Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W·C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Mintzapraktika programak: Euskararen erabileran eragiteko tresna eraginkorrak


Oskar Zapata Solano

SARRERA

Azken urte hauetan nolabaiteko kezka sortu da euskararen erabileraren inguruan, urtez urte ezagutza datuak hobetzen ari diren arren ez da antzematen zenbakietan pareko hobekuntzarik hizkuntzaren erabileran.

Horrek, euskalgintzako eta Administrazioko eragile zenbaiten kezka sortu du. Euskalgintzaren eremuan hiru adibide aipa daitezke: Euskara elkarteek urteak daramatzate erabilera areagotzeko egitasmoak burutzen, batetik; hezkuntzaren arloan kezka handiz aztertzen ari da ezagutza lantzen duten ikastetxeetatik kanpora erabilera lantzeko aukerak eman nahian haur eta gazteei, bestetik; Kontseiluak ere erabilera gaitzat hartuta jardunaldiak antolatu ditu 2006an Donostian. Administrazioaren eremuan ere kezka hori badagoela nahiko nabaria da, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2005 eta 2009 urte bitarteetarako definitutako hizkuntza politikak euskararen erabilera sustatzea egiteko nagusi moduan nabarmentzen duenean.

Erabilera sustatze lanean dihardugun profesional eta boluntarioentzat garrantzitsua da ikustea euskalgintza zein Administrazioaren aldetik, erabileraren aldeko apustu sendoa egiten dela,  babestuago sentitzen gara, baina batik bat apustu horretan  denok batera aritu behar dugula sentitzen dugulako. Denon ardura da, eta elkarlanean  oinarrituta, posibleago ikusten dugu, berez zaila den bidean aurrera  egitea.

Zorionez, soziolinguistika adituen laguntzari esker orain urte batzuk baino gehiago dakigu horren inguruan eta erabilera sustatzeko programak hezurmamitzerakoan oinarri teoriko sendoagoak ditugu orain.

Haiei esker jakin izan dugu hizkuntzaren (euskararen) erabileran gehien eragiten duten faktoreak hiru direla: hiztunaren hitz egiteko gaitasun erlatiboa, hiztunaren harreman-sareko euskaldunen dentsitatea eta hizkuntzarekiko hiztunaren atxikimendua.

Bestalde, gizartean  garai batean  zegoen ustea edo desioa (ezagutzak erabilera ekarriko zuela) ez zela zuzena ikusi da: batek ez du bestea nahi genukeen neurrian ekarri eta erabilera sustatzeko politika eta programa eraginkorrak ezinbestekoa direla ikusi dugu bai euskalgintzan baita Administrazioan ere.

Erabilera sustatzeari dagokionez  gure ustez, euskararen erabilera gizarte esparru guztietan sustatu behar da, hala erabilera legez arautu daitekeen horietan nola erabilera askeko guneetan. Biak dira garrantzizkoak, baina orain arte gure ustez erabilera askeko guneetan euskara elkarteek egindakoaz gain, gutxi hitz egin da, ez zaio duen garrantzi estrategikoa behar bezala aitortu.

Topagunearen ustetan erabilera askeko guneak euskalduntzea lehentasunezko gaia da, batetik neurri handi batean  hizkuntzaren transmisioa (familia, lagunartea…) horietan ematen delako,  eta bestetik hizkuntza komunitatearen konpaktaziorako bidea  bertatik  hasten delako (familia, lagunartea, auzokoak, elkarteetako lagunak,…).

Aipatutako esparru horiek pertsonen bizitza pribatuarekin lotuak daude eta horietan legeek eta arauek eragin gutxiago dute. Esparru hauetan beraz, hizkuntza ohituretan eragiteko bestelako estrategiak jorratu behar dira: eskaintza oparoa, erakargarritasuna, gozamena, praktikotasuna, erosotasuna, sentiberatzea,…

Horiek guztiak lantzen ari dira euskara elkarteak, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin sortu ziren tokian tokiko gizarte erakundeak. Elkarte hauek berauek sortu zuten Topagunea Federazioa duela hamar urte, elkarteen arteko koordinazioa hobetu eta behar dituzten zerbitzuak antolatu eta eskaintzeko xedez. 

