Miquel Strubell
Hizkuntz ordezkapen prozesu bati buelta eman nahi dion edozein hizkuntz plangintzaren derrigorrezko fase bati begirada bat botako diogu artikulu honetan: hots, hezkuntza sisteman zehar hiztun berriek eskuratutako hizkuntz gaitasuna egiazko erabilpen bihurtzearena. Katalunian, Francoren heriotzaren ondoko trantsizioaren lehen urteetan, askok xaloki uste zuten hizkuntza behin eskoletan irakatsiz gero, beronen erabateko berreskurapena ziurtaturik egongo zela. Hizkuntza ikasten duena hizkuntz erabiltzaile aktibo bihurtzera eramaten duten aldagai erabakiorrak identifikatzeko, ordea, asko ikertu behar da oraindik.
Hizkuntza berreskurapenerako prozesu planifikatu baten formula magikorik ez dago, kasuan kasuko baldintza bereziak kontuan hartzekoak baitira. Hala eta guztiz, kasu posible guztion nondik norakoak zertxobait zehazteko saiakerak ez dira falta izan. Agian saiakera horietako ezagunena Joshua A. Fishman soziolinguista ospetsuak 1991 urtean argitaratu liburua izan zen, "Reversing Language Shift" ["Hizkuntzen Ordezkapenari Buelta Ematen"] izenekoa. Bertan, "Intergenerational Disruption Scale" ["Gizaldiz Gizaldiko Etenaren Eskala"] edo GIDS deritzonaren bitartez, mehatxupean dauden hizkuntz komunitateentzat orientabide batzuk eskaintzen ditu egileak, berauen beherakada gelditu eta, zenbait kasutan, hizkuntzaren biziraupen probabilitateak hobetzeko asmoz. Delako eskala horretan puntuazio bakoitza hizkuntz egoera jakin bati dagokio. Honen arabera, etenik larriena duten hizkuntz komunitateak hilzorian leudeke, beraietan adineko pertsona gutxi batzuek bakarrik hizkuntza erabiltzeko gauza baitira dagoeneko. Fishman-en eskalan etenik txikiena jasaten duten hizkuntzak, berriz, "A" motako zenbait funtziotatik baizik ez daude baztertuak; gainerako funtzio guztietan, edo gehienetan behintzat, indarrean jarraituko dute hizkuntza horiek.
Irudia 1: Joshua A. Fishman irakaslea
Iturria: http://suse-www.stanford.edu/~joshuaafishman/home.html
Irudia: http://suse-www.stanford.edu/~joshuaafishman/fishman.jpg

Liburu horrek, bai euskararen giroan, bai katalanarenean, eman du hizpiderik, eta ez gutxi. Baina eskaintzen duen analisiaren egokitasunagatik baino gehiago, benetan baliotsutzat jo izan dena hauxe da: eskalako puntu bakoitzean dauden hizkuntz komunitate ezberdinei hain ideia ugari opatu izana, landu beharreko eremu eta funtzioen arteko lehentasunak hobeki bereizteko. Hamar urte beranduago, artikulu bilduma bat antolatu du Fishman-ek berak (Fishman 2001) non behin eta berriro aitortzen baita GIDS eskalaren baliagarritasuna.
Jakin, euskaran edo katalanean espezializatu diren soziolinguistek ongi dakite, ordea, hizkuntzotako bakoitzaren indarra eskualdez eskualde izugarri aldakorra dela. Katalana, esaterako, ia hilzorian dago Catalunya del Nord delakoan, baita Alacant hiriaren inguruetan, Valentzia eskualdearen hegoaldean ere. Bestalde, hizkuntzaren status legala eta aplikatzen diren politika ofizialak ez dira berdinak han eta hemen. Franja d'Aragó izeneko eskualdean (Aragoiren ekialdean), adibidez, legeek ez dute hizkuntza katalana aintzatesten, eta antzeko zerbait gertatzen da euskararekin, Iparraldearen kasuan.
