Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W·C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Teknologia berrien ekarpena galesaren normalizaziorako


Jeremy Evas

Sarrera

Benetako Gales Herri elebidun batean, bai hizkuntza galesak eta bai ingelesak aurrera egingo dute, biek tratu bera jasoko dutelarik. Gales Herri elebidunak hauxe esan nahi baitu: biztanleek bi hizkuntzotako batean zein bestean, edota bietan, bizitzea aukeratu ahal izatea herri honetan, non bi hizkuntza nazional izateak, beste hainbat hizkuntza eta kulturarekin batera, guztiok harrotasunez eta indarrez beteko baikaitu. (Gales Herrirako Asanblada Nazionala, 2002:5)

Hauxe da, hain zuzen, Asanblada Galesaren gobernuak (1) sortutako hizkuntza politikarako idazki estrategikoan oinarritzat hartzen den filosofia. (Idazki horren izenburua Iaith Pawb da, hots "Denon Hizkuntza".) Gaur egun gure bizitzan eragin handia du Informazioaren Teknologiak (IT), zuzenki nahiz zeharka, eta hor aipatutako filosofia "ezagupenaren iraultza" delakoarekin elkartzekotan, bistan dago ondorio garrantzitsuak aterako direla galesa bezalako hizkuntza erregional zein gutxituentzat (2). Alegia, gobernuak azaldutako Gales Herri elebidunaren ikuspegia gauzatzeko, hizkuntza galesak teknologiaren munduan dagokion lekua behar du izan, baina hala gerta dadin ziurtatzeko, epe luzeko ekimen estrategiko bat beharrezkoa da. Hori horrela, Iaith Pawb delako txostenean Hizkuntza Galesaren Batzordeak (Bwrdd yr Iaith Gymraeg / Welsh Language Board) hizkuntza galesarentzako ITetarako estrategia bat sortzeko eskatu zuen. Hori dela eta, delako Batzordeak lehenbiziko kontsulta prozesu ireki bat abian jarri zuen 2003. urtean, eta beste bat 2005ean; ondoren, 2006ko apirilean, bere txosten definitiboa argitaratu zuen. Une honetan estrategiaren lehen urteroko gauzatze plana plazaratuko da Batzordearen web gunean. 

Gales hizkuntzaren historia Europa osoko hainbat hizkuntza txiki edo gutxituren antzekoa dela esan dezakegu: labur esanda, hogeigarren mendearen hasieratik aurrera beherakada demografiko izugarria, 1970. urtera arte edo, handik aurrera beheranzko joera hori mantsotuz joan delarik. Galesaren kasuan, hamar urtean behin egiten den azken zentsuko datuen arabera Gales Herriko biztanleriaren %20,8k badakiela galesez erantzun du, hau da, aurreko zentsuan baino 80.000 pertsona gehiagok, edo portzentajeetan, %2,1 gehiagok. Esanguratsua da, bestalde, gales hiztunen adinen perfilaren aldaketa: esate baterako, 5-15 urteko adinen artekoetatik %40,8 galesdunak omen ziren erroldaren arabera (3). Hizkuntza plangintzaren ikuspegi praktikotik, beraz, funtsezko garrantzia du gazteria honek eskolan eta eskolatik kanpo erabiltzen duen teknologia ere ahalik eta gehienean galesez egoteak, eta dohainik eskuratu ahal izateak.

Hemen aintzat hartuko dugu galesezko IT estrategia sendo bat garatzearen garrantzia, beraz, hiritarron eguneroko bizitzan informazioaren teknologiak duen protagonismoa kontuan hartuta, dela gizarte zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeen barneko funtzionamendurako, dela web gune askoren bidez, mota guztietako etxeko tresnetan, lantokian eta nonahi. Lerro hauek idatzi dituena Batzordearen IT estrategiaren sortzailea ere izan zen: estrategia horren helburua, hain zuzen, politika orokor bat aldarrikatzeaz gain, ITen alderdi garrantzitsu guztietan hizkuntza galesaren lekua ziurtatu eta garapen teknologiko berriekin eguneratuta egon gaitezen egin behar diren urratsen zerrenda plazaratzea izan zen. Horko puntu gehienak Gales Herriaren ezaugarri soziolinguistiko nagusiak konpartitzen dituzten beste herrientzat ere baliagarriak liratekeelakoan nago.

Teknologia elebidun hau zabalduz joateko modu bat, software eta web gune eleanitzak sortzeari buruzko aholkuak eskaintzen dituen orientabide zehatz-mehatzak argitaratzea izan zen. Orientabide horiek hizkuntzaz aldatzeko erraztasunaren beharra azpimarratuko zuten; gero hitz egingo dugu honetaz. Beraz, 2006ko apirilean Batzordeak txosten handi bat plazaratu zuen, Guidelines and Standards document for Bilingual Computing deritzona, (4) 1993ko Hizkuntza Galesaren Legearen arabera, hizkuntza plan ofizial bat zeukaten erakunde guztietara banatuz. Denboraren poderioz, txosten honek eskaintzen dituen aholkuei eta inplementazioaren jarraipen neurriei esker, mota guztietako zerbitzu elektronikoen eskaintza elebiduna hobetuz joango dela espero da. Modu honetan, Batzordeak 2001ean eta 2003an sektore publikoko web guneei buruzko inkestetan eskuratutako emaitzak gainditu ahalko dira (5)  (6).

Galesezko IT produktuen baimentzea eta banaketa
Helburu hauek kontuan hartuta, dagoeneko, Batzordeak edozein IT produktu sortzeko dirulaguntzak ematean edota horrelakoak sortzeko enkarguak ematean, beti gomendatzen edo exijitzen du nazioarteko arau irekiak eta berak ekoiztutako txosten arautzailean proposatzen diren orientabideak bete daitezen. Honetaz gainera, egoki eta egingarritzat joz gero, sortzen diren produktuei eta berauen osagarriei behar bezalako, merkatuko interesetatik aske den baimen hitzarmen libre bat aplikatu behar zaie, kasu batzuetan produktu eta osagarri horien jabegoa publiko bihurtuz eta beste batzuetan (haren xedea produktu komertzialen bat eleanitza bihurtzea denean) erabiltzaileari inolako gastu berezirik sortzen ez zaion modu batean. Honelakoetan Batzordeak bere oinarrizko printzipioetako bat kontuan hartzen du, hots, erabiltzaileak ez lukeela ordaindu behar software bat galesez erabili ahal izateagatik, softwarearen beraren berezko prezioaz gainetik, halakorik izatekotan.

