Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
EUSKAL AISIAREN AZTERKETA


Izaro Susperregi


Sarrera

Azken urteetan euskararen normalizazioan lanean ari diren agenteek aisialdiak lan horretan duen garrantzia azpimarratzen dute behin eta berriro. Dena den, aisiaren kontzeptua eta egoera zehaztea ez da erraza izaten eta maiz, kontzeptu, definizio eta, ondorioz, egoera ezberdinez, aritzen gara.

Artikulu honetan, aisialdi hezitzailearen gaur egungo egoeraren berri eman nahi izan da.

Ondoren, aisialdiaren eskaintza bera aztertu nahi izan da. Horretarako eragileak eta jarduera nagusiak izan dira aztergai. Aisialdi hezitzailearen arloaren garrantziaz jabetu eta, halaber, arloaren egitura gabezia ere nabarmen ageri da. Horrek datu biltze lanak zaildu ditu.

Dena den, zailtasunak zailtasun, datuok aztertuta argi eta garbi ikusten da aisialdi hezitzaile antolatuko agenteak euskararen normalizaziorako funtsezko eragileak  izan daitezkeela.


1. Aisialdiaren egoera gaur egun

Haur eta gaztetxoen aisialdia eskola denboratik kanpoko denboratzat hartu izan da. Denbora libre horretan kalean jolas librean igarotzen duten denbora gutxitzen joan da, eta aldiz, eskolaz kanpoko formazio akademikoari eskainitako denbora handitzen. Aisialdiaren definizioarekin lotutako: Denbora librea + Askatasuna + Gozamena ez datoz bat gizarteak gaur egun aisialdiari buruz duen ideiarekin. Denborari dagokionez, eskolatik kanpo gelditzen zaien denbora hartzen da denbora libretzat. Askatasunari dagokionez, beraien nahietatik aldenduta egon daiteke askotan, gurasoen nahiak nagusitzen baitira; beraz, erabateko askatasuna ez da beti ziurtatzen. Gozamenari dagokionez, derrigortasun mailak gora egiteak gozamena gutxitzea dakar.

Ohikoa da haur eta gaztetxoek, eskola orduak amaitutakoan, eskolaz aparteko zereginak egin behar izatea. Besteak beste, hizkuntzak direla, musika eta informatika direla, edota kirola eta aparteko eskolak direla, haur eta gaztetxoei betebehar berriak egokitzen zaizkie, eskolakoez gain. Horrek guztiak, eskola denbora ez den eta aipatutako zereginetan aritzeko denbora ez den bestelako denbora murriztea ekarri du ondorioz; antolatu gabeko denbora murriztea, alegia. Bide horretatik, haur eta gaztetxoen aisialdian behinik behin, betebeharrei eta formazio erantsiari eskainitako denbora handitu egin da azken urteetan.

Aisialdia nolabaiteko betebeharra bilakatu dela esatean, bi gauza esan nahi ditugu.

  1. Aisialdiko denbora bete edo okupatu  beharra sumatzen da
  2. Bete beharrekoak behar edo lan berriak dira gaztetxoarentzat

Gizarteak aldaketak jasan dituen moduan (biztanleria gutxitzea, lan arloaren espezializazioa, sekularizazioa, indibidualismoa…), aisialdiak ere aldaketak izan ditu. Helduen mundua gero eta antolatuago dagoen moduan, haurrena ere gero eta antolatuago dago.

Aldaketen norabidea zehaztu aurretik, heldu eta gaztetxoen aisialdian agertzen diren hiru ardatzen berri emango dugu.

  1. Aisialdia antolatu beharreko denbora bihurtu da. Eguneko orduak ordutegi eta programazio finko baten mende kokatzen ditugun bezala, aisialdian ere islatu da antolaketa hori. Horrela, bete beharreko jardueren artean bai lanari, bai denbora libreari dagozkionak sartzen dira, bi arlo horien artean bereizketa nabarmenik egin gabe.
  2. Aisialdia eginbeharrik gabeko denbora izatetik, okupatu edota bete beharreko denbora izatera pasa da. Jendea libre gelditzen den denbora horren beldur ote den galdetzen diote zenbaitek beren buruari; jendeak denbora librea hutsik ikusten badu, ondasun preziatu bat galtzen ari dela uste baitu.
  3. Aisialdia ekintzarako denbora bihurtu da. Berdin dio zer eskaintza aukeratzen den, azkenean, aisialdian garrantzitsuena aisialdi hori antolatzea, okupatzea eta aprobetxatzea da.


