Etorkinak beti dira ispilu. Ispilu horretan gure irudia islatzen da, geure gizarteko egitura sakonen bilbadura, egunero begibistan izanagatik oharkabe bizi duguna. Agian, modu ez konszientean integratuak gaudelako. Agian, gure integrazio gradua neurtzen ez dugulako. Agian, neurtu ondoren, integratu gabe gaudela ohartuko ginatekeelako. Agian, egungo gizarte modernoen integrazio gradua zalantzazkoa delako. Gero eta gehiago dira, soziologian behintzat, gure gizarte modernoak kaos bat direla eta euren inguruan hausnartzean geuk gainjarritako ordenua [edo zentzua] baino ez dutela diotenak. Baina, iritzi eta proposamen hauek, oso garrantzizkoak izanda eta artikulu honetan aplikatuko diren arren, beste batean sakontzeko kontuak dira. Integrazioaz aritzean eskema prekonszienteak nagusitzen zaizkigu, aztertzear dagoena jakintzat ematen dugu. Zer da integrazioa, zer da kultur integrazioa, zer da hizkuntza integrazioa? Hori guztia argi dagoela uste dugu eta aurrera jotzen dugu, eta neurri batean logikoa da jokabide hori, gerta daiteke eta etorkinen integrazioaz galdetzean bertakoen des-integrazioa deskubritzea, baina jokatu, bertakoak integratuak baleude modura jokatu behar dugu. Beraz, hemen egingo dugun hausnarketa muga horien barne garatuko da. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar immigratzaileen inguruan obsesiboki bilatzen dugun ezagutzak etorkinen bizitza bera baino egokiago azaltzen dituela harrera gizarteko beldur eta kezkak.
Hala ere, gurea bezalako nazio gutxitu bateko kezkak, egungo eztabaidetan oso ondo kokatzen dira, besteak beste, integrazioaren inguruko eztabaida zabalik dago eta. Duela gutxira arte, argi egon da integrazioa zer zen. Bertakotzea, kanpotik zetorrena bertakoak bezalakoa bilakatzea. Teknikoki, akulturizatzea edo asimilitzea. Gaur hiritar integrazioaz hitz egiten da eta lehen kulturak betetzen zuen tokia gaur gizarteak, berdintasun sozialak, okupatzen du: bizitza duina lortzeko gutxieneko baliabide pertsonal eta materialen katalogoak bilatzen dira. Konbentzimendu bat dago ulerkera berriaren oinarrian: berdintasun sozialean inbertitzeak kultur gatazkak desaktibatu egiten ditu. Parisen azaroan bigarren belaunaldi baztertuarekin gertatu zena horren adibide.
Integrazioaren errebisioarekin, beste eztabaida interesgarri bat zabaldu da soziologian, politologian eta filosofia politikoan, eta eremu kulturala eta politikoaren arteko harremanaren ingurukoa da:
-
Modernotasun historikoa eta teorikoa ulertzeko modu/tresna nagusia "nazionalismo metodologikoa" izan da. Printzipio (metodo) honen arabera: Estatu bati Nazio bakarra dagokio eta honi kultura bakarra. Printzipio hau askok sinestu du eta gehiagok praktikatu.
Hainbat tokitan, besteak beste Euskal Herrian, printzipio hau oker bat zela. Baina ordena aldatuta, Euskal Herrian ere, printzipio hau sinisten zen, pentsatzeko logika berbera aplikatzen zen: (Euskal) Kulturari Nazio bakarra dagokio eta honek Estatua behar du. Edonondik hasita, ekuazio itzulgarri hau aplikatu egiten zen, denok printzipio horretan oinarrituta errealitatea interpretatu egin dugulako.
-
Duela hogei urtetik hona, maila teorikan behintzat, errealitate historikoetan ere, printzipio honen ordez kulturaniztasuna, kulturartekotasuna, komunitarismoa, eta beste printzipio/teoria batzuk agertu dira. Orain badakigu kultura eta politikaren arteko harremanak askoz konplexuagoak direla eta ez dutela soluziobide errazik.
-
Noski, ez gara inozoak eta badakigu kudeaketa hau errazagoa dela, ez halabeharrez justuagoa, Estatu bat, kultura dominante bat edo hizkuntza normal bat izanda, ez izanda baino. Baina, euskarak eta euskal kulturak ez du horrelakorik, eta ez du erraz izango. Hiruretatik errazena, agian, Estatua.