IT eleanitza bezalako arlo batean, garrantzi handikoa da terminologia bateratu baten erabilpena. Hain zuzen, hauxe da, edozein hizkuntzatan ere, teknologia guztiaren oinarrietako bat, beti diseinu prozesuaren hasieratik bertatik aintzat hartu beharrekoa, erabiltzaile guztiei erraztasun guztiak eskaini nahi badizkiegu. Gero ikusiko dugunez, teknologiak berak arlo guztietako terminologiak kudeatzen eta bateratze hori ziurtatzen lagun dezake.

Baliabide terminologikoak
Hizkuntza Galesaren Batzordearen iritziz, batasun terminologikoaren lorpena eta baliabide lexikalen garapena galesaren normalkuntzarako lehentasunetako bat dira. Batzordearen Terminologia Bateratze eta Itzulpen Zerbitzuak gai horietan jarduten du, hain zuzen. Canolfan Bedwyr (7) zentroaren ardurapean garatutako Termino Bateratuen Datubase Nazionala (8) enkargatu, aplikatu eta osatu du. Bertan, Batzordearen agindupean, orain arte argitaratu diren termino zerrenda guztiak txertatu dira, datu hauek ISO arau guztiei jarraitzen dien interfaz erabilerraz baten bidez eskainiz. Datu basean sartu zen lehen zerrenda bateratua, informazioaren teknologiarena izan zen, hain zuzen. Datu basean dauden termino guztiak banaka bila daitezke edo zerrendaka jaits daitezke internetetik nahiz datu orri formatuan nahiz terminologiaren kudeaketarako software berezi batera pasatuz.

Lokalizazioa
Kalitate oneko terminologia arautu bat da lokalizazioaren giltzarri. Honek ez du itzulpena esan nahi, lokalizazioaren osagarri garrantzitsu bat itzulpena bada ere. Oraingoz aski da lokalizazioa honelaxe definitzea: softwarea eta/edo web guneak galesera moldatzea. Argibide gehiago bilatzen dituenak Localisation Industry Standards Association delakoaren web gunera jo dezala (9)

Kode irekiko programak eta galesa
Azken urteotan, zenbait programatzailek beren denbora libreki oparitzen jardun dute galesaren mesederako, hainbat ordenagailu programa galesera itzuliz. Besteak beste, honako hauek ekoiztu ditu komunitate birtual horrek:

  • kyfieithu izeneko web gunea, kode irekian idatzitako galesezko hainbat programa eta bestelako baliabide biltzen dituena (10).
  • Meddal: kode irekian dagoen galesezko softwarearen katalogo luzea. Kode irekiko galesezko eta kalitate handiko programa bilduma bat CD-ROM batean banatu du (11)
  • Cymrux: Kode irekiko sistema eragile ospetsua den Linux-en galesezko bertsioa sortu du talde honek (12).
  • GNOME-ren itzulpena, boluntarioek egina. Hau Linux-ekin dabilen programa nagusietako bat da, eta 2002az geroztik egon da eskuragarri galesez.

Miragarria da benetan boluntario hauen ahalegina eta konpromisoa, baita terminologiaren mailan bideak urratzeko berauek egindako lana ere. Adibide bat jartzeagatik, hor dugu boluntario talde birtual baten ekimenez burututako software lokalizazio lana -boluntarioen esku galesera inoiz egin den handienetarikoa- OpenOffice  (13) delakoa (kode irekian (14) dagoen bulegoko programa sorta) galeseratzeko. OpenOffice-ren erabilpena bultzatzeko, hain zuzen ere, Hizkuntza Galesaren Batzordeak 35.000 libra esterlineko dirulaguntza eman dio Gales Herriko Unibertsitatean (Aberystwyth) dagoen Mercator Zentroari (15); laguntza artxibo eta eskuliburu guztiak itzultzeaz gainera, galesaren eta ingelesaren artean alda daitekeen programa sailaren bertsio bat sortuko du honek. Dirulaguntza horri esker, bestalde, "Agored" izeneko plana abian jarri da Gales Herrirako Asanblada Nazionalaren bulegoetan; berauetan, 2006ko azaroaz geroztik, delako programa saila erakunde publiko desberdinetan erabiltzen ari baitira froga moduan.

"Agored"


Beste softwareen galeserako lokalizazioak
Bestalde, Batzordeak interes handia du, noski, galesaren normalizazioa bultzatzearen ahaleginen barnean, software enpresa komertzialek ere beren produktuak galesera lokaliza ditzaten. Orain arte gertatu diren lokalizazioen artean, garrantzi handikoa izan da Microsoft Language Interface Pack (16) izeneko programa, Hizkuntza Galesaren Batzordearekin batera burutu dena hain zuzen.

Panel-rheoli

 

Galesen 2004ko abenduaz geroztik kalean diren interfaz tresna hauek osorik Microsoften fondoekin garatu ziren; beraien bitartez, Microsoft Office 2003 eta Windows XP direlakoak galesez erabil daitezke, gaur egun, dohainik. Nazioarteko eta hizkuntza ezberdinetako programa honetan, galesaz gainera, euskara, katalana eta galiziera ere sartuta daude. Kode irekiko lokalizazioaren kasuan bezala, honetan ere ekimenak beste onura batzuk ekarri ditu, hots, Gales Herriko lokalizaziogintzarentzat gaitasun berriak garatzeko aukera, batetik; arloko terminologia bateratu baten sorkuntza eta erabilpena, bestetik; eta azkenik, proiektuan parte hartu duten pertsona guztien gaitzea. (Proiektu honetako partaide nagusiak Cymen itzulpen enpresa eta Draig Technologies delakoa izan ziren) (17). Bestalde, horrelako lokalizazio ekimenetan gertatu ohi den bezala, honek komunikabideetan izan duen oihartzun zabalak galesaren irudiarentzat mesedegarria izan da. Azken orduko berrien arabera, Microsoft areagotzen ari da oraindik ere hizkuntza txiki edo minorizatuen lokalizazioaren alde daukan konpromisoa: bretoiera izan da bere sisteman sartu den azken hizkuntza, eta oraingoan beste pauso bat eman du, Windows Vista eta Office 2007 direlakoetan lokalizatzeko sistema berri bat estreinatu baita.