Euskara elkarte eta Topagunean lantzen ditugun ildoen artean Mintzapraktika jarduerarena da. Mintzapraktika programen oinarria da, euskaraz hitz egiteko ohitura duten lagunak, hitz egiteko ohitura ez dutenekin elkartzea. Mintzapraktika programak aisialdian garatzen dira, izaera boluntarioa dute, harreman sare berriak sortzea bilatzen dute,  euskararentzako hiztun eta gune berriak  irabaztea dute helburu eta beraz guztiz txertatzen dira euskara elkarteen filosofian eta eginkizunetan.

Mintzapraktika programen zabalkundean, Donostiako Bagera euskara elkartea izan zen aitzindari, 1993. urtean Mintzalaguna  programa, martxan jarri zuenean. Hurrengo urteetan beste hainbat egitasmo sortzen joan ziren.

Koordinazio beharrari erantzunez 2001. urtean Topagunean, bi norabideetan hasi ginen lanean: batetik, Topaguneko Mintzapraktika Batzordea sortu genuen eta, bestetik, Bizkaiko programak koordinatzeko hitzarmen bat sinatu genuen AEK, Uztarri euskaltegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, erakundeon arteko elkarlanerako ateak zabalduz.

Elkarlanaren beste  ondorioetako bat izan zen 2005. urteko azaroan Durangon AEK eta  IKArekin batera antolatu genituen jardunaldiak eta bertan  aurkeztu genuen eskuliburua: Topaguneko Mintzapraktika Batzordeak programak kudeatzeko proposaturiko metodologia.

Bestalde, erabileran eragitearren erakundeekin elkarlanean sakonduz, 2006. urtean Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik  proposamen bat jaso genuen: hurrengo urteetarako Mintzapraktika programen sustapen eta zabalkunderako plana garatzeko hitzarmena sinatzea. Proposamena erronka gisa hartu genuen Topagunean eta gogor aritu gara azken hilabeteotan jasotako proposamena lantzen.

Plana,  hurrengo urteetarako Euskal Herri osoan Mintzapraktika programak koordinatzeko, zabaltzeko eta aldaera berriak lantzeko Topagunearen proposamena izango da. Orain plan hau beste eragileekin partekatu eta elkarlanean egitasmoak zabaldu eta sortzeko erronkari heldu nahi diogu.
 

KOKAPEN TEORIKOA

Hizkuntzaren erabileran eragiteaz ari garenean, hainbat ikerketa eta adituren iritzi izaten ditugu aintzat, eta horietan oinarritu ohi ditugu gure programak. Batzuetan modu kontzientean egin da hori, beste batzuetan intuizioz, baina horrek ere balio du, intuizioa inguruaren behaketan oinarritua egoten baita gehienetan eta bertatik jasotzen baititugu egitasmoak sortzeko adierazle egokienak.

Edonola, egoki iritzi diogu zenbait adituren erreferentziak hartzeari, mintzapraktika egitasmoen oinarriak azaltzeko pista interesgarriak ematen baitituzte.

Euskara elkarteek J.M. Sánchez Carriónen, Txepetxen (1), iturritik edan dute. "Un futuro para nuestro pasado" liburuan jasota dagoen bere doktore tesian hizkuntzaren ikas prozesuan parte hartzen duten hiru elementuak ezagutza, motibazioa eta erabilera direla azaltzen da.

Txepetxek azaltzen dituen hiru faktoreak gurera ekarrita  motibazioa izango litzateke  hizkuntza bat ikastera edo hizkuntza batean irautea bultzatzen dituen arrazoiak, desioak, emozioak edo interesak, ezagutza hizkuntzaren funtzionamenduaz jabetzeko prozesua zein ahalmena eta erabilera hiztun komunitatearen esparru guztietan eta hizkuntza funtzio guztietan  jardutea.