Espainiaren barruan bai euskara bai katalana eskualde edo erkidego autonomo ezberdinetan zabalduak izateagatik, politika ezberdinen menpe daude lekuz leku, bestalde. Inolako zalantzarik gabe zatiketa hori hizkuntzentzat kaltegarria da. Gaztelaniaren egoera alderantzizkoa da noski: honentzako politika bakarra baitago, oro har Espainiatik zehar nonahi berdina dena.
Dena den, bi hizkuntz komunitateok iraganean biziki zigortuak izan direla kontuan harturik, zenbait legebiltzarrek hizkuntz politikak legeztatu dituzte, tokian tokiko gobernuek bertako hizkuntzaren ikasketa eta erabilpen soziala bultzatu behar dituztela argi eta garbi finkatuz.
Aipatutako bi aginduok ongi bereiztea komeni da. Lehenbizikoari (hizkuntzaren ikasketari) dagokionean ahalegin handiak egin direla ezin uka, hala gobernuen aldetik nola herri ekimenen mailan, katalana eta euskara irakasgai gisa ez ezik irakaskuntzaren bitarteko bezala ere eskoletaratzeko, kasu askotan irakaskuntzaren hizkuntza nagusi bihurtuz gainera. Katalanari dagokionez hala gertatu da Katalunian, Balear Uharteetan eta -neurri eskasagoan eta batik bat "Federació de l'Escola Valenciana" delako erakunde ez-estatalaren ekimenari esker- Valentzian.
Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletarako hiru hizkuntz ereduei (A, B eta D) dagokienez, preferentziak nabarmen aldatuz joan dira azken hogei urteotan zehar. A-ereduaren eskaera (hots, irakaskuntza gaztelaniaz, euskara gai bezala bakarrik irakatsiz) urriegi bihurtu da eskola askok eredu hau eskaini ahal izateko. Dirudienez, jendea eredu honetako ikasleek praktikan oso elebitasun maila makala lortzen dutela konturatzeagatik gertatu da hori.
Erroldek eta inkestek garbi erakusten dutenez, hezkuntza sistema nagusian hizkuntzaren txertatze maila eta hizkuntz gaitasunaren maila estuki lotuta daude. Katalana hizkuntza erromanikoa izanik, Kataluniako hiztun ez-katalan gehien-gehienen hizkuntza nagusiarekiko hurbiltasunari esker, gaur egun katalanaren gaitasuna, alfabetatzea barne, 15etik 19ra bitarteko adin-taldearentzat ia %100ekoa izatea beharbada ez da hain harritzekoa.
Baina espezialista askok seinalatu dutenez, hizkuntza baten berreskurapena lortzeko, gaitasuna zabaltzea ez da aski. Beharrezko baldintza izan arren, hau ez da nahikoa. François Grin ekonomista suitzarrak landu duen hizkuntz politikaren plangintzarako eredu baten arabera, kasu, honako baldintza hauek bete behar dira, hirurak batera:
a. Delako pertsonak hizkuntza hitz egin ahal izateko behar den gaitasuna izan behar du;
b. Hizkuntzaren erabilpena ahalbidetzen duen egoera egoki bat behar du; eta
c. Eskuratutako hizkuntz gaitasuna praktikan jartzeko borondatea izan behar du.
Irudia 2: Politikatik emaitzara daraman bidea
(Grin & Moring 2002: 3.1 irudia, 79 orrialdea)

Hiru baldintzotako bi betetzea ez da nahikoa. Beraz, demagun norbaitek egoera egoki batean hizkuntza bat erabili nahi duela, baina falta zaiola behar den adinako hizkuntz gaitasuna: pertsona horrek egitez hizkuntza hori erabiltzea ez da oso probablea, bistan denez. Era berean, beste norbaitek hizkuntza bat erabiltzeko motibatua eta erabiltzeko gai izan arren ez badu solaskiderik edo egoera egokirik aurkitzen, bera ere seguraski ez da iritsiko hizkuntza erabiltzera azken finean (Grin 2002, Grin & Moring 2002). Eredu honetatik ondorio garrantzitsuak ateratzen dira hizkuntz plangintzarako, hiru faktoreok ziurtatu beharra dagoela ikusten baita.