Word dokumentua

 

2005 urtean beste aurrerapauso bat eman zen Cymdeithas Meddalwedd Cymraeg (Galesezko Software Elkartea) sortzean. Honen web guneak dioenez helburu hauek ditu:

  • informazioaren teknologiaren sektore guztietan hizkuntza galesaren erabilpena sustatzea
  • software eta hizkuntza teknologia berriak galesez sortzearen alde ekitea
  • kalitate oneko programak galesera itzuli edo moldatzearen alde jardutea
  • kalitate oneko programak galesera itzuli edo moldatzearen alde jardutea
  • galesaren bitartez informazioaren teknologia irakasten duten material didaktikoak eta ikastaroak bultzatzea

Elkartearen web orriak David Crystal soziolinguista ezagunaren hitz hauek gogoratzen ditu: "Hizkuntza bateko hiztunek teknologia elektronikoa erabil badezakete, hizkuntza hura aurrera aterako da." Gero ikusiko dugunez, galesaren kasuan, egon, badago teknologia elektroniko dezente dagoeneko. Hemendik aurrera, ordea, erronka zabaldu behar da, lokalizazio lan berriekin jarraitzeaz gain, jadanik egina dagoenaren erabilpena bultzatzeko estrategien garapena besarkatzera. Dudarik gabe elkarte berri honek sustapen lan horretan ere lagunduko du.

Software elebidunaren kontzeptua
Galesaren egoeran dauden beste hizkuntza askotan gertatu ohi den bezala, hainbat gales hiztun etxe giro elebidunetan bizi dira. Ohargarria da 3-15 adin-taldeko gales hiztunen %21 soilik, eta gales hiztun guztien %45 baizik ez direla familia galesdun hutsetan bizi (18).  Galesdun asko, gainera, bi hizkuntzak, edo ingelesa bakarrik edo nagusiki, erabiltzen diren giroetan egiten dute lan. Hortaz, hizkuntz trebetasun ezberdinak dituzten pertsonek ordenagailu berean edota programa berberekin aritu ahal izateko, arrunt garrantzitsua da sistema jakin baten hizkuntza interfaza erraz aldatu ahal izan dadin. Lantokian hizkuntza galesaren erabilpena sustatzea behar-beharrezkoa den ustetik abiatzen bagara, galesaren bidezko eginkizunak burutzen igarotzen den denbora erruz handitzeko moduak badaudelakoan gaude, artikulu honetan azalduko den teknologia dela medio.

Bestalde, hizkuntza aukera erabiltzailearen perfilari lotzea interesgarria da, hala izanda erraztasun osoz galesez ez dakiten gurasoek etxeko ordenagailua beren seme-alaba galesdunekin konpartitu ahal izango baitituzte, adibide bat ipintzeagatik.

Microsoft Office 2003, KDE eta GNOME sistemetan, baita Hizkuntza Galesaren Batzordearen ekimenez burutu den OpenOffice-ren galesezko bertsioan ere, oso erraza da hizkuntza interfazaren aukera aldatzea. Bestalde, 2006ko ekainean Batzordeak froga moduan Language Control Centre (19) delako bat plazaratu zuen, hizkuntza aldatzen uzten diguna bai Office 2003n, baita Windows XPn ere (hau Microsoft Local Language Program delakoaren gainerako hizkuntzekin ez baitzen posible). Bertsio esperimental honek jaso duen erantzun baikorra kontuan harturik, Batzordeak beste bertsio definitiboago bat garatzeko agindua eman du: honek askoz programa gehiagoren hizkuntza aldatzeko balioko du; gainera, hizkuntzaren aukera erabiltzailearen perfilari lotuko dio. Aldi berean, hizkuntzarekin zerikusia duten beste hainbat aukera eskainiko ditu: besteak beste, erabiltzaileei azentuak idazteko modua azalduko die, adibidez (hau, ohitura faltagatik, galesdun askorentzat nahasbide bat izaten baita, ingelesez idaztera ohituta egoteagatik -gogora dezagun hizkuntza ingelesak ez duela azentu idatzirik erabiltzen-).

Language Control Centre

 

Microsoftek bere aldetik erabiltzaileei hizkuntza interfaza, teklatua eta lekuan lekuko konfigurazioak aldatzen uzten dien hizkuntzen kontrol sistema bat plazaratu berri du. (20) 

Edukiak sortzeko laguntza
Hainbat ikerketak erakutsi dutenez, gales hiztun askok beren galesezko hizkuntza trebetasunak ingelesez dituztenak baino ahulagoak direla uste dute. Hau ez da inola ere harritzekoa, Galesen aurkitzen den egoera soziolinguistiko diglosikoa kontuan hartuz gero. Hortaz, informazio teknologiari dagokionean Batzordeak hasiera-hasieratik seinalatu zituen lehentasunetako bat galesezko edukien sorketa erraztea izan da. Pisu berezia eman zitzaion, beraz, zuzentzaile ortografikoak eta gramatikalak garatzeari, hauek erabiltzaileengan idazterakoan konfiantza indartu egiten baitute; eta hiztegiei, hitzen galesezko zein ingelesezko itzulpenak arin eta ahalegin handirik gabe bilatzen uzten baitute.

Zuzentzaile ortografikoak, gramatika zuzentzaileak eta hiztegi elektronikoak
Edukiak sortzea dela eta, arestian aipatu ditugun arazoak gainditzeko asmoz, Batzordeak zenbait zuzentzaile ortografiko, zuzentzaile gramatikal eta hiztegi elektroniko eginarazi ditu. Cysill, Gales Herriko Unibertsitatearen Bangorko kanpusean burututako zuzentzaile ortografikoa, izan zen lehenengoa. Kontsonante mutazioetan erabiltzaileak egindako hutsak zuzentzeko zuen gaitasunagatik, Cysill bide urratzailea izan zen. (Galesez eta gainerako hizkuntza zeltikoetan, hitzaren hasierako kontsonantea askotan aldatu egiten da testuinguru gramatikalaren arabera, baina arauok konplikatu samarrak direnez, "mutazio" zuzena asmatzeak hamaika buruhauste sortu ohi dizkie gales formalean idazteko ohitura gutxi dutenei.) Honen ondoren Cysgair iritsi zen, Word programan txerta zitekeen hiztegi elektronikoa, hau ere Gales Herriko Unibertsitatearen Canolfan Bedwyr zentroak burutua, Batzordeak emandako dirulaguntzekin. Bi produktuok 2004 urtean eguneratu ondoren, batera eskaini ziren galesezko baliabide informatikoak biltzen dituen eta Cysgliad (21) izena daraman CD-ROM batean, hau ere Batzordearen laguntzarekin. Pakete hau Internet bidez egunera daiteke.