Mintzapraktika egitasmoen bidez hiruretan eragin nahi dugu: motibazioan eragin nahi dugu hizkuntzari bere funtzio komunikatiboa emanez, modu informalean eguneko kezkak, pozak, sentimenduak konpartitzeko aukera izanik hizkuntzarekiko atxikimendua areagotu egiten delakoan. Ezagutzan euskara maila hobetu nahi/behar  dutenen ikas prozesua azkartzeko eta osatzeko klasetik kanpo, kalean, modu informalean euskaldunekin elkar ekintzan gaitasuna hobetzeko  aukera emanez. Eta, erabileran eragin nahi dugu elkar ezagutzen ez diren pertsonen  artean modu naturalean sortuko ez ziren  euskarazko sare berriak, lagun berriak…,  osatzeko aukerak sortuz.

Bestalde, egitasmoa  "kalean" garatzen dela kontuan hartzen badugu tokiko paisaia linguistikoan eragiteko aukera ere  ematen dute beti ere, hiztun talde informalen bidez.

Informaltasuna azpimarratu nahi izan dugu eta horren harira hona ekarri nahi dugu Pello Jauregi  (2) ikerlariak "Gazteak eta euskara Lasarte-Orian II" ikerketan plazaratu zuen  hausnarketa:  "Gure irudikoz, euskarazko erabilerak ez du aurrerapen nabarmenik ezagutuko, baldin eta gizarte multzo handiek, eskolaz gain, ez badute euskarazko esperientzia luze eta sakonik talde informalen batean, dela talde hori familia den, dela sare horizontaleko talderen bat den. Berezko talde informal horietan garatzen baitira benetan hizkuntzazko erraztasuna, atxikimendua eta ohitura". Mintzapraktika programen bidez hori da hain zuzen ere, hiztun helduei eskaini nahi diegun aukera.

Motibazioari dagokionez esan behar dugu  arlo konplexua dela. Nola asmatu motibazioetan eragiten?  Pertsonen aukera eta jokabidetan aldaketa eragin nahi dugu, baina nola egiten da hori? Daniel Golemanek "emoziozko adimenaren"  (3) teoria bultzatu du. Haren  arabera, pertsonengan aldaketa eragitea hainbat faktoreren baitan dago. Hizkuntzaren erabilera ohiturak aldatzean Goleman-en ustez abilezia teknikoek baino (hau da hizkuntza gaitasuna, edo ezagutza edo hau ikasteko duen koefiziente intelektuala…) abilezia emozionalek izango dute  garrantzia edo eragina (euskara erabiltzeak sortzen dion sentsazioa, euskarak suposatzen dizkion lotura afektiboak, emoziozko aldaerak…).  Golemanen ustez gainera, bi abilezia hauek proportzio desorekatuan banatzen dira: abilezia teknikoek %20ko eragina duten heinean abilezia emozionalek %80ko eragina izango dute.

Euskara elkarteetan euskara erabiltzearen hautua hurbiltasunetik, gozamenetik bultzatu nahi  dugu.  Ez diogu erabiltzaileari zama gehigarri bat eman nahi. Bizipen positiboetatik nahi dugu euskarara erakarri. Harreman sare berriak euskaraz sor daitezela nahi dugu. Horregatik antolatzen ditugu kultur emanaldiak, ikastaroak, haur eta gazteentzako programak, mendi irteerak eta jaiak, eta horregatik ekoizten ditugu euskarazko komunikabideak.

Mintzapraktika programen kasuan partaideen artean sortzen den harremana berezia da, modu askean sortzen da, borondatezkoa da,  besteak ezagutzea eta haiekin euskaraz gozatzea da bilatzen duguna, harremana afektiboa da, emozionala.