Ikerketa batzuk 1990eko hamarkadan burutu ziren, oso antzeko testuinguruak (adin berdintsuko bi anaiaren kasuan, esate baterako) eta hizkuntz gaitasun maila konparagarriak izanda ere, bi pertsonak ia zeharo kontrako hizkuntz erabilpen ereduak zergatik eduki ditzaketen jakiteko helburuarekin. Nolatan gerta ote daiteke -galdetzen zen- halakoetan pertsona haietako batek hizkuntza bat ere ez erabiltzea eta besteak, berriz, hizkuntza horren jatorrizko hiztun batengandik ia bereiziezina den elebidun osoa izatera iristea?
Hain zuzen, "Mendekoste" izenarekin ezagutzen den ikerketa proiektuak argitaratu gabeko ikerlan sorta bat bildu zuen galiziera, euskara, katalan, gales eta irlandes hiztunak aztertuz, baina tamalez ez zuen ondorio baliagarriak ateratzerik lortu. Badirudi hainbat faktore jokoan sar daitezkeela, kasutik kasura faktoreotako bakoitzaren pisua asko alda daitekeelarik: besteak beste, hor faktore pertsonalak eta psikologikoak kontuan eduki beharko lirateke (hala nola, pertsona batzuk beste batzuk baino lotsatiagoak izatea, jendearen aurrean zeharo akatsik gabe ikasi ez duten hizkuntza bat erabiltzeko unean, demagun), baina baita gizarteak eta inguruneak eragindako beste zenbait faktore ere (adibidez halako eta halako talde jakin bateko kide izatea, mota bateko edo besteko jendearen laguna izatea, eta abar).
Zoritxarrez, mekanismo batzuek, berez, ikasle gutxirentzat baizik ezin dute balio izan. Demagun adibidez hizkuntz ikasle batek bost lagunez osatutako talde batean sartzea lortzen duela. Izan ere, litekeena da berak taldearen berezko hizkuntz dinamika kolokan ez jartzea. Aldiz, bigarren ikasle bat talde berari gehituz gero, lehenago sartu den ikasleak taldearen barnean bion lehen hizkuntzan naturalkiago mintzatzen den solaskide berri bat izango du oraingoan. Hortaz, taldearen oreka linguistikoa aldatzea izan liteke horren ezusteko ondorioa.
Ekonomian berariazko kontzeptu bat badago, egoera jakin batean gizabanako baten portaerak talde osoari zeharka edo modu sekundarioan eragitea adierazten duena, ingelesez externality deritzona. Ezusteko eragin hori onerakoa zein txarrerakoa izan liteke, berez. Ikusi berri dugun adibidearen kasuan txarrerakoa da. Hiztun "berri" batek berak ikasitako hizkuntzan hitz egiten duen talde batean sartzea berarentzat onuragarria izan daiteke, baina taldearentzako ondorioa bere berezko hizkuntza lehen baino gutxiago erabiltzen hastea izan liteke. Hala eta guztiz, onerako eragina izatea ere ez litzateke ezinezkoa, zeren hizkuntza batek hiztun berri bat lortzen duenean, hiztun kopurua handitu egiten da, eta taldearen hazkunde honek baditu bi alde on. Bat zuzenekoa da: gainerako taldekideek solaskide bat gehiago izango dute, alegia. Hala izanda ere, sarea handitzeak dakarren zeharkako ondorioa are interesgarriagoa da, hots, hiztun gehiago egotearen ondorioz hizkuntzarekin zerikusia duten gauzen eta zerbitzuen -eskola, liburudenda, irrati eta abarren- eskaria areagotzea. Eskalako ekonomiek funtzionatuz gero, hiztun gehiago egotearen ondorioz gerta daiteke eskaintza ere handitzea eta, beharbada, produktu eta zerbitzu horien aniztasuna areagotzea ere bai (Dalmazzone 1999).