Dagoeneko badaude beste zenbait zuzentzaile ortografiko galesez:

  • Microsoft Office XPrekin erabil daitekeen eta dohainik banatzen den zuzentzailea (22)
  • Open Office XPrekin erabil daitekeen eta dohainik banatzen den zuzentzailea (23)
  • Microsoft Office 2003rekin erabil daitekeen eta dohainik banatzen den zuzentzailea, goian aipatutako Microsoft Office 2003rako Language Interface Pack delakoaren barruan (baita ere dohain banatzen dena)
  • Apple Mac-en Neo Officerekin erabil daitekeen eta dohainik banatzen den zuzentzailea
  • Microsoft Office 2007rekin erabil daitekeen eta dohainik banatzen den zuzentzailea
Teklatuak, azentuak eta letra jokoak
Ordenagailu erabiltzaile galesdunei zenbait buruhauste eman izan dien beste arazotxo bat galesak erabiltzen dituen bi letra azentudunena da, hauek ez baitira oinarrizko karaktere-jokoan sartzen: 'ŵ' eta 'ŷ' (hau da, w eta y -galesez bokaleak adierazteko erabiltzen baitira letra hauek -bokale luzea adierazteko azentu zirkunflexuaz horniturik-). Hasieran, hau konpontzeko letra joko bereziak sortu ziren, sistemako letra jokoen antzekoak, baina bi lerro zirkunflexudun horiek erantsita. Geroztik, ordea, biak Unicode (UTF-8) letra joko unibertsalean sartu dira, eta letra joko bereziak erosi edo internetetik jaitsi beharra saihestu dute.

Haatik, zalantza batzuk geratu dira letra azentudun horiek teklatutik idazteko moduari dagokionez, erabiltzaile edota erakunde bakoitzak bere sistema erabili ohi duelarik, eta areago, askotan erakunde bereko erabiltzaile bakoitzak ere, batzuek tekla segida bat erabiliz eta besteek beste bat, edota karaktereen kode numerikoak zuzenean sartuz besterik gabe. Dagoeneko teklatuko arazo hori ere konponduta dago, ordea.

Azentuak galesezko web guneetan
Galesezko web guneak dituzten erakunde asko, bestalde, zailtasunak izan dituzte azentuak erakusteko, aipatutako 'w' eta 'y' azentudunak batik bat, baina hemendik aurrera ez da egongo horrelako arazorik, batzordeak banatu duen txosten teknikoan karaktere kode zuzenen bitartez horrelakoak konpontzeko modua azaltzen baita.

Galesezko edukiak sortzeko eta galesezko idazkiak zuzentzeko behar den oinarri teknologikoak zein diren ikusi ondoren, ikus ditzagun orain galesezko edukiak sortzeko alor berezi batean ITeek eskain ditzaketen ekarpenak. Itzulpengintzaz ari gara.

Itzulpengintza eta terminologia
Hizkuntza Galesaren Batzordeak, hain justu, Itzulpen Estrategia (25) delako txostena argitaratu du, eta bestalde, Galesezko Itzultzaileen Elkarteari (26) laguntza ekonomikoa ematen dio. Hemen ez gara Itzulpen Estrategiaren berri ematen saiatuko, ezta itzulpen elkartearen helburuez mintzatuko, interesatzen zaionak Batzordearen eta Elkartearen web guneetara zuzen jo baitezake horretarako. Atal honetan, beraz, itzulpengintzaren alderdi teknologikoetan zentratuko gara, galesaren (edo antzeko egoeran dagoen beste edozein hizkuntzaren) itzulpengintza alorrean teknologiak eskaintzen dituen ekarpenei errepaso bat eginez. Hasteko, itzulpenen zuzentasuna eta lanean lor daitekeen abiadura hobetzen lagun dezaketen IT tresnak aurkeztuko ditugu, CAT (Computer Aided Translation) izenarekin ezagutzen direnak alegia. Tresna hauen beste alderdi interesgarri bat, itzultzaile ezberdinen artean gauza bera ez errepikatzea lortzeko ematen duten posibilitatea da, itzulitako testuak denen artean banatzearen bidez.

Ordenagailuak lagunduriko itzulpengintza (CAT)
CAT (computer assisted translation) termino hori oso zentzu zabalean erabili ohi da, testuak hizkuntza batetik bestera itzultzeko lana era batean edo bestean automatizatzen edo burutzen laguntzen duten elementu teknologiko guztien multzoa aipatu nahi denean. Tresnok itzultzailearen errendimendua goratzen efikazak izaten dira nagusiki, errepikapen asko dituen iturri testuak oso azkar itzultzea erraztuz batez ere. Gai honi buruzko hastapenak aztertzeko, Language Partners.com-ek (27) (ingelesez) egindako eskuliburua baliagarria da oso. Hizkuntza Galesaren Batzordearen web gunean, bestalde, itzulpen memoria programak saltzen dituzten enpresen zerrenda bat aurki daiteke.

Dagoeneko erakunde publiko anitz, Gales Herrian eta Gales Herritik kanpo, itzulpen memoria tresnez baliatzen dira: besteak beste, Asanblada Galesaren Gobernua eta Hizkuntza Galesaren Batzordea bera, urrunago joan gabe. Teknologia honen abantailarik garrantzitsuenetako bat itzultzaileei, hauek munduko edozein lekutan aurkitzen direla ere, elkarren itzulpen lanak trukatzeko bidea eskaintzean datza. Material horiek kudeatzen eta ordenagailu konkretuetara banatzen dituzten itzulpen memoriazko datu baseek enpresen sare itxiak edo Internet bera dela medio funtziona dezakete. Honen ondorioz, guztiz (%100ean) errepikatuta dauden testu zatiak itzuli beharreko testu berritik bazter daitezke, itzulpenari sistematizazioa ekarriz eta lan erritmoa azkartuz. Terminologiaren erabilera bateratuari buruz, berriz, geroxeago mintzatuko gara.

Bestalde, itzulpen memoria sistemak bere datu basean aurkitzen dituen errepikapen partzialak edo parekatze lausoak eskaintzeak ere itzulpen erritmoa areagotzera darama.

Esan beharrik ez dago metodo honek muga bat badaukala, hots, itzulpen memoria zentralizatu horietan aurkitzen diren itzulpenen kalitatea sistemara ordura arte sartu diren itzulpenena adinakoa besterik ez dela izango, jakina. Beraz, garbi dago eskala handiko proiektu hauetan goi-mailako kontrol bat jarri behar dela. Azkenik, beste gauza bat azpimarratu beharra dago hemen: "giza itzultzaileak" oraindik ere guztiz beharrezkoak ditugula. Hemen aurkezten den teknologiaren helburua ez da, inolaz ere, itzultzaile humanoak baztertzea, berauen ekoizpena, sistematizazioa eta bizimodua hobetzea baizik.