Golemanen teoriari erreparatuz gero, motibazio emozionalak hizkuntza bat aukeratzerakoan duen garrantzia eta "Txepetx"ek hainbestetan aipatzen duen motibazioa lantzeko bide emankorra izan daitekeela uste dugu, hortik etorri da bi teoriak uztartzeko ikusi dugun egokitasuna, osagarriak diren aldetik Mintzapraktika programei etekin handiago ateratzeko bide izan daitekeela uste dugu.

Izan ere, Mintzapraktika programetako partaideek ongi pasatzen badute, emozio positiboak sortzen bazaizkie (harreman berriak egin, egunerokoa konpartitzeko tokia topatu, gustuko ekintzetan parte hartzeko aukera ikusi, auto- estimua igo…) jarraitzeko gogoa sortuko zaie eta horren ondorioz euskara erabiltzeko aukerak ugaritu egingo zaizkie eta horrenbestez hizkuntza erabiltzeko ohituretan eragitea errazagoa izango zaigu.

METODOLOGIAREN OINARRIAK

Orain arte azaldutako horretatik guztitik sortzen dira Mintzapraktika egitasmoak. Herri gehienetan dago euskarazko harreman sare osatua duen jende multzoa (ohiko harremanak euskaraz izaten dituena, lagunartean, dendatan, familian, administrazioan,...); baita euskarazko harreman sare horietan parte hartzeko aukera gutxi dituztenak ere. Euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez duen jendea askotarikoa da: euskara ikasten ari direnak, euskara inoiz ikasita ere erabili ez izanagatik abilezia galdu dutenak, inguruan hitz egiteko aukerarik ez dutenak edota  hirira iritsi berriak direnak,... eta gure ustez horiengana guztiengana iristeko modua hau izan daiteke: sare berriak eskaintzea, harreman sare ez-formaletan eragitea, zaletasunen inguruko erabilera guneak eratzea,... azken batez euskaraz bizitzeko aukerak ugaritzea.

Dena dela, eta Mintzapraktika programen helburuei dagokionez esan behar da  egitasmoetara jendea helburu propioekin hurbiltzen dela:

  • Batzuk,  beren euskara maila hobetzeko hurbiltzen dira. Izan ere, jariotasuna da gehien bat lantzen dena. Talde txikian konfiantzan natural hitz egiten duten euskaldunekin elkar ekintzan euskara maila hobetzeko eta batik bat naturaltzeko bide emankorra dela ikusten dutelako. Hainbat taldetan gainera tokiko euskalkia edo hitanoa praktikatzeko aukera izaten da

  • Beste batzuk, ikasketa prozesuaren lagungarri modura hurbiltzen dira. Hauek gehien bat goi urratsetan dauden euskara ikasleak izaten dira eta kalerako jausia eman behar dutela antzeman dute,  tokiko euskaldunekin euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko beharra sumatzen dute  eta programan  erabilera ordu kopurua biderkatzeko eta hizkuntza ez formala ezagutzeko aukera ikusten dute

  • Beste batzuk harreman sare berrien bila doaz. Edozein arrazoi dela medio, badago euskaldunik  ez duena bere inguruko harreman sarean euskaraz hitz egiteko aukerarik edo sinpleki euskaraz dakiten lagun  berriak egin nahi dituena. Horixe da, hain zuzen ere, Mintzapraktika programek eskaintzen dutena eta horregatik hurbiltzen dira.

  • Hizkuntzarekin bestelako harreman ludikoago bat nahi dutenak ere badaude, ez dutenak lan-girora edo ikasketara mugatu nahi beren harremana euskararekin. Izan ere, ez dira gutxi egitasmoetara hurbiltzen diren euskalgintzako langileak, dela irakaskuntzatik, dela euskara elkarteetatik dela administraziotik. Horiek egunero dute euskararekin harremana, baina gehienetan profesionala izaten da. Horiek  programetara euskaraz gozatzera hurbiltzen dira, aisialdia aberastera hurbiltzen dira eta, nola ez, jende berria ezagutzera.

