Jon Aizpurua Espin
Hizkuntza baten normalizazio-prozesuan erabateko garrantzia du familia bidezko transmisioak. Hortaz, nola gauzatzen den zehatz-mehatz ezagutzea funtsezkoa da. Euskararen transmisioan gune soziolinguistikoak izan dezakeen eraginaz ohartuta, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bi gune soziolinguistiko desberdin aukeratu ditu euskararen transmisioa eta erabilera nolakoa den aztertzeko. Hasteko, gune erdaldun bat aukeratu da, Gasteiz hain zuzen, eta aztertutako unibertsoa Olabide Ikastolako (pdf, 432KB) ikasle ohiek osatu dute. Ondoren, ikerketa bera gune euskaldunago batean errepikatu da, Donostian hain zuzen, eta oraingoan Santo Tomas Lizeoko (pdf, 352KB) ikasle ohiak aukeratu dira.
Sarrera
Azken ikerketek eta egunero jasotzen ditugun albisteek argi erakusten digute gure gizarteak aldaketa sakonak bizi dituela. Batetik, jaiotza-tasak behera egin du eta horren ondorioz bertoko biztanleria nabarmen ari da zahartzen. Bestetik, azken urteotan atzerritar asko, gazteak gehienak, iristen ari dira guregana. Azkenik, familiaren osaerak berak aldaketa handiak bizi ditu bere baitan. Baina bada hizkuntzari zuzenean loturiko aldaketa garrantzitsua, zehaztea merezi duena. Aldaketa hori elebidunaren tipologian gertatzen ari da.
Gaur egungo elebiduna definitu beharko bagenu, esango genuke gaztea dela (elebidun guztien ia erdiak 30 urte baino gutxiago ditu), hiri-guneetan bizi dela, beraz gune nahikoa edo oso erdaldunetan eta erdara duela lehen hizkuntza gero eta gehiagotan.
Gune soziolinguistikoak eta elebidunen banaketa 2001

Iturria: III. Mapa Soziolinguistikoa.Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.Eusko Jaurlaritza
Ezaugarri horiek, seguruenik, ezagunak zaizkigu, baina bada lehenengoz ematen ari den gertakaria, sakon aztertzea eskatzen duena. Euskararen erabilera normalizatzeko legea onartu eta, horren ondorioz, erakunde publikoek eta gizarte eragileek helburu hori lortzeko ekimenak abian jarri zituztenetik 20 urte pasa dira. Beraz, ekimen eta politika horien ondorioz euskaldundutako gazteak eta lehenagotik, 60ko hamarkadatik aurrera batik bat, ikastolei esker euskara ikasitakoak, duten adina kontuan hartuta, guraso dira, guraso izan berriak asko, edo guraso izango dira aurki. Hortaz, hizkuntzaren transmisioari dagokionez, oso erabaki garrantzitsua hartu berri dute batzuek eta hartu beharko dute beste batzuek. Gauzak horrela, beharrezko iruditu zaigu erabaki horretan dauden jokamoldeak zehatz-mehatz ezagutzea. Baina ez hori bakarrik, izan ere, badakigu egoera han eta hemen ez dela berbera. Badakigu gune soziolinguistikoaren arabera, alde handiak egon daitezkeela transmisioari loturiko jokamoldeetan.
Beraz, transmisioa normaltasunez gauzatzeko baldintzarik txarrenak dituen gunea aztertzea erabaki genuen lehenengo eta behin. Horretarako, Gasteizko Olabide Ikastolako ikasle ohiak aukeratu genituen. Ondoren, eta azterketaren emaitzak ezagutu eta gero, azterketa transmisiorako baldintza hobeak dituen beste gune batean egitea pentsatu genuen. Hortaz, Donostiako Santo Tomas Lizeoko ikasle ohiengana jo genuen.
Azterketaren ezaugarriak
Artikulu honetan aipatutako bi ikerketa horien arteko azterketa konparatiboa egingo da. Lehenengo ikerketa, esan bezala, Gasteizen eta inguruko herrietan bizi diren Olabideko ikasle ohien artean egin zen. Landa-lana 2004 udan egin zen. Gasteiz moduko gunea aukeratzearen arrazoia muturreko egoera batean euskararen transmisioa nola gertatzen den ezagutzea izan zen. Azken 20 urteotan, euskararen bilakaera oso positiboa izan da Gasteizen. Izan ere, 1981 eta 2001 bitartean elebidunak %3,5 izatetik %14,7 izatera pasatu dira. Halere, oso gune erdalduna izaten jarraitzen du oraindik, hau da, lehenengo gune soziolinguistikoan dago (elebidunak <%20).
