Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
TRANSMISIOARI BURUZKO HAUSNARKETA: ZENBAIT PROPOSAMEN ETNOGRAFIATIK ABIATUTA


   Jone M. Hernández

 

     TRANSMISIOA AZTERGAI

 

Nire tesi doktoralean  [1] aurkezten ditudan oinarrizko ideia batzuk biltzen dira artikulu honetan. Tesi horretan, 1950-1970 garaian Euskal Herri osoan gertatutako aldaketa sozial, ekonomiko, politiko eta kultural handien ondorioak ezagutu dituen herri baten ikerketaren bidez, transmisioaren azterketari buruzko hurbilketa antropologiko bat aurkezten da.


Aipatutako aldeketak euskarak azken aldian izandako garapena zeharo baldintzatzera iritsi dira. Bestalde, aldeketa horiei esker, gero eta interes handiagoa sortu da euskararen fenomenoa agerian jartzeko eta aztertzeko, eta hizkuntza honen bilakaerari eragin dioten faktoreak antzemateko. Ikerketa hauetatik abiaturik, hizkuntzaren iraupenean familiak eta etxearen esparruak duen garrantzia azpimarratu izan da, batez ere euskararen gaur egungo historian ezagutu den garairik latzenari dagokionez, Francoren erregimenaren menpean (1939tik 1979ra bitartean) igarotako berrogei urteetan, alegia. Delako mekanismo horrek iraganean lortutakoa kontuan harturik, euskara berreskuratzeko eta lantzeko ahaleginean (hizkuntza-normalizazioaren prozesuan delakoan, alegia) toki nagusi bat eman zaio transmisioari, hala nola, besteak beste, hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza bezalako ekintza-eremuetan. Hau dela eta, eta horren azpian dauden motibazioetatik aparte, transmisioak interesa sortzen duen gaia izaten jarraitzen du, nahiz eta fenomeno hori zehaztea zaila izan, eta nahiz eta bere azterketan ikerketarako metodologiarik eta teknikarik egokienei buruz zalantza ugari egon.


Nire tesian ez naiz saiatu arazo hauek guztiak ez konpontzen, ez eta aztertzen ere. Nire helburuak eta ikuspegiak askoz ere mugatuagoak izan dira, hots: Gipuzkoako
Lasarte-Oria udalaren kasuan, hain justu, aldaketa sozial ikaragarriak jaso dituen herri batean alegia, komunitatearen ezaugarrien eta bilakaeraren azterketatik abiatuz, euskararen transmisioaren hurbilketa burutzea. Horrenbestez, ingurunean gertatutako aldaketa sozioekonomikoen, eta gizabanakoen eguneroko bizitzan eta esperientzietan hauek dituzten ondorioen azterketa sakon batek alde batetik eta euskararen ezagupena, praktika linguistikoa, hizkuntzari buruzko jarrerak edota manifestazio kulturalak bezalako alderdien inguruko komunitatearen bilakaeraren azterketa paralelo batek bestetik– Lasarte-Oriako euskararen transmisioaren fenomenoaren ulermena ahalbidetzen digutela planteatzen dut.

 

1. koadroa. 1857tik 2000ra bitarteko Lasarte-Oriaren biztanleriaren bilakaera

 

Jarraian aurkezten den biztanleria-bilakaeran, XIX. mendetik orain arte Lasarte-Orian izandako hazkunde demografikoa garbi nabarmentzen da. Taula honetan urte ezberdinetarako ematen diren biztanle-kopuruak Lasarte-Oriari buruzko bi lanetatik hartu ditut: bata Antxon Aguirre Sorondorena [2], eta bestea Mª Eugenia Azurza eta Ana Labakarena [3].


      

Urtea

Lasarte-Hernani

Lasarte-Urnieta

Guztira

1857

500

145

645

1888

528

458

986

1910

707

1.165

1.872

1930

674

758

1.432

1940

966

857

1.823

1960

2.188

1.756

3.944

1970

5.829

6.620

12.449

1975

---

---

19.661

1981

7.912

10.626

18.589

1986

---

---

18.589

1991

---

---

18.131

1996

---

---

17.861

2000

---

---

17.561


      

Datu hauek interpretatzeko, kontuan hartu behar da 1986. urtean Lasarte-Oria delako udalerria sortu arte, herri honen atalak bost udal-esparru ezberdinetan zatituta agertzen zirela, hots: Donostia, Usurbil, Andoain, Hernani eta Urnieta. Halere, biztanlerik gehienak Hernani zein Urnietako barrutietan aurkitzen ziren. Bere udala lortu aurretik ezagutzen zuen administrazio-egoera bitxiagatik, biziki zaila da Lasarte-Oriari buruzko datu zehatz eta fidagarriak eskuratzea.

 

Etorkizunerantz so jartzen bagara, honelako aldaketa-egoerok behatu eta berauetatik ikastea oso komenigarria dela pentsatu behar da, etxe-eremuak eta komunitateak nola eragin dioten elkarri, eta batez ere, izateko, egoteko eta ingurunearekiko harremanak edukitzeko modu bat mamitzeko askok eta askok sentitu duten euskararen premia aztertuz. Nire iritziz, delako premia honek, hain zuzen, osatzen du transmisioaren sustraia. Testuingurua, une historikoa eta –esan beharrik ez eragileen euskarazko gaitasuna transmisioan erabakiorrak dira, gizaldi berri euskaldunak sor daitezen.


Beraz, ikerketa honen interesa ez da nagusiki hizkuntzan bertan (kode nahiz corpus gisa ulerturik) zentratzen, hizkuntza bat (gure kasuan, euskara) komunitatearen adierazpen-tresna eta ingurunearekiko harremanetarako bitarteko bihurtzen duten elementuen azterketan baizik, horrelaxe sortzen baitira transmisiorako aurrebaldintza nagusiak.

 

TRANSMISIOAREN IKERKETARAKO EREDU BERRI BATEN PROPOSAMENA

 

Zentzu askotan, hizkuntzaren atzo, gaur eta biharraren hauskortasuna transmisioaren gaian biltzen da. Izan ere, transmisioa nozio lagaezin eta, aldi berean, kezkagarri bat bihurtu zaigu.   Iñaki Martínez de Lunak transmisioari buruzko kezka hau norainokoa den bizikiro adierazten du hauxe dioenean: (...) respecto a la transmisión familiar del euskara, parece aún mayor la amenaza de que algunos adolescentes que son euskaldunes, pensando en una potencial situación familiar, expresen su intención de no hablar a sus hijos e hijas en euskara.[4]

Transmisioari aitortzen zaion garrantzia, batetik, eta bere elementuak zehaztu eta bere funtzionamenduaren mekanismoei eragiteko zailtasuna, bestetik, dira kezka horren iturriak. Hori dela eta, “ikuspegi etnografiko” delakoan errotutako transmisioaren planteamentu bat lantzen dut tesi-lanean; beronen oinarrizko osagarriak azalduko dira, batik bat, oraingo artikulu honetan.


