|
Euskara mintzagai bildumak gure hizkuntzaren sustrai, enbor, adar eta fruituak ondo asko aztertu nahi ditu eta euskaltzale guztiei ikerlan monografikoetan eskaini. Milaka urte dituen mintzaira honen jatorria, bilakaera, osagaiak, kanpora eta barrura izandako harremanak, euskal jendeak sortutako kultur adierazpideak... Halakoak eta beste gertutik eta modu arin batean ezagutzeko prest dagoen horrek badu zer irakurri, zer ikasi. Aldian-aldian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak argitara emango dituen liburuxka hauek gure hizkuntza, gure herria, geure burua hobeto ezagutzeko aukera emango digute ugalduz joango da.
Jardunari ekiteko Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak behingoan bi erakunderen elkarlana koordinatu du: Labayru eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) dira egitasmo honetako partaideak.
Bildumak honako ezaugarriak ditu:
- Dibulgazio-lanek osatuko dute. Euskarak bere baitan biltzen dituen osagaiak, izan dituen harremanak eta sortu dituen adierazpenak aztertu nahi ditu bilduma honek, eta luzera txikiko monografia-lanetan sintetizatuta eskaini. Gaietan sakondu nahi duenak erreferentzia asko eta asko izango ditu aldean, proposatutakotik abiatuta gure hizkuntzaren zokoak ezagutzeko.
- Edizio itxuroso eta ondo zaindua: irudiz eta argazkiz osatua, bibliografiaz lagunduta …
- Interneterako bertsio osagarria: jatorrizko testuak abiapuntu, sareak eskaintzen dituen baliabide askori lotua. Irakurtzeko, ikusizko eta entzutezko testuetara jotzeko aukera. Horretaz gain jatorrizko bertsioak PDFetan ere eskainiko dira, interesa duen edozeinek eskura izan dezan.
- Jasotzaileak: euskaltzaleak oro har. Zabaltze eta banaketak paperezko euskarrian batik bat ikastetxeetara, euskaltegietara eta liburutegietara joko du. Irakasleek eskura izan dezaten nahi dugu, euren jardunean bildumak proposatutako gaiak txertatzeko aukera eskainiz, gure gazteak ere jasotzaile bihurtuz. www.euskara.euskadi.net atarian gelarako zenbait proposamen topatuko ditu interesa duen irakasleak.
Izenburua: Euskararen geografia historikoa Zenbakia: 1 Egileak: Adolfo Arejita, Ander Manterola eta Segundo Oar-Arteta Argitalpen-urtea: 2007 Orri-kopurua: 56
Laburpena:Labayru Ikastegiaren eskutik datorren Euskararen geografia historikoa ikerlanak euskarak menderik mende bizi izandako gorabeherak azalduko dizkigu, gure hizkuntzaren mapak zeintzuk izan diren irudikatuta. Munduko hizkuntza zaharrenetakoak kanpotik etorritako eraginei zelan eutsi dien, zelan asmatu duen bizirik jarraitzen ikasi ahal izango dugu.
Izenburua: Ahozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun Zenbakia: 2 Egilea: Ana Eizagirre Argitalpen-urtea: 2007 Orri-kopurua: 48
Udako Euskal UnibertsitateakkAhozko hitzetatik idatzietara: ikasi eta jardun ikerlana dakarkigu. XIX eta XX. mendeetan zehar irakurtzen eta idazten ikasteko aukeren bilakaera eta euskaraz idatzitakoa irakurtzeko herritarrek izan dituzten moduak zeintzuk izan diren ulertzen lagunduko dizuten gako nagusiak eskainiko dizkizu lan honek.
Izenburua: Euskal Herriko Prentsa: XVIII. mendetik 1945era Zenbakia: 3 Egilea: Maria González Gorosarri (Udako Euskal Unibertsitatea) Argitalpen-urtea: 2008 Orri-kopurua: 48 eta separata (24 orr.)