2. Aisialdiaren aldaketen nondik norakoak

Aisialdiaren alorra zer izan den eta zer bihurtzen ari den ulertzeko aldaketa batzuk aipatu behar ditugu:

  1. Kaletik talde antolatuetara: gaur egun, ohikoagoa da gaztetxoak eskolatik kanpo talde antolatuetan aritzea, kale girotik babestuta, hain justu ere.
  2. Auto-antolaketatik antolatutakora: haur eta gaztetxoek lan gutxiago daukate eskolatik aterata zer egingo duten pentsatzen, dagoeneko antolatuta baitute handik kanpoko zeregina. Inprobisazioak eta bat-bateko jarduerek gero eta leku gutxiago dute.
  3. Ardura gabekoa izatetik okupazio denbora izatera: eskolako zereginak egin ondoren, lagun girorako eta jolaserako denbora zen aisialdia, batik bat. Orain, aldiz, neurri handi batean, okupazio denbora da aisialdia.
  4. Iraupen luzeko proiektuetatik ekintzetara: lehen, aisialdiko taldeek bizitzaren eskola izan nahi zuten gaztetxoentzat. Gaur egun, ekintzetan espezializatzen direla ere uler daiteke.
  5. Eliza giroko ekimenetatik, ekimen laikoetara: atzera begiratuz gero, Eliza eta sinismen inguruko ekimenak izan dira aisi hezitzailearen arloan lanean aritu direnak. Gaur egun, berriz, gizartearen beraren eta aisialdiaren sekularizazioaren ondorioz, formazio akademiko eransteaz gainera ekimen laikoak nagusitu dira (kirola, dantza, musika, ludoteka…)
  6. Haurra sortzaile izatetik, sortutakoaren hartzaile izatera: haurren sormena eta ekimena sustatzeko moduko jarduerak lantzen ziren; gaurkoan, berriz, gaztetxoak dagoeneko sortuta eta antolatuta dauden zereginen hartzaile dira.
  7. Balioen lanketatik trebatze lanetara: aisialdi antolatuak funtzio hauek bete nahi zituen: balioak landuz garapen pertsonalaren alde lan egitea eta funtzio ludikoa betetzea. Gaur egungoak, ordea, formazio edo trebatze funtzioa eta zaintza funtzioa betetzen du. Umea zaintzea, zerbait ikasten edo zerbaitetan trebatzen den bitartean.
  8. Denbora ematetik denbora okupatzera: lehen, antolatutako aisialdiko ekimenek denbora "eman" egiten zuten, gaur egun, berriz, denbora "hartu" egiten dute, okupatu eta bete, alegia.
  9. Musu-truk egindako lanetik, ordaindutako lanera: lehen, aisialdiko taldeetako lan taldea militantziaz aritzen zen askotan, eta lan egiteko gogoa zen beraien lan eskergaren oinarri; taldearekin sendo konprometitutako pertsonak izanik, luze aritzen ziren aisialdiko taldean lanean. Gaur egungo lan taldeak ogibidez edo lanbidez dihardutenak dira.

Aldaketa orokor hauek hiru eremutan ikus daitezke. Honako taula honetan oso argi ikusten dira:

 

Lehen Orain

Non?

Kokapena
Gune komunitarioak (kalea, auzoa, eliza, eta abar.) Gune formalak, arautuak (ikastetxeak, akademiak...)
Zertan?
Edukia

Jarduera ludikoak
Giza balioen lanketa
Talde harremanak

Formazioa
Espezializazioa
("Ikasgaia")

Zertarako?