  • Badago euskararen normalkuntzan eragiteko helburuz hurbiltzen denik ere, beste batzuei bidai horretan lagunduz. euskararen suspertzaile edo eragile bihurtzeko aukera ematen baitiote programek; izan ere, Mintzapraktika programetan lagunduz normalizazio prozesuan eragiten dutela sentitzen dute, alde batetik ikasleen ikas-prozesua azkartuz eta aberastuz euskaldun kopurua handitzen laguntzen dutelako, eta beste alde batetik  beren mintzalagunak euskarazko harreman sareetara hurbilduz euskal komunitatea zabaldu eta trinkotzen laguntzen dutela antzematen dute.

  • Integrazio eta lagun bila espresuki hurbiltzen denik ere bada.

Edonola, arrazoi bat zein beste izan, hizkuntz helburuak eta helburu afektiboei lotutakoak izaten dira denak.

Baina helburu pertsonalekin batera, programa bultzatzen dugunok beste helburu batzuk ere lantzen ditugu, orokorragoak, hizkuntzaren normalkuntza prozesuan eragin nahian.

  • Euskal hiztunen kopurua handitzea. Arrazoi batengatik edo besteren batengatik eguneroko bizitzan euskara erabiltzeko zailtasunak dituztenak edo euskara erabiltzen ez dutenak (ikasten ari direlako, erraztasunez hitz egiteko zailtasunak dituztelako, erabiltzeko aukerarik ez dutelako,...) eta ohiko euskal hiztunak hurbiltzen ditugu programen bitartez . Horrela, euskal hiztunok osatzen dugun komunitatea hazten doa.

  • Euskara erabiltzeko gune berriak irabaztea. Kalean euskaraz aritzen diren guneak egotea, presentzia igarri dadila ere bilatzen dugu; izan ere egitasmo hauek martxan dauden lekuetan euskararen kaleko presentzia handitu egiten da; hau, zonalde ez euskaldunetan nabariagoa da. Orokorrean kalean edo leku publikoetan elkartzen dira mintzalagun eta berbalagun taldeak (tabernetan, parke edo plazetan,...) eta paisaia linguistikoan eraginik baduela esan dezakegu.

  • Euskarazko harreman sare berrien sorrera. Erabilera gune berriak eta sare berriak sortu nahi ditugu egitasmoen bitartez. Gure auzo, herri eta hirietan "modu naturalean" sortzen ez diren harreman sareak martxan jarri eta "natural" bihurtu nahi ditugu.

  • Transmisio naturala euskarazko kulturara hurbiltzen ari direnei. Euskaraz bizi direnek modu informalean egitea transmisio hori bilatzen dugu, azken batez taldetxoetan sortzen den harreman motak hizkuntza eta kulturaren transmisioa uztartzen ditu, sentimendu eta bizipenak transmisio horren giltza direlako. Antzerako zaletasunak, bizipenak eta gizarte ingurunea duten pertsonen artean sortzen den harremanak transmisio horretarako aukera ematen dutela sinesten dugu. 

  • Hizkuntzarekiko atxikimendua sortzea, gozamenetik, hurbiltasunetik bilatzen dugu. Mintzapraktika programen jarduera aisialdiarekin lotuta dago, aisialdi denboran garatzen da, ekimen atsegina da, askea, norberaren ekimenez eta motibazioz egiten dena. Egoera minorizatuan dagoen hizkuntza komunitateko hiztunak aunitzetan, hizkuntza horren inguruko kezkak, haserreak, ezintasunak baino ez ditu ikusten. Ekimen honen bitartez, erabilera askeko guneetan euskaraz gozatzeko aukera eskaini nahi dugu. Zama horiek guztiak arintzeko aukera eman nahi dugu. Egoera ez formalean  euskarazko harreman sareak sortzea eta ehuntzea posiblea dela ikustaraziz komunitateari bere buruan sinesteko bidea irudikatzen zaiola uste dugu. Sinetsita gaude, azken batez, sentimenduak eta bizipenak trukatuz hizkuntzarekiko atxikimendua areagotzeko aukerak ugaritu egiten direla