Aipatutako ikuspegiak zenbait zutabe epistemologiko, teoriko eta metodologiko ditu oinarri, hala nola:

 

1. Hizkuntza, baliabide kultural bat bezala eta munduan izatearen eta egotearen gizakien esperientzia adierazten eta agertzen duen jokabide multzo bat bezala ulertzea.

2. Teoria feministak orokorrean eta euskal antropologia feministak bereziki duten joera eztabaidazale eta kritikoa.

3. Alderdi pertsonal eta subjektiboaren onarpena, baita ikerketetan ere, eta horren irudikapena lan etnografikoetan.

 

 

1. Transmisioaren definiziorantz: prisma konbentzionaletik ikuspegi etnografikora

 

Transmisioaren azterketei eragin dieten oztopoak gorabehera, azken urteotan ikerketan eta esku-hartzean bi lerro nagusi agertu direla esan daiteke: plangintzari lotutako joera teoriko-aplikatu bat, eta bigarren joera bat, Euskal Herriko hizkuntzen historia sozialarekin zerikusia duena.


Transmisioa hizkuntza-plangintzaren eta hizkuntza-politikaren ikuspegitik


Hizkuntza-plangintzak eta hizkuntza-politikak transmisioaren fenomenoari buruz erakutsi duten interes gero eta handiagoan, arriskuan dauden hizkuntza minoritarioen inguruan Joshua Fishmanek egindako planteamenduen eragina garbi nabaritzen da. Horrela, euskal soziolinguistikak zor handi bat aitortu behar die Fishman-en Reversing Language Shift (RLS) [5] delako teorian zehaztu ziren printzipioei. Teoria hau HINBE (Hizkuntza INdarBErritzea) izenarekin euskararatu da. HINBEn transmisioak hartzen duen garrantziaren ildotik, hizkuntza-plangintzatik edo hizkuntza-politikatik abiaturiko gogoeta edo bilakaera teoriko-praktikoek, transmisioaz aritzean, hau hizkuntzen iraupenari buruzko usteak direla eta sortzen den kezkari lotu diote. Era honetan, hizkuntzaren plangintza eta politikaren arloaren ikuspegitik sortu dira hizkuntzaren transmisioari lotuta dauden ekimenik gehienak, hauek familiaren eta hizkuntzaren arteko lokarriaren azterketan zentratu baitira, eta hein handian transmisio-kanpainak edo famili programak bezalako proiektu konkretuen azterketa eta balioespenean.

Nolanahi den ere, datuak zein portzentajeak erdietsi eta kanpainak edo programak baloratzeko ahaleginak eta guzti, hastapeneko galderekin eta zalantzekin behin eta berriro egiten da topo: eta transmisioa, zer? Nola definitu? Nola ulertu, eta nola aztertu? Nola hurbil ote gakizkioke gai horri?

Itaun hauen aurrean, community fostering [6] delako nozioa zedarritzen utziko digun azterketa sakonaren beharra aitortzen du Mikel Zalbidek, hau transmisioari zuzenki lotuta dagoelarik, Zalbidek HINBE-ren zutabeetako bat dela baitio. Ez dago dudarik kontzeptu hau izugarri erakargarria dela, ez ordea eztabaidatu ezinekoa; bestalde, operatibo bihurtzea eta plangintzaren eremura eramatea ez da batere erraza. Familia eta komunitatea bezain unitate bereziekin jarduteak dakartzan oztopo tekniko eta praktikoetan islatzen da zailtasun hori, hain zuzen ere.



            Transmisioa hizkuntzen historia sozialaren ikuspegitik


Bigarren joera honen egungo erreferentziatzat Xabier Erize hartuko dut. Erizek bere tesian paradigma historiko eta antropologikoei loturiko transmisioaren azterbide bat deskribatzen du. Berak dioenez, hizkuntza-komunitate euskaldun delakoaren ezaugarri eta atributuei heltzeak hizkuntzaren transmisioaren mekanismoak aztertzen utziko digu, eta ondorioz, fenomeno honen ahalmenaren klabeak ulertzen ere bai.

Transmisioa eta komunitatea elkarri estuki lotuta bezala ikusten ditu Erizek, komunitate euskaldunetik at ezin baita transmisiorik gertatu. Komunitate horren ugalketa-mekanismo gisa baizik ezin da ulertu transmisioa, komunitate erdaldunarekiko kontaktuak suposatzen dituen tirabirekin paraleloki dabilen prozesu gisa alegia. Horrelako komunitate bakoitzak berariazko habitus bat garatzen omen du, hau gizabanakoen joera kultural eta linguistikoek agerian jartzen dituzten joera-sistemen printzipioen eta eskemen multzo bat bezala ulerturik.

Komunitateotako bakoitzak –euskaldunak eta erdaldunak– mantentzen duen habitusak, Erizek dioenez, modu autonomoan jokatzen du, printzipio eta interes elkargaitzek eta kontrajarriek agintzen baitute berauetan. Gainera, desberdintasun linguistiko hau bi komunitateon arteko muga etnolinguistiko bat markatzen duen kosmologia, mundu-ikuspegi eta ideologia oso bati lotuta agertzen zaigu. Irudikapen kolektiboaren eta gu bat eraikitzeko prozesu honen erdi-erdian, bizirik irauteko ageriko gogoa kokatzen da, gogo honen bizkortze eta sortze prozesuetan familiak eta sozializazio-eragile nagusiek paper nagusia dutelarik.

 

Gure kasuan zeregin nagusia familiak, eta, oro har, lehen mailako sozializazio-agenteek betetzen zuten: herriko seme-alabei (...) portaera-arauen eta baloreen multzoa –edo habitusairakasten zitzaien euskaldunak izaten jarraituko zutela bermatuz. [7] 

 

 

Transmisioari heltzen: ikuspegi etnografikotik abiaturiko proposamen bat

Euskararen transmisioaren azterketan garatu ohi diren bi paradigmak aurkezturik, tesi hau lantzerakoan gure egin ditugun garapen epistemologiko, teoriko eta metodologiko ezberdinen emaitza gisa, transmisioaren definizio konkretu bat azaltzen dut, beronen edukiak honako eskakizun hauek iradokitzen dituelarik:

 

            Diskurtsoak, narratibak eta irudiak, konplexutasunaren kristalizazio


Lehendabiziko idazpuru honetan, ohiko euskal soziolinguistak hizkuntzaz aritzean, orokorki, eta transmizioaz bereziki, sortutako interpretazio-eskemek eskaintzen dituzten aukerak birpentsatu beharra planteatzen da.

Tesian zehar erakusten saiatu naizenez, hizkuntzaren fenomenoen azterketaranzko hurbilketa mota hau zalantzan jartzen ditudan apriori batzuetatik abiatzen da, bere analisiaren zenbait oinarrizko osagarriren definizioan erabilitako ikuspegi mota dela kausa,  [8]  osagarriok hizkuntzaren narratiben eta irudien itxurari eragiten dioten eta fenomeno linguistikoetara hurbiltzeko normalizazio-prozesuaren premiak baldintzatutako eredu baten diseinura daramaten prozesu semiotiko ezberdinen muina osatzen dutelarik. Delako eredu hori analisiaren ez ezik, hizkuntzari eta transmisioari buruzko irudien eta diskurtsoaren sorkuntzaren eta kudeaketaren posibilitate guztiak bereganatzera iritsi da.