Terminologiaren kudeaketa
Diogun berriro, atal berri honen hasieratik bertatik, artikulu honen helburua ez dela terminologiaren bateratze lanaz orokorrean mintzatzea, baizik eta, hau hizkuntzaren normalizazio prozesuaren xedeetako bat den neurrian, terminologia bateratuaren erabilpena errazterakoan, informazioaren teknologiaren papera zein den ikustea. Itzulpen memoriaren kasuan bezala, hemen ere esan dezakegu gaur egun baditugula, dagoeneko, termino bateratuen zerrendak automatikoki erabiltzaileengana helarazteko bitarteko teknologikoak. Gainera, badago biak lotzeko aukera, itzulpen memoria programei lotuta dauden terminologia kudeaketa sistemen bitartez. Zenbait sistemak, gainera, erabiltzaileari informazio gehiago eskain diezaiokete desanbiguazio prozeduren bidez. Esate baterako, har dezagun Aberystwyth herriko kale ezagun bat, ingelesez Queen's Road deritzona, eta galesez Morfa Mawr izena duena. Ingelesezko izenak "Erreginaren kalea" esan nahi duen bitartean, galesezko izenaren esanahia "Padura Handia" da. Ffordd y Frenhines, hots "Erreginaren kalea" literalki galesera itzulita, gramatikalki akasgabea izan arren, ez da erabiltzen Aberystwythko inongo kaleren izen gisa. Kontuan hartzekoa da, hala ere, beste herri batzuek ere Queen's Road delako bat izan dezaketela, eta ez da suposatu behar, noski, beste horien galesezko itzulpena ere Morfa Mawr izango denik. Edo demagun ingelesezko access hitza (baita ere gaztelaniazko acceso, kasurako): erraz gerta daiteke hau euskarara modu ezberdinetan itzuli behar izatea, esaterako "sarbide" (etxe edo beste toki batera iristeko bide, alegia), "sartze" (sartzearen ekintza), edota, testuinguru informatikoetan, "atzipen" (ausazkoa, zuzenekoa, sekuentziala…). Honelakoetan, desanbiguazio prozedurak direla medio, esanahi desberdinak bereiztea posible da.

Itzulpenen lan antolaketa eta dokumentu elebidunen kudeaketa
Informazioaren teknologiak eta lan antolaketa sistema informatizatuek itzulpen proiektuak kudeatzen lagun dezakete, batez ere proiektu asko aldi berean abian daudenean. Honekin batera, sistemok kanpoko itzultzaileen jarraipena mantentzeko ahalmena dute, itzultzaileok noiz dauden libre lan gehiago hartzeko eta zein gaitasun dituzten jakinaraziz (eguneko zenbat hitz itzul ditzaketen eta itzulpenen prezioak kontuan hartuz, esaterako). Areago, sistemarik sofistikatuenek zuzenean CAT tresnekin komunika dezakete, itzulpenetan gertatzen diren errepikapenak aldez aurretik kenduz, lanak enkargatzeko garaian. Esan beharrik ez, teknologia hau bulegoak kudeatzeko ere erabil daiteke, esate baterako barruko itzultzaile talde bat erabiltzen duten udaletxeetan. Posible litzateke kanpoko itzultzaileak ere sistema hauetan izena ematea eta berauek, lana jasotzeaz gain, itzulpen memoriaren eta terminologia zerrenden eguneraketak automatikoki jasotzea. Modu honetan, itzulpen memorien corpus gero eta handiagoa, aurreratuagoa, arautuagoa eta kalitate hobekoa lortu eta banatuko litzateke, galesaren normalizaziorako ekarpen etengabeak sortuz.

Itzulpenen lan antolaketa eta edukiak kudeatzeko sistemak
Lehen azaldu ditugun itzulpen memoria sistemak mota guztietako eduki/dokumentu kudeaketa sistemekin integratu eta itzultzaile talde, enpresa edo gizabanakoentzako lan antolaketa soluzioei lot dakizkieke. Informazioa etengabe aldatuz doan mundu honetan, badu bere garrantzia hizkuntza ezberdinetako bertsioak batera argitaratu eta eguneratu ahal izateak.

Adibidez, hiritar galesei zuzendutako gobernuaren edo administrazio baten web gunean, baliteke orri, paragrafo edo zati batzuk egunetik egunera aldatzen joatea. Baina batzuetan eduki kudeaketarako sistemaren arduradunek ez dakite galesez. Horrelako kasuetan, teknologiaz balia gaitezke zati edo pasarte horiek automatikoki itzultzaile bati bidaltzeko; honek itzuli egingo ditu itzulpen memoria bidez eta, horren beharrik balego, terminologiaren kudeaketarako softwarea erabiliko luke. Itzultzaile honek itzulpena burututakoan, lan antolaketa sistemak edukiak kudeatzeko sistemari automatikoki helaraziko dio eta ordura arte itzulpenaren zain gordeta egon den ingelesezko jatorrizko bertsioarekin batera aldi berean argitaratuko da. Hau galesaren normalizaziorako tresna garrantzitsu bat da, erabiltzaileen esku ingelesezko eta galesezko testuak batera jartzea ahalbidetzen baitu. (Hain zuzen ere, goian aipatu ditugun inkesta ikerketa txiki haietatik atera zen ondorio bat, sektore publikoko web gune batzuetan galesezko bertsioak ingelesezkoak baino gutxiagotan eguneratuak izatearena zen.)

Itzulpen automatikoa
Itzulpen automatikoa edo itzulpen mekanikoa (MT ingelesezko sigletan) askotan aipatzen da hizkuntza galesa, itzulpena eta IT ditugunean mintzagai. Urte askotako ikerketen fruitua da gaurko MTa, eta asko aurreratu da; hala eta guztiz, teknologia honen emaitzak urrun gelditzen dira, oraindik ere, itzultzaile humanoek lor dezaketen mailatik. Haatik, interneten aurki daitezkeen dohaineko MT sistemen erabilpenak erakusten duenez, testu mota jakin batzuetarako, MT bidez lor daitezkeen itzulpenen kalitate maila mugatu hori ere baliagarria eta onargarria da. Gainera, hizkuntzari kontrol mota batzuk jartzen zaizkionean, MTak goi mailako itzulpenak eskain ditzake, lehen zirriborro moduan izanda ere zuzenketa gutxi behar dituztenak. Bistan dago, aukera honek diru asko aurreratzea suposa dezakeela. Bestalde, galesetikako gutxi gorabeherako itzulpenak eman ditzake, nornahiri galesezko idazkiak ulertzea posible bihurtuz. Honetaz baliaturik, hiritar galesdunen gutunak erakunde batera iristean, demagun, galesez ez dakiten langileek ere horien edukiaren berri izan dezakete.  

