Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak IV. Inkesta Soziolinguistikoa egin du eta duela gutxi argitaratu ditu emaitzak. Emaitza horietako batzuk eta hainbat ondorio ekarri ditugu ekaineko Berripaperera.
Inkestak euskararen lurraldeetako 16 urte edo gehiagoko biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.500.000 pertsona gutxi gorabehera). Beraz, ez ditu kontuan hartzen hamasei urtetik beherakoak. Adin-tarte hori pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Sexuaren eta adinaren arabera estratifikatu ohi da azterketa, eta, guztira, 7.200 inkesta egin dira. Informazioa jasotzeko, galdetegi egituratua eta itxia erabili da. 2006ko abenduan bukatutako datu-bilketan oinarrituta daude IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak.
IV. Inkesta Soziolinguistikoak lau ikerketa-eremu jaso ditu: herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzaren transmisioa; euskararen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, lanean, eremu formaletan eta abar) eta euskararekiko jarrera.
Inkesta soziolinguistikoa HPSk bost urtetik behin burutzen duen azterlana da. Lehenengoa 1991n egin zuen eta 2006ko datuekin egindakoa da azkena. Beraz, orain arte lau inkesta soziolinguistiko egin ditu HPSk. Ondorioz, bost urteko begiradatik harago (bost urteko ikuspegia laburra da hizkuntza baten biziberritze-kontuak zertan diren azaltzeko), hamabost urteko bilakaera aztertzeko aukera eman dute datuok. Patxi Baztarrika sailburuordeak emaitzen aurkezpenean azaldu zuenez, «hamabost urteko ikuspegia izatea, euskararen bilakaeraren berri izateko eta euskararen erronkak azpimarratzeko aukera paregabea da».
Hizkuntza-gaitasuna
2006ko datuen arabera, Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,7 elebiduna da, % 15,4 elebidun hartzailea eta % 58,9 erdaldun elebakarra.
Lurraldeka, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 16 urte edo gehiagoko elebidunak % 30,1 dira (1991n baino 6 puntu gehiago), Iparraldean % 22,5 (1991n baino 11 puntu gutxiago) eta Nafarroan % 11,1 (1991n baino 1,6 puntu gehiago).

Hau da, 16 urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten.

16 urte edo gehiago dituzten biztanleak hartu beharrean, biztanleria osoa kontuan hartuz gero, Euskal Herriko elebidunen ehunekoa are handiagoa da. Izan ere, hizkuntza-gaitasuna adinaren arabera neurtuta, ikus daiteke elebidunen hazkundea gazteen artean gertatzen ari dela bereziki. EAEn eta Nafarroan, esaterako, 16 urtetik beherako gazteen artean dago elebidunen ehunekorik handiena. 2001eko erroldako datuei erreparatuz gero, ikusiko dugu EAEko hiru biztanletik bat elebiduna dela eta 16 urtetik beherakoen % 66. Iparraldean, aldiz, 65 urtetik gorakoen artean dago elebidunen ehunekorik handiena, eta adinak behera egin ahala behera egin du elebidunen ehunekoak. Halere, Iparraldeko gazteen artean joera-aldaketaren zantzuak gero eta argiagoak dira, eta 2006ko datuen arabera gora egin dute elebidunen ehunekoak eta kopuruak.
Aldi berean, erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere. Erdaldun elebakarren beherakada eta elebidunen hazkundea are azpimarragarriagoa da kontuan hartzen baditugu azken urteotan gure gizarteak bizi dituen aldaketa soziodemografikoak. Batetik, euskal gizartea gero eta zaharragoa da. Jaiotze-tasa oso txikia da; beraz gazteen multzoak, gaur egun elebidun gehien biltzen dituenak hain zuzen ere, gero eta pisu txikiagoa du gizarte osoarekiko. Aldi berean, azken 15 urteotan nabarmen hazi da etorkinen ehunekoa. EAEn % 5 izatera iritsi dira eta Nafarroan % 10 izatera. 100.000 etorkin baino gehiago daude erroldatuta EAEn. Iparraldean etorkinen eragina txikiagoa izan da azken urteotan.
Halere, esan daiteke elebitasuna gora doala EAEn eta Nafarroan. EAEn indartsu, eta Nafarroan apalago baina etengabe. Iparraldean, aldiz, galerak daude oraindik eta izango dira datozen urteotan ere. Halere, esan bezala, Iparraldeko gazteen artean gora egin du elebidunen ehunekoak eta kopuruak.
Elebidunen multzoa asko aldatu da azken 15 urteotan. 1991n elebidun gehienak (% 79,3) euskaldun zaharrak ziren, hau da, etxean jaso zuten euskara. Euskaldun zaharrak, gainera, nagusi ziren adin-talde guztietan. 2006an, aldiz, euskaldun zaharrek nagusi izaten jarraitzen badute ere (% 57,9), gazteen artean irauli egin da egoera. Izan ere, 16-24 urte bitarteko gazte elebidunen erdia baino gehiago (% 54,5) euskaldun berria da dagoeneko, hau da, eskolan edo euskaltegian ikasi du euskara. 1991n adin-tarte horretako elebidunen % 15 besterik ez zen euskaldun berria. Hor dago erabileran ondorio erabakigarriak eta askotarikoak dituen datua.

