizko hizkuntza indoeuroparra, esaterako, Europako hizkuntzarik gehienen iturburua alegia, gutxienez sei mila urte dituela badakigu, eta bera ere seguruenik ez zen egun batez hutsetik agertu, are zaharragoak ziren beste hizkuntza batzuetatik sortu baizik. Honela jarraituz gero, azkenean lehenbiziko gizakien lehenbiziko hizkuntzetara iritsiko ginateke. Australiako hizkuntza indigenekin gauza bera, noski.
Australiako hizkuntza indigena haien heriotza, edozein hizkuntzaren galera bezala, deitoragarria da oso, gaur egungo hizkuntzak izaki alde batetik, bestetik milaka eta milaka urtetako tradizio baten lekuko edo ondorengo direlako. Eta gauza berbera esan behar munduan diren gaurko hizkuntza guztiei buruz, noski, euskara barne.
Ondare zaharraren ikuspegi hau azpimarratzearen ondorioz, euskara "fosil bizi" bat bezala tratatzeko joera noizean behin ikusten da, euskarak zenbait hizkuntza zahar ulertzeko (antzinako Hispaniakoak, kasu) gako berezi bat eskainiko digulakoan. Fosil-hizkuntzaren ikuspegi hori, ordea, euskararen alegiazko primitibismoari buruzko hamaika mitoren sorburu izan da, zein baino zein harrigarriagoak; Antonio Tovar irakasleak arreta handiz liburu batean bildu zituen (Tovar 1980). Horiek direla kausa, zenbait saio egin dira euskaraz giltza moduan baliatzeko historiaurreko hizkuntzen ezkutuko sekretuak argitzeko asmoz: zentzugabekeria galanta, R. L. Trask ikertzaileak behin baino gehiagotan erakutsi zuenez (Trask 1997: 411), gaurko euskara gaurko hizkuntza bat dela kontuan hartuz gero. Hizkuntza hau antzinako hizkuntza batetik eratorria dela nola uka; baina zenbat aldatuko ote zen handik hona? Eginkizun horretan euskararen alderdirik zaharrenak soilik baliagarriak dirateke; eta direlako alderdi horiei buruzko fundamentuzko ikerketa batek bakarrik balioko luke hori argitzeko. Hala ere, izugarri zail eta oztopoz beterik ikusten dugu, euskararen kasuan, horrelako ikerketaren bidea, hizkuntza indoeuroparren kasuan ez bezala, ez baitago antzinako hizkuntzarik erreferentziatzat hartzeko. Egiazko ikuspegi zientifiko batetik arlo honetan egin daitekeenari buruz, Hualde, Lakarra eta Trask (zuz. 1995) liburukian bildutako artikuluak hor dira kontsultagai.
Euskara beste hizkuntzekin zerikusirik ez duen hizkuntza isolatua delako ideia ere gezurtatu behar dugu. Egia da, batetik, euskara ez dela inguruko hizkuntzen familiakoa, eta bestetik, euskararen hizkuntza familiako kide bakarra euskara bera dela, eta familia honek dirudienez ez duela inongo beste hizkuntz familiarekin inolako harreman zuzenik. Hau honela, zenbait adituk euskara hizkuntz familia isolatu baten barnean dagoela baiezta lezakete, eta arrazoiarekin, baina ongi ulertuz hor isolatua duguna hizkuntz familia dela, ez hizkuntza. Bestela esanda, isolatua izatearen ezaugarri hori hizkuntzaren alde bakar bati dagokio, eta inola ere ez hizkuntzari berari bere osotasunean. Baina zorigaitzez, lehen nozio horretatik bigarrenerako urratsa ematea aiseegi egiten da. Irakur dezagun euskararen azalpen hau, adibidez:
"Lengua genéticamente aislada propia del pueblo vasco, única lengua aislada de Europa que conserva hablantes." (Del Moral 2002: 191)
Genéticamente aislada esaldia zuzena da; jarraian esaten den única lengua aislada de Europa delako hori, berriz, ez da hain egokia. Aipamenaren testuingurutik urruntzen ez bagara, aislada hitzak genetikoki isolatua esan nahi duela ulertu beharko; baina hitza testuingurutik kanporatu bezain azkar, bestelako interpretazio bat hartuko du, dudarik gabe, euskarak bere osotasunean, berez eta izatez, isolamenduaren ezaugarri hori duela ulertuz alegia, nahiz eta hau argi eta garbi gezurra izan.