Manchesterko Unibertsitateko Harold Somers adituak (International Journal of Machine Translation aldizkariaren zuzendariak berak) itzulpen automatikoari buruz Hizkuntza Galesaren Batzordearentzat idatzitako txosten batek (28) itzulpen sistema hirukoitz bat gomendatzen du, EBMT [Adibideetan Oinarritutako Itzulpen Mekanikoa], RBMT [Arauetan Oinarritutako Itzulpen Mekanikoa] eta SBMT [Estatistiketan Oinarritutako Itzulpen Mekanikoa] uztartuz. Honela, galesaren eta ingelesaren arteko gutxi gorabeherako itzulpenak egin litezke eta etorkizunean bestelako programekin elkar litezke (hala nola MS Office-ren ikerketa-atalarekin edota itzulpen memoria bidezko sistemekin). Lehen esandakoa errepikatuz, hau guztia itzultzaile, zuzentzaile eta abarrentzat laguntza gisa ulertu beharko litzateke eta inola ere ez berauek ordezkatzeko tresna gisa.

Corpusak
Idatzizko corpus handien kopuru bat behar da hizkuntzaren teknologian aurrera egingo badugu: inprimatutako hainbat argitarapenen bertsio elektronikoek osatutakoak, adibidez… Teknologia hori galesezko software askoren oinarri bihurtuko da, esate baterako artikulu honetan aipatzen ditugunak: hizketaren teknologia, itzulpen automatikoa eta abar. Aspaldiko partez arlo honetan bide urratzaile izan den Canolfan Bedwyr zentroak garatu dituen tresnen artean lematizatzaileak (hitz jokatu bat hartu eta honen erro eta forma gramatikala identifika ditzaketenak), corpusak (galesezko idatzizko zein ahozko testuen datu base handiak) edota ordena alfabetikoan sailkatzeko algoritmoak (alde honetatik galesaren alfabetoa ingelesarenetik bereizten baita; ikus Batzordean txosten arautzailea) aipa genitzake, besteak beste. Baliabide hauek honela zerrendatuz gero, balirudike espezialistei izan ezik ez litzaizkiokeela inori interesatuko, baina kasua da hauek gabe ez genituzkeela izango hizkuntza teknologiak eskain ditzakeen hainbat tresna; alde horretatik, oso beharrezkoak eta garrantzitsuak dira. (Ikus baita ere Open Source Konjugator (29) baliabideak).

Galesezko hizketa teknologia
Ahotsaren edo hizketaren teknologia (speech technology) dela medio, IT sistema jakin bat ahotsa sintetizatu edota pertsona baten ahots naturala "ulertzeko" gauza izan daiteke, besteak beste. Gaur egun horrelako teknologia jadanik gure eguneroko bizitzan sartzen hasia da: enpresa batzuetara deitzean gure deia prozesatzeko erabiltzen da, adibidez; eta posta elektronikoak jaso ditzaketen mugikor batzuek hartzaileari mezu horiek irakurtzeko zerbitzu automatikoa eskaintzen diote dagoeneko, hizketaren sintesia dela medio. Berez, edozein IT programa dela ere, hizketaren teknologia erabil liteke hobekuntzak ekartzeko. Honen abantailen artean, datuak lortzeko prozesua erraztu, datuak sisteman azkar sartzen utzi, eta eskuak erabili gabe sistemak kontrolatzeko posibilitateak aipa ditzakegu. Bestalde, itsuentzat izan ditzakeen ondorioen garrantzia ez da ahantzi behar. 

Aurrerapen teknikorik gehienekin gertatu ohi den bezala, hizketa teknologiaren lehen ikerketak hizkuntza handietan burutu ziren. Baina arrazoi asko daude pentsatzeko hizketaren teknologiak, egunero erabiltzen ditugun beste tresnekin elkartu ahala, gure bizitzan leku garrantzitsu bat izango duela etorkizunean, eta hori horrela izanez gero, arlo berri honetan galesaren presentzia ezinbestekotzat jotzen dugu. Hau dela eta, Hizkuntza Galesaren Batzordeak Bangorko Canolfan Bedwyr-en esku dagoen WISPR (30) (Galesaren eta Irlanderaren Hizketa Prozesaketarako Baliabideak) proiektuaren finantzaketan parte hartu du, INTERREGekin batera.

Hizketaren sintesia
Lehen pauso bezala, WISPR proiektuak galesezko ahoskera sintetizatzen duen sistema bat sortu du. SAPI (Speech Application Programming Interface) delakoaren arauei jarraituz, testua hizketa bihurtzen duen sistema hau libreki banatzen da. Beste gauza askoren  artean, honelako hizketa sintesi sistemek ordenagailuko dokumentu batean dauden hitzak (dela hitz prozesagailuan dagoen testu batean, dela interneteko orri batean) ahotsera itzuli eta ordenagailuko soinu sistematik entzuteko moduan irakur ditzake. Honen aplikazio praktiko bat, idatzita ikusten dutena belarriz konfirmatu behar edo nahi dutenei laguntzea izango litzateke. Bestalde, beste programa askorekin uztar daiteke, artikulu honetan aipatzen direnak barne, jakina.

Hizketaren ezagutza
WISPR taldeak definitzen duen bezala, ahotsa testu bihurtzen duen hizketaren ezagutza prozesuan, mikrofono batetik iristen diren soinu uhinak jaso eta digitalki kodetu ondoren, hauek hizkuntzaren oinarrizko unitateetara (fonemetara) itzultzen dira; ondoren, hauetatik hitzak eraikitzen dira, hitzok kontestualki aztertzen dira ortografia erabakitzeko eta homofonoak bereizteko; azkenik, emaitza ordenagailuko pantaila erakuts daiteke.

Berriro ere, honen xehetasun teknikoek seguru ihes egingo digutela pentsa dezakegu adituak ez garenok. Dena dela, honen garrantzia eta inplikazioak erraz ulertzen dira eta ezin diegu inola ere muzin egin, kontuan edukitzen badugu jadanik ordenagailuentzako sistema eragile askok hizketa ezagutzeko tresna bat oinarrizko osagarri gisa dakartela. Denbora iragan ahala, horrelakoak gero eta gehiagotan aurkituko ditugula esan beharrik ez dago; agian uste baino lehenago ikusiko dugu janaria eskatu, bankuko eragiketak burutu eta beste gauza mordo bat hizketaren ezagutza sistemen bitartez burutuko ditugun eguna.