Adibide hauetako askotan -erabilpen sozialari lotutako egoeretan alegia- harreman interetnolinguistikoen aurrean aurkitzen gara. Berauetan, hain zuzen, erabaki ohi da hizkuntza batzuen etorkizuna. Talde bat isolaturik eta burujabe bizi den bitartean, haren hizkuntza ez dago mehatxupean. Gainera, nire ustez, hizkuntza arrotz batean dauden zenbait produktu erabiltzeko (adib. aldizkari teknikoak, nazioarteko komunikabideak etab.) hizkuntza berri bat ikasi beharrak ez du zertan norberaren hizkuntzaren iraupenerako mehatxua izan. Baina hizkuntza ezberdinetako hiztunen arteko harremanetarako koiné edo lingua franca bat behar delarik, berriz, eta hizkuntzon arteko bataz bestearekiko status (edo garbiago esanda: balio) desberdinak agerian jartzen direlarik, honelako harremanek arrisku bat badakarte. Hizkuntz harremanok botere-harreman desorekatuen ondorioz sortuak baldin badira (kolonizazioari esker, esaterako), edota batzuen eta besteen arteko diferentzia larriak islatzen badituzte bizitzaren egoera hobetzeko aukerei dagokienean, edo horrekin zerikusi handia duen mugikortasun geografikoari dagokienean, hor bai, hizkuntza horietako bat arriskuan egon daiteke, halako egoeretan gizabanakoek egiten dituzten hautuak ez baitira nolanahikoak izaten, idatzi gabe baina ongi zehaztuak diren zenbait gizarte-arau betetzen baitituzte (Woolard 1989).
Hizkuntz politikek eta gizarte-prozesuek eragin ditzaketen ondorioak ez dira segidan nabaritzen direnetakoak. Horregatik, zenbait soziolinguista kataluniarrek (adib. Vallverdú 2005) denboran zeharreko ikerketei ekin diete, edo horien faltan, inkesta-galdeketa errepikatuak -eta hortaz konparagarriak- erabili dituzte egoerak hobera egin ote duen ala ez jakiteko. Ikerketa hauek datu pozgarri bat bederen behin eta berriro baieztatu ohi dute: gaur egun jende gehiagok egiten duela katalanez bere seme-alabekin bere gurasoekin baino. Bestalde, katalana "beren" hizkuntzatzat daukaten -katalandun gisa identifikatzen diren- pertsonen kopurua, etxean txikitatik lehen hizkuntza bezala katalana ikasi zutela diotenen kopurua baino handiagoa da. Aldea lagin osoaren %8-10 ingurukoa izan ohi da, 2003 urtean burututako inkesta ofizialak erakusten duen bezala, esate baterako. Nortzuk osatzen ote dute kopuru bion arteko aldeak islatutako taldea?
|
Katalana |
Biak |
Gaztelania |
Besteak |
| Biztanleak, lehen hizkuntzaren arabera |
%40,4 |
%2,8 |
%53,5 |
%3,2 |
| Biztanleak, "berea" duten hizkuntzaren arabera |
%48,8 |
%5,2 |
%44,3 |
%1,7 |
| Biztanleak, ohiko hizkuntzaren arabera |
%50,1 |
%4,7 |
%44,1 |
%1,1 |
Iturria: Estadística sobre els usos lingüístics a Catalunya 2003 (Generalitat 2003)
Katalunian, zenbait azpi-multzo hautaturi dagozkien inkesta-emaitzen azterketa zehatz-mehatz batek argi eta garbi erakusten du biztanleriaren sektore linguistikoki mugikorrak -hau da: hein handi batean etxean hizkuntza bat hitz eginez hazi, baina ohiko hizkuntza bezala (edo ohiko hizkuntzetako bat bezala, behintzat) beste hizkuntza bat erabiltzen dutenak- bi multzo jakinetako batean sailkatzen direla: (a) Katalunian jaiotako helduak (edo bestela txikitan Kataluniara iritsitakoak), gurasoak etorkin erdaldunak direlarik; eta (b) Katalunian jaiotako helduak, guraso bat etorkin erdalduna eta bestea kataluniarra delarik. Edozein kasutan ere, hizkuntza aktibo gisa katalana jabetzearen aldeko joera nagusitzen dela ikusten dugu. Aipatutako bigarren kasuan, haurtzaroaren garaian sexuaren araberako diferentziak gerta litezkeen arren (etxean katalan gehiago erabiltzea guraso katalanduna ama izanez gero aita bada baino, alegia), ez dirudi horrelako diferentziek haurtzaroaz haratago irauten dutenik.