Hain zuzen ere, mendeak joan eta mendeak etorri, euskara hainbat eta hainbat hizkuntzarekin egon da harremanetan, eta ez nolanahiko harremanetan gainera, euskararen baitan ezabatu ezineko arrasto ugari uzteko moduko harremanetan baizik; hor dira egungo euskararen egitura eta hiztegia lekuko. Ezin daiteke esan, beraz, zentzu orokorrean, euskara hizkuntza isolatu bat denik: ez orain, eta seguruenik iraganean ere ez da behin ere benetan isolatua izan.
Hirugarren ideia, euskaldunei batzuetan elkar ulertzen uzten ez dien hainbat dialektotan edo euskalkitan banatuta dagoelako ideia alegia, maiz erabiltzen da euskara gutxiesteko edo gaitzesteko aitzakia bezala, beste hizkuntza batzuekin konparatuz gero batez ere, beste hizkuntza horiek hiztunen elkar ulertzea arrunt errazten duen askoz batasun handiagoa omen dutelakoan. Egia bestelakoa da ordea: mintzatzen diren hizkuntza guztiak dialekto edo barietate anitzetan agertzen baitira, haien artean berehalako elkar-ulertzerik beti ez dagoelarik. Hizkuntza batek milioika hiztun dituenean are gutxiago! Ehunka ingeles mota daude, esate baterako: Bretainia Handian bertan mintzatzen direnez gainera, hor baitaude baita ere Afrikako, Ameriketako, Asiako eta Ozeaniako hainbat eta hainbat ingeles hizkera (ikus, adibidez, McCarthur 1998). Eta milioika hiztun dituzten beste hizkuntzekin, hala nola frantsesarekin, alemanarekin, espainierarekin edo arabierarekin, beste horrenbeste. Hizkuntza hauek guztiak zatikatuak dira, hori arras gutxitan aitortzen da, baina. Hizkuntz komunitate ezberdinek hizkuntza bat bera dutenean, komunitate bakoitzak bere nortasuna seinalatzen duen berba egiteko modu bereziren bat garatzeko joera nabaritzen da. Hau bizirik dauden hizkuntza guztietan gertatzen da, eta hortaz, euskaran ere bai, euskara ere hizkuntza bizia da eta.
Laugarren ideia, euskarari meritua kentzeko asmotan, hirugarren horrekin batera aipatu ohi dena, euskara batua asmatutako hizkuntza artifizial bat delako lelo ezaguna dugu. Honetan badago egia zati bat. Esaten ez dena, ordea, hauxe da: diren hizkuntza batu edo estandar guzti-guztiak hein batean artifizialak direla, hain zuzen. Ingeles batua, gaztelania batua, aleman batua eta arabiera batua, esaterako, neurri batean hizkuntza artifizialak eta ez-naturalak dira. Hargatik, euskara batua aipatzean bat-bateko asmakizunaren izaera hori hanpatu eta azpimarratu ohi duten horietako askok gainerako hizkuntza estandarren alegiazko naturaltasunarekin kontrastatzeko asmoarekin egin ohi dute baieztapen hori. Konpara dezagun, bestela, zer esaten den honetaz lehen aipatu munduko hizkuntzen hiztegian, gaztelania dela eta, alde batetik, eta euskara dela eta, bestetik:
"En el año 1713 es fundada, por orden de Felipe V, la Real Academia Española, a imitación de la francesa. Su propósito es el dictar normas reguladoras, y así son señaladas en el llamado Diccionario de Autoridades (1726-1739), en una Ortografía (1741) y en una Gramática (1771) que sirven de base para la enseñanza obligatoria del español en todas las escuelas del reino." (Del Moral 2002: 182)
"La Academia de la Lengua Vasca o Euskaltzaindia tuvo que decidir entre elegir de las variedades literarias la que destacaba sobre las otras (...) o bien adoptar una solución de compromiso que respondiese al uso hablado y escrito mayoritario y facilitase la unidad. Eligió la segunda opción y en 1968 se crea el euskera batua, lengua normalizada que se concibió sobre todo para ser escrita, y que constituye el modelo gramatical que aglutina y resume las diferencias dialectales y sociales." (Del Moral 2002: 192)