Eta nola laguntzen da helburu horiek lortzen?  Programen funtzionamendu sinplea baina eraginkorraren bitartez: Taldetxoak sortzen dira (hirukoteak, laukoteak, boskoteak), zaletasunak, adinak, bizi-esperientziak,... kontuan hartuz. Talde horietan ezaugarri ezberdinetako jendea elkartzen da (batzuek ohiko euskarazko harremanak dituzte eta beste batzuek ez) eta konpromiso bakarra eskatzen zaie: astean behin gutxieneko denbora batez elkartzea. Hori da egitasmoak eskatzen duen konpromiso maila bakarra. Hortik aurrerako guztia taldekideek beraien artean arautzen dute, beren harremanaren barruan.

Talde txikiak harremana errazten du, parte hartzeko aukera ematen du, gustuko gaien inguruan hitz egiteko aukera, ekintza gustagarrien bidez (poteoa, kultur ekitaldiak, mendia, kirola,...) hizkuntza tresna bihurtu eta ikuspegi positiboak sortu egiten ditu.

Bestelako ekintza batzuek (ekintza osagarriak) sare horiek zabaltzeko aukera ematen dute, talde ezberdinetako jendearen arteko harremanak sortuz (hau da, sare handiagoak ehuntzea) eta proiektu baten parte direla sentiaraziz.

Horiek  anitzak izaten dira, partaide denak,  batean edo bestean gustura sentitu daitezela. Oro har,  harremanak errazteko sortuak dira (kultur ekitaldiak, askaritxoak, irteerak, tailerrak, abesbatzak…) batzuk herrian bertan egiten dira  programetako partaideen arteko elkar ezagutza sustatuz eta herriko gainerako euskaldunekin harremanetarako aukerak zabalduz; beti ere gero eta tokiko hizkuntza komunitate trinkoagoa sustatu nahian; beste batzuk  beste herri edo eskualde bateko programetako gainerako partaideekin (hurbil dauden bi edo hiru egitasmoen partaideen artean harremanak sustatuz), eta azkenik badago Euskal Herri osoko Mintzapraktika programetako partaide guztiei zuzenduta dagoena: Mintza eguna. Azken honekin, ongi pasatzeaz gain,  partaideei mugimenduaren bolumena ikustaraztea bilatzen dugu.

SUSTATZAILEAK ETA ORAIN ARTEKO EGITASMOAK

Mintzapraktika egitasmoen kudeaketa eremua herria edo eskualdea izaten da normalean. Hurbiltasuna da egitasmoen ardatz eta oinarrietako bat eta hurbiltasuna antolakuntzatik bertatik hasten da. Mintzalagun edo Berbalagunentzako erreferentzia hurbila izan behar da, bertatik bertara izan behar du.

Egitasmoa bultzatzen dutenak herri edo eskualdean erreferenteak izatea garrantzitsua da beraz. Horretarako mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen duten sektore ezberdinei begiratu behar zaie eta horietan erreferentzia diren erakundeak zeintzuk diren ikusi.

Euskara elkarteak. Herriko euskaldunen bilgune izaten dira, erabilera bultzatzeko antolatzen dituzten programen eta eskaintzen dituzten zerbitzuen bitartez. Herritarrek erabilera egitasmoekin lotuta izaten dituzte elkarteak.

Euskaltegiak. Ikasketa prozesuan ari direnen bilgune izateaz gain, euskaltegitik pasatu diren lagunekin harremana mantentzen ohi dute euskaltegiek. Beraz, mintzapraktika egitasmoen parte hartzaile multzo garrantzitsu batekin lotura zuzena dute. Herriko euskalgintzaren parte aktiboa izaten dira gainera eta herritarrek  normalizazio prozesuaren eragile aktiboa bezala ikusten dituzte.