Itzulpen automatikoaren eta hizketaren teknologiaren uztarketa
Epe ertainera begiratuz gero, kontuan hartzekoa izan daiteke goian azaldu ditugun hizketaren teknologia eta itzulpen mekanikoa uztartuz jaioko den arlo bat. Eman dezagun balizko egoera hau, uztarketa prozesu horri esker berehala posible izango dena: bi pertsona elkarrekin hizketan, bata galesdun eta bestea ingelesdun, bakoitza bere hizkuntzan mintzo delarik. Hau nola egin litekeen asmatzea ez da zaila: hizketa-ezagutzak itzulpen mekanikoaren sistema, eta gero itzulpen sistemaren ekoizpenak hizketa-sintesia elikatuko lituzkete. Gaurko egunean pixka bat fantastikoa iruditu arren, Carnegie Mellon University-ko Hizkuntza Teknologien Institutuak (31), beste batzuen artean, honelako teknologia integratuen arloa lantzen eta ikertzen dihardu dagoeneko. Bistan dago IT-aren presentzia gero eta handiagoa den garai honetan galesezko zerbitzu publikoentzat integraziorako joera horrek nolako inplikazioak izango dituen.

ITetarako prestakuntza galesez
Arloaren barruan gure ardura eskatzen duen beste gai bat ITen erabiltzaileei galesaren bidez prestakuntza eta gaitasun lanketa eskaintzea da. Prestakuntzarako material batzuk badaude, bai formatu elektronikoetan, baita paperezko bertsioetan ere. Une honetan galesez aurkitzen diren ITen prestakuntzarako baliabide nagusietako bat Gidatzeko Baimen Informatiko Europarra delakoa dugu, Batzordearen neurri bateko finantzaketarekin (32). Bestalde, 2007. urteko martxoan, Microsoftek bere Digital Literacies (Alfabetatze Digitalak) proiektuaren galesezko bertsioa plazaratu zuen, terminologia bateratua eta bere produktuen galesezko bertsioetako pantaila irudiak bertan agertzen direlarik. ITen mundua hain azkar aldatuz doala eta, honelako prestakuntza materialak maiz eguneratu beharko dira. Gai honi buruz, 2006ko apirilaren 1ean Asanblada Galesaren Gobernuarekin elkartu zen ELWa (Education and Learning Wales) delakoak oinarrizko azterketa bat argitaratu du (33). Azkenik, Monitor Cymru-k, galesezko IT zerbitzuen erabilpenari buruzko (eta behean aipatuko den) txostenaren prestatzaileak berak CD-ROM bidezko ikastaro interaktibo bat plazaratu du, Microsoft Language Interface Packs delakoen galesezko pantaila irudiak erabiliz. (34)

Tresna mugikorrak
Azken urteotan gure inguruan ugaritu diren telefono mugikorrak, PDA tresnak eta beste mota batzuetako aparailu mugikorrak, garai batean tresna bereziak izaten ziren irrati, agenda elektroniko, musika entzuteko aparailu eta abarrekin uztartzean, berauek elkartzean sortzen diren aparailuak gero eta ahaltsuagoak bihurtuko dira, baita gero eta beharrezkoagoak ere, dela elkarrekin komunikatzeko, dela geure eguneroko zereginak burutzeko, dela aisiarako bitarteko gisa. Honen guztiaren garrantzia ez da gutxietsi behar gazteriaren artean galesaren erabilpena bultzatu nahi badugu (ikus honetaz Batzordearen Gazteriarentzako Estrategia txostena) (35). Horretarako bistan da aparailu hauek galesez funtzionatzeko gaitasuna izan beharko dutela. Esaterako, goian ikusi dugun bezala, gaur telefono askok ahots sintetikoaren aukera eskaintzen dute posta elektronikoak irakurtzeko. Kontuan hartu behar den beste arlo bat, jakina, telefono mugikorrek erabiltzaileekin erabiltzen duten interfaza bera da.

Oso garrantzitsua izan litekeen beste teknologia berri bat "testu prediktiboa" delakoa da. Honetan, telefono mugikor baten erabiltzailea teklen bidez mezu bat sartzen saiatzen denean, aparailua bera mezua osatzen laguntzen saiatuko da, erabiltzaileak gogoan duen testua "aurresanez". 2006ko abuztuan, Batzordeak froga moduan banatu zuen galesezko testu prediktibo programa bat. Programa hau dohainik banatzen da eta mugikor mota askotan sar daiteke, ez baitu axola zein den ez zerbitzu enpresa ez fabrikatzailea; haren bitartez mezuen edukiak sortzen dira telefono mugikorretan testu moduan igortzeko. Proiektu honen kasuan ere, goian aipatutako Language Control Centre delakoarenean bezala, froga epean jasotako iritziak kontuan hartu ondoren bertsio definitibo bat kaleratuko da 2007. urtean. (36) (37) 

Esperientzien nazioarteko trukaketa
Jakin badakigu Gales Herriaren hizkuntza egoeraren antzeko zerbait duten zenbait herrik ere, hala nola Euskal Herriak, Galiziak, Kataluniak edota Irlandak, ITen arloan beren urratsak eginak dituztela. Hori horrela, hizkuntza plangintzaren eremu guztietan bezala, herri hauen artean ideiak trukatzea garrantzitsua litzateke. Hizkuntza Galesaren Batzordea Hizkuntza Plangintza Erakundeen Sare Europarraren bazkide da. 2001eko urrian sortu zen sare hau, Europa mailan hizkuntza txiki eta minorizatuak bultzatzeko asmoz. Parte hartzen dugu, baita ere, Regional or Minority Language Working Group (hizkuntza txiki eta minorizatuen lan taldea) eta British Irish Council delakoaren ICT azpitaldean. (38)

Baina hori esanda, garbi dago hizkuntza handietan burututako ikerketak eta garapenak ere galesaren onurarako erabil daitezkeela; eta alderantziz ere bai: hizkuntza haiek beren onurarako balia daitezkeela, noski, galesari buruz egiten diren ikerketez eta garapenez.

Azken hitzak
ITen mundua oso bizkor garatzen ari da. Duela urte gutxi nork sinetsiko zuen ordenagailuek hain eragin sakona izango zutenik gure bizitzaren hainbeste esparrutan, edo bulego lan guztiak ez ezik gure etxeko korrespondentzia ere guztiz ordenagailuaren eta posta elektronikoaren menpe egongo zirenik? Aipatu gabe interneten presentzia nonahi! Ez horren aspaldi, edozein enpresa handitan mekanografoek atal garrantzitsu bat osatzen zuten derrigor; dagoeneko historiara pasatu da hori. Era berean, hain modernotzat jotzen dugun gaurko teknologia ere azkar aldatuko da; une honetan ere, hain zuzen, etorkizunean teknologia hori ordezkatuko duten berrikuntzak asmatzen ari dira zenbait tokitan, hala nola, adibidez, orain ezagutzen dugun worldwide web-aren lekua hartuko duen "Web 2.0" delakoa. Zein izango ote diren Web 2.0 horren ondorio linguistikoak, oraintxe galdetzen hasteko ordua da. Ikusi dugunez, dagoeneko galesezko hizkuntza baliabide teknologiko asko daude. Beharbada garaia da, beraz, berauen erabilpena gehiago bultzatzeari zuzenduriko diskurtso bat garatzeko, tresna berriak sortzen eta lehengoak eguneratzen jarraitu bitartean. Hau dela eta, 2006ko abenduan Batzordeak eskala txikiko proiektu esperimental bat enkargatu zuen, Galesko ipar-mendebaldean dagoen Môn Irlan (Anglesey, ingelesez) softwarearen galesezko interfazen erabilpena bultzatzeko asmoz. (39)   