Funtzioa
Helburua
Haurrei aukerak
Zabaltzea:beraien nahia
Gurasoen beharretara

3.Haur eta gazteen aisialdirako eskaintzaren azterketa


3.1.Aisialdiko eragile eta jarduera nagusiak
Gaur egungo aisialdiko eragile nagusiak
Aisialdiko betiko taldeak Erakunde publikoak eta ikastetxeak Bestelako gizarte eragileak
Kirola
Kultura jarduerak
Euskara taldeak
Aisialdiko talde berriak Zerbitzu enpresak

Aisialdiko betiko talde hezitzaileak (Aisialdiko parrokia taldeak, eskautak, aisialdiko talde laikoak)
  • Talde horien filosofia eta oinarriak egitasmo hezitzaile sendoa, boluntario lana eta inplikazioa dira; azken bi horiek balio handia dute.
  • Beraien helburuak haur eta nerabeen denbora librean erreferente bihurtzea eta heziketa pertsonala eta autonomoa garatzea dira.
  • Taldean landu beharreko gizarteratze prozesua gizarte balio aldaketarako osoa baliagarria dela uste dutenez, aisialdiak gizakien heziketa integrala garatzeko duen ahalmenaren alde egiten dute.
  • Ondorioz, beraien ustez, aisialdiak ekintza edota eragin sozialera zuzendua behar du, eta aldi berean, gizabanakoaren hezteko bidea ere izan behar du.

Aisialdiko talde hezitzaile berriak (aisialdiko talde hezitzaile mistoak)
  • Izaera horretako talde gutxi dago, baina pisu kualitatibo handia hartzen ari dira.
  • Talde horien jatorria mistoa da, bertako hezitzaileak betiko aisialdiko taldeetatik, kirol eta kultura elkarteetatik eta euskara elkarteetatik datoz.
  • Antolaketari dagokionez, formula mistoa erabiltzen dute, batzuk liberatuak dira eta beste batzuk boluntarioak.
  • Helburuek ere jatorri eta antolaketa ereduarekin dute zerikusia, betiko aisialdi hezitzailearen aldeko filosofia eta formazioa, profesionalizazioa eta lan banaketa aldarrikatzen baitituzte.
  • Ohiko dinamika eta erronketatik urrundu eta formula berriak probatzea dute erronka: balioak lantzea, hizkuntzaren inguruan dauden kezketara egokitzea, eta haur eta gaztetxoen ohiturei egokitzea, hain zuzen.
  • Egitasmo definitua dute, baina, aldi berean, malgua.

 