-
Dena dela, euskarak eta euskal kulturak kulturaniztasunaren kudeaketa bere izaera ezindutik egin behar du. Bere berreskurapenaren lehen urratsetan zegoenean, bere asmoetan honelako erronka bati aurre egitea pentsatua ere ez zuenean, kultur aniztasunari aurre egin behar dio. "Azienda ahulak, zorri asko" dio esaerak zaharrak. Marxek zioen moduan, gizakiok historia egiten dugu baina ez geuk aukeratutako baldintzetan...
-
Gainera, berreskurapena monolinguismotik pentsatua zegoenean, abian doala aldatu egin behar da. Monolinguismoaren ikuspegia logikoa da, ikuspegi dominantea izan da hala Euskal Herrian nola beste edonon, baina kontua da aldatu eta asmatu beharra dagoela.
-
Euskal kulturaren eta euskararen egoera liburuetan agertzen den eredu teorikoa da, baldintza eta ezaugarri guztiak betetzen ditu: injustizia historiko batek sortu dituen kalteak erreparatzeko esperantzarik gabe, tresna politiko subiranorik gabe eta iparorratz teorikorik gabe, gero eta nabarmenagoa den kultur aniztasuna kudeatu beharra. Honen aurrean honako faktoreen konbergentzia baino ez da posible: baliabideak, egiturak, saiakerak, frogak, borondatea eta hankasartzeak, beraz, aurrerapausoak, zulo beltzak eta ezintasunak.
-
Nolanahi ere, eta hasieratik aurreratu gura dut, susmoa daukat euskararen inguruan, beste hainbat kontutan bezalaxe, antsietateak jota gaudela, ez garela ohartzen zer nolako esperimentu historikoa dugun esku artean: hizkuntza gutxitua bezain txikia beronen premia sozialik ez duen askorengan unibertsaltzen. Esperimentu erraldoia, sekula inon garatu ez dena... Euskararen kalitate galera kezkatzekoa izango da, ezagutzatik erabilerara pasatzeko nahia ere ulergarria... baina seme-alabak nerabezaroan dituen edozein bilbotarrek hau guztia erraz uler dezake... eta, hala eta guztiz ere, aurrerapauso erraldoia da.
Beraz, laburbiltzeko, euskara eta euskal kultura, egoera ahulean egonik, beste erronka garaitezin baten aurrean daude. Euskal herriko populazioak hiru hanka ditu: heren bat bertako hutsa da, beste heren bat Espainian jaiotakoak eta beste heren bat edo etorkinen edo matrimonio mistoen seme-alabak. Lehendik geneukan kultur ugaritasun nahiko eta botere sozializatzaile gutxi. Duela gutxitik, botere zati bat edukita, normaltasun linguistikoaren lehen urratsetan, beste immigrazio berri bat heldu da, 80.000 pertsona ingurukoa.
Populazio honen erdiaren jatorri nagusia gainera Latinoamerika da, beraz Euskal Herrian egiten den erdara baten hiztunak. Immigrazio politiketan Estatuek modu ezkutu edo agerikoan beti jatorri batzuk beste batzuen kaltetan lehenesten dituzte, horretarako nahikoa da bisatua emateko baldintzak erraztu edo zaildu, erregularizazio politiketan irizpide mugikorrak erabili, familiak berbiltzea eragotzi edo nazionalizazio baldintzak erraztu. Jatorri hauei egozten zaien izena da immigrazio lehenetsia. Duela gutxi, Frantzian, Sarkozyren filosofia duen, "jasandako immigraziotik aukeratutakora", immigrazio lege berria onartu da. Espainiar estatuak bistako arrazoiengatik gaztelera erabiltzen duten amerikarrak hobetsi ditu, eta horrek euskararen hainbat eragile kezkarazi du.
Nola egin aurre egoera honi, galdetzen dute eragile hauek? Nola egin aurre egoera honi egungo tresnak bertakoak euskaratzeko gai izan ez badira? Nola egin aurre distantzia kulturalak areagotu daitezkeenean? Nolakotasunean zertasuna eta zertarakotasuna ere inkorporatuak daude eta horrek era berean erraztu eta zaildu egiten du dagoen erronka. Zenbatean gaude konponbide tekniko, eremu linguistiko edo posizionamendu ideologiko baten aurrean? Seguruenik, eremu hauek banaezinak dira, baina banatzeko saiakerak egin behar dira eta horretan saiatuko gara. Asmatzen dugun ala ez, besteen kritikek eta denborak esango digute.
