Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Azurmendi, M.J., Martinez de Luna, I. (ed.)
The case of basque: past present and future



The case of basque: past, present and future2005ean, euskararen egoerari buruzko ale monografikoa argitaratu zuen J.A. Fishmanek zuzentzen duen International Journal of the Sociology of Language (IJSL) aldizkariak. Orduko hartan, Fishmanek berak garatutako RLS (Reversing Language shift) eskemaren araberako ikuspegia eskaini zuen 174. aleak. Orain, aldiz, haren jarraipen den lana dugu eskuartean, Soziolinguistika Klusterra k argitaratua.


The case of Basque: past, present and future lanaren helburu da euskararen egoeraren berri Euskal Herritik kanpo ematea, hau da, hemendik kanpoko soziolinguistika bilgune eta adituen artean zabaltzea. Maria Jose Azurmendik eta Iñaki Martinez de Lunak koordinatu dute lana eta iazkoan ere bi ikertzaileok izan ziren IJSL aldizkariaren ale monografikoa editatu zutenak. Aipatu iazko ale horretan euskararen hizkuntz politika eta plangintza, euskararen jabekuntza, eta helduen euskalduntzea aztertu zituzten hainbat egilek. Azken atalean, berriz, "orainetik etorkizunera" begirakoa egin zuten Maria Jose Azurmendik eta Iñaki Martinez de Lunak. Eskuartean dugun aleak azken artikulu hori du oinarri. Hura abiapuntu hartu eta idatzi dira argitalpen honetako zortzi artikuluak.

Xabier Erizerena da lehenengoa. Izenburua, "History of the Basque Language: From the Discours of its Death to its Maintenance". Egileak euskararen historia soziolinguistikoan ageri diren gertakaririk garrantzizkoenak dakartza orrialdeetara. Besteak beste, XIX. eta XX. mendeetako diskurtso nagusia -modernitatearen esanahiari lotuta zetorrena-, ekartzen du gogora. Diskurtso hark, esan dezagun, hizkuntza txikien heriotza iragarri zuen denbora luzean. Horrekin batera, Erizek 1863tik 1936 urte bitarteko Uitziko (Nafarroa) kasua azaldu du artikuluan, erakutsiz euskarak bertako hiztunen estrategiei esker iraun duela bizirik herrian.

Koro Urkizuren "Basque Language Corpus Planning" dugu bigarren artikulua. Euskararen corpus-plangintzaren historia eginez hasten da lana: Euskaltzaindiak 1968an Arantzazun egin zuen bilkuratik gaurdaino egin den bidea lantzen du Urkizuk. Hori ez ezik, informazio- eta komunikazio-teknologiek corpus-plangintzan eragin dituzten lan eta baliabide berriak ere -izan terminologian, lexikografian, hizkuntza-teknologietan…-, zehatz-mehatz seinalatzen ditu egileak.

Hirugarren kapitulua Xabier Mendigurenek eta Joxe J. Iñigok idatzia da: "The Social Movement in Favour of the Normalization of the Basque Language" du izenburu eta, bertan, euskararen normalizazioaren alde gizarte-eragileek egin duten lana aipatu eta Kontseilua ren bidearen berri ematen da: sorrera, helburuak, mugimenduaren indargune eta ahulguneak, erakunde politikoekiko jarrera, estrategiak eta beste.

Iñaki Martínez de Luna, Xabier Isasi eta Olatz Altunaren "Use of the Basque Language, Key to Language Normalization" dugu laugarren atala. Hemen, soziolinguisten uste sendo bat dugu abiapuntu: alegia, euskararen erabilera guztiz erabakigarria dela hizkuntzaren normalizazio-prozesuan. Honenbestez, euskararen kasuan baliatu diren eredu teoriko-enpiriko eta ikerketak aztertu dituzte egileek artikuluan; hau da, eredu soziolinguistikoak, psikosozialak eta matematikoak. Bestalde, soziolinguistika orokorraren esku jartzen dituzte egileek Euskal Herrian egindako azterketak, oro har hizkuntza gutxituen egoerari aplikatzeko modukoak direlakoan.