Ikastetxeak
  • Ikastetxeek aisialdiko eragile gisa duten pisua nabarmena da, baina, aldi berean, esperientzia laburra dute alor honetan.
  • Aisialdiko jarduerak antolatzen hasteak lotura zuzena du hezkuntzaren erreformarekin; aisialdi hezitzailea bihurtu nahi dute eskolaz kanpoko denbora, eta horretarako, heziketa integrala eskaintzen zaie ikasleei.
  • Aisialdiko eragile tradizionalen printzipio pedagogikoak erabiltzen dituzte (balio eta arauen transmisioa, arazoak konpontzea eta helburuak lortzeko ekintza eta estrategietan heztea…)
  • Hezkuntza formalean ebaluaketak duen garrantzia arlo informalean ere landu nahi dute.
  • Mezu kontrajarrien kontra lan egiten dute. Alde batetik, eragile bakar batek heziketaren ardura hartzea onuragarria iruditzen zaie, heziketa koherente eta osatua eskaintzeko, eta beste aldetik, aisialdiko beste eragileekin elkarlanean aritzen dira.
Udalak
  • Aisialdiko eragile honentzat aisialdia eskaintzea zerbitzuak eskaintzea da, eta gizartean dauden hutsune eta beharrak betetzeko asmoz sortu da.
  • Homogeneotasuna da udalek eskaintzen dituzten zerbitzuen ezaugarri nagusietako bat, hainbat baliotako mikro-giro bereiziak ez sortzea baita beraien helburua.
  • Udalen artean eta udalen eta aisialdiko beste eragileen artean koordinazio falta sumatzen da, gehienetan ez baitute elkarren esperientzien berri.
  • Zabaltzeak eta errentagarritasunak sortzen die kezka gehien, aspektu hezitzaileari jaramon gehiegirik egin gabe.
Zerbitzu enpresak eta eskaintza komertziala (kale animazioa, udalekuen kudetzaileak, egonaldien antolatzaileak, azpiegitura finkoak…)
  • Azken hamar urteetan sortutako taldeak dira. Batzuk sortzaileen ekimen eta bultzadaz sortuak dira, eta besteak beste eragile baten bultzadaz sortuak (udalek batik bat).
  • Talde hauetako langileak garai batean aisialdi taldeetan boluntario izandakoak dira.
  • Talde hauen helburu nagusia eskainitako jardueretatik etekin ekonomikoak ateratzea da nagusiki. Batzuek gizartearen onurarako zerbitzua ematea ere badute helburu.
  • Tartean, ingurumenaren hezkuntza eta jolas giroan euskararen erabilera sustatu nahi dutenak.
Kirol eta kultura talde eta jarduerak
  • Talde eta jarduera hauen helburua espezialitate edo zaletasun bat lantzea eta horretan trebatzea da.
  • Azken urteetan kirol jarduerek garrantzi handia hartu dute. Haur gehienek kirola dute aisialdiaren jarduera finkoa, eta horixe da adierazgarri nagusia; izan ere, kirol taldeez gainera, ikastetxeak ere kirol dinamizatzaile garrantzitsuak bihurtu dira.
  • Euskal kulturarekin lotuta dauden jarduerek (dantza, bertsolaritza, trikitixa…) jakin-min eta zaletasun handia sortu dute, euskararen berreskurapenaren bidetik.
  • Jarduera hauetan subjektua da jardueraren protagonista aktiboa, eta heziketa bidea ondo egindakoaren balioa da. Inplikazioa handia da, eta hezitzaile zein haurren konpromisoa iraunkorra; baina ez da beti dibertigarria izaten.
  • Talde harremanak lantzen dituzten balio hezitzaileak (elkarlana, taldearekiko konpromisoa…) oinarri eduki arren, lehiakortasunaren arriskua ere hor dago, irabazteak gehiegizko garrantzia hartzen duenean bertan behera geratzen dira eduki hezitzaileak.
Euskara elkarteak
  • 80ko hamarkadan sortutako elkarte hauek euskararen erabilera sustatzea dute helburu.
  • Elkarteen barruan haur eta gazteei zuzendutako aisialdi jarduerak burutzen dituzten lan taldeak daude.
  • Eskolatik kanpoko euskararen erabilera bultzatzea eta euskaraz gozatzea eta dibertitzea dira helburu nagusiak.
  • Helburu linguistikoak lortu ahala, aisialdi hezitzaileko helburu pedagogikoek ere garrantzia hartzen dute.

 

3.2 Euskal Herriko aisialdirako eragile nagusien azterketa

Aisialdiaren definizioa, pedagogia, bilakaera eta egoera orokorra ikusi ondoren, euskal aisiaren eragile nagusien jarduerak aztertuko ditugu.

Orain arte, eragileei buruz jardun dugu, haien filosofiaz, helburuez, antolaketa moduaz eta bilakaeraz. Atal honetan, aldiz, egiten dituzten jardueretan parte hartzen duten hezitzaile, jasotzaile eta helburu zehatzei buruz hitz egingo dugu; baina, bereziki, eta lan honen zergatia kontuan hartuta, datu soziolinguistikoei erreparatuko diegu, eta batez ere, euskararen normalizazioan eragiteko erabiltzen dituzten helburuei eta estrategiei.

Horrela bada, eta jarraian azaltzen diren ondorioak baieztatzeko, hainbat elkarrizketa eta galdeketa egin dizkiegu hainbat eta hainbat talderi, hala nola, Parrokietako aisialdi taldeei, ludotekei, gaztelekuei, ingurumeneko ekipamenduei eta euskara elkarteei.

Hona hemen, ikerketa txiki horrek eman dituen emaitzak.