Immigrazio atzerritarra
Integrazio bideak arakatzeko, 1) lehenengo eta behin, hizkuntza integrazioari ekingo diogu, eta 2) kultur integrazioari, bigarren.
Hizkuntz integrazioaz...
Atzerritarrez hitz egiten dugunean, batez ere, 1998tik aurrera etorri izan den atzerriko herrialdeko biztanleez ari gara, hau da espainiar nazionalitaterik gabekoez. Hiru ezaugarri berri ditu immigrazio honek: iparreko erakargarritasuna baino gehiago hegoko egozte indarra da azken kausa, migrazioak emakumetu egin dira, eta emigrazioari erabatekoa izateko asmoz ekiten zaio, hau da, hasieratik instalatzeko asmoarekin.
1. Taula. EAEko populazioaren jatorria

Gure Autonomi Erkidegora, zehatzak izateko asmorik gabe, gutxi gorabehera 72.000 atzerritar etorri izan da. Hori diote 2005eko urtarrileko INEko datuek, segurtasun nahikoa duten azkenak, baina aipatu moduan zenbakien fetitxismoetan erori gabe.
2.Taula. Etorkinen eta euskaldunen lurralde banaketa.
EAE. Zenbaki absolutoak eta portzentaiak

Oso datu esanguratsua immigrazioaren lurralde banaketa da (2.Taula). Etorkinen kopuruaren erdia Bizkaian dago, %30 Gipuzkoan eta %20 Araban. Zehatzago, bost eskualdetan dago kokatua batik bat, euretatik hiru hiriburuetako eskualdeak direlarik: Bilbao Handian %39 dago erroldatua, Arabako Lautadan %18,5, eta Donostialdean %15. Gutxi gora behera, lau etorkinetik hiru hiriburuetako eskualdeetan bizi dira. Horrez gain, badaude beste bi eskualde esanguratsu: Bidasoa Beherea %4,4 eta Durangaldea %3,3, dutelarik. Bost eskualdeen artean, %80.
Banaketa hau oso garrantzitsua da, alde batetik, etorkinen kontzentraziorik ematen den adierazten digulako, kontzentrazioak euren pauta kulturalaren mantenuan eta harrera gizarteko kulturarekiko inpermeabilitatean lagun dezake eta. Baina horrezaz gain, beste datu batek interes handia du, ia euskararen eta immigrazioaren lurralde banaketak bat datozen eta ukipenik duten. Horrrela, euskararen lurralde ekologiara jotzen badugu, beste geografia bat daukagu. Hasteko euskal hiztunen gehiengoa Gipuzkoan bizi da (%51,5), Bizkaian %42 eta Araban %7. Beraz, badaude hainbat eskualde euskararen ikuspuntutik erabakiorrak izanik, ia immigraziorik ez dutenak. Kontrara ere, gertatzen da egoera hau. Euskararen ezagutza eta immigrazioaren lurralde banaketako oinarrizko datuetatitk abiatuta, alderik haundienak Araban eta Gipuzkoan ematen direla ikusten dugu.
3. Taula. Euskara eta immigrazioaren lurralde banaketa (%)

1. Grafikoan, banaketa hauek erakusten ditugu, baina hiriburuaren eskualdea eta lurraldea bereiztu ditugu. Grafikoak erakusten duen moduan, euskara (E) eta immigrazioa (I) askotan errealitate paraleloak direla oso nabarmen geratzen da. Etorkinak oso presente daudeneko tokietan, Gasteizen adibidez -Arabako Lautadan-, euskaldun gutxi dago eta euskaldun ugari dagoen tokian, Gipuzkoako lurraldean adibidez, etorkin gutxi dago. Neurri batean, Bizkaiak Gipuzkoako eredua jarraitzen du.
1. Grafikoa. Euskaldun eta etorkinen lurralde banaketa hiriburu eta lurraldeka

Honek guztiak, atariko konklusio batera eramaten gaitu: etorkinak ez du hizkuntzaren bidez jakingo hizkuntza propioa duen lurralde baten kokatua dagoela. Horrelako informazioa egitura gainlinguistikoetatik, batez ere politikaren eremutik, etor lekioke. Faktore hau garrantzitsua da, zeren euskara eta immigrazioaren ekologiak bat ez datozenean ukipenak gertaezinak dira eta hizkuntz inkorporazioa objektiboki zaildua geratzen da.