Esperientzia horren emaitzek erakutsi zutenez, "epe luzeko estrategia jarrai bat garatu behar da jende, enpresa, eskola eta unibertsitateekin harremanak indartzeko, gaurko informazioaren teknologiaren munduan hizkuntza galesa denerako erabiltzea posible ez ezik, erraza den mezua helaraziz. […] Jende gehienarentzat gaur egun, galesa ez da lehenengo 'hizkuntza aukera' informazioaren teknologian. […] Agerian gelditu da galesdun iaioen artean ere ordenagailuak galesaren bitartez erabiltzeko konfiantza falta, ahozko gaitasun bikaina eduki arren." Hala eta guztiz, nahiz eta hasierako egoera hau egiaztatu, galesezko interfaza inolako arazorik gabe erabiltzeko posibilitatea ematen duten tresna guztien aurkezpen eta azalpen labur baten ondoren, eta Language Control Centre delakoaren bidez mahai gaineko hiztegia beti eskura egongo zela ere kontuan hartuta, "Kasu guztietan esperientziak erantzun positiboa lortu" zuela ondorioztatu zuen ikerketa honek.

Beraz, begi bistan dago historikoki sortutako zenbait oztopo soziopsikologikok eta kulturalek dirautela oraindik 'L' hizkuntzaren erabilpen diglosikoari dagokionez, galesa (gure kasuan) orain arte berari ez zegozkion arloetara zabaltzeko aukeren aurrean. (Hain zuzen ere, horko arazoa ez dirudi galesa arlo horietan orain arte ez egotea denik, soilik, baizik eta direlako arloetan inoiz egoterik inork espero ez izatea!) (40)  Hizkuntza Galesaren Batzordearen Hizkuntza Galesarentzako Estrategia Bat izeneko 1996ko txostenean identifikatu ziren lau erronka nagusietako bat hizkuntza erabilpenaren ohiturak aldatzea zen; edozein arlotan ere aldaketa honek denbora behar izaten du, ordea. Baina argi eta garbi gelditu da, baita ere, galesezko softwarea (dela kode irekikoa, dela komertziala) garatzeko ekimenen ugaritasuna eta berauen erabilpena bultzatzeko Batzordearen proiektu esperimentalari emandako erantzun positiboa ikusita, pertsona asko prest dagoela kalitate oneko galesezko softwarea erabiltzeko, hau lortzea erraza baldin bada eta gai hau inguratzen duen "misterioa" uxatuz gero. Hortaz, potentzial itzela sumatzen da galesaren normalizaziorako ITen arloari dagokionez, baita ITek galesaren normalizazioaren aldeko faktore bezala ere.

 

 

(1) Ikus www.wales.gov.uk, edo www.cymru.gov.uk [Itzuli]

(2)  Hemen "Hizkuntza Erregional (Txiki) edo Gutxitua (Minorizatua)" terminoa Hizkuntza Erregional edo Gutxituentzako Itun Europarrak definitzen duen zentzuan erabiliko dut. Erresuma Batuaren gobernuak itun honen 52 artikulu berretsi ditu galesari dagokionez. Europako Kontseiluak Erresuma Batuko hizkuntza erregional edo gutxitu ezberdinentzako itunaren inplementazioari buruzko bere bigarren urteroko txostena argitaratu berri du (berrespena aplikatzen zaizkion hizkuntzak bakarrik bertan jasotzen dira baina). Informazio gehiago "E" letraren azpian ikus daiteke web gune honetan:
http://www.bwrdd-yr-iaith.org.uk/cynnwys.php?cID=&pID=109&azID=2&langID=2  [Itzuli]

(3)  Xifra hauen iturriak, eta Hizkuntza Galesaren Batzordeak burututako ikerketen eta lortutako datuen gainbegirada bat, hizkuntzaren bilakaera historikoaren azalpen batekin batera, hemen ikus daitezke:
www.welsh-language-board.org.uk [Itzuli]

(4)  http://www.bwrdd-yr-iaith.org.uk/cynnwys.php?pID=109&langID=2&nID=2063, Batzordeak txosten hau Draig Technologies Ltd enpresari enkargatu zion, eta enpresa horretakoak dira txostenaren egile nagusiak. Draig-ek Gales Herriko Unibertsitatea (Bangor)-ko Canolfan Bedwyr zentroaren eta Hizkuntza Galesaren Batzordearen laguntzarekin kontatu zuen txostena prestatzerakoan. Txosten hau ofizialki banatu zaie 1993ko Hizkuntza Galesaren Legearen araberako Hizkuntzaren Plan bat duten laurehunetik gora erakunde eta entitateetara. Azken hauek, garaia iristen denean, zein neurritan betetzen ari diren azaldu beharko dute. [Itzuli]

(5)  Ikus http://www.bwrdd-yr-iaith.org.uk/ [Itzuli]

(6)  Zenbait erakunde publikoren web guneetan dagoen elebitasun mailari buruz etengabe eguneratutako oinarrizko datuak hemen ikus daitezke: http://topia.com/. [Itzuli]

(7)  Hizkuntzaren Teknologiaren arloan (besteak beste) Canolfan Bedwyr izeneko zentroak urteetan zehar burutako hainbat eta hainbat proiektu bide urratzaileren berri http://www.canolfanbedwyr.org irakur daiteke. Gales Herriko Unibertsitatearen Bangor-ko kanpusean kokatuta dagoen zentro honek unibertsitatearen Hizkuntza Galesaren fakultateko katedradun izan zen Bedwyr Lewis Jones zenaren izena darama. [Itzuli]

(17) http://www.cymen.co.uk , http://www.draig.co.uk [Itzuli]

(18) Iturria: 2001eko zentsua, S143 zenbakiko taula estandarra eta C0055 zenbakiko taula berezia. [Itzuli]

(37)  Ikus http://wiki.eatoni.com/wiki/index.php/Products#Languages [Itzuli]

(40) Ikus, besteak beste, Williams, G. & Morris, D. Language planning and language use: Welsh in a global age, Cardiff: University of Wales Press, 2000. [Itzuli]

Azken eguneratzea: 2007/05/14