Azterketaren emaitzak ezagutu ondoren, ikerketa bera gune euskaldunago batean egitea interesgarria iruditu zitzaigun. Horretarako, bigarren gune soziolinguistikoa (elebidunak %20 eta %44 bitartean) aukeratu genuen, eta horren barruan Donostiako Santo Tomas lizeoko ikasle ohiak. Bigarren ikerketa 2004ko urte bukaeran egin zen. Euskararen egoera Donostian oso bestelakoa da. 1981ean, bost lagunetik bat zen elebiduna (%21,4) eta hogei urte beranduago, 2001ean, biztanleen herena (%34,6).
Aztertutako kolektiboen ezaugarriak
Aztertu den unibertsoa aukeratzeko orduan, bi izan dira irizpide nagusiak: batetik, derrigorrezko hezkuntza osoa edota zatirik handiena euskarazko ereduetako batean egin izana, eta, bestetik, guraso izateko sasoian izatea. Beraz, Olabide ikastolaren kasuan 26 eta 41 urte bitarteko ikasle ohiak aukeratu dira eta Santo Tomasen kasuan 31 eta 47 urte bitartekoak.
Bi kolektiboen artean dagoen adin-diferentzia dela eta, Olabideko ikasle ohien ia herena (%31) baino ez da bikotekidearekin eta seme-alabekin bizi. Santo Tomasekoen artean, berriz, bikotekidearekin eta seme-alabekin bizi direnak %56 dira.
Dena den, bi multzoek duten ezaugarririk nabarmenena ikasketa-maila altuarena da. Izan ere, bai batean bai bestean erdiek goi-mailako ikasketak dituzte eta bostetik batek erdi goi-mailakoak. Gainera, %90etik gora lanean ari dira.
Lehen hizkuntza
Aitzitik, bada bi multzoak argi eta garbi bereizten dituen beste ezaugarri bat, eta batzuen zein besteen hizkuntza-jokamoldean erabakigarria izango dena. Ezaugarri hori lehen hizkuntza da. Olabideko ikasle ohien bostenak (%19k) euskara izan du lehen hizkuntza eta %17k euskara eta gaztelania. Beraz, Olabideko ikasle ohi gehienek (%65) gaztelania jaso dute etxean eta ikastolan ikasi dute euskara.
Santo Tomaseko ikasleen artean, berriz, laurdenak (%24k) baino ez du jaso gaztelania etxean, beste horrenbestek (%25ek) hizkuntza biak, eta erdiak (%51k) euskara bakarrik.

Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri bat euskaraz ikasitako denbora da. Ezaugarri hori bereziki garrantzitsua da Olabideko ikasleen artean, gehienek euskara eskolan jaso dutelako eta eskolatik kanpo oso aukera gutxi izan dutelako euskaraz jarduteko. Datuei dagokienez, beraz, Lizeoko ikasle ohien artean ikasketa-prozesu osoa (goi-mailako ikasketak barne) euskaraz egin dutenak herena pasatxo (%35) dira eta Olabideko ikasle ohien artean %19. Egia da, dena den, batean eta bestean erdiek baino gehiagok (%55ek) orduko BBB edo LH bitarteko ikasketak euskaraz egin dituztela.
Hizkuntza-gaitasun erlatiboa
Ondoren ikusiko dugun bezala, alde handia dago lehen hizkuntzan eta erabileran Olabideko eta Lizeoko ikasle ohien artean. Eta horrek, zalantzarik gabe, eragin zuzena du hizkuntzaren gaitasun erlatiboan, hau da, hizkuntza bat ala bestea erabiltzeko erraztasunean.
Izan ere, euskaraz errazago edo gaztelaniaz bezain ondo moldatzen direnak, hau da, euskal elebidunak edo elebidun orekatuak %28 dira Olabideko ikasle ohi elebidunen artean: %3 euskal elebidunak eta %25 orekatuak. Beraz, lau lagunetik hiru hobeto moldatzen dira gaztelaniaz. Gainera, %12k euskaraz hitz egiteko gaitasuna galdu du eta elebidun hartzailea da gaur egun. Dena den, egia da elebidun hartzaile horien gaitasuna inkesta soziolinguistikoan edo mapa soziolinguistikoan, adibidez, elebidun hartzaileen multzoan sailkatutakoen gaitasunaren batez bestekoa baino askoz handiagoa dela.