Harreman zail hau inkorporazio tasarekin ere argitu daiteke. Tasa honek ukipen aukera neurtzen du, lurralde jakin batean etorkin bakoitzeko zenbat euskaldun dagoen neurtzen baitu. Tasa hau lortzeko eskualde bakoitzeko immigrazio eta euskaldun portzentaiak hartzen dira kontuan. Tasa honek deskripzio helburua baino ez du, ez baitago eta muga zehatzik ezartzea, hura gaindituta hizkuntza integrazioa bermatuko digunik.
1. Mapa. Euskararen ezagutza eskualdeka (%)

2. Mapa. Immigrazioaren portzentaia eskualdeka (%)

Orokorrean, datuei erreparatuta (4. taula):
- Araban hiru euskaldun dago etorkin bakoitzeko; Gasteizen ez da hirura ere heltzen.
- Gipuzkoan 16 euskaldun dago etorkineko. Eskualde gehienetan, hogeitik gora euskaldun dago. Baina, etorkin gehienekoetan, Donostialdea eta Bidasoa Beherean, hamar euskaldun inguru dago: Donostialdean %11,5 eta Bidasoa Beherean %9.
- Bizkaian, etorkineko ia zortzi euskaldun dago, baina egoera oso polarizatua dauka lurralde honek: alde batetik, Markina-Ondarroa, Gernika-Bermeo, Arratia-Nerbioi eta Durangaldea ditugu; bestetik, Enkarterriak eta Bilbo Handia.
4. Taula. Inkorporazio indizea euskarara. Eskualdeka.

Taula honetan (4. taulan) oinarrituta, aipagarriak dira Tolosaldea eta Deba Garaia. Lehenean, etorkin bakoitzeko 35 euskaldun dago; bigarrenean, 30. Hurrengo lurralde esanguratsuak Urola (27), Gernika-Bermeo (24), Deba-Beherea (23), Markina-Ondarroa (22), Goierri (21), Arratia-Nerbioi (19) eta Durangaldea (18) ditugu. Eskualde hauetan ia 20 euskaldun edo gehiago dago etorkin bakoitzeko.
Datu hauek etorkinen hizkuntza integrazioan adierazgarriak suerta litezke, etorkinek euren eguneroko hartueman testuinguruetan euskara oso presente aurkitzen dutelako eta, hurbileran ezezik, kultur integrazioan ere lagungarria izan daiteke.
Euskararen gizarte dentsitateak etorkinen hurbiltze prozesuan eta euskara ikastean derrigorrez lagundu behar du, derrigortasunaren premia ezarriz, hizkuntza kalean ikasten baita. Horrela, irakaskuntzako hizkuntza ereduen matrikulazioak konfirmatu egiten du susmo hau, baina geroago aztertuko dugu.
Egoera lagungarri honek badu akats sozial bat: honelako giro euskaldunetan bakarrik bizi dela etorkinen %18 eta euskaldunen ia erdia, %45. Gainontzeko eskualdeetan, beraz, euskararen presentzia eskasekoetan, bizi da euskaldunen %55 eta etorkinen %82. Eskualde hauen artean, hiribuetakoak, Arabako guztiak eta Bizkaiko jendetsuenak -Enkarterriak salbu- ditugu.
Eskualde hauetan ez dago euskaldun nahiko etorkinak euskarara inkorporatzeko. Ez dakigu aipatu ditugun eskualde euskaldunek horrelako helbururik betetzerik duten, baina bigarrenek ez, ezinezkoa dirudi. Beste konturik da immigratzaileen sare sozialak, baina zenbaki handietarako balio ez duenak, ez du euskararen egoerarako balio.