Honen aurrean, transmisioaren azterketarako –baita euskararen testuinguruan aurkitzen diren beste fenomeno linguistikoak aztertzeko ere– bide berriak urratu ahal eta behar direlako uste osoa daukat. Euskal soziolinguistika eta azken hamarkadotan garatu diren eredu teoriko eta aplikatu desberdinak, ezbairik gabe, euskarak ezagutu duen bilakaerari lagundu dion faktore bat dira, elementu interesgarriak mahai gainean ezarriz eta proposamen baliotsuak diseinatuz, maila praktiko eta aplikatuan ez ezik teoriko eta metodologikoan ere bai. Hargatik, onura ukaezin horiek gorabehera, zilegi zaigu zenbait esparru akademikotan eta ezaguera orokorrean ikuspegi mota honek sortu duen inertzia gaitzestea, honek euskararen eta euskal kulturaren azterketarako garrantzia leukaketen bestelako ikuspegi, esperientzia edo metodologien agerketa oztopatu duen heinean.

Esandako hau guztia transmisioari lotua dago, transmisioak ezin baitio bere historiari, bere definizioaren edo garapenaren historiari alegia, ihes egin. Transmisioaren karakterizazioak bere bilakaerari erantzuteko fenomenoa taxutzeko modua barneratu beharko luke. Horrek guztiak badu lekurik hizkuntzen ideologietan: diskurtso, narratiba eta irudi horiek errealitate bat deskribatu ez ezik, (berr)eraiki egiten baitute, bertan bizi diren pertsonen testuinguruan filtratzen, nahasten eta barneratzen diren neurrian.


Ahotsak eta aniztasuna barneratzen dituen proposamen baten eskakizuna

Bigarren premia bat inguruko fenomenoak aztertzerakoan hizkuntzari esleitzen zaion eskalaren aldaketari dagokiona da. Hizkuntza, hain zuzen, soziolinguistika eta hizkuntzaren antropologia bezalako diziplina batzuen aztergai izanik, hizkuntza gorpuztu egiten duena faktore humano eta soziala dela (hau da, ahotsek eta klasea, generoa edota etnizitatea bezalako aldagaiek gizabanakoen esperientzian duten pisua) ez da ahantzi behar.  Direlako ahots horiek ez dute soilik Euskal Herriaren historia eta bilakaerarekin zerikusia, testuinguru global batean gertatzen diren prozesuetan ere kokatzen baitira.

Hizkuntzen statusa dela eta kezkatzen direnek ongi dakitenez, euskararen historia bilakaera politiko, ekonomiko, kultural, sozial eta abarri estuki lotua dago, horrek guztiak, bestalde, klase, genero zein etnizitatearen harreman konplexuak inplikatzen dituelarik. Hizkuntza ikertzeko unean ere une batzuetan ikertatik bertatik desagertzeko arriskuan egon arren, testuinguruaz, komunikate baten dinamikaz eta hartan bizi diren pertsonez gauza gehiago ezagutu behar direlakoan nago: hots, berauen bizitzez, oroipenez, nahiez, itxaropenez, ohiturez… Eskakizun honek zuzenean inplikatzen duena zera da, aztergai diren talde horietan hizkuntzak munduan izatearen eta egotearen giza esperientziaren esanahia adierazteko eta agertzeko bere gaitasun guztia garatzen duela aintzat hartzea.

Genero, klase zein etnizitate bezalako sistemen antolamendu eta harreman moten bitartez behatuz gero, hizkuntzak dimentsio berri bat hartzen du, hizkuntzaren bizitzari ez ezik kultura zein gizarte oso bati lotuta dauden fenomeno globalen adierazle bihurtuz. Hori horrela, hizkuntzarekiko lokarrietan (erabilpen, ezagupen eta abarretan) agertzen diren desberdintasunek desberdintasun horien jatorri sozialari buruz, eta gizarte jakin batean indarrean dauden antolamendu sozial eta prestigio/ezberdintasun sistemei buruz, galdetzera bultzatu beharko gintuzkete.

Era honetan, diziplina-arteko interpretazio ereduetarantz aurreratzeko proposamenak asmatu behar direla dirudi, marko zabalago batetik hizkuntza, talde eta gizabanakoaren arteko lokarriaren nolakotasuna eta harremanok denbora historikoan eta biografikoan zehar nola aldatzen eta garatzen diren aztertu ahal izateko.

 

Historia prozesuala eta subjektuaren protagonismoa aintzat hartzea


Hirugarren eskakizun batek, azkenik, historiari buruzko galdera berriak erantsi beharrarekin du zerikusia, baita historiak orainaren osaketan eta gerorako asmoen garapenean duen garrantziari buruzkoak ere. Baldin eta –gero azalduko dudanez– transmisioa aztertzeak iragana birplanteatzera eta berari aurre egitera behartzen bagaitu, argi eta garbi dakusagu iragan horren balioa eta orainaldian duen zeregina nekez bazter daitezkeen arazoak ditugula.

Historia oroipen, esperientzia eta bizipen metatuen bilduma bezala ulertzen duen ikuspegi batean oinarritzen naiz neure tesian. Ez da nire asmoa narratiba historikoa azterketatik baztertzea, baizik eta komunitate batek hizkuntzari begira jarraitzen duen prozesuan iraganari zein balio eta zein eduki esleitzen zaion pentsatu beharra planteatzea. Zentzu honetan, historia komun baten aintzatespena eta talde batek berari atxikitzeko eta jarraipena emateko gogoa bezain garrantzitsua izan daitezke historiari uko egin beharra edota historia berri bat eraiki beharra.

Hortaz, helburutzat –edo helburuetako bat bezala behintzat– gizabanakoak aintzat hartzea eta berauek historiaren (hizkuntzarekiko edo hizkuntzekiko beren historiaren) protagonista eta eragile bihurtzea duten formak eta formulak bilatzea da kontua, teoria, epistemologia zein metodologiatik abiatuz. Transmisioak oroimena berreskuratzea eskatzen du: hizkuntza ikasiz, erabiliz zein baloratuz berreskuratzea, pertsona, familia edo taldearen historia barneratzearen bidez berreskuratzea.