Aisialdiko betiko talde hezitzaileak eta talde berriak

Multzo horretan biltzen dira parrokietako aisialdi taldeak, eskautak eta aisialdiko talde laikoak.

Aisialdiko parrokia taldeen barruan federazio eta talde handienak aztertu ditugu. Talde horien helburu orokorrei buruzko galderak egitean, hiru helburu aipatu dituzte nagusiki. Ikusiko denez helburu orokor horietan ez da hizkuntzaren normalizazioari buruzko aipamenik egiten:

- Nortasun pertsonalaren garapen integrala bilatzea
- Funtzio ludikoa: dibertitzea eta gozatzea
- Kristau balioak lantzea eta hezkuntza integrala ziurtatzea

Parrokietako taldeek ez dituzte beren jarduerak maiztasun handiz antolatzen. Astean behin biltzen dira aisialdiko jarduerak egiteko. Jarduera horien hartzaileak 10 eta 16 urte bitarteko haurrak dira, eta talde bakoitzean 30 bat lagun biltzen dira.

Aisialdi talde horietako hezitzaileak gazteak dira, 18 eta 23 urte bitartekoak. Talde bakoitzeko 5-10 hezitzailek parte hartzen dute; boluntarioak izaten dira eta aisialdiaren alorreko formazioa dute.

Datu soziolinguistikoei erreparatuz gero, talde horietako arduradunek jarduera hizkuntza nagusia euskara dutela aipatu dute. Dena den, jarduera hizkuntza eta hizkuntza horren erabilera aldatu egiten da taldeen ingurunearen arabera.

Euskararen normalizazioan nola eragiten duten galdetuta, hiru modu aipatu dituzte: jarduera euskaraz egiten dela bermatu, hezitzaileek euskara hutsean jardun, eta hartzaileak euskaraz egiten diren jardueratara bideratu. Hala ere, aurretik adierazi bezala, talde horien helburu orokorretan ez da gai horri buruzko aipamenik egiten.

Gainerako aisialdi talde tradizionalak oso sakabanatuta daude, eta batzuk federazioen barruan egon arren, nahiko izaera autonomoa dute. Beraz, ezaugarri orokorrak azaltzea nahiko zaila da. Dena den, hizkuntzari dagokionez, eskautak eta aisialdiko talde laikoen ezaugarriak parrokiako aisialdi taldeen antzekoak direla esan dezakegu. Horien arteko aldeak ez dira taldearen izaeraren araberakoak, taldeen ingurune soziolinguistikoaren araberakoak baizik.

Talde berriei edo talde mistoei dagokienez, era horretako talde gutxi dagoela esan beharra dago; baina, egia da pisu kualitatibo handia hartzen ari direla. Talde horien jatorria mistoa da, bertako hezitzaileak betiko aisialdiko taldeetatik, kirol eta kultura elkarteetatik eta euskara elkarteetatik baitatoz.

Antolaketari dagokionez, formula mistoa erabiltzen dute, batzuk liberatuak dira eta beste batzuk, berriz, boluntarioak.

Helburuek ere jatorriarekin eta antolaketa ereduarekin dute zerikusia, betiko aisialdi hezitzailearen aldeko filosofiaren eta formazioaren, profesionalizazioaren eta lan banaketaren alde egiten baitute.

Ohiko dinamika eta erronketatik urrundu eta formula berriak bilatzea dute erronka: balioak lantzea, hizkuntzaren inguruko kezketara egokitzea, eta haur eta gaztetxoen ohituretara egokitzea, hain zuzen. Dena den, era horretako taldeak oso heterogeneoak direnez, zaila da hizkuntzaren trataerari eta helburuei buruzko datu komunik ematea.


Haur eta gazte ekipamenduak

Aisialdiko eragile asko dira haur eta gazte ekipamenduak kudeatzen dituztenak: zerbitzu enpresak, euskara elkarteetako aisialdi taldeak, aisialdi talde berriak, ikastetxeak… baina, orokorrean, erakundeek eskaini ohi dituzte horrelako zerbitzuak, udalek gehienetan. Udalek eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, haur eta gazteentzako ekipamenduez gainera, Udako jarduerak ditugu, udalekuak hain zuzen ere, udaleku irekiak eta udaleku itxiak.