Gazteen arteko euskaldun berrien nagusitasuna argia da EAEn eta Nafarroan, eta eragin zuzena du euskara erabiltzeko erraztasunean nahiz zailtasunean. Izan ere, elebidunen artean, erdal elebidunek, hau da, erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnek, osatzen dute multzorik handiena EAEn eta Nafarroan.
Hizkuntzaren familia bidezko transmisioa
Gaur egun, gurasoak elebidunak direnean, euskararen transmisioa ia erabat ziurtatuta dago EAEn eta Nafarroan, eta oraindik galerak daude Iparraldean.
Bikotekideen hizkuntza-gaitasunak erabat baldin-tzatzen du hizkuntzaren transmisioa:
-
EAEn eta Nafarroan, gurasoak elebidunak direnean seme-alaben % 98tik gora euskara jasotzen dute etxean. Iparraldean ere ehuneko hori handia den arren, beste bi lurraldeetan baino 10 puntu txikiagoa da.
-
Bikotekideetako batek euskaraz ez dakienean, aldiz, seme-alaben % 86k EAEn, % 71k Nafarroan eta % 44k Iparraldean euskara jaso dute etxean.

Euskararen erabilera
Euskal Herriko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 25,1ek euskara erabiltzen du neurri batean ala bestean:
-
% 15,3k euskararen erabilera trinkoa egiten du, hau da, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen du eguneroko jardunean.
-
Aldi berean, % 9,8k euskara erabiltzen du, baina erdara baino gutxiago.
Erabilerari buruzko emaitzetan alde handiak daude lurralde batetik bestera. Izan ere, euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dutenak, hau da, euskararen erabilera trinkoa egiten dutenak % 18,6 dira EAEn, % 10,3 Iparraldean eta % 5,6 Nafarroan. Horiez gain, euskara erabiltzen dutenak, baina erdara baino gutxiago, % 11 dira EAEn, % 12,3 Iparraldean eta % 4,1 Nafarroan.
Azken 15 urteotako bilakaera aztertuz gero, euskararen erabilerak gora egin du apurka-apurka EAEn, bere horretan dago Nafarroan eta behera egin du Iparraldean.
EAEn euskararen erabilerak izan duen igoera erabilera-eremu guztietan gertatu da oro har. Egia da, halere, igoera hori handiagoa izan dela eremu formalean, hau da, udalarekin, osasun-zerbitzuekin, bankuekin edo kutxekin eta dendetan egiten dugun erabileran, eremu informaletan baino, hau da, etxekoekin, lagunekin edo auzokoekin egiten duguna baino.

Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatuz gero, elebidunen kopurua gehitu den arren eta gizartean oro har euskararen erabilera hazi den arren, elebidunen euskararen erabilera ez da hazi. Elebidunek ez dute gaur gehiago erabiltzen euskara. 16-24 urte bitarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza gaztelania izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.

Euskararen erabilera sustatzeari buruzko jarrerak
Euskararen erabilera sustatzearen alde daude 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 64,7 EAEn, % 41,2 Iparraldean eta % 37,7 Nafarroan.
Euskara sustatzearen ez alde ez aurka, biztanle-multzo esanguratsua dago: % 41,1 Iparraldean, % 28,1 Nafarroan eta % 24 EAEn.
Euskara sustatzearen aurka daudenak % 11,2 dira EAEn, % 17,6 Iparraldean eta herena (% 34,2) Nafarroan.