Jose M. Zendoiak aski ikuspegi berria du, hizkuntza eta ekonomia uztartu baititu egileak bere idazlanean. "Economic Development and the Basque Language: A sign of hope" du izenburu eta ekonomiak hizkuntza gutxituen auzian jokatu duen rola du aztergai. Joan deneko mendeetan euskarak ekonomia-aro bakoitzean egin duen atzerakada azaldu eta egungo egoera berriari begirakoa egin dio egileak. Teknologia-aurrerapenek hizkuntza gutxituei dakarzkieten onurak ere azpimarratzen ditu Zendoiak.

Seigarren artikulura etorrita, Jone M. Hernandez, Olatz Olaso eta Iñaki Martínez de Luna ditugu "Theoretical, Social and Political Discourses on the Basque Language" lanaren egile. Soziolinguistika lanetan ari diren ikertzaileek hizkuntzaren gaineko diskurtsoari ematen dioten inportantzia handia azpimarratzen dute egileek. Izan ere, gizarteak hizkuntzarekiko duen harremanaren erakusgarri da diskurtso politiko zein soziala eta, honenbestez, nahitaez aztertu beharrekoa hizkuntza baten prozesua ulertu nahi izatekotan. Beste alde batetik, ikertzaileen interpretazio eta teoriak gizarteratzeak diskurtso sozialari berari ere eragiten lagunduko duela diote egileek artikuluan.

Mikel Zalbide, Nicholas Gardner, Xabier Erize eta Maria Jose Azurmendiren "The Future of Basque in RLS Perspective" dugu zazpigarren lana. Lehenengo, hizkuntza plangintzari buruz joan deneko berrogeita hamar urtean Euskal Herrian egin  diren saioak eta hizkuntzaren jabekuntzari begira ireki diren lan-lerroak gogora ekarri dituzte, labur-labur, egileek. Ondoren, hizkuntzen arteko koexistentzia eta euskararen komunitatearen ezagupen aitortuari buruzko gogoeta egiten da. Artikuluan zehar, kontsensuari buruzko gogoeta egin eta euskararen etorkizuna baldintza lezaketen zenbait eragile aletzen dira. Horrekin batera, hitzean eta hortzean dabiltzan hainbat argudioren berrikuspen eta, partez bederen, ukapena egiten da bertan. Bestalde, RSL eskema berrirakurtzen dute artikulugileek, eta haren gaitasun eta mugak zehazten.

Azkenik, Bojan Brezigar-en lana dugu: "Language Policies of the European Union with Reference to Regional or Minority Languages". Artikulu honetan, 90eko hamarkadatik hona Europako Batasunean ezarri diren hizkuntza-politikak aztertzen ditu Brezigarrek. Horri dagokionez, Europako Legebiltzarrak, Europako Batzordeak, Europako Ministro Kontseiluak, Erregioetako Batzordeak eta Europako Konstituzioa ren zirriborroa egiteko batzordearen lanak azaltzen ditu egileak argitalpen honetako azken artikuluan.


Aurkibidea

  • The Contributors
  • Introduction
    Maria-Jose Azurmendi and Iñaki Martinez de Luna
  • 1. History of the Basque Language: From the Discours of its Death to its Maintenance
    Xabier Erize
  • 2. Basque Language Corpus Planning
    Koro Urkizu
  • 3. The Social Movement in Favour of the Normalization of the Basque Language
    Xabier Mendiguren and Joxe I. Iñigo
  • 4. Use of the Basque Language, Key to Language Normalization
    Iñaki Martínez de Luna, Xabier Isasi and Olatz Altuna
  • 5. Economic Development and the Basque Language: A sign of hope
    Jose M. Zendoia
  • 6. Theoretical, Social and Political Discourses on the Basque Language
    Jone M. Hernandez, Olatz Olaso and Iñaki Martínez de Luna
  • 7. The Future of Basque in RLS Perspective
    Mikel Zalbide, Nicholas Gardner, Xabier Erize and Maria-Jose Azurmendi
  • 8. Language Policies of the European Union with Reference to Regional or Minority Languages
    Bojan Brezigar

Liburuaren ezaugarriak
  • Bildumagileak: Maria-Jose Azurmendi eta Iñaki Martinez de Luna (ed.)
  • Hizkuntza: ingelesa
  • Argitaratzailea: Soziolinguistika Klusterra, Donostia
  • Urtea: 2006
  • Orriak: 160
  • ISBN: 84-609-9703-0

 

 

Azken eguneratzea: 2006/07/21