Aipatutako lehen multzoaren barruan, katalana berea egin dutenen kopuruak ez omen du erdia gainditzen. Agian datu hau dela eta desengainua har genezake, kontuan izanik hogeitabost urte eta gehiago direla Francoren diktadurak ezarritako parentesi luzeaz geroztik katalana eskoletara itzuli eta gai guztiak katalanaren bidez irakastea legez onartu zela. Halere, horrelako familia gehienak (guztiak ez esateagatik) hiri-giroan bizi izan direla gogoratuz gero, esandako emaitza ez da hain txartzat jo behar.
Hain zuzen ere, haietako gehienak gutxi gorabehera 1950tik 1974ra bitartean iritsi ziren Kataluniara, lehenago eta geroago ere Kataluniaren eta Espainiaren artean biztanleen joanetorria beti pixkanakakoa baina etengabea izan bada ere. Kasu gehienetan (%85 inguruan) Bartzelonako metropoli barrutira iritsi ziren, Bartzelonako zenbait aldirigune eta hiri inguruko zenbait hiri eta herriren biztanleriaren kopuruetan hazkunde ikaragarria eraginez. Cornellà, Santa Coloma de Gramenet, Sant Boi de Llobregat Sant Adrià de Besòs eta beste hainbat herriren tamainak zortzikoiztu edo hamarkoiztu egin ziren, bertako jatorrizko biztanle katalandunak gutxiengoan utziz. Bertako kataluniar askok beren sorlekuetatik alde egin eta Kataluniako beste eskualde batzuetara jo zuten.
Irudia 3: Francesc Candel
Iturria:http://www.uce.es/DEVERDAD/ARCHIVO_2004/06_04/DV06_04_12opi_noescierto.html
Irudia:http://www.uce.es/DEVERDAD/ARCHIVO_2004/06_04/images/FCandel.jpg

Andaluzia, Extremadura edota Murtziako herri txiki batzuen gizarte-egitura osoak Kataluniaraino lekuz aldatuta gelditu ziren, literalki. Els altres catalans izeneko liburuan, Francesc Candel-ek hego-Espainiako herrixka baten kasua kontatzen du, non herriko alkatea eta apaiza herriko biztanle guztiekin batera Kataluniara joan baitziren, herriko artxiboak eta guzti eramanez! Honelako zirkunstantzietan, "ghetto kultural" zirelakoetatik irtetea lortu ez zutenentzat behintzat, oso eskasa zatekeen, hutsa ez esateagatik, katalan hizkuntzaren beharra eguneroko bizitzan, eta hortaz, katalana ikasteko motibazioa orobat.
Baina gaur egun, denboraren poderioz edo Generalitat de Catalunya-ren politikari esker, oso gutxi dira Katalunian katalana ulertzeko gauza ez direnak. Salbuespen gehienak jatorri ez-kataluniarreko adineko pertsonak edo etorkin berriak dira. Teorian, beraz, katalana eguneroko bizitzan libreki erabiltzeko trabarik ez luke egon behar. Gelditzen den oztopo nagusia interakzio interetnolinguistikoak arautzen dituen norma soziala da, honek hizkuntz-portaera "automatiko" eta ez-markatutzat hartzen baitu gaztelaniaren erabilpena. Lehen pauso bat eman du Kataluniako gobernuak, arestian abiarazitako kanpaina bat dela medio, testuinguru sozial informaletako hizkuntz erabilpenaren ereduari eragiten ahalegintzeko. Kanpaina honetan, "la Queta" izeneko jostailu mekaniko sinpatiko bat agertzen da "Dóna corda al català" ("Giltza eman katalanari") sloganarekin batera. ("Queta" katalanezko boqueta hitzaren laburdura da, "Ahotxo" alegia.)