 

2- Transmisioaren gauzapenean inplikaturiko osagarriak

 

Transmisioa definitzerakoan Roldán Jimenok “La memoria de los derrotados” izeneko artikulu batean adierazten duen ideiarekin hasten naiz, ahaztura/oroimena bikotea aztertzean familia el resorte más importante para evitar el olvido” bezala deskribatzen duenean, hauxe gehituz: Se puede afirmar que es inherente a la familia la transmisión intergeneracional de su devenir histórico”. [9]  Ideia hau sustrai hartuta, transmisioa ahazturaren aurkako borrokatzat jotzen dut, borroka horrek oroimena eraikitzeko ahalegin paralelo bat inplikatzen duelarik. Zentzu honetan, Lasarte-Oriako euskararen transmisioaren azterketa planteatzerakoan, komunitateak azken 30-40 urteetan hizkuntzaren inguruan garatu dituen prozesuak hartzen ditut kontuan, prozesuok fenomenoaren nolakotasuna, ezaugarriak eta bilakaera ulertzeko paradigma berri bat asmatzera behartzen gaituztelakoan bainago.

Erizeren lanera itzuliz, egile horrek euskararen historiografian bi paradigma nagusiren existentzia seinalatzen duela gogora dezagun: batetik Erizeren iritzian orain arte jaun eta jabe den heriotzaren ikerkuntza-programa delakoa, galera edo atzerakadaren paradigma alegia; eta bestetik, euskararen jarraipenaren programa, Erizek bere lanean aplikatzen duena alegia. Baina Lasarte-Oriaren kasuaren azterketarako, paradigma egokiak ez direlakoan nago, ez bata eta ez bestea.

Lasarte-Oriako hizkuntza-ezagupen eta erabilpenari buruzko datu eskasek islatzen dutenaren arabera[10]  1879 urtean itxuraz komunitate honetan bizi ziren euskaldunek osatzen zuten %96aren, eta handik ehun urtera, 1979an, dagoen %19,5aren artean alde ikaragarria dago, jakina. Halere, ehun urte horietan zehar Lasarte-Orian gertatu diren aldaketa sozialak hain erabatekoak izanda, ia ezinezkoa zaigu bi kasuotan komunitate berberaz ari garela pentsatzea. Egia, bietan Lasarte-Oria dugu mintzagai; garai bateko eta besteko argazkiak, ordea, ezin ezberdinagoak: 1879an Lasarte-Oriak 600 bat biztanle zituen; 1979an, aldiz, 18.000 inguru. Datu hauen aurrean, hizkuntzak komunitatean izan duen galeraz edo atzerapenaz mintzatzea ezinezko delakoan nago, nekez imajina baitaiteke 1879an zegoen biztanle taldeak, udala eta ingurua zeharo eraldaturik utzi dituzten ehun urte hauetan zehar, orain arte iraun duenik.

Honen antzeko ondorio bat ateratzen da euskararen iraupenaren paradigmaren balioa dela eta. Lasarte-Oriaren egungo egoera azaltzen dituzten datuak 1879 urtean zegoen komunitate euskaldunaren bizitasun linguistikoaren, arauen, balioen eta mundu sinbolikoaren iraupenaren emaitza direla imajinatzea pentsatu ezina iruditzen zait. Gaur egun Lasarate-Oriaren biztanleen %36,8 euskaldunak dira, eta %18,9 ia-euskaldunak bezala sailkatzen dira. Ezin da ukatu datu horiek sustatu dituzten faktoreek zerikusi handia izan dutela azken urteotan Euskal Herri osoan komunitate euskaldunak mantendu duen jokabidearekin eta jarrerarekin. Hala eta guztiz, hori ez da, nire iritziz, Lasarte-Oriaren berreskurapen prozesua esplika dezakeen aldagai bakarra, benetako argazkia askoz konplexuagoa baita.

 

2. koadroa. Hizkuntza gaitasunaren garapena, bi urtetik gorakoetan, 1981-2001 [11]




Hizkuntzak

Euskaldunak

Elebidun pasiboak

Erdaldun elebakarrak

Biztanleak

Urtea

Kopurua

%

Kopurua

%

Kopurua

%

 

1981

3.986

23,9

2.001

12,0

10.696

64,1

16.683

1986

4.896

28,1

1.985

11,4

10.535

60,5

17.416

1991

5.646

32,5

2.455

14,1

9.253

53,3

17.354

1996

6.058

35,3

2.269

13,2

8.836

51,5

17.163

2001

6.052

36,8

3.102

18,9

7.284

44,3

16.438

Diferentzia

+2.072

+12,9

+1.101

+6,9

-3.412

-20,7

-245

 

Lasarte-Oria adibide on bat da, historiaren gorabeherak –gertakizun politiko, sozial, ekonomiko zein kulturalak– espazioan eta denboran nola biltzen diren eta komunitate baten bizitzan nola integratzen diren erakusten duena. Historiaren eta iraganeko bizipenen protagonismo horretaz konturaturik, Lasarte-Oriaren azken hamarkadetako hizkuntza-dinamika ulertzeko, komunitate honetan denborak hartzen duen dimentsio bereziaren ikuspegitik begiratu beharra dagoelakoan nago, dimentsio horrek galera-berreskurapenaren parametroak eta Lasarte-Orian euskarak zer galdu edo zer gorde duen jakiteko grina gainditu, eta transmisioaren gauzatzearen eredua bi dimentsioren inguruan eratuta eraikitzera behartzen duelarik, hots: transmisioa prozesu bezala eta transmisioa etekin bezala.

 

2.1. Transmisioa prozesu bezala. Iraganaren, orainaren eta geroaren arteko artikulazioa

 

Transmisioak, prozesu bezala, bere narratibaren izaera eraikiaren, barneratzen dituen elementuen malgutasunaren eta inplikaturiko talde-negoziaketaren defendatzaile den historiaren edo iraganaren interpretazio bat hartzen du bere baitan.


Jordi Roca [12] , oroimenaren barnean generoa analizatzerakoan, oroimena geroaren edo orainaren proiektutzat hartzearen aldekoa da. Bokazio sortzailea duen prozesu bat dugu, iraganaren moldaketa eta eraldaketa bilatzen duena, hain zuzen. Jatorri ezberdinetako oroipenak eta itxaropenak dira sorketa horren bultzatzaileak, erredukzionismo guztia desafiatuz. Oroimenak bizitakoarekin eta bizitzarekin berarekin elkarrizketan dihardu, hau baita, izan ere, nork duen bere buruaren eta bere biografiaren pertzepzioa finkatzeko erabiltzen den substratua eta munduan kokatzeko parametroak definitzeko eta birdefinitzeko oinarria.

Beste zenbait zirkunstantziatan ere agerian gelditzen da, halaber,   oroimenaren izaera dinamiko eta transformatzailea. Hara nola, hainbatetan, iragan gogor eta samingarri bat optimismoz eta irudi baikorrez betetako oroipen bat bezala eraberriturik aurkeztu ahal izaten den. “Es por esto, –dio Rocak, –que la memoria nos salva.