Interesgarria da oso gaztelaniaren eta euskararen tratamenduen arteko alde bati erreparatzea. Euskara batua erakunde jakin batek 1968 urtean sortu zuela dio, horrela honen artifizialtasuna azpimarratuz. Norbait euskara batua hizkuntza asmatu bat dela suposatzera aise irits liteke, beraz. Aitzitik, inon ez du esaten gaurko gaztelaniaren estandarra 1739an, 1741ean edota 1771n sortu zenik, hiztegia, ortografia edo gramatika akademikoak argitaratu zirenean alegia. Gaurko gaztelania estandarra 1771 urtean asmatu zutela esatea bezain aldrebesa eta nahasgarria da euskara batua 1968 urtean asmatu zela baieztatzea. Berdin-berdina da gaztelaniaren kasuan egin zutena mende batzuk lehenago, eta handik zenbait mendetara euskararen kasuan egin dutena, hots, etengabeko garapen-prozesu baten ondoriozko gramatika arau natural batzuk oinarritzat hartuta, hauek landuz -modu artifizialagoan edo ez hain artifizialean- eredu baten arau batzuk argitara ematea. Hortaz, eskoletan irakasten diren gaztelania estandarra eta euskara batua hein batean hizkuntza artifizialak dira, bai bata eta bai bestea. Hizkuntza estandarrak mendebaldeko gizarteetako fenomeno bat dira; gizarteotan erabiltzen diren berezko hizkuntzen zenbait kultur lanketaren bidez sortutakoak dira. Hizkuntza estandarrak guztiz naturalak direla suposatzeak fenomeno hau gaizki ulertzera garamatza.
Valladolideko haur gaztelarrak berez ikasten duena Valladolideko gaztelania da, Damaskoko haurrak berez ikasten duena Siriako arabiera den bezala. Haur horiei hizkuntza estandarra (gaztelaniarena, egungo arabierarena…) eskolan irakasten zaie, zeren eta hau, artifizialki eraikitako kultur ezagupen guztiak bezala, ezin baita berez, modu natural batean ikasi. Hizkuntza estandarren ezaugarri hori dela kausa, nahiz eta gure mendebaldeko gizarteetan hezkuntza orokortua egon, pertsona gehienek ez dute inoiz lortzen beren hizkera eta idazkera hizkuntza estandarraren arau akademiko zehatzetara zeharo egokitzea. Beti entzuten da kexa berdina, alegia: jende gehiena gaizki mintzatzen dela, eta idatzi, are okerrago. Esan nahi baita, hizkuntza estandarra eskoletan irakatsi arren, jende gehienak ez du estandarra herri hizkeraren maila berean automatizatzerik lortzen, haur batek, entzutearekin bakarrik, ez baitu bere kasa hizkuntza estandarra erabiltzen ikasterik. Egia esan, gutxi batzuek baino ez dituzte betetzen hizkuntza estandarraren arauak, beren hizkuntza ohiturez biziki kontzienteak izaki, eta neke handiz hala ere, eta horiek ere, oro har, eskatzen duen ahalegin handi samarragatik, zenbait une formal eta seriotan baizik ez dute hala egiten. Zergatik ordea? Ez da gehienen berezko ezintasunagatik, beste arrazoi batengatik baizik. Hizkuntza estandarrak, alegia, dituen alderdi artifizialak direla kausa, modu naturalean ikasi eta automatizatu ezinekoak egiten dira. Horregatik, esate baterako, munduko ingelesdun guztietatik banaka batzuk besterik ez dira ingeles estandarraren ereduaren arabera mintzatzeko eta idazteko gai izatera iristen. Espainiar askok ere behin eta berriro egiten dituzte huts gramatikal jakin batzuk, argitaratzen diren estilo liburuetan bilduta agertzen direnak, esaterako.
Hala eta guztiz ere, artifizialtasunaren nozio honetaz, lehen azaldu dugun banaketa dialektalarenarekin batera, hizkuntza bat gutxiesteko eta beste bat goratzeko baliatzen dira batzuk. Espainiera batasun handiko hizkuntza bat dela diotenean, idatzizko espainiera estandarrari erreparatzen diote, Espainian eta Ameriketan zehar erabiltzen diren hizkeren artean dauden alde fonetiko, morfologiko, sintaktiko eta lexiko ugari eta, askotan, sakonak kontuan hartu gabe. Euskara zatikatua dagoela esatean, aldiz, euskaldun komunitate ezberdinetako berezko mintzairei so egiten diete; eta euskara batua ere badagoela ohartarazten zaienean, berriz, euskara batua asmakizun artifizial bat dela erantzuten digute, nahiz eta espainiera, ingeles, arabiera eta aleman estandarrak euskara batua bezain artifizialak izan.