Irudia 4: "La Queta"
Iturria:http://www6.gencat.net/llengcat/corda/
Irudia: http://www6.gencat.net/llengcat/corda/img/queta.jpg
"Queta"-ren mezua sinplea da: katalan-ikasleek dakitenarekin aproba egin dezaten gonbidapena, akatsak egitearen beldurrik edo lotsarik gabe. Batik bat gazteei zuzendua izanik, kanpainako iragarkiak modernoak dira, kutsu "instituzionalago" batek ez baitzuen, seguraski, hartzaile talde horretan eragiten lagunduko.
Azken finean, ordea, kanpaina hau ez zaie zuzentzen hizkuntzaren etorkizunaren (edo etorkizunik ezaren!) giltzaren jabeei beraiei: katalan-hiztunei alegia. Gakoa honetan datza: ea hauek beren ohitura aldatzeko pausorik emango duten beren hizkuntza-taldetik kanpoko pertsonekin hitz egiterakoan. Hau bi eratan formula daiteke: edo herri katalanetan elebidunek hizkuntza hautatzeko indarrean dauden norma sozialak aldatuz, edo hiztunak konbentzituz norma horiek urra daitezkeela, halako portaera antisozialtzat jo gabe. Arestiko artikulu batean (Strubell 2003) portaera aldaketaren metodoak teorikoki aztertzen saiatu naiz, bolondresen hizkuntz ohiturak aldatzen ahaleginduz. Ferran Suay izeneko psikologo valentziarra antzeko metodoak lantzen ari omen da, hain zuzen ere.
Katalanaren aldeko dinamikaren neurketarako beste adierazle bat unibertsitaterako sarrera lortzeko azterketek eskaintzen digute. Gazteak azterketa hauek katalanez zein gaztelaniaz egitea aukeratzeko libre daudenez, egoera semiformal batean hizkuntzaren erabilpenaren adierazle interesgarri bat eskaintzen dutela dirudi. Hain zuzen, Balear Uharteak ez dira hizkuntza gehien berreskuratu deneko lurraldetzat edukitzen, ezta gutxiago ere! Hala eta guztiz, datu berri batzuen arabera, Uharteetako 2005eko azterketetan katalanaren erabilpen maila ez da batere makala izan (UIB 2005), ikasle guztietatik %70,9k katalana aukeratu baitute (%26,9rekin konparatuta 1992an, eta %41,7rekin 1999an). Menorcan ehunekoa are altuagoa izan da (%91,8), baina Eivissan apalagoa (%65,7).
Irudia 5: Katalanezko unibertsitate sarrerarako azterketen ehunekoak
Balearrak. 2005. Iturria: Universitat de les Illes Balears (2005)

Halere, %70,9 delako zifra hori ez da Balear Uharteetan 18 urtekoen arteko katalanaren erabilpen maila orokorraren adierazle zehatza, kontuan harturik bigarren hezkuntzako ikasle askok ez dutela unibertsitate sarrerako azterketarik egiten. Nola nahi den ere, ez dago dudarik 1992. urteaz geroztik izandako gorakada itzel hori seinale ona dela hizkuntzarentzat, hizkuntz gaitasuna anitz zabaltzeaz gain hizkuntzan dagoen konfidantza maila ere izugarriki hobetu egin dela erakusten baitu.
Azken helburua katalanaren aukera aukera ez-markatu bihurtzea bada ere, ez da batere erraza hau lortzea, ohiturak berez eta izatez inkontzienteak edo erdi-kontzienteak baititugu. Hauek kontzientziaren mailaraino altxatu ezik, ezingo ditugu aldatu.
Strubell-ek zenbait saiakera egin ditu (adib. 1998, 1999, 2001) hizkuntz plangintzaren eredu arrakastatsu batek inplikatu behar dituen faktore ezberdinak elkarri lotzeko. Eredu horietako bat gizabanakoaren asmo, itxaropen eta hizkuntz gaitasunean ez ezik, hizkuntzaren eskuragarritasun sozialean ere oinarritua izango da. Honako gurpil-eredu honen funtsean, hizkuntzaren erabilpenean gertatzen diren gizarte mailako aldaketak jende kopuru handi baten antzeko eta aldibereko erabakien baturaren ondorio direlako suposizioa datza.