Salbazio hori, hain zuzen ere, bizitzaren proiektuan, gizabanakoen hazkunde fisiko eta psikikoan barneratutako faktore gisa, aldaketa asumitzeko oroimenak duen ahalmenetik omen dator; bere kondaira biografikoan eta bertan eraldaketak txertatzeko modu espontaneoan islatzen den ahalmen horrexetatik, alegia. Ikuspegi horretatik, aldaketaren denborazko gunea bizitzarena berarena izango da, hurrengo gizaldien esperientzia barneratzen saiatzen dena bestalde. Aldaketarako ustegabeko faktore gisa iristen dira gizaldi berriak, baina baita ere bilakaeraren kate-maila baten moduan integratzeko gauza den elementu birsortzaile gisa. Denbora, kasu honetan, artekariaren zeregina betez agertzen zaigu, taldearen oroimenaren eraikuntzaren inguruko negoziaketarako gune bezala alegia. Prozesu bezala, gizabanakoarena eta taldearena, oroimen indibiduala eta kolektiboa integratzea behar du transmisioak. Pertsona bakoitzaren iraganaren eta orainaren artean bitarteko bezala funtzionatuko duen testu eta testuinguru batekin kontatzea funtsezkoa da, honek lagunduko dielarik inguruneari lotzen, gizonezkoei eta emakumezkoei bizileku bat ematen dien eta esperientziaren eta bizitzaren iturri den denborazko guneari lotzen alegia, bizitza hori inguratzen dituzten gizon eta emakumeekiko harremanetan eratua izanik.

2.2. Transmisioa etekin bezala. Oroimena jasotzen duten zutabeak

 

Transmisioa prozesu bezala interpretatzeak, oroimenaren eraikuntzan zein aldagai mota txertatzen ote diren galdetzera garamatza. Talde batean zein balorek sustatzen ote dute iragan, orain eta geroaren arteko artikulazioa? Hemen hiru osagarri azpimarratzen ditut: (1) denborari esleitzen zaion pisua edo trinkotasuna; (2) denbora, iragan edo historiaren inguruan sortzen den edo diren irudia(k); eta azkenik, (3) komunitatearen esperientzia kudeatzeaz arduratzen den eredua, komunitatearen nortasun-baliabideak alegia.


Oroimenaren pisua edo trinkotasuna

Transmisioa etekin gisa ikusterakoan, Zulaikak [13] egindako gogoetez baliatzen naiz, testuinguru jakin batean historiaren irudikapenek duten zeregina eta komunitate bat bereizten duten fenomeno sozial eta kulturalen garapenerako honek dituen inplikazioak aztertzen dituelarik.


Etnografiaren eta historiaren artean harreman estu bat dagoen ustetik abiatzen da Zulaika, eta horrexegatik, bortxakeria politikoaren fenomenoa ikertzeko asmoz Itziarko udalera jotzean, fenomeno honetan historiak betetzen duen papera ulertu beharra ikusten du, bi parametro kontuan hartuz:


a) “zein historia mota da eraginkor biolentzia hori esplikatzeko; b) bariable historiko berari zein leku eman behar zaio kultura barneko beste bariableen tartean.” [14]


Egileak berak azaltzen duenez, bi premisa hauek komunitate baten pentsamoldean eta bizitza sozialean irudikapen historikoek duten garrantziaz, eta hortaz, taldeak historia nola bizi duen eta esperientzia konkretu hori motibatzen duten arrazoiez ere galdetzera garamatzate.


Horrela bada, hausnarketa antropologikoa nabarmenki aberasten dute Zulaikaren ekarpenek, etnografoa narratiba historikoa kontuan hartzera behartuz, komunitatea elementu honekin (ere) elkarrizketan eta harremanetan ari izaten dela konturaturik. Honela, transmisioa ahazturaren aurkako borroka eta –paraleloki- oroimenaren eraikuntza bezala ulertuz gero, Zulaikaren proposamenak oroimenera hurbiltzeko posibilitatea seinalatuko luke, komunitatea definitzen duten eta bere dinamika berezia markatzen duten ezaugarriez informatzeko elementu bat bezala.


Honaino iritsita, Teresa del Vallek oroimen diskurtsiboaren eta haragian bizitako oroimenaren artean planteatzen duen bereizketari arreta jarri behar diogulakoan nago, bereizketa honek iraganari buruz lantzen diren irudikapenen motarentzat ondorioak baititu, eta iraganak komunitatearen baitan eta talde bezala duen definizioan hartzen duen esanahiari eta garrantziari esleitzen zaizkion baloreetan batik bat.


Del Vallek oroimen diskurtsiboaren eta haragizko oroimenaren artean bereiztu beharra planteatzen du. Lehena funtsean hizkeran eta narratiban oinarritzen den bitartean, bigarrena pertsonen gaitasunetik “[para] simbolizar y experimentar la densidad de distintas emociones (...) y de diseñar procesos para situar las experiencias en el presente, en un momento concreto” abiatzen da. [15]


Eskarmentuetan eta irudietan oinarritzen den oroimen baten aurrean gaude. Gorputzezko esperientzia batetik eta hunkipenekin zerikusia duen barneratze prozesu batetik iragandako oroimen baten aurrean alegia. [16]


Lasarte-Oriako transmisioaz burutu dudan azterketan, denboran eta historian sustraituriko elementuetara heltzen uzten digun estrategia bezala haragizko oroimenari arreta jartzearen interesa aldarrikatzen dut; hots, oroipenaren eraikuntzaren eta komunitatearen eskarmentuaren artean finkatzen diren zubietan, alegia. Alderdi honek badu ondoriorik denboraren inguruan garatzen den irudikapen motarentzat, aldi berean oroipenaren transmisio, eraikuntza eta adierazpen bezala ezagutzen denaren patroi bezala funtzionatzen duten eredu nahiz erreferenteen existentziari erreferentzia egiten baitio.


Honela ikusirik, historiak diskurtso bezala ez baizik eta bizipen bezala esan nahi duenaren adibide interesgarria dateke Lasarte-Oria, hots: historia nagusiaren –maiuskulekin idatzitako historiaren– narratibatik (edo narratibetatik) eratutakoarekin kontrastazen den beste paradigma baten sorrera: haragian bizitako historiarena. Historia nagusi delako horrek, historia hegemoniko dei genezakeenak, aldez aurretik pentsatutako eskemen arabera moldatu ohi ditu atzeranzko begirada eta atzoaren berreraiketa. Beraz, bizitako historiaren diskurtsoa eta historia diskurtsiboaren diskurtsoa ikuspegi ezberdinei lotuak legozke, bai hizkuntzen iraupenaren esanahiari dagokionez, bai hizkuntzen inguruan gizabanakoek eraikitzen duten esperientzian inplikatuta dauden elementuei dagokienez, bi ikuspegi horien arteko desadostasuna desberdintasunezko mekanismo batzuk ugaritzearekin konpontzen delarik: zenbait adierazpen alternatibo ikustezin bihurtzean inplikatzen diren irudi eta diskurtso menderatzaileei eutsiz funtzionatzen duten mekanismoak alegia.