Orain arte ikusitako ideia horiek ez badira aski euskararekiko mespretxua edo axolagabekeria justifikatzeko, edo besterik gabe berorietaz baliatzea desegokitzat joz gero, beti gelditzen da azken aukera: bestelako faktore sozial, politiko edo demografiko guztiak gorabehera, euskara izugarri hizkuntza zaila eta korapilotsua dela baieztatzea, edo hori osorik egia ez bada, hizkuntzaren zati batzuk bederen oso konplikatuak direla. Hau da: euskarari buruzko iritzia auzi sozial edo politiko eztabaidagarriren batez kutsatua dagoenik inork susma ez dezan, itxuraz linguistiko hutsa dirudien iritzi bat. Baina euskararen berezko eta izatezko "zailtasun" hori aipatzea hizkuntza mespretxatzeko eta baztertzeko argudio bat gehiago besterik ez da. Arestian aipatu dugun munduko hizkuntzen hiztegi horrek, adibidez, euskarari dagokion sarreran, "el verbo es de una enorme complejidad" dio (Del Moral 2002: 193). Beste lan batean (Moreno Cabrera 2000: 128-136) euskal aditza gaztelaniazko aditza baino konplexuagoa ez dela argudiatu dut; morfologia aurkezteko moduan datza dena.
Ba ote dago hizkuntza batzuk beste batzuk baino konplexuagoak direla esaterik? Galdera honen aurrean, azpimarratu behar da, lehenik eta behin, zenbait hizkuntza, berez, zentzu absolutu batean, ezaugarri batzuengatik, beste hizkuntzak baino zailagoak izan daitezkeen ideia erabat zentzugabea dela. Ikus dezagun zergatik. Zeintzuk ote dira edozein hizkuntza naturalek hizkuntza gisa funtzionatzeko eta bizirik irauteko bete behar dituen baldintzak? Lehendabizi, haurrek inolako prestakuntza berezirik gabe ikasi ahal izateko modukoa izan behar du. Ezaugarri hau falta zaion hizkuntza batek nola iraun zezakeen hainbat eta hainbat mende, gaur arte, gizaldiz gizaldiko transmisioaren bidez, ikastezina izanik? Bigarrenik, hizkuntza natural guztiek, ohiko eran erabiliz gero, berezko modu automatizatuan funtzionatzen dute. Horrek esan nahi du hizkuntzak, bai ikuspegi fonetikotik, bai gramatika aldetik bai lexikoarenetik, osasun onean dagoen edozein gizakiren gaitasun psikologiko eta fisiologikoetara egokituta egon behar duela, hizkuntza hori prozesatzeko eta ekoizteko mekanismo automatikoetara, alegia. Bi eskakizun horiek betetzen ez dituen edozein hizkuntzak ezingo luke ez bizirik iraun, ezta hizkuntza komunitate batean modu eraginkorrean erabilia izan. Bi eskakizunok hizkuntza natural oro erruz mugatzen dute. Beraz, hizkuntza naturalen zailtasuna edo erraztasuna aipaturiko eskakizunen menpe dago erabat, beraiek muga finkatua baitute aldez aurretik. Laburki esanda, hizkuntza natural baten zailtasun mailak ezin du inoiz haurraren ikasteko gaitasuna eta erabilpenaren automatizazioak ezartzen duen muga gainditu. Euskarak, gainerako hizkuntza natural guztiek bezala, bi eskakizunok betetzen ditu. Haurrak euskara ikasteko gauza dira berez, eskolara joan aurretik -giro euskaldunean egotekotan, esan beharrik ez- eta ama lehen hizkuntza euskara dutenek modu automatikoan egiten dute euskaraz, gelditu eta kasu atzizkietan edo aditz formetan pentsatu beharrik gabe.