Santo Tomas Lizeoan egoera oso bestelakoa da. Euskaraz errazago edo gaztelaniaz bezain ondo moldatzen direnak, hau da, euskal elebidunak edo elebidun orekatuak %66 dira (%16 euskal elebidunak eta %50 orekatuak). Eta gaztelaniaz hobeto moldatzen direnak herena dira. Gainera, ia ez dago galerarik (%0,4).
Euskararen erabilera
Orain arte egin ditugun azterketek erakutsi digute euskararen erabileran gehien eragiten duten faktoreak bi direla: ikusi berri dugun gaitasun erlatiboa, batetik, eta harreman-sareko hiztunen dentsitatea, bestetik. Bi faktore horiek oso desberdinak dira Olabideko ikasleen eta Santo Tomas Lizeokoen artean. Beraz, erabilerari buruzko emaitzak oso desberdinak dira batean eta bestean.
Lau erabilera-eremu aztertu dira: etxea, lagunak, lankideak eta erabilera-eremu formalagoak (auzoko dendak, bankuak, udal-zerbitzuak eta anbulatorioak)
Emaitzei dagokienez, aztertutako lau eremuetako guztietan edo, gutxienez, hirutan euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenak %8 dira Olabideko ikasle ohien artean (%2 lauretan eta %6 hirutan). Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien artean, berriz, erdia baino gehiago dira (%27 lauretan eta %30 hirutan).
Beraz, Olabideko ikasle ohien erdiek baino gehiagok ez dute euskara ia inoiz erabiltzen (%32 gaztelaniaz baino gutxiago lau eremuetan eta %22k inoiz ez). Lizeokoen artean, berriz, %7 baino ez dira euskara gaztelania baino gutxiago erabiltzen dutenak.

Olabideko ikasleek gutxiago erabiltzen dute, esan bezala, erraztasun txikiagoa dutelako euskaraz, baina, batez ere, norekin hitz egin ez dutelako, hau da, aztertu ditugun lau eremu horiek oso erdaldunak direlako.
Baieztapen hori argiago ikusteko, kolektibo bakoitzaren sarea nolakoa den ezagutzea baino ez dago. Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien etxea, lagunartea edo lankideak euskaldunak dituztenak Olabidekoenen bikoitza da:
- Etxean, %84 eta %47
- Lagunartean, %61 eta %38
- Lankideen artean, %53 eta %25
Gainera, eremu formalagoetan, aldea handiagoa da.


Hortaz, proportzioak horiek izanda, oso zaila da Olabideko ikasle ohi batek bi eremu baino gehiago izatea nagusiki euskaldunak.
Etxeko erabilera
Orain arte aztertu ditugun erabilera-eremuen artean, etxekoak berebiziko garrantzia du euskararen transmisioan eta, bereziki, familia bidezkoan. Etxeko kide guztiak euskaldunak ez badira, nekez hitz egingo da euskaraz etxean, beraz euskara eskolan edota familian bertan jaso duenarentzat zaila izango da erraztasun nahikoa lortzea edo duen erraztasuna ez galtzea. Hori, noski, posible litzateke etxetik kanpoko harreman-sarean baldintzak egokiak balira.
Ikusi dugunez, euskararen erabileran oro har alde handiak daude Olabideko eta Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien artean. Olabidekoek, aipatu ditugun arrazoiak direla eta, gutxi erabiltzen dute euskara, Santo Tomasekoek, berriz, oso baldintza desberdinak dituztenez, askoz gehiago erabiltzeaz gain, eremu batean baino gehiagotan normaltasun osoz aritzen dira euskaraz.
Baina jorratu nahi dugun gaia familia bidezko transmisioa denez, ikus dezagun zenbateraino erabiltzen duten batzuek eta besteek euskara etxean.
Olabideko ikasle ohi gutxik erabiltzen du euskara etxean. Euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenak %19 dira, %23k gaztelania baino gutxiago erabiltzen du eta erdiak baino gehiagok (%59k) ez du etxean inoiz erabiltzen euskara.
Santo Tomas Lizeokoek, berriz, hirutik bik (%66k) gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute euskara, %14k gaztelania baino gutxiago eta %20k inoiz ez.

