Hegoaldeko lurren okupazioa
Zelta, erromatar, bisigodo eta musulmanen nekazaritzako lurren okupazioek eta okupazio militarrek aspaldi-aspalditik sortu zituzten kokalekuak Euskal Herriko hegoaldean (Arabako eta Nafarroako hegoaldea). Horren ondorioz, hizkuntza-ukipenezko egoerak bizi izan ziren batez ere latinarekin, eta geroago gaztelaniarekin, euskal hiztunen eta beste hizkuntzetakoen artean. Inguru hauetatik abiatuta, gaztelaniak Hego Euskal Herrian zabaldu zen, astiro baina etengabe.
Alde horretatik begiratuta, euskararen historia hegotik iparrera arian-arian atzeraka doan hizkuntza baten historia da.
Ipar Euskal Herriko euskal hiztunek alboko hizkuntzetako hiztunekin izan duten hizkuntza-ukipenari dagokionez, presio ekonomikoa eta linguistikoa askoz ere txikiagoa izan denez, euskarak arazorik gabe atxiki ahal izan du bere lurraldea mende askotan zehar.
Ekonomia tradizionalaren garrantzia
Euskal ekonomia tradizionalak (abeltzaintza, nekazaritza eta arrantza), gizarte urbanoarekin kontrajarrita, estuki lotuta doa euskarak historian zehar izan duen bilakaerarekin. Izan ere, euskara atxiki-atxikia egon da bizimodu tradizionalari eta, hortaz, kanpoko eraginetatik babestuago. Hiriak, aldiz, hizkuntza erromanikoen sarbide izan dira sarritan. Bertan, euskarak galduz joan da bere funtzioak, lehendabizi lingua franca edo merkataritzako hizkuntza moduan, eta gero gizarte erabileraren funtzioak.
Faktore geografikoari gehitzen badiogu bizimodu urbanoaren gero eta garrantzi handiagoa, erraz ulertzen da euskarak Araban eta Nafarroan izan zuen atzerakada goiztiarra. Kasu bietan bateratzen dira, batetik, latinaren eta hizkuntza erromanikoen antzinako eragina eta, bestetik, hiriaren presio gero eta handiagoa (batean Gasteiz eta bestean Iruñea).
Industrializazioa
Industrializazioa ere faktore erabakigarria izan da euskararen atzerakadaren prozesuan. XIX. mendean hasita, batik bat Bizkaian eta Gipuzkoan utzi zuen bere lorratza. Industrializazioaren eraginez, urte gutxitan herrialde historiko bietan euskara gutxiengo baten hizkuntza izatera pasa zen. Hori ulertzeko, industrializazioarekin estu-estu loturiko hiru elementu hartu behar dira kontuan.
Lehenengo eta behin, euskal hiztun asko baserritik kalera egin zuen, non euskararen bizi-indarra askoz ahulagoa baitzen. Bigarrenik, eskulanaren premiak eraginda erdal hiztun olde bat iritsi zen Espainiar Estatutik, eta toki askotan hiztun talde nagusi bihurtu. Eta azkenik, eskolaratzea, gaztelania hutsez, asko zabaldu zen.
Gizarte taldeen jarrerak
Euskararen bilakabidean gizarte taldeek izan dituzten jokamoldeek ere eragin handia izan dute.
Oro har, esan liteke goi-mailako euskal gizarteak (nobleak, merkatariak, apaizak eta burgesia) ez duela leialtasunik erakutsi euskararekiko. Salbuespen dira elizaren barruko hainbat sektore euskaltzale.
Erakundeen bultzada
Erakunde instituzionalen babesa, azkenik, hil edo bizikoa izan da euskararen iraupena eta suspertze soziolinguistikoaren barruan. Foruen Erregimena ez zen aski izan euskararen erabilera soziala babesteko, halaxe frogatzen dute-eta Arabak XVIII. mendean bizi izan zuen egoerak eta Nafarroak XIX. mendearen lehen erdialdean bizi izandakoak. Alde batera utzita Foru Aldundiek XX. mendeko hasierako hamarkadetan egindako zenbait ekintza edo Espainiako Gerra Zibilean Eusko Jaurlaritzak ekarri zuen tarte laburra (1936), erakunde instituzionalen babesa ez zitzaion iritsi euskarari XX. mendeko 80ko hamarkada arte, demokrazia berrezarri eta Euskal Autonomia Erkidegoaren (1979) eta Nafarroako Foru Erkidegoaren (1982) autonomia estatutuak onartu arte.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan jasotako babes instituzionalari esker, aurrerapen nabarmenak lortu dira hizkuntzaren estandarizazio eta modernizazioaren alorretan, hezkuntza sisteman txertatu da, bai eta kulturgintzaren ekoizpen sisteman, hedabideen munduan, Administrazioan eta enpresen eremuan ere.
Euskarak hiru administrazio-eremuetan (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) duen egoera erkatuz gero, argi eta garbi ikusten da zeinen garrantzitsua den hizkuntza gutxituentzat erakundeen babesa. Eta erakusten du, halaber, gezurra dela modernotasunak eta aurrerabideak hizkuntza-komunitate txikien galera dakartela ezinbestean, zeren eta hizkuntza gutxituen etorkizuna, funtsean, euren gizartearen eta politikarien borondatean baitatza, gero eta irekiago eta lotuago dagoen mundu honetan hizkuntza aurrerabidean eta garabidean jartzeko apustu garbian.