Ikastetxeak. Sektore ezberdinekin lotura dute ikastetxeek: irakasleak,  ikasleak, ikasle ohiak (zentrotik euskara jakinda irten direnak eta sarri ikastetxetik irteterakoan hizkuntzarekin lotura galtzen dutenak), gurasoak (seme-alabekin euskaraz aritzeko behar izaten dutenak). Ikastetxeekin lotura duten beste erakunde batzuk ere aipa daitezke hemen: guraso elkarteak, ikasle ohien elkarteak. Ikastetxeek ere lotura handia izan ohi dute herritarrekin eta sarri euskalgintzako erreferente modura ikusten dira.

Kultur eta kirol elkarteak eta aisialdi elkarteak. Elkarte hauek euskaraz egiten dituzten ekintzak, mintza-taldeentzat bilgune izan daitezke.

Administrazioa. Herriko euskara normalizatzeko planekin guztiz bat datozen programak dira mintzapraktikakoak.

Tokian tokiko Mintzapraktika programak aipatutako erakundeen artean elkarlanean antolatzeak interes handia du. Bakoitzak bere ekarpena egiten dio programari bere ikuspegitik. Batzuentzat euskarazko aisialdiko eskaintza aberasteko aukera bat den artean, beste batzuek bere ikasle eta ikasle ohiak hizkuntza komunitatera proiektatzeko bide egoki modura ikusten dituzte egitasmook, beste batzuek guraso eta ikasleei ikastetxetik kanpo hizkuntza erabiltzen jarraitzeko aukera modura hartzen dituzte eta beste batzuek herriko normalizazio plana osatzeko tresna modura. Beraz, bakoitzaren ikuspegi eta helburuetatik programa bat martxan jartzen da.

Nolanahi ere, Egitasmoak aukera handiak ematen dizkie eragile denei herrian eragiteko, bakoitzak bere helburu eta eginkizuna galdu gabe, sare berriak sortzeko, egitasmo berriei ekin ahal izateko, herriko euskalgintza egitasmo batean elkartzeko eta  hizkuntza komunitatea bera konpaktatzeko, nola ez, elkarlanean.

Elkarlana hitzetik hortzera erabiltzen den kontzeptua izaten da sarri, baina askotan ez dugu asmatzen nola eta zertarako egin. Mintzapraktika egitasmoek aukera paregabea eskaintzen digute, egitasmo zehatz baten gainean (guztion helburuetan ondo egokitzen dena gainera) elkarlan ariketa praktiko bat egiteko.

ELKARLANA

Era berean, herrietan ematen den elkarlan hori beste maila batean ere gauzatu nahi luke Topaguneak.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin 2006an sinatutako hitzarmenak horretarako bidea ematen du, hurrengo urteetarako helburutzat harturik horrelako egitasmoak ahalik eta eskualde gehienetan martxan jartzea.

Helburu horiek lortzeko bidelagunak nahi ditu Topaguneak. Guretzat garrantzitsua da euskaltegi sareek horretan parte hartzea (AEK-rekin dagoeneko ari garen modura), udaletako euskara planek aintzat hartzea Mintzapraktika egitasmoak, guraso elkarteak, ikastetxe sareak,...

Elkarlanetik abiatuta martxan jarri diren egitasmoek arrakastarako aukera gehiago dituztela deritzogu. Bestela jokatzekotan egitasmoak hankamotz gelditzen direla deritzogu, bakoitza bere ingurunera heltzen baita gehienez. Ezagutu ditugun esperientziak oinarri hartuta, gure ustez, aurrera egin nahi bada, Mintzapraktika programaren arrakasta bilatzen bada, garrantzitsua da eragile ezberdinen parte hartzea eta hori da proposatzen dugun bidea.

ERRONKAK

Erronka aunitz ditugu etorkizunerako mintzapraktika egitasmoen arloan: zabalkundea, koordinazioa, programen aldaera berriak lantzea eta neurgailu berriak aplikatzea, besteak beste.