Euskararekiko jarrerak lotura handia du hizkuntza-gaitasunarekin. Izan ere, euskararen erabilera sustatzearen alde daude elebidunen % 85etik gora EAEn eta Nafarroan, eta % 75 Iparraldean. Erdaldun elebakarren artean, euskararen erabilera sustatzearen kontra daudenak % 24,4 dira EAEn, % 46 Nafarroan eta % 26 Iparraldean.
Adinari dagokionez, 65 urtetik gorakoen artean euskararen erabilera sustatzearen alde daudenen ehunekoa handia da hiru lurraldeetan. EAEko eta Nafarroako gazteen artean ere oso altua da euskararen erabilera sustatzearen aldeko jarrera. Iparraldean, aldiz, gazteenak dira aldeko ehunekorik txikiena dutenak.
Ondorio nagusietako batzuk
- Hamabost urteko ikuspegiarekin aztertuta euskarak indarberritzearen aldeko joera erakusten du argi eta garbi.
- Hamasei urte edo gehiagoko biztanleen artean, 1991n baino 137.200 elebidun gehiago daude 2006an. Elebidunen hazkundea Nafarroan eta, batez ere, EAEn gertatu da. Iparraldean, aldiz, oraindik ere galerak daude, baina gazte elebidunen kopurua hasi da dagoeneko gora egiten. Aldi berean, hamasei urtetik gorako erdaldun elebakarrak duela 15 urte baino 133.900 gutxiago dira Euskal Herrian (% 70 1991n eta % 58,9 2006an). Erdaldun elebakarren ehunekoak behera egin du EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, aldiz, gora egin du bai kopuruak baita ehunekoak ere.
- Gizartea bizkor aldatzen ari da, zahartze-prozesua areagotzen ari da, jaiotze-tasa urriak ia-ia bere horretan segitzen du eta denbora laburrean etorkinen kopurua ikaragarri hazi da.
- Hamabost urteko perspektiban euskararen indarberritzeak urrats sendoak egin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta motelagoak Nafarroan. Iparraldean, ostera, hiztun-galera gertatzen ari da. Hala ere, galera-joera apaltzen eta gazte-belaunaldien ekarriaz aukera berriak sortzen ari dira.
- Euskararen erabilera ez da ezagutza beste hazten ari. Hori normala da: hizkuntzaren erabileran hiztunen hizkuntza-gaitasunak, harreman-sareak eta erabilera-eremuak erabakigarriak direlako gertatzen da hori. Hiztun asko berriak dira: 2006an EAEko 16-24 urte tarteko bitarteko elebidunen % 55 dira euskaldun berriak, baina, 1991n elebidunen % 15 bakarrik ziren erdara lehen hizkuntza zutenak. Elebidunen erdia gune erdaldunetan bizi dira (elebidunak % 40 baino gutxiago dituzten hiriguneetan). Beraz, elebidun gehienek gaztelaniaz edo frantsesez nagusiki jarduten duten harreman-sare zabalak dituzte eta euskara erabiltzeko erabilera-eremu urriak dituzte.
- Ezagutzak ez ezik erabilerak ere gora egin du, eremu formaletan batez ere. Gazteen artean geroz eta nabarmenagoa da euskararen erabilera izaten ari den hazkundea (esate baterako, EAEn, 16-24 urteko bitarteko gazteen artean % 24k erabiltzen du euskara gaztelania beste edo gehiago, 1991n % 12 baino ez ziren erabiltzen zutenak). Hala ere, esan behar da, gazteen arteko erabileraren hazkundea batez ere gertatu dela elebidunen kopurua nabarmen hazi delako.
- Gizarte osoko erabilera kontuan hartu ordez elebidunen erabilerari erreparatzen badiogu, elebidunen kopurua gehitu den arren, erabilera ez da hazi. Gizartean oro har nabarmen hazi da euskararen erabilera, baina gaur elebidun direnek ez dute lehen elebidun zirenek baino gehiago erabiltzen euskara. 16-24 urte bitarteko gazte elebidunek 1991n baino gutxiago erabiltzen dute euskara 2006an. Besteak beste, lehen hizkuntza erdara izatean euskaraz jarduteko erraztasun urriagoa dutelako eta gehienak gune erdaldunetan bizi direlako gertatzen da hori.
|