Jarduera horiek, gehienetan, udaleko euskara zerbitzuetatik bideratzen dira, eta helburu nagusia euskararen normalizazioan eragitea izan ohi da; baina, esan beharra daukagu, egitasmo horien balorazioetan, askotan, euskararen helburuak bete ez diren sentipena izaten dela, besteak beste, nabarmena delako helburu horiek bete ahal izateko planifikazio zehatz eta eraginkorraren gabezia. Dena den, ezin dugu ahaztu, lekuan lekuko ezaugarri soziolinguistikoen arabera, aldatu egin ohi direla helburuak eta balorazioak.

Udako egitasmoen bolumena oso handia denez, izugarri lan zaila izango litzateke banan bana denak aztertzea, beraz, erakunde publikoak eta ikastetxeen multzoa aztertzerakoan, haur eta gazteen ekipamenduei erreparatu diegu, eta hain zuzen ere, ludoteka eta gaztelekuei; izan ere, horiek dira urte osoko jarduerarik egonkor eta jarraituenak.

  1. Ludoteken jardueraren maiztasun datua ez da batere homogeneoa; denetarik dago: egunero irekitzen dituzten ludotekak edo astean bitan irekitzen direnak. Dena den, multzo handiena astean lau, bost edo sei egunetan jarduten duten ludotekak ditugu.
  2. Ekipamendu horien helburu nagusiak hauek dira:
  • Funtzio ludikoa: dibertitzea eta gozatzea
  • Nortasun pertsonalaren garapen integrala bilatzea
  • Euskararen normalizazioa

Ikusten denez, haur ekipamendu horietan, hizkuntzaren faktoreak, besteak baino gutxiagotan aipatzen badira ere, garrantzi handia du.
Ludoteken erabiltzaileak 0 eta 12 urte bitartekoak dira. Dena den, gehienak 6 eta 9 urte bitarteko haurrak dira.

Ekipamendu horietan lanean diharduten ia hezitzaile guztiek heziketarekin harremana duen formazioa jaso dute. Gehienak aisialdiko hezitzaileak dira, baina maisu-maistra ikasketak eginak dituztenen multzoa kontuan hartzeko modukoa da. Bestalde, horrelako ekipamenduetan profesionalak eta boluntarioak aurki ditzakegu.

Euskararen normalizazioan eragiteko moduari dagokionez, jarduera euskaraz bermatzea eta euskararekiko sentsibilizazioan eragitea dira gehien aipatzen diren helburuak. Bestalde, jarduera hizkuntza gehienetan euskara izaten bada ere, ludoteketan, euskaraz aritzeko zailtasunak dituzten hainbat hezitzaile daude.

Gaztelekuetako jarduera maiztasuna anitza bada ere, gehienek astean sei egunetan dituzte ateak zabalik. Dena den, astean bi, hiru edo lau egunetako jarduerak egitera mugatzen diren gazteleku batzuk ere topatu ditugu. Ludoteketan bezala, gaztelekuetako jardueren funtzio nagusiak nortasun pertsonalaren garapena eta funtzio ludikoak dira. Euskararen normalizazioa helburutzat hartzen dute hainbat gaztelekuk, ludotekak baino proportzio txikiagoan, betiere.


Gazteleku bakoitzean 50 lagun biltzen da batez beste. Adinari dagokionez, 10 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak biltzen dira, baina, nagusiki, 13 eta 16 urte bitarteko gazteek erabiltzen dituzte aisialdi erakunde horiek. Ludoteketan gertatu bezala, gaztelekuetako hezitzaile gehienak gazteak dira, 20 eta 30 urte bitartekoak eta heziketarekin harremana duen formazioa jaso dute: asko aisialdiko hezitzaileak dira, eta beste asko gizarte hezitzaileak, nahiz eta irakasle, psikologo eta pedagogoen taldea nabarmentzeko modukoa den. Boluntario gutxi batzuk aurki baditzakegu ere, gaztelekuetako hezitzaile gehienak profesionalak dira.