Zabaldu egin nahi dugu. konbentzituta gaudelako Mintzapraktika programak oso tresna eraginkorra direla erabileran eragiteko eta hori baita, hain zuzen ere, euskara elkarteok bilatzen duguna.

Zabalkundea modu progresiboan egin behar dela jakinda, Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzeari interesa ikusten diogu.

  • Hirigune handietan inkesta guztien arabera biztanle "ia- euskaldunen" proportzioa (eta kopurua) handia da. Gune hauetan sakabanaketa ikaragarria dago, harreman sareak sortzea oso zaila gertatzen da, ez dugu batak bestea ezagutzen eta ez dakigu inguruko jendeak euskaraz dakien edo ez.

  • Zenbait eskualdetan, euskaldun kopuruak baxuak dira eta kalean euskal hiztunak ikustaraztea oso garrantzitsua da. Existitzen direla erakusteko, inguruan egon daitezkeen beste euskaldun eta euskaltzaleentzako erreferenteak behar ditugu, norabait erakartzeko bideak eraiki behar ditugu.

  • Beste eskualde batzuetan harreman sareak oso egituratuta daude eta euskaraz egin nahi duten euskalduntzeko aukera bakarra, harreman berriak probokatzea eta hasieratik euskaraz sortzea da.

  • Zenbait eskualde euskaldunenetan ere erabileran murrizketa batzuk eman dira. Erabilera murrizketak gazteen joeragatik, iritsitako biztanle berrien hizkuntza ohituragatik, euskararekiko sentsibilizazio edo kontzientzia ezaren ondorioz izan daitezke… Gure ustez, Mintzapraktika programa martxan jartzeak beheranzko joera horri erantzuna emateko aukera eskaini dezake hala hizkuntzarekiko kontzientzia berpiztuz nola harreman berriak sortuz

Beste erronka bat aldaera berriak lantzearena da: proiektuak jendearen beharretara/ezaugarrietara gero eta gehiago egokitzea, alegia. Hori da aldaera berriak sortzearen arrazoia: gazteei, gurasoei, internet erabiltzaileei, etorkinei... Giza talde horiek guztiak ezaugarri eta behar propioak dituzte, egutegia dela, zaintzaileen beharra dela, gustu kontuak direla edo harremanak sortzeko arazoak direla,… Neurriko eskaintza egin nahi diegu guztiei.

Neurgailuak. Orain arte erabili diren neurgailuak batik bat parte hartzaileen ase betetze maila neurtzera bideratu dira (gustura ari ote diren, zer moduzko harremana duten taldekideekin,…). Neurgailu horiek funtzio bat betetzen badute ere, horiekin batera bestelako faktoreak ere neurtu nahi ditugu: egitasmoek bakoitzaren hizkuntza ohituretan duten eragina, motibazioan eragiten duten, bakoitzaren erabilera mailan eragiten duen, ezagutzan eraginik duten,…

Egitasmo ezberdinen artean harremana sortzea eta koordinazioa bermatzea ere erronka da. Hasita gaude bide horretan (prestakuntza, Mintza eguna, ekintza bateratuak,...), baina askoz gehiago egin daiteke. Matrikulazio garai berdintsuak ditugula eta garai batzuetan antzeko ekintzak egiten ditugula kontuan hartuta, zergatik ez gauza berriak proposatu? Urrats garrantzitsuak eman daitezke arlo honetan.

Hortik aurrera, elkarlana gauzatzen den momentutik, gauza askotan pentsa daiteke.

 

 

(1) "Nuestro futuro para nuestro pasado" Claves de la recuperación social del Euskera y teoría social de las lenguas. Jose Mª Sánchez Carrion "Txepetx" 1987. urtean argitaratua.[Itzuli]
(2) Pello Jauregi: soziologoa. "Kuadrillategi" ikerketa taldeko partaidea. [Itzuli]
(3) "Inteligencia emocional" Daniel Goleman. Editorial Kairos 1995. urtean argitaratua. [Itzuli]
Azken eguneratzea: 2007/01/29