Del Valle-k erakusten duenez, desberdintasunaren eta prestigioaren sistemen ugaritzera daraman prozesu irudi- eta diskurtso-hierarkizatzaile hau agerian jartzeko estrategia interesgarri bat kronotopoen azterketarena izan daiteke. Del Valle-k dioenez, [17] errealitate eta esanahi zabalagoen sintetizatzaileak (sintetizadores de realidades y significados más amplios) bezala gizartearen egituraren barnean funtziona dezaketen kategoria konplexuen bilaketari lotuta agertzen da kronotopoen azterketan daukan interesa. Testuinguru honetan, kronotopoa gertaerak eta historiak kokatzeko balizko joko-taula antzeko bat bihurtzen da, haragian bizitako oroimenetik sortutako narratiba, irudi eta esperientzien euskailu gisa balio duena.

 

Kronotopoak: oroimenaren irudiak


Kronotopoen analisia balioesten dut bizitza sozialaren elementuak leku-denborazko kategorietan nola elkartzen, artikulatzen eta gauzatzen diren aztertzeko estrategia bezala; kategoria horiek, hain zuzen, pertsonen errealitateari eragiten baitiote, inguruaren alderdi eta zirkunstantzia ezberdinak ulertzeko modua moldatuz. Izan ere, azken hamarkadetan euskara lekuzko eta denborazko narratiba eta irudi konkretuei loturiko berariazko kronotopoak sortuz joan bide da. Hizkuntzaren transmisio prozesua ulertzeko garaian kronotopoen nolakotasuna kontuan hartzearen –eta hizkuntz(ar)en eta hiztun(ar)en arteko harremanaren bilakaerari nola eragin dioten aztertzearen– baliagarritasunari erreparatzen diot. Horrexegatik proposatzen dut planteamendu honen inguruan jardutea, emakumeengan beldurrak dituen esanahiak gauaren eta iluntasunaren kronotopoei loturik argituz del Valle-k burutzen duen analisian inspiraturik.


Gaua eta iluntasuna, del Valleren hitzetan, emakumeek beldurrari lotzen dizkioten esperientzia motak irudikatzen dituzten kronotopo indartsuak bihurtzen dira. Bi elementuok berauentzat duten esanahiaren azterketatik abiatuz, zenbait espazio konkretu direla eta emakumeek asumitu ohi duten (beren buruaren) ukapenean inplikaturik dauden mekanismoetako batzuk argitzen ditu Del Valle-k. Espaziook iluntasunari eta gauari lotutakoak dira. Eskarmentu larrigarriak bezala barneratzen diren bizipenak emakumeen artean gizalditik gizaldira transmititzeari lotuta daude. Prozesu honen ondorioz, emakumeek azkenean espazio horietara heltzeko, esperimentatzeko eta gauaren, gauaren espazioen eta denboren (haragizko) oroimena sortzeko posibilitatea baztertzen eta (beren buruarentzat) murrizten dute.


Del Vallek berak azpimarratzen duenez, kronotopoen analisiak daukan potentziala emakumeen kondaira eta bizipenetara heltzeko taktika bezala duen balioaz haratago doa. Aztertzen duen kasuan, berak erakusten du [18] nola beldurrak transmititzeko prozesua, anitzetan, ezaugarri naturalizatzaile, estatiko eta inmobilistak bereganatzen dituzten lokarri genealogikoetan oinarritzen den, ezaugarriok mota guztietako esperientziak jasotzeko gauza den oroimen propio eta aske baten ukapena mantenduz eta birsortuz funtzionatzen dutelarik.


Ondorioz, kronotopoa alde batetik, eta pertsonen portaeraren erreferente gisa funtzionatzen duten ereduak (irudiak, diskurtsoak etab.), bestetik, lotzen dituen harreman estu bat deskriba daitekeela dirudi, zeinen sorreran kokatzen baita narratutako esperientziak (hots, denbora historikoak, diskurtso kualifikatuak) hartzen duen garrantzia irudikapenaren eredu hegemoniko eta identifikazioa errazteko bitarteko bezala. Hain indartsuak izanik, mota honetako ereduak diskurtso hutsa ez ezik esperientzia bera balira bezala ere barneratu ohi dira; beraz emakumeen aldetik espazioak ukatzea, kontsigna zein diskurtsoren baten transmisioaz gainera, esperientziaren ukapenaren sozializazioaren bidez ere gertatzen da, hain zuzen. Honelako dinamikarekin bukatzeak sozializazio-eredu berrien bila hastea eskatzen du, sentipen eta esperientzia desberdinei loturiko irudi berriak estreinatuz.


Del Vallek kronotopoei buruz garatzen duen planteamentu mota hau Lasarte-Oriako komunitatean euskarak izan duen bilakaeraren azterketarako bereziki baliagarria iruditzen zait. Abiaburutzat hartzen dudan hipotesia hauxe da: euskararen azken garaiko historia Lasarte-Orian nagusiki zenbait kronotoporen agerpenaren menpean egon dela, kronotopo horiek euskararen ukapenari eta hizkuntzari buruzko esperientziaren ukapenari lotuta egon direlarik. Horrela bada, udalerri honetan euskarak jasan duen atzerakada hein handi batean euskarari eta hizkuntzaren inguruko unibertso kulturalari begira bere burua eta bere nortasuna definitzeko eskubiderik gabe hazitako gizaldi oso baten esperientziari lotuta dagokeela esan daiteke. Delako ukapen horrek euskarari buruzko haragizko oroimenik ezari, eta ondorioz, baita hizkuntza existentziaren proiektu pertsonalean kokatzeko posibilitatearen ukapenari ere, eragiten dio.


Del Valleren proposamenari jarraiki, kronotopoen azterketa Lasarte-Orian sortu den euskararen oroimenaren analisira heltzeko estrategia bezala planteatzen dut.


Kronotopoan dagoen ukapenari erraparatzerakoan, ustez hizkuntzaren (kasu honetan, euskararen) inguruko etsaitasuna, ezjakintasuna edo bazterketa sortzen duten zirkunstantziei lotutako zenbait elementutan oinarritzen naiz, hauen artean hiru bereziki azpimarratuz.


Alde batetik, hizkuntza dela eta kategoria baztertzaileen sorketan inplikaturiko, eta pertsonak sailkatzen eta bereizten dituzten estereotipoen oinarrian kokaturiko faktoreak leudeke. Euskararen inguruan bazterketaren logika horren funtzionamenduaren adibide bat, baserriaren eta kalearen arteko oposaketan ikus daiteke, bi ingurugiro horiek denborazko espazio kontrajarri bezala aurkeztu ohi baitira, hizkuntzari dagokionez besteak beste: jantzia ezjakinaren aurka, edota modernoa tradizionalaren aurrean. Beste batzuetan, berriz, espazio baztertzaileak kanpo/barne delako bitasunaren inguruan markatu izan dira, azken hau etorkinaren figurarekin erlazionatuz, autoktonoari edo bertakoari kontrajarritako kategoria gisa.