Horrela, Gasteizen tasa hau ez da etorkineko hiru euskaldunera heltzen. Gainera, seguruenik, datozen urteotan, tasa txikituz joango da: etorkinen kopurua igo ahala, tasa gutxitu. Donostialdean, etorkineko euskaldunen kopurua dexentekoa da eta agian euskara trinkotuago dago, baina ez da hori Bilboko kasua. Donostialdean eta Bilbo Handian Erkidegoko euskaldunen %40 bizi da, baina gune euskaldunen konpaktazio gradua eskasagoa da. Konpaktazio ezari beste ezaugarri bat gainezarri behar zaio: espazio segregazioa. Seguruenik, behartuta immigratzaileek bizitzeko aukeratuko dituzten tokiak eta euskaldunek dituztenak ezberdinak izango dira, faktore espaziala bigarren haustura eragilea bilakatzen delarik, hau da, hizkuntza distantziari locus ezberdinak okupatzeak dakarrena gainezarri behar zaio, distantzia fisikoak distantzia soziala islatzen du eta. Honetan guztietan, hipotesi sendoak luzatu ahal izateko mikro-datuez baliatu beharko ginateke, immigratzaileen lan-guneak eta kontratatzaileen ezaugarri soziodemografikoak gurutzatu ahal izateko.
5. Taula. Euskararen dentsitate tasa eta immigrazio portzentaia eskualdeka

2. Grafikoa. Euskararen dentsitate tasa eta immigrazio portzentaia eskualdeka

Esan duguna sakonago aztertzeko euskararen dentsitate tasak immigrazio portzentaiekin duen konbergentzi gradua eskaintzen dugu. Nola atera dugu euskararen dentsitate tasa? EAEko euskaldunen kopuru osoaren banaketa eskualdeka eskualde bakoitzeko euskaldunen portzentaiarekin gurutzatuz, euskara gehien eta sendoen dauden eremuak emango dizkigulakoan. Jakin badakigu tasa hauek guztiak oso eztabaidagarriak direla, baina azalpen saiakera diren neurrian eztabaidatik sortuko dira egokienak. Tresna honen arabera, egoera orekatuena Donostialdeak ematen duena da, immigrazioaren presentziari antzeko euskara dentsitatea kontrajarri behar zaiolako. Hortik aurrera, gainontzeko kasu gehienetan immigrazio edo euskararen aldeko desoreka da nagusi. Grafikoak oso ondo adierazten du desoreka hori, Donostiaz gain bi lerroen konbergentzia puntu gutxitan agertzen da eta. Beraz, bat bateko gainbegiradak immigrazioarekin euskarentzako beste erronka bat agertu dela adierazten du, irabaztear duen beste gizarte espazio bat.
Bertakoen kasuan, espazio horiek, euskara ezarenak, irakaskuntzaren bidez berreskuratu gura izan dira. Bertako gizartea euskalduntzeko irakaskuntza formalean hainbat itxaropen, edo itxaropen nagusia, utzi izan bada, etorkinen kasuan hezkuntza sistemak hizkuntz integrazioan zer nolako eragina duen aztertuko dugu. Aipatu dugun moduan, eta beranduagoko hausnarketak baztertuta, hizkuntz integraziotzat euskaradun edo euskarara hurbiltzea ulertuko dugu. Datu ofizialen arabera, 2005-06 ikasturtearen hasieran, gure Erkidegoan 13.600 ikasle atzerritar zegoen. Bilakaeraren datuak ere eskaini daitezke.
3. Grafikoa. Ikasle atzerritar matrikulatuen bilakaera. EAE. 1999-2006

Azken zazpi urteotan, atzerritarren kopurua sei eta erdi bider hazi da. Ikasle hauek ereduka kontuan hartuz, %50 A ereduan matrikulatua dago, %28 B ereduan eta % 23 D ereduan. Baina, herrialdeka beste banaketa bat ikus genezake: Araban D eredua bakarrik %5 da eta A eta B %95. Beste muturrean, Gipuzkoa dago, D eredua %37 eta beste biak %63. Bizkaia, gutxi gorabehera, EAEren batez bestekoan dago. Honek guztiak (zeren Gipuzkoako datuak nola ulertu behar dira A eta B gehituz ala B eta D gehituz) etorkinez baino gehiago, harrera gizarteko hizkuntzaren egitura intrisenkoa azalera ateratzen du.
4. Grafikoa. Ikasle atzerritarrak hizkuntz ereduka eta lurraldeka (%)

Bestalde, ereduez gain, ikasle etorkin matrikulatuak herrialdeka eta ikastetxearen izaeraren araberako grafikoa eranstea interesgaria deritzogu, neurri batean aurreko hainbat datu konfirmatzeko balio baitu. Horrela, ikasle batek matrikulatzeko eskura duen zentro motak, neurri handi batean bere aukerak mugatu egiten ditu.