Bi multzoetan, euskararen erabilera handiagoa da familia gurasoek eta seme-alabek osatzen dutenean. Izan ere, horrelakoetan euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute Olabideko ikasle ohien %31k eta Santo Tomas Lizeoko %78k. Beraz, seme-alabak izateak ala ez izateak aldatu egiten du etxeko erabilera.
Euskararen erabileran agertzen diren alde horiek azaltzeko orduan, bi arrazoi nagusi aurkitzen ditugu behin eta berriro. Batetik, Olabideko ikasle ohien %47 baino ez da bizi nagusiki euskaldunak diren etxeetan. Santo Tomasekoen artean, aldiz, %84 dira.
Halere, etxeko kide guztiak euskaldunak direnean ere, multzo bien artean alde nabarmenak daude: Olabideko ikasle ohien etxe euskaldunen %61ean erabiltzen da euskara gaztelania beste edo gehiago eta Santo Tomaseko ikasle ohien etxe euskaldunen %87an.
Bi emaitza horien artean dagoen 26 puntuko aldea euskara erabiltzeko erraztasunari loturik dago. Olabideko ikasle ohien eta haien etxeko kideen erraztasuna Santo Tomas Lizeokoena eta haien familiakoena baino askoz txikiagoa da. Gainera, badago beste arrazoi bat kuantitatiboki neurtzen zailagoa dena, baina egon badagoena: gaztelaniaren "presio soziala", etxe erabat euskaldunetan ere eragiten duena.
Euskararen erabilera etxeko kideen artean
Jarraian, eta labur-labur, inkestatutakoek bikotekidearekin, seme-alabekin, aitarekin, amarekin eta neba-arrebekin erabiltzen duten hizkuntza aztertuko dugu.
Inkestatu guztiek nagusiki euskara erabiltzen dute seme-alabekin, hau da, euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute seme-alabekin Olabideko ikasle ohien %80 eta Santo Tomasekoen %96.
Familiako gainerako kideekin askoz gutxiago erabiltzen dute euskara, eta orain arteko aldagai guztietan bezalaxe, Olabidekoen eta Santo Tomasekoen arteko aldea handia da.


Beraz, euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dute:
- neba-arrebekin, Olabideko ikasle ohien laurdenak (%25ek) eta Santo Tomaseko bi herenak (%64k)
- gurasoekin, Olabideko seitik batek (amarekin %18 eta aitarekin %17) eta Santo Tomaseko erdiak (amarekin %53k eta aitarekin %50ek)
- bikotekidearekin, Olabideko zazpitik batek (%15ek) eta Santo Tomaseko ia erdiak (%46k)
Familiako kide desberdinekin gertatzen diren alde horien arrazoi nagusia familiako kideen arteko euskaldunen proportzioan dagoen diferentzian datza. Izan ere, bikotekidea, aita edo ama euskalduna dutenak herena baino gutxiago dira Olabideko ikasle ohien artean, eta ia bi heren, hau da, Olabidekoaren bikoitza Santo Tomas Lizeokoen artean. Baina ia guztiek (%90etik gora) seme-alabak eta neba-arrebak euskaldunak dituzte
Halere, etxeko kide guztiak euskaldunak direnean ere, alde nabarmenak daude bai familiako kideen arteko erabileran, baita aztertzen ari garen bi kolektiboen artekoen artean ere.
Oro har, Olabideko ikasle ohiek Santo Tomasekoek baino euskara gutxiago erabiltzen dute. Bi multzoen arteko alderik txikiena seme-alabekin hitz egiten dutenean gertatzen da (euskara gaztelania beste edo gehiago %86k eta %97k erabiltzen dute hurrenez hurren). Eta alderik handiena neba-arrebekin hitz egiten dutenean ematen da. Olabideko ikasle ohien %28k baino ez dute normaltasunez erabiltzen neba-arrebekin. Santo Tomasekoen kasuan, berriz, %68k.
Bi taldeek, beraz, euskara gehiago erabiltzen dute seme-alabekin eta gutxiago bikotekidearekin eta, batez ere, neba-arrebekin.
Deigarria da Olabideko ikasle ohiek zer gutxi (%28) erabiltzen duten euskara neba-arrebekin denak euskaldunak direnean. Hori gertatzen da gehienen lehen hizkuntza gaztelania izan delako, beraz, gaztelaniaz hobeto moldatzeaz gain, haien arteko harremana umetan gaztelaniaz hasi zen eta ohitura hori aldatzea oso zaila izaten da.