Ukapenaren kronotopoaren sorketan inplikaturiko bigarren elementu bat denboraren zatiketaren aldeko faktoreei lotutakoa litzateke, honen prozesuzko alderdia ezkutatu nahian edo. Gerra zibilaren, frankismo garaiaren edota Euskal Herriak etorkin mordoaren etorrera ezagutu zueneko urteen inguruko tirabirak funtsezko etendura-uneak markatzen dituzten denborazko espazioetan eratzen dira. Gizabanakoen eta taldeen esperientzia hizkuntza agertzen edo desagertzen deneko denborazko espazio batzuetara mugatzea dakar denboraren zatiketa honek, berreskurapen edo garapen-prozesua zailtzen duten etenuneak sortuz. Hizkuntzaren bilakaera pertsonen biografiaren bitartez aztertzeak, hala eta guztiz, denboran zehar izan duen garapenaren progresibotasunari eta bizitza baten ibilian zeharkatzen dituen fase ezberdinei erraparatzen laguntzen digu. Ikuspegi hau hartuta, garai bakoitzak, unerik zailenak eta atzerapenekoak barne, hizkuntzari begira delako pertsona horrek sortzen dituen lokarrien historiako beste etapa bat gehiago osatzen du. Iraganaren eta orainaren arteko zubiak eraikitzeko ahalmenari esker, hain zuzen ere, jarduera espontaneo batean eta gauzen berezko bilakaeraren ondorioz hizkuntza berreskuratzeko –edo txertatzeko– posibilitatea gertatzen da.


Azkenik, kronotopoaren izaera ukatzailea agerian uzten duen hirugarren elementu bat, isiltasuna hutsunearekin –hizkuntzaren errotikako gabeziarekin– identifikatzerakoan inplikatuta doazen fenomenoekin erlazionatuta dago. Frankoren garaian zehar euskararen isiltasuna bezala interpretatu izan dena, ordea, berez eta praktikan, isiltasun mota desberdinez osatua izan da. Zenbait kasutan, delako isiltasun horrek eremu publikotik baztertua izatea esan nahi zuen, pribatuan bizirik gordez; edota seme-alabei ez irakasteko erabakia soilik; edota hizketan euskarari bizkarra eman arren, literaturan nahiz musikan lantzeko prest egotea; beste batzuetan, isiltasuna kultur-tradizioen berreskurapen-ekimenen sustatzaile ere bihurtzen zelarik. Era honetan, ez dirudi itxurazko isiltasun hori euskararekiko begirunearekin, euskal esaeren zaletasunarekin, euskararen iraganari eta jatorriari buruzko jakinminarekin, edo euskararen ezagupena eta erabilpena bultzatzearekin… kontrajarria zegoenik nahitaez.

 

Esperientziaren kudeaketa, nortasunaren eraikuntza


Ukapenaren kronotopoei jaramon egiteak hizkuntzaren unerik larrienen berri ematea suposatzen du, komunitatean euskarak jasan duen atzerakadari lotuta dauden garaiak azaltzea, alegia. Une haien bilakaeraz konturatzeak, eta komunitateak berauei aurre egiten nola asmatu duen sakonean aztertzeak, aitzitik, hizkuntzaren berreskurapenari eta transmisioari loturiko elementuei jaramon egitea inplikatzen du. Bilakaera honetan, eta azken hamarkadetan zehar euskararen inguruan gertatu den sumatutako berpizkunde linguistikoan, haragizko oroimenaren eraikuntzaren prozesu kolektiboak paper nabarmen bat bete duelakoan nago, bizipenok nortasunaren adierazpen desberdinen oinarrian kokatuz: nortasuna munduan izate eta egotearen isla eta islapen, eta gizabanakoaren inguruarekiko esperientziari lotutako ideia bat bezala ulerturik. Nortasunaren definizio honek Ignasi Terradas antropologoak proposatutako nortasun kulturalaren nozioa gogora dakarkigu, ideia hau identifikazio politikoari kontrajarriz. [19]


Nortasunaren bi nozio hauek euskararen kronotopo edo irudikapen eraikietan elkartzen direla (eta aurrez aurre jartzen) diot. Del Vallek planteatzen dituen kronotopo generikoen kasuak gogorarazten digunez, hizkuntzaren inguruko narratibak eta irudiak eskema eta ikuspegi isilarazien aurrean beren hegemonia azpimarratzen duten zenbait eredu eta logikaren nagusigoaren ondorioz sortzen direla aintzat hartu beharrean gaude. Horrela bada, Lasarte-Oriaren kasuan, orokorrean hizkuntz-ukapenaren kronotopoak espazio bananduen eta komunitate zatituen irudiei, borroka eta gatazka politiko-linguistikoek markatutako gertaerei, eta desegituraketa sozial, isilarazpen eta errepresio kulturalari lotuak izan dira. Inolako zalantzarik gabe, euskararen eta euskarazko esperientziaren ukapena islatzen duten irudiak dira hauek, Lasarte-Oriako galera linguistikoaren zergatiak eta ondorioak analizatzeko posibilitateak agortzen ez dituztenak, hala ere. Hain zuzen ere, ukapenaren eta gabeziaren irudi hauen garrantzia defendatzen dut hizkuntzazko oroimenik eta esperientziarik ezari aurre egitean inplikatutako elementuen azterketarako abiapuntu bezala. Aurre egite hori, bizitakoaren oroipenak nortasunaren iturri gisa komunitatearengan izan duen eraginari lotzen diot.


Terradasek seinalatzen duenez, honelako oroipen mota (haragian bizitakoarena), hain zuzen, kultur-nortasunaren jatorrian kokatzen dena dugu, kultur-nortasun hori honelaxe definitzen duelarik: (...) el reconocimiento humano de la vida, que se caracteriza principalmente por atender a la memoria de lo vivido, a sus repercusiones afectivas, y a los sentimientos y derechos de arraigo y vinculación que dicha memoria solicita. [20]


Era honetan bereizten ditu Terradasek kultur-nortasuna eta identifikazioa: hots, azken honek giza-kulturaren fenomeno gisa ulerturiko nortasuna deuseztatu egiten du. Terradas-ek gogoan duen identifikazioa batik bat identifikazio politikoa da; zeren honek (...) utiliza la identidad para identificar (...) un proceder ajeno a la identidad como algo vivido. Es su alienación: reducción y conversión abstracta de una memoria de vida en un signo de pertenencia o estigma político. [21]


Politikan ez ezik, zuzenbidean, ekonomian eta antropologian ere jaun eta jabe ditugu identifikazioaren oinarrian dauden diskurtso indentifikatzailea eta agintekeraren hizkeraren agintekera. Nagusiki egintza sailkatzaile bat izaten da identifikazioa, bizitzaren garapenetik kanpo (fuera del desarrollo de la vida”) [22] burutzen dena, hain zuzen.


Zenbait talderen bizipenak mugatu edo eredu zein erreferente berriak bultza litzaketen esperientzien azaleratzea oztopatzeko balio duten kronotopoen sorrerarekin erlazionatzen dut nik narratiba identifikatzailearen boterea. Lasarte-Oriak euskara egiazko aukera bezala, euskara, alegia, desioarentzako eta atseginarentzako leku eta denbora bezala imajinatzea ere oztopatzen zioten kronotopoei aurre egin behar izan die, talde bezala.