Aurreko paragrafoan, natural hitzari garrantzia eman diot behin eta berriz, zeren nahiz eta hizkera natural guztiek derrigor oso konplexutasun maila berdintsua izan behar duten, hori ez da horrela gertatzen artifizialak diren hizkuntzetan. Hizkuntza estandarrak zailak dira, oro har, guztiz naturalak izan beharrean, kultur lanketa konplexu samar batzuetan oinarrituta daudelako, neurri batean edo bestean. Beraz, ez dute zertan gizakien hizkuntza gaitasun naturaletara zeharo egokituta egon. Gainera, ohiko gramatiketan agertzen diren hizkuntza estandarron deskribapenak ere modu artifizial eta konplexuan burutzen dira. Hau egiaztatzeko, har dezagun haur errusiarren adibidea, txikitan kasu gramatikal bat zer den edo zenbat deklinabide dauden susmatu ere gabe, era naturalean ikasten dituzte kasu ezberdinak: nominatiboa, akusatiboa, genitiboa, datiboa, instrumentala eta preposiziozkoa. Deklinabide desberdinen taulak, berriz, lehen aldiz eskolan ikusten dituzte, eta izugarri zailak egiten zaizkie haur errusiarrei zein hizkuntza ikasle atzerritarrei. Taula horiek hizkuntzaren erabilpenerako baldintza naturaletara moldatu ez diren hizkuntzen garapen artifizial bat direlako, gertatzen da hori. Era berean, edozein haur euskaldunek izugarri konplexua omen den euskarazko aditz sistema berez eta era naturalean ikasten du eskolan hasi aurretik, inolako ideiarik ere izan gabe ez zer diren aditz motak, ez denborak, ez aspektuak, ez laguntzaileak eta abar. Kontzeptu hauek guztiak artifizialki sortu dira, eta ikasten eta erabiltzen zailak dira. Horiek ez dira hizkuntza baten zailtasuna edo erraztasuna neurtzeko irizpide egokiak, ordea.
Euskara gaur egungo hizkuntza naturala da, beste edozein hizkuntza naturali dagozkion ezaugarri guztiak dituena. Hemen azaldu diren bost ideiak edo antzekoak euskara gutxiesteko, baztertzeko edo mespretxatzeko erabiltzen direnean, ez dira inoiz ere hizkuntzen ezagupen zientifikoan oinarritzen, hizkuntza bakarraren aldeko ideologia jakin batzuetan baizik. Eremu berean elkarren ondoan bizi diren bi hizkuntzaren edo kulturaren arteko egoera desorekatua justifikatzea eta babestea dute helburu bakarra.
Euskararen oraingo egoera duela ehun urtekoa baino askoz hobea da, hemen aipatu dugun motako aurreiritziak are gehiago zabalduta zeudela kontuan harturik. Baina ezin da esan, errealistak izan nahi badugu, hizkuntza honek laguntza gehiago behar ez duenik, eta hortaz, arriskurik gabe hor konpontzen utz daitekeenik. Ikuspegi askotatik, gaur ere desoreka handi batean dago espainiera eta frantsesaren aurrean, eta desoreka hori gaindituz joan behar dugu hainbat arlotan, hala hezkuntzan eta kulturan nola ekonomian eta justizian. Euskara formolean gorde beharreko museoetako pieza bat balitz edo etxera eta baserrira zedarritu behar den sasi-hizkera bat bezala ikusten dutenei ezin diegu utzi hemen azaldutako uste okerrez edo antzeko batzuetaz baliatzen beren jarrera horiek justifikatzeko, euskarak laguntza gehiago behar ez duela argudiatuz. Euskara XXI mendeko hizkuntza da; Europako hizkuntza modernoetako bat da; hortaz, beste hizkuntza guztiek adinako eskubidea du mendebaldeko gaurko gure gizarte honetako alor guztietan ahalik eta paperik garrantzitsuena betetzeko.
AIPAMEN BIBLIOGRAFIKOAK
-
Del Moral, R. (2002) Diccionario Espasa. Lenguas del Mundo, Madril: Espasa-Calpe.
-
Dixon, R. M. W. (2002) Australian Languages, Cambridge: Cambridge University Press.
-
Hualde, J. I., J. Lakarra eta R. L. Trask (zuz.) (1995) Towards a History of the Basque Language, Amsterdam: John Benjamins.
-
McCarthur, T. (1998) The English Languages, Cambridge: Cambridge University Press.
-
Moreno Cabrera, J. C. (2000) La Dignidad e Igualdad de las Lenguas. Crítica de la discriminación Lingüística. Madril: Alianza Editorial.
-
Tovar, A. (1980) Mitología e Ideología sobre la lengua vasca, Madril: Alianza Editorial.
-
Trask, R. L. (1997) The History of Basque, Londres: Routledge.
|