Hizkuntzari buruz galdetuta, gazte ekipamenduetan beste esparruetan nabarmentzen den fenomeno bera ageri da: gazteek haurrek baino gutxiago erabiltzen dute euskara. Bestalde, ekipamendu horietan euskararen normalizazioan eragiteko gehien aipatzen den modua hezitzaileak euskara hutsean jardutearena da, horrek dituen mugekin.


Zerbitzu enpresak

Azken hamar urteotan sortutako taldeak dira. Batzuk sortzaileen ekimenez sortuak dira, eta besteak beste eragile baten bultzadaz (udalak batik bat). Jarduera eta izaera anitza dituztenez, zaila da ezaugarri komunak adieraztea. Dena den, multzo horretan ikastetxeei zerbitzuak eskaintzen dizkieten talde eta enpresak daude, eta horien artean ingurumeneko ekipamenduak izan ditugu aztergai, beste aisialdi eragileen aldean ezaugarri bereziak dituztelako.

Enpresa horien jarduera egunerokoa da; batzuetan, asteburuan ere jarduten dute, beste batzuetan, aldiz, ez. Helburuei dagokienez, alde nabarmenak ikusi ditugu beste aisialdi eragileei buruz. Aipatzen diren helburu nagusiak hauek dira:

  • Formazioa
  • Espezialitate batean trebatzea
  • Jardueraren edukian hobetzea

Hizkuntzaren helburua ez agertzeaz gain, argi ikusten da edukiari garrantzia handia ematen zaiola; eta, aldiz, funtzio ludikoa eta nortasunaren garapen integrala moduko helburuak ez dira agertzen.

3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteek parte hartzen dute enpresa horien jardueretan, baina nagusiki 6 eta 9 urteko haurrekin aritzen dira. Hezitzaileen adinari dagokionez ere alde nabarmenak daude beste aisialdi jarduerekiko: 20-30 urtekoekin batera 30 urtetik gorako hezitzaile asko dago. Hezitzaile horien formazioari dagokionez, aniztasuna nabarmena da: aisialdiko hezitzaileak, irakasleak, biologoak, pedagogoak... eta denak profesionalak dira. Ekipamendu horietako hezitzaileak euskaldunak izaten dira, eta ez dute euskaraz ondo adierazteko zailtasunik izaten.

Beraz, eskola eredutik oso hurbil dagoen jarduera mota da, eta euskararen normalizazioan egiten duten lanean islatzen da hori. Aipatu bezala, helburu nagusietan ez da euskararen aipamenik egiten, eta zehatzago galdetuz gero, euskararen normalizazioan euskararekiko sentsibilizazioa bultzatuz, hezitzaileak euskara hutsez jardunez eta euskarazko jarduerak eginez eragiten saiatzen direla aipatzen dute.

Euskara elkarteak

Euskara elkarte gehienak Topagunea izeneko federazioan bilduta daude. Bi eta hamabost urte bitarteko haur eta gazteentzat iraupen jarraituko zerbitzua eskaintzeaz gain, ekintza puntualak ere antolatzen dituzte. Haur eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzea da talde horien helburu nagusia. Horretarako, aisia metodo edo tresna gisa erabiltzen dutela aipatu dute, eta horrekin batera helburu pedagogiko eta ludikoak kontuan hartzen dituzte.

Beraz, beste aisialdi eragileek alderatuz gero, argi dago talde horien xede nagusia euskararen erabilera dela.

Hezitzaile gehienak profesionalak dira eta aisialdiaren alorreko formazioa dute. Irakasle ikasketak dituztenek ere garrantzizko multzoa osatzen dute. Datu soziolinguistikoei buruz galdetuta, ezagutza eta erabilera maila guztiekin lan egiten dela esan dute, lurralde eta ingurunearen arabera aldatu egiten baitira mailak, eta horren arabera aritzen dira. Euskararen normalizazioan eragiten saiatzen dira euskararentzako topagune edo bilgune berriak sortuz, euskararentzat esparru berriak irabaziz eta euskarazko zerbitzuak sortuz.

 

 

 

 

 

 

Azken eguneratzea: 2006/03/27