Euskararen erabilera etxetik kanpo
Orain arte ikusitako joera berberak antzematen dira lagunarteko eta lankideen arteko erabileran bai Olabiden baita Santo Tomas Lizeoan ere. Olabideko ikasle ohiek oso gutxi erabiltzen dute euskara lagunekin eta lankideekin (lautik batek); Santo Tomasekoek, aldiz, nagusiki erabiltzen dute (lautik hiruk) bai lagunekin baita lankideekin ere.
Batzuek eta besteek zertxobait gehiago erabiltzen dute euskara lankideekin lagunekin baino, nahiz eta euskaldunen proportzioa handiagoa izan lagunartean.
Neba-arreben arteko erabileran gertatzen den bezala, Olabideko ikasle ohiek oso gutxi erabiltzen dute euskara, nahiz eta guztiek jakin (%22k euskara gaztelania beste edo gehiago). Horren arrazoiak orain arte azaldu ditugun berberak dira: erraztasun handiagoa gaztelaniaz, gaztelania erabiltzeko ohitura errotua eta gaztelaniaren "presio soziala".
Eremu formalagoetan (udal-zerbitzuetan, bankuan edo kutxan, auzoko dendetan eta anbulatorioan) orain arteko jokamoldeak errepikatzen dira. Olabideko ikasle ohiek oso gutxi erabiltzen dute euskara, Santo Tomasekoek, berriz, hizkuntza hori erabiltzen dute nagusiki. Zergatia argia da: euskaldunen proportzioa batzuen eta besteen sarean.
Euskararen transmisioa seme-alabei
Orain arte, Olabideko eta Santo Tomaseko ikasle ohien ezaugarri linguistikoak aztertu ditugu eta, aldi berean, ezaugarri horien zergatiak eta ondorioak ere bai. Jarraian, ordea, guraso edo gurasogai diren neurrian erakutsi duten jokamoldea zehaztuko dugu, hau da, zer hizkuntza eta nola transmititu dieten seme-alabei.
Baina emaitzak ematen hasi aurretik, komenigarria da transmisioari buruzko datuak aztertzeko jarraitu ditugun irizpideen berri ematea:
- Bi urteko haurrak edo zaharragoak dituzten gurasoak baino ez dira kontuan hartu. Ikasle ohien adina dela eta, bada guraso multzo bat haur jaioberriak dituena, baina horiek kanpoan utzi ditugu.
- Seme-alaba zaharrenaren transmisioa aztertu da. Seme-alaba guztiena aztertzeak zaildu egingo luke azterketa eta, gainera, egiaztatu dugu gurasoek hizkuntza bera transmititu dietela seme-alaba guztiei.
Olabideko ikasle ohien artean, lautik hiruk euskara transmititu diete seme-alabei (%23k euskara bakarrik eta %53k gaztelaniarekin batera). Gainerako laurdenak (%24k) gaztelania transmititu du.

Santo Tomas Ikastolako ia guztiek (%96k) euskara transmititu diete seme-alabei (%64k euskara bakarrik eta %32k euskara eta gaztelania. Beraz, gaztelania transmititu dutenak %4 dira.

Halere, gaztelania transmititu dutenen kasuan, bai Olabideko bai Santo Tomaseko guraso gehienek B eta D ereduetan matrikulatu dituzte seme-alabak, beraz benetako galera erreala oso txikia izan da (%4,8koa Olabiden eta %2,7koa Santo Tomasen).
Olabideko ikasle ohien kasuan, galerei buruz hitz egiteak agian ez du zentzu handirik. Izan ere, bikoteen %30ean baino ez da gertatzen bikotekide biak euskaldunak izatea.
Argi dagoena da gurasoen hizkuntza-gaitasunak erabateko garrantzia duela seme-alabei euskara transmititzeko orduan.
- Bikotekide biek euskara dakitenean, euskara bakarrik transmititu dute Olabideko ikasle ohien %69k eta Santo Tomaseko %95ek. Gainerakoek hizkuntza biak transmititu dituzte.
- Bikotekide batek ondo dakienean eta besteak zertxobait gehienek hizkuntza biak transmititu dituzte (Olabideko %79k eta Santo Tomaseko %52k). Baina gainerakoek euskara bakarrik transmititu diete.
- Eta batek dakienean eta besteak ez, biak transmititzeko joera dago (Olabideko %75ek eta Santo Tomaseko %88k).