5. Grafikoa. Ikasle atzerritar matrikulatuak lurraldeka zentro tipoaren arabera (%)

Etorkinak zentroak aukeratzeko ahalmena dauka ala indarreko eskola mapa aukeratzen du? Bigarren aukeratik ulertzen da Gipuzkoan eginiko hautu orekatua, Bizkaian publikoaren aldeko nabarmena eta Araban publikoaren aldeko polarizatua. Azken finean, zentro motek eta ereduek euskara beraren geografia fisikoa adierazten dute, eta eremu horretan jokatzen dute etorkinek, eurak heldu aurretik zedarritutako lerro eta arauen logikapean. Lerroak aldatzea nekez dago euren esku, egia esateko, ez dago inoiz. Horrela, hurrengo taulan, zentro mota eta ereduen arabera eginikoan, atzerritarrek bikoiztu egiten dute A ereduan EAEko ikaslegoa (%50 vs. %25), B ereduan presentzia handiagoa dute (%28 vs. %23) eta D ereduan bertakoen erdira ere ez dira heltzen (%51 vs. %22). Grafikoki ere, ikus genezake ezberdintasun hori.
6. Taula. EAEko ikasleak eta ikasle atzerritarren banaketa hizkuntza eredu eta zentro tipoen arabera. 2005-06 (%)

6. Grafikoa. EAEko ikasleak eta ikasle atzerritarrak zentro tipo eta hizkuntz ereduen arabera. 2005-2006 (%)

Baina taula honetako datuekin beste interpretazio saiakera bat egin nahi da. Hizkuntz ereduetan eta berauon erabileraren arabera, euskararekiko euskal populazioaren harremana eta jarrera gutxigora behera honako hau da:
A ereduan matrikulatzen da edo kultur baliabide oso eskasak dituena edo eta status sozioekonomiko oso altua eta euskara behar ez duena. Seguruenik, gure gizarteko gizarte egiturako mutur soziologikoak. 2005-06 ikasturtean: % 25. Matrikulazio era honetan faktore ideologikoak inplizitoki ager daitezke eta euskararen preszidibilitatea adierazten da. Jokabide hau klase altua edo posizio nahikoa dutenek jokatzen dute, euren baliabideek euskararik gabe bizi ahal izateko sare sozial nahikoa ematen dietelako, horregatik euren presentziarik nabarmena itunpeko zentroetan ematen da. Ezin da ukatu status sozialaren bidez euskararen aurrean jokabide erresistente bat bideratzen dutenen kopuru zehazgabe bat. Beste muturrean, gure gizartean aukeratzeko ahalmen gutxien dutenak dira: sozialki edo geografikoki aukera inposatua datorkie: %9.
B eredua, erdibideko kontu bat da. Sare publikoan ia desagertua eta bere frekuentziarik haundiena itunpekoetan agertzen da. Gipuzkoako euskara dentsitateak behartuta, beste lurraldeetako A eredu baretua edo D ereduranzko trantsizioa da. A eredua aukeratzen duen moduko sektore sozial baten hautua da B eredua.
D eredua orokorrean erdia baino pizka bat gehiago da EAEn. Eredu honen sektore sozialak ere heteregeneoak dira, hala sare publikoan nola itunpekoan, eta honen aldeko hautua egiten dutenen ezaugarri soziodemografikoak A eredua aukeratzen dutenen parekoak dira neurri handi batean, batez ere itunpeko sarean eta baita publikoaren beste zati batean ere. Hau da, sozialki posizio ona duen sektore batek aukeratzen du D eredua, hala sare publikoan nola itunpekoan. Beste gizarte sektore batek ere aukeratzen du D eredua, batez ere bi arrazoik bultzatuta: 1. normalizazio kulturalaren aldekoa delako, eta, 2. sozialki eskalatzeko, uste baita euskara goranzko mugikortasunean faktore erabakiorra dela. Ustela edo ez, ustea hor dago.
Beraz, gure gizartean, arrazoi ezberdinekin eta status berberarekin batzuetan antzeko gauzak eta besteetan kontrakoak hauta daitezke, hori da identitate arazo sakona bizi duen gizarte baten ordain soziokulturala. Kontua, nolanahi, honako hau da: immigratzaileek, zer egiten dute? Ahal dutena, aurkitzen dutenean matrikulatzen dira, batzuetan ondo informatuz, besteetan euskara arrotzegia izango zaiela uste izanez, besteetan engainuak jasanez... Honek errugabetu egiten ditu? Bai, zergatik ez? Tokiz kanpoko galdera honek bidea ematen du integrazioa gurean zer den argitzeko eta integrazio bideetan laguntzak bilatzeko…
Kultur integrazioaz edo integrazio soilaz...
