Ezartze-lanak
Omenaldiaren aurreko egunean, Lauaxetaren izena daraman kale kantoian (‘Lauaxeta’ eta ‘Donostia’ kaleen arteko ertzean, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean), 37ko ekainaren 25an hil zuten Santa Isabel hilerritik ez oso urrun, jarri zuten Lauaxetaren soinenbor hau, hare-harri eta brontzez egina. Irudia sortu zuen enpresak berak, ALFA-ARTEk, izan zuen lan honen ardura.
Omenaldi-eguna heldu da
Ekitaldian Ertzaintzaren Musika Bandak hainbat pieza jo zituen eta Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailburuak, Lauaxeta zenaren iloba Miren Sorkunde Urkiagak eta Alfredo Iturricha Gasteizko udaleko zinegotziak parte hartu zuten. Omenaldian eta soinenborraren bistaratzean, baita ere, honako agintariak izan ziren: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Esther Larrañaga, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua; Joseba Azkarraga, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua; Tontxu Campos, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua; Carmelo Barrio, Euskadiko PPko idazkari orokorra, eta Jose Antonio Llona, Laukizko alkatea.
Miren Azkarate Kultura Sailburuak nabarmendu zuenez Lauaxetak, askatasuna "maite izan zuen" eta euskara eta herri hau, Euskadi -Euskal Herria- "bihotzean eraman" zuen. "Gizon fededun, bakezale eta eredugarri honi, gizarte honen izenean, Eusko Jaurlaritzak eskultura hau ipini dio, omenaldi eta errekonozimendu gisa". Azkaratek gogorarazi zuen Lauaxeta "konpromiso handiko" gizona zela. "Gerra piztu zenean, bakezalea izan arren, herria defendatzera joan zen, berak erabiltzen zekizkin armekin, hitzarekin". "Eusko Jaurlaritzaren zerbitzari leiala, berea dugu Ertzaintzaren izen pontea , ertzaña, poeta batek bataiatu polizia! Eta bere konpromisoa bizitza ematerainokoa izan zen, berak bere bizitza eman zuen herri eta gizarte honekin zuen konpromisoagatik". Gernika bonbardatua bisitatzera zeramatzan kazetariekin batera atxilotu zuten nazionalek Lauaxeta, 1937ko maiatzaren 1ean.