Irudia 6: Gurpil-eredua

Eredu hau zenbait urrats logikoz osatua dago. Logikaz, adibidez, zenbat eta jende gehiagok jo hizkuntza bat baliagarriagotzat, are eta jende gehiago egongo da motibatuta hizkuntza hori ikasteko eta erabiltzeko. Eta logikaz, alderantziz ere: zenbat eta jende gutxiagok jo hizkuntza baliagarritzat, orduan eta jende gutxiago egongo da hizkuntza hori ikasteko eta erabiltzeko motibatuta.
Eredu honetan zenbait motibazio mota desberdin daudela suposatzen da, haietako bakoitzak gurpil-ereduaren bertsio desberdin bat emango digularik. Motibazio nagusia, seguraski, soziala da: alegia, inguruko gizartearekin harremanak edukitzeko gogoa, gizarte horren hizkuntza nagusia norberaren hizkuntza ez delarik ere. Bigarren motibazio mota bat kontsumitzailearena da: hizkuntza jakin batean produktuek eta zerbitzuek existitzeak hizkuntza horretaz jabetzeko ustezko beharrizana areagotzen baitu. Hirugarrenik, gerta daiteke hizkuntza bateko gaitasunak lan-merkatuan abantailak ematea, berez edo behintzat ustez. Idazle honen iritzian, seguraski nahikoa izango dugu hiru motibazio mota hauekin ia edozein egoera posible kontuan hartu ahal izateko.
Asmoz, azaldu dugun ereduak berdin balioko luke hedatuz doan mundu mailako hizkuntza batentzat, boterea bereganatuz doan hizkuntza batentzat, eta menpeko egoera batean dagoen hizkuntza batentzat (berreskuratzeko edo berpizteko ahaleginen testuinguru batean).
Haatik, ereduaren "logika" horrek ez du esan nahi mugimendu zirkular hori automatikoki gertatuko denik, oztopo batzuk egon baitaitezke aldagai baten igoerak hurrengo aldagaiaren igoera eragitea galerazten dutenak.
Beraz, ikuspegi honetan, hizkuntz plangintza batek, aldaketa soziolinguistikoaren prozesu hau sortu eta abiarazi ez ezik, gurpileko puntu batzuetan zenbait oztopo kentzeaz ere arduratu beharko luke. Baina zorigaitzez, hainbat idazlek ohartarazi dutenez, hizkuntza bat oztopatzen duten aldaketa sozialak kausa ekonomikoen ondorioak izan daitezke, eta halako kasuetan (eta beldur naiz kasu gehien-gehienak halakoak ez ote diren) arazook konpontzeko giltza ez dago hizkuntz plangintzan dihardutenen eskuan, hirigintza, garapen ekonomikoa eta antzeko gauzak kontrolatzen dituztenenean baizik. Problematika hau agerian gelditu zen duela gutxi, esaterako, Irlandako Gaeltacht delako eskualdean urbanizazio berri bat eraikitzeko asmoak hizkuntz plangintzaren arduradunen aurrean azaldu zirenean, horrelako iniziatibaren ondorio soziolinguistikoak ebalua zitzaten.
Estatu Batuetan, gaztelaniaren egoerari dagokionean, gurpilaren ereduaren iragarpenekin bat datorren testuinguru sozial bat sortzen ari dela sujeritzen dute Carreira-k (2002) burutu duen ikerketa batean biltzen diren frogek.
Bukatzeko, bada, guztiz premiazkoa dirudi ikerketa gehiago burutzeak, ikasitako hizkuntza bat eguneroko bizitzan sartzea lortu dutenak azken urrats hori eman ez duten beste batzuekin konparatuz, azken hauek ere hizkuntza arrakastaz ikasi duten arren. Gerta liteke, alegia, erabakiorrak izatearen itxura duten aldagai (edo aldagai-konbinaketa) horietako batzuei politika ofizialen bidez edota zenbait bolondres-erakunderen ekintzen bitartez eragin ahal izatea. Ez gaitezen engaina ordea: auzo batean euskaldunen presentzia edo dentsitatea baldin bada jokoan dagoen faktorea, kasu, inguru sozial hartan sartzera anima daitezkeen erdaldunen kopurua mugatua da, bestela berauen presentzia dela kausa, auzo hori hizkuntzaren indar-gune bihurtzen zuen dentsitatea bera jaitsi edo desegin baitaiteke.