Maria Gonzálezek idatzitako monografiak euskal prentsa du aztergai, hastapenetatik Bigarren Mundu Gerraren bukaera artekoa hain zuzen. Zein izan zen euskarazko prentsak emandako lehenengo berria? Zein esparru bete ditu kazetaritzak epe luze horretan? Nolakoak ziren euskal prentsaren irakurleak? … Halako itaun eta besteri emango dio erantzun testuak. Gehigarrian aztertutako prentsaren adibideak argitaratu ziren bezala izango du irakurleak.
Izenburua: Euskara eta Euskalkiak Zenbakia: 4 Egileak: Adolfo Arejita eta Igone Etxeberria (Labayru Ikastegia) Argitalpen-urtea: 2008 Orri-kopurua: 48 eta 1863ko Bonaparteren mapa
Egileek euskararen bilakaera aztertu dute, hizkuntzaren baitan dauden aldagaiak gogoan: hizkuntza eta dialektoak zertan diren, euskalkien eta azpi-euskalkien eremu geografikoa, eta horren harrira egindako ikerketak. Liburuarekin batera 1863an Bonaparte Printzeak Londresen argitaratutako euskalkien maparen erreprodukzioa eskaini da.
Izenburua: Herri Literatura Zenbakia: 5 Egileak: Igone Etxeberria eta Jabier Kalzakorta (Labayru Ikastegia) Argitalpen-urtea: 2009 Orri-kopurua: 76 eta Herri literatura kantu-liburua eta CD audioa
Labayru Ikastegiko Igone Etxebarriak eta Jabi Kalzakortak paratu duten Herri literatura liburuak euskal literaturaren eremu hori azaltzea eta argitzea du xede, eta, bide batez, behar duen tamainako inportantzia aitortzea. Orrialdeotan irakurleak gaiak biltzen dituen alderdien berri jasoko du, adibidez ederto osatuak: errefrauak eta esaerak, igarkizunak eta aho-korapiloak, koplak, baladak, bertsolaritza… Liburua aberaste aldera kanta, bertso eta ipuinez osaturiko grabazio bilduma ederrarekin egingo du topo irakurle-entzuleak. Asmoa argia da: berez ahozkotasunaren ezaugarri duen literatura mota hau bere benetako testu-inguruan gozatzea.

Izenburua: Euskarak erakutsi koloreak ikusten Zenbakia: 6
Egileak: Txema Preciado (Udako Euskal Unibertsitatea) Argitalpen-urtea: 2009 Orri-kopurua: 52 eta Jack Londonen 'Itzala eta distira' ipuina, Xabier Olarrak itzulia
Txema Preciadok idatzi eta UEUren eskutik datorren Euskarak erakutsi koloreak ikusten testuak koloreen gaiaren hainbat alderdi ikusaraziko dizkigu. Aurrenik kolorearen alderdi fisikoaz arituko da, ikusmenaren nondik norakoak gizakien zein animalien artean zelan egituratzen diren. Jarraian alde kulturalek biltzen dituzten konnotazioak izango ditu hizpide: munduaren errealitatea ulertzeko hizkuntzak darabiltzan mekanismoek ageriko utziko dute zein aberats den kultur artekotasuna. Hirugarrenez, koloreak interpretatzean euskarak dituen baliabideak ikasiko ditugu, liburuaren izenburuari zuzen erantzuten diona. Azkenik, laugarren atalean, gaiaren inguruan zenbait gogoeta bildu ditu egileak, aurretik landutako ikuspegiak kontuan hartuta. Liburuarekin batera, eta separata gisa, Jack Londonek idatzitako Itzala eta distira ipuina jasoko du irakurleak, Xabier Olarrak itzulia. Koloreak eta ikusezintasuna dira narrazio laburraren osagai nagusia.
|
| Azken eguneratzea: 2011/07/12 |
|