Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren argitalpenak administrazio arloari buruz:


Erabilera planak taxutzeko oinarri eta helmuga orokorra erakusten dute. Ondoren, sailetako erabilera planetan zehaztu eta gorpuztuko dira. Aipagarriak dira: Administrazioaren jarrera proaktiboa, kalitatezko komunikazioen aldeko apustua eta sortze lanaren aldekoa.

III. Plangintzaldiaren balorazioak agerian utzi zituen etorkizunerako lan-ildoak. Haiei jarraituz diseinatu eta onartu zuen Eusko Jaurlaritzak bere Erabilera Plana. Bada, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzaren plan horren irizpide nagusiak bildu eta gainerako herri-administrazioen esku jarri ditu, beharrezko egokitzapenak eginda, lagungarri izango direlakoan erabilera planak diseinatu eta garatzerakoan.

Apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua. Dekretu horren arabera, entitate bakoitzak euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu eta gauzatu behar du, euskal herri-administrazioetan hizkuntzaren normalizazio prozesua hezurmami dadin.
Bada, Dekretu horren 6. atalari jarraiki, III. Plangintzaldiari dagokion balorazio txostena egin du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, eta horren berri eman dio Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluari, herri-administrazioetan hizkuntza normalkuntza zertan den ezagutzera emateko.
III. Plangintzaldiaren balorazio txosten horrek badu alde kuantitatiboa eta alde kualitatiboa; azken honetan adituek, normalkuntza teknikariek eta arduradun politikoek hartu dute parte, eta ekarpenik garrantzitsuak egin dituzte; bat azpimarratzekotan, ondoko hauxe nabarmentzen da: etorkizunera begirako lan ildoen proposamena.


Argitalpen honetan Amorebieta-Etxanon 1995eko ekainaren 22 eta 23an antolatutako Euskararen erabilera Administrazioan deituriko jardunaldietako ponentziak jasotzen dira. Hain zuzen ere, udaletan (Aulestia, Lezo, Irun eta Donostia) eta foru-aldundietan (Gipuzkoako Foru Diputazioa) egiten ari diren euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoen berri ematen da, baita Bergara eta Antzuolako udaletan burutzen ari den AEBE (Administrazioan Euskara Bultzatu Erabili) proiektuarena ere. Era berean, euskararen normalkuntzaren inguruan sortutako lan-taldeetako partehartzaileen iritzi, asmo eta kezka batzuk ere bildu dira.