Ikerketa hauek kuantitatiboak eta kualitatiboak izan beharko dute: kuantitatiboak, lagin egokiak identifikatzen uzteko, eta kualitatiboak, lagineko gizabanako bakoitzak lortu duen hizkuntz gaitasuna aktibatzera eraman duten (edo ez duten) faktoreen azterketa ahalbidetzeko.
Horrelako ikerketek beren fruituak eman arte, ilunpean eta haztamuka ibiltzen jarraitu beharko dute gizabanakoen portaera aldatzeko helburua duten kanpainek.
Erreferentziak
Candel, Francesc (1962). Els altres catalans. Barcelona: Edicions 62.
Carreira, María M. (2002). The Media, Marketing and Critical Mass: Portents of Linguistic Maintenance. Southwest Journal of Linguistics, Volume 2. http://www.pch.gc.ca/progs/lo-ol/perspectives/english/explorer/page_03.html.
Dalmazzone, Silvana (1999). Economics of Language: A Network Externalities Approach". In Albert Breton (ed.) Exploring the Economics of Language. pp. 63-87. Government of Canada, Ottawa. Helbide honetan eskura daiteke: http://www.pch.gc.ca/progs/lo-ol/perspectives/english/explorer/page_03.html.
Fishman, J. (1991). Reversing language shift. Clevedon, England: Multilingual Matters.
Fishman, J. (2001). From theory to practice (and vice versa): Review, reconsideration and reiteration. In J. Fishman (Ed.), Can threatened languages be saved? (pp. 451-483). Clevedon, England: Multilingual Matters.
Generalitat de Catalunya (2003). Estadística sobre els usos lingüístics a Catalunya 2003 (EULC 03). http://www.idescat.net/cat/idescat/publicacions/cataleg/pdfdocs/EULC2003.pdf
Grin, F. (2002). The European Charter for Regional or Minority Languages. A Policy Evaluation Approach. London: Palgrave.
Grin, F. & Moring, T. (2002). Support for Minority Languages in Europe. Report for DG Education & Culture, European Commission. http://europa.eu.int/comm/education/policies/lang/languages/langmin/files/support.pdf
Strubell, M. (1998). Can sociolinguistic change be planned?, in Proceedings of the 1st European Conference "Private Foreign Language Education in Europe. Its contribution to the Multilingual and Multicultural Aspect of the European Union". Thessaloniki, November 1997 (pp. 23-31). Thessaloniki: Palso.
Strubell, Miquel (1999). "Polítiques lingüístiques i canvi sociolingüístic a Europa", a (diversos autors) Polítiques lingüístiques a països plurilingües. Barcelona: Departament de Cultura de la Generalitat de Catalunya, pp. 9-26.
Strubell, Miquel (2001). "Catalan A Decade Later", in Fishman, Joshua A. (ed.) Can Threatened Languages be Saved? Reversing Language Shift, Revisited: A 21st Century Perspective. Chapter 11. Clevedon, England: Multilingual Matters.
Strubell, Miquel (2003). "Possibles aportacions de la psicologia aplicada per al canvi de les normes i els hàbits de tria lingüística", Treballs de Sociolingüística Catalana, vol. 17, Benicarló, Valencia: Onada Edicions, pp. 235-261.
UIB (Universitat de les Illes Balears) (2005). Dades estadístiques de les Illes Balears. "El català a la selectivitat". http://www.uib.es/catedra/camv/CDSIB/selectivitat.htm
Vallverdú, Francesc (2005). L'ús social del català: una aproximació sociolingüística. Vienan 2005-6-3an burututako jardunaldi batean aurkeztutako ponentzia, argitaratu gabea.
Woolard, Kathryn (1989). Double Talk. Bilingualism and the Politics of Ethnicity in Catalonia. Stanford, California: Stanford University Press.
|