Ukapena alboratu eta aukera berrien bila abiatzeko gogoa, berriz, Terradas-en proposamenaren ildoko kultur-nortasun baten garapenaren aldeko apostuarekin erlazionatzen dut. Baldin eta Lasarte-Orian euskararen inguruan egotzi diren irudi ezezkorrak gorabehera hizkuntzaren berreskurapen prozesuan funtsezkoak diren transmisio-mekanismoen sorta bat bideratu badira, hain zuzen ere kultur-nortasunaren definizioan esperientziak eta bizipenak duten paper garrantzitsuagatik izan dela uste dut. Zentzu honetan, hizkuntzaren ukapenaren esperientziari, hizkuntza (gure inguruan izan, egon eta erlazionatu beharraren adierazpide bezala) existitzeko aukera ematen duten faktore guztien inguruan eraikitako kultur-nortasunak ekoiztutako aberastasuna kontrajar lekioke.

     
      Irudia 1. 2004an ospatutako azken Euskararen Maratoiaren irudia

 

2004an ospatutako azken Euskararen Maratoiaren irudia. Lasarte Oria

 

Iturria: Ttakun Kultur Elkartea. Berrogei ordu (etenik gabe) dirauen jaialdi honetan, Lasarte-Oriako biztanleei denbora osoa euskara hutsezko jardun ezberdinez igarotzeko erronka egiten zaie.

 

OHARRAK:

 

1. Artikulu honetan, 2005eko maiataren 9an EHUaren Filosofia Fakultatean “Euskara, comunidad e identidad. Elementos de transmisión, elementos de transgresión” izenpean aurkeztu nuen tesiaren zenbait ideia nagusi biltzen dira. Teresa del Valle Antropologia Sozialaren katedradunak zuzendu zuen tesia, eta Bikain Cum Laudem kalifikazioa lortu zuen.

2. Zehazki, Agirre Sorondoren lanetik hartutako datuak honako urte hauei dagozkie: 1857, 1888, 1930, 1940, 1986, 1991, 1996 eta 2000. Ikus: Agirre Sorondo, Antxon (2003): Lasarte-Oria.Hogei urte eta hainbat mende. Lasarte-Oriako Udala: Lasarte-Oria.

3. Azurza eta Labakaren lanetik hartutako biztanleria datuak honako urte hauei dagozkie: 1910, 1960, 1970 eta 1981. Ikus: Azurza, Mª Eugenia; Labaka, Ana (1994): “Euskararen historia soziala Lasarte-Orian”. Lasarte-Oria: Lasarte-Oriako Udala. Argitaratu gabeko txostena.

4. Martínez de Luna, Iñaki (2002): “Previniendo el futuro 99. Los adolescentes de Euskal Herria y el euskara” in AA.VV (2002): IX. Jardunaldi Pedagogikoak. Euskararen Erabilera. Donostia: Ikastolen Elkartea; 400. orr.

5. Mikel Zalbideri jarraituz, Reversing Language Shift edo RLS-en ideia normalizazio bezala ulertu ohi denaren baliokidetzat har liteke, praktikan bederen “hizkuntzazko plangintza modu bat” inplikatzen duelarik. Ikus Mikel Zalbide (2000): “Ahuldutako hizkuntza indarberritzea: teoriak zer dio?”. Ikastolen IX. Jardunaldi Pedagogikoak. Euskararen erabilera (Donostia: Ikastolen Elkartea) delakoaren barnean aurkeztutako txostena, 18. orr. Euskararen kasuan, eta honen berezitasunak kontuan hartuz moldaturik, Fishmanen RLS teoriaren aplikapen teorikoa eta praktikoa HINBE (Hizkuntza Indar Berritze saioa) izenez ezagutzen da. Zalbideren txosten hau HINBE delako nozioaren ezaugarri, esanahi eta inplikazioetan sakontzeko abiapuntu ona da.

6. Fishmanen planteamenduen haritik, Zalbidek hizkuntza minorizatuak biziberritzeko prozesuan eragiten duten lau oinarrizko lerro teoriko seinalatzen ditu: corpus plangintza, eskurapen plangintza, status plangintza eta community fostering delakoa. Azken hau azterketa soziologikoari eta antropologikoari lotuta dagoke, eta –Zalbidek dioenez– honako eginkizun hau hartu beharko luke xedetzat: “hizkuntza ahulari belaunez belauneko iraupen-bidea bermatzea eta hiztun-elkarteari bere neurriko esparru berriak zabaltzea”. Ikus: ibidem, 21. orr.

7. Erize, Xabier (1997): Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoa. 1863-1936. Iruña: Nafarroako Gobernua. Hezkuntza eta Kultura Departamendua;         530. orr.

8. Esan nahi baita, komunitate, hiztun edo nortasun gisako osagarrien definizioa askotan hizkuntza-plangintzari eta/edo hizkuntza-politikari lotutako ikuspegi mota honek bultzatzen duen helburu motak baldintzatzen du.

9. Jimeno Aranguren, Roldán (1999): “La memoria de los derrotados” in Gerónimo de Uztariz 14/15; 32. orr.

10. Lasarte-Oriako udalari buruz ondoko orrialdeotan aipatzen diren datuak “Euskararen egoera Lasarte-Oria” testutik atera dira. Ikus: Arruti, Iñaki (2001): Euskararen egoera Lasarte-Orian. Donostia: Lasarte-Oriako Udala. Euskarako Batzordea.

11. 1996ra arteko datu guztiak ondoko argitarapenetik hartu dira: Arruti, Iñaki (2001): ibidem. 2001 urteari dagozkion datuak Lasarte-Oriako udaletxeko Euskara Zerbitzuak zuzenean emandakoak dira.

12. Roca i Girona, Jordi (2000): “El género de la memoria: familia y mujer” in Azcona, Jesús (zuz.) (2000): Memoria y creatividad. Bilbo: UPV-EHU;         59-75 orr.

13. Zulaika, Joseba (1987): “Historiaren errepresentamenak eta testuinguru kulturala” in Agirreazkuenaga, Joseba (ed.): Tokiko Historiaz Ikerketak/Estudios de Historia local. Bilboo: Eusko Ikaskuntza.; 31-34 orr.

14. Ibidem, 31. orr.

15. Valle, Teresa del (2000): “Procesos de la memoria: cronotopos genéricos” in Valle, del Teresa (2000): Perspectivas feministas desde la antropología social. Barcelona: Ariel; 243-244 orr.

16. Ibidem, 244. orr.

17. Ibidem, 246. orr.

18. Ibidem.

19. Terradas i Saborit, Ignasi (2000): “La contradicción entre identidad cultural e identificación política” in Demófilo. Revista de Cultura Tradicional de Andalucía, nº 33/34.

20. Ibidem, 31. orr.

21. Ibidem, 32. orr.

22. Ibidem, 33. orr.

 

 

Azken eguneratzea: 2006/02/21