Honaino helduta eta hizkuntz integrazioarena momentuz bere horretan utzita, kultur integrazioa zer den zehaztea oso zaila da gurea bezalako espazio sozial konplexu batean. Ez da erraza inon, baina uste da forma estatala duten espazio sozialek honelako kezka gutxiago dutela, estatu-forma berak lasaitasuna dakarrelako, babesa delako. Askoren ustez, estatuek bizi duten krisia estaltzeko gero eta premia sinboliko handiagoa izango dute, kultur integrazioa eskatuko dute. Egungo estatu neurotikoek bi agindu kontrajarriren (transnazional ekonomikoen mehatxua jasan eta hiritarren ongizatearen bermea lortu) tartetik irteteko sinboloen erabilera intentsoagoa eskatuko dute, besteak beste argi utzi etorkinei asimilatu behar duten kodea.
Baina, egoera zeharo aldatu dela esan daiteke eta kultur komunitate transnazionalak ere sortzen hasiak dira. Egungo informazio teknologiak direla medio, etorkinek etengabeko komunikazio sareak ezartzen dituzte sorterriarekin, aurreko garaietan baino errazago bi mundutan bizi ahal izango direlarik edo bakarrik eurenean jardun. Mathrioskaren sindromearen ondorioz gure kultur egoera ahulagoa da eta zein izango da etorkinek erreferentzi modura hartuko duten kultur pauta? Euskal kultura ahuldu egingo da etorkinen etorreraren ondorioz? Gure kultur egoeran, immigratzaileak beste hainbat arlotan egiten duten moduan, arazo berriak sortu baino zeudenak intentsifikatu egiten dituzte. Immigrazio aztertzen denean, kontu haundia eduki behar da bi errealitate bereizten:
Diskurtsoen errealitatea: zer esaten den immigrazioaz, zergatik aurkezten den arazo gisa, zenbateraino desitxuratu egiten den immigrazioaren errealitatea diskurtsoetan,... eta Azalera ateratzen dituen arazoen zerrendatze beharra. Harrera gizarteko sektore batzuei bizitza zailagotu egiten zaie immigrazioaren etorrerarekin, batez ere ordezkatuak izan daitezkeen sektore prekarizatuak eta lehen ere baztertzeko zorian zeudenak.
Maila sozialean prekarizazioa arazo ekonomikoen eta bizi baliabideen inguruan sortzen da. Kontua da gurean prekarizazioa kulturan, hizkuntzan, eta euren erreprodukzioan ere ematen dela, ez immigratzaileak datozelako, lehendik ere ahul zeudelako baizik. Beraz, kultur egoera ahulari kultur gainahulezia dakarkio immigrazioak, lehengo arazoak argiago ixteaz gain ez dakar arazo berririk. Are gehiago, oso kontestu euskaldunetan bizi ezean euskal kulturaren errealitatea euskara berarena baino ikusezinagoa zaie atzerritik datozen etorkinei, gure errealitate sozialean oso zaila delako euskaratik haratago euskal kulturaren soslai zehatzik seinalatzea. Non amaitzen da euskara eta non hasi euskal kultura? Arlo honetan ez ditut gauzak oso argi eta euskal kuturaren geroa egungo parametroetan garatzen jarraitu beharko du, ze euskal kulturaren hedadura euskararen zabalera gaitasunetik etorriko da, euskara da euskarria, bitartekoa eta helburua.
Beraz, merezi ote du kezkaren intentsifikazioak immigrazioaren presentziarengatik? Gainera, maila honetara helduta, eta jakinda esango dudanak zeharo gainditzen duela orrialde hauetako gaia eta helburua eta oso diskutigarria dela, ez dugu ahaztu behar neurri handi batean gure gizarte "a-normal" honetan politikak eremu kulturala irentsi egin duela, eta dagoen kultura bera ere politikatik interpretatu dela. Beraz, hipotesi modura gerta liteke euskal kultura eta euskaraz egiten den kultura oso minoritarioa izatea eta ez horregatik bereizketa politikoa ahuldu. Beste modu batera esanda, euskal munduko markadore etnikoa ez dago kulturan edo euskaran, politikan baino. Politikak egiten gaitu euskaldun, ez euskarak edo euskal kulturak. Beraz, posible da kultura oso mugatu baten parean politikoki arrakastatsua izan. Oraintsu arte horrela mantendu izan da, zergatik ez etorkizunean?