Aurrekoetan ikusi dugun bezalaxe, euskararen transmisioa oro har txikiagoa izan da Olabiden Santo Tomasen baino. Horren arrazoi nagusia hizkuntza-gaitasun erlatiboa da.
Laburpena eta ondorioak
Olabide Ikastolako 26-41 urte bitarteko ikasle ohiek, eta, oro har, Vitoria-Gasteizko adin horretako euskaldunek honako ezaugarri hauek dituzte: gehienek gaztelania izan zuten lehen hizkuntza, ingurunea, nagusiki, erdalduna dute, eta gutxi erabili ohi dute euskara. Horren ondorioz, gehienek errazago hitz egiten dute gaztelaniaz euskaraz baino, eta gutxiengo handi batek (%12k) euskaraz jarduteko gaitasunaren zati bat galdu du eta, gaur egun, elebidun hartzailea da.
Seme-alabekin gehienek euskara erabiltzen dute, baina gainerako erabilera-eremuetan euskararen erabilera oso txikia da: lautik batek baino ez du erabiltzen lagunekin eta lankideekin, bostetik batek etxean eta are gutxiago eremu formaletan.
Baina poztekoa da lau gurasoetatik hiruk euskara transmititu izana seme-alabei (bakarrik ala gaztelaniarekin batera) eta gaztelania bakarrik transmititu dutenak B eta D ereduetan matrikulatu izana seme-alabak. Beraz, euskararen benetako galera oso txikia izan da (%5 baino txikiagoa). Eta datua oso garrantzitsua da, kontuan hartuz gero gehienetan gurasoetako batek baino ez dakiela euskaraz.
Bestalde, Santo Tomas Lizeoan, 30 urtetik gora dituzten ikasle ohiek beste honako ezaugarriak dituzte: gehienek euskara (bakarrik ala gaztelaniarekin batera) izan dute lehen hizkuntza eta, nahiz eta 2. gune soziolinguistikoan bizi, familia eta gertuko komunitatea nahikoa euskaldunak dituzte. Hortaz, askotan erabiltzen dute euskara. Eta horren ondorioz, gehienak gaztelaniaz bezain ondo edo hobeto moldatzen dira euskaraz.
Seme-alabekin euskara erabiltzen dute ia beti eta askotan etxean, lagunekin eta lankideekin. Halaber, eremu formaletan handia da euskararen erabilera, batez ere udal-zerbitzuetan eta bankuan edo kutxan.
Azkenik, ia guraso guztiek euskara transmititu diete seme-alabei eta gehienek euskara bakarrik.
Euskararen erabileran eragiten duten faktoreak berberak dira Olabiden eta Santo Tomasen: lehenengo eta behin, euskaldunen dentsitatea sarean eta, ondoren, euskaraz hitz egiteko erraztasuna edo gaitasun erlatiboa.
Bi kolektiboetan gehiago erabiltzen da euskara hurrengo belaunaldikoekin (seme-alabekin hain zuzen) belaunaldi berekoekin baino (bikotekidearekin, neba-arrebekin eta lagunekin). Azken hauekin argi dago askoz gehiago hitz egin dezaketela euskaraz, beraz aurkitu beharko da modua ohitura hori aldatzeko eta bitartean euskararen erabilera-maila mantentzeko. Izan ere, antzematen hasi da seme-alabak hazi ahala, gutxiago erabiltzen dutela euskara euren artean.
Emaitzak baloratzeko orduan, ezin dira inondik inora irizpide berberak erabili Olabiden eta Santo Tomas Lizeoan. Batean eta bestean egoera soziolinguistikoa oso desberdina baita.
Olabideko ikasle ohien emaitzak onak dira. Egia da gehienak hobeto moldatzen direla gaztelaniaz, batzuek euskara partez galdu dutela eta euskara gutxi erabiltzen dutela, baina ia denek euskara transmititu diete seme-alabei. Eta onak dira oinarrizko baldintzak txarrak izan direlako: gehienek gaztelania izan dute lehen hizkuntza eta ingurunea oso erdalduna da.
Santo Tomas Lizeoko ikasle ohien emaitzak are hobeak dira (gehienak ondo moldatzen dira euskaraz, asko erabiltzen dute eta denek transmititu diete seme-alabei). Hori baldintzak egokiak direlako gertatzen da (gehienen lehenengo hizkuntza euskara izan da eta ingurunea nahikoa euskalduna da).
|