Amaitzeko...
Beste kontu bat iruditzen zait euskararena, eta immigrazioak hemen ere ez ditu arazo berriak sortzen, zeudenak berriro seinalatu edo intentsifikatu baino. Horrela,
-
-
Nork ez du askotan pentsatu eta esan egungo ereduak errebisatu egin behar direla, ez dutelako euskararen geroa bermatzen: egoera berriek esperimentazio berritua behar dutela?
-
Nor ez da konsziente euskarak bi kode dituela egungo ikasleengan: bizipenena, zeinetan ia agertzen ez den, eta ikasketena, angustiaz bizi dutena askotan ikasleak. Hau zer da, egoki ala desegoki, on ala txar? Seguruenik on eta desegoki. Seguruenik, izan behar duena.
-
Eremu urbanoak kolonizatzen dituen hizkuntza batek ekidin ditzake hizkuntz sinkretismoa (aspaldian esaten zen euskañola) eta kalitate galera? "0 batuketako" egoeran gaude: zabaleran irabazitakoa sakoneran galtzen da. Jakin badakit, Denek
dakiten moduan, egoerarik egoki eta amestuena zabalera + sakonera formula dela, baina hori ez da posible.
-
Zer egin behar du etorkinak bertakoak egiten ez duenik? Hau ere argumentu erretorikoa da, baina egia da. Agian, bertakoak egiten ez duena eta euskara ikasi, baina hori ere zaila da.
Galdera hauek eta egin daitezkeen beste askoren ostean, immigrazioaren kultur eta hizkuntza integraziorako zeintzuk bide? Hona hemen, neure usterako integrazio eretan oso eragingarriak izan daitezkeen aspektuak:
-
Immigrazioak kultur mailan kaltetu gaitzakeenaren ausnarketaren aurretik, geuk euren bizitza nola bermatu eta duindu dezakegun galdetu behar diogu geure buruari. Beste modu batez esanda, gure kultur minorizazioa egungo apartheid global baten barruan garatzen da, hau da, sozialki eta ekonomikoki faboratuak ateratzen gareneko nazioarteko kontestu baten barnean.
-
Politika sozial berdintzaileak ezarri, diskurtso errazetan ez erori, zeren etorkinak errudun aurkeztearena kate global bat da, baina argudiatzeko mekanismo desegokia.
-
Politika sozialetan bi adarreko arazo bati egin behar zaio aurre: alde batetik, etorkinak aintzat hartu eta baita, bestetik, eta batez ere, etorkinen eraginez afektatuak geratzen diren gure gizarteko sektore prekarizatuak. Gaixotasun berberaz jota daude: miseriaz.
-
Euskal erakunde publikoek immigrazioaren eskuduntza exigitu behar dute, politika sozial eta kultural propioak garatu ahal izateko. Ez da erraza izango eta, adibide gisa, Madrileko tramitazioan Kataluniako Estatutu berritik desagertu egin da.
-
Aurreko guztiaren logika hau da: gizarte integrazioa bermatu egiten bada, kultur mailako integrazioa errazagoa izango da. Maila sozialean eredugarriak bagara kultur eta hizkuntza mailan erakargarriak izango gara.
-
Euskararen geroa faktore askoren emaitza izango da: gauzak ondo egitearena, denborarena, ez ikaratzearena, eta baita egun dituen egitura oztopoen garaipenarena ere, esaterako, euskararen ekologia bera.
-
Zoritxarrez, gure gizartean lasaitasuna baliabide eskasa da, eta horrelako asko ere beharko dugu, ez baitago irtenbide errazik. Amin Maaloufek aspaldi esan zuen, identitate arazoez zeharkatutako mundua erraza balitz, bihurkina nahikoa litzatekeela.
-
Honetan guztian, borondateak lan handia egin badezake ere, edozein gizartek geldiuneak behar ditu eta kultur bilakaera eta berrikuntzak gehiago du zikloetatik bihurgunerik gabeko lerro linealetik baino. Etorkizunean ere erronkak, geldiuneak eta zikloak errepikatuz joango dira, Letek Izarren hautsa poeman ezarri zuen dialektikaren gurpil amaigabeari jarraituz.
|