|
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzar 2008ko aurrekontua eta diru-laguntza deialdiak aurkeztu dituzte gaur goizean Donostian. 54.474.005 eurokoa da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2008ko aurrekontua. Beraz, 2007koarekiko %6,5eko gehikuntza izan du, eta legealdiko lehen aurrekontuarekiko -2005ekoarekiko, alegia- %44,04koa. HABEk kudeatuko duen aurrekontua 42.900.000 eurokoa da. Beraz, 2007koarekiko %6,19 gehiago, eta legealdiko lehen aurrekontuarekiko %50,52 gehiago. Bestalde, 2008ko diru-laguntza deialdiei dagokienez, dagoeneko Aldizkari Ofizialean argitaratu dira guztiak, legealdian %61,73 igo direlarik. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aurrekontuaren %82 diru-laguntzetara destinatzen da, zuzenean euskararen erabilera sustatzeko proiektuak bultzatzera.
Gaurko prentsaurrekoan izan dira: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Lore Bilbao Artetxe, Kultura saileko Zerbitzu Zuzendaria, Miren Dobaran, Euskara sustapenerako Zuzendaria, Jokin Azkue, Herri Administrazioetan Normalizaziorako zuzendaria, Erramun Osa, Koordinaziorako zuzendaria, Lore Bilbao Ibarra, hizkuntza politikarako aholkularia eta Jose Antonio Rodriguez Ranz, hizkuntza politikarako aholkularia.
Patxi Baztarrika sailburuordeak azpimarratu du "lehenengo aldia" dela hizkuntza politikako diru-laguntzak urtearen hasieran konbokatu direla. "Legealdi honen hasieran hartu genuen konpromiso hau, eta bete dugu. Urtearen lehen lauhilekoaren barruan ebatzita eta jakinarazita egongo dira urteko diru-laguntza guztiak".
Gaineratu duenez, onarturiko aurrekontua ia-ia Eusko Jaurlaritzak, HPSk berak aurkeztu zuena da. "Nolanahi ere espresuki eskertu nahi dugu aurrekontu honi Legebiltzarrean gobernuko hiru alderdiek ez ezik (EAJ, EA eta EB) PSE-EEk ere eman dion babesa eta Aralarren abstentzioa.
Sailburuordeak adierazi du aurrekontuak eta diru-laguntzak "bitarteko garrantzitsuak" badira ere, "soilik tresnak" direla. Bere esanetan, helburuetan helburu nagusia ezaguna da: "eguneroko bizitzan eta jardunean euskararen erabilera bultzatzea, sendotzea eta handitzea. Euskara eskoletako lau hormen artean gorde ordez, kaleko bizitzara, lan-mundura, internetera, aisialdira, hedabideetara, lagun artera, familiako harremanetara zabaltzea".
Gizartearen atxikimendua
Azaldu duenez, horretarako "ezinbestekoa" da batetik, hizkuntza politika "aktibo eta eraginkorra" herri-erakundeen aldetik; bestetik, diru-baliabide eta bestelako "bitarteko egokiak"; eta, hirugarrenik, herritarren euskararekiko "leialtasuna, atxikimendua eta konpromisoa". Urte luzetako perspektiban begiratuta, hiru horietan erabakigarriena, gainera, hirugarrena dela gaineratu du. "Horregatik gure aurrekontuak eta diru-laguntzak daude herritarren euskara erabiltzearen aldeko jarrera babestera eta indartzera zuzenduta".
Horren harira, esan du euskararen "erabilera bultzatzea" dela erronka, eta euskara erabiltzeko "aukerak sortzea eta indartzea" dela aurrekontu publikoaren eta diru-laguntzen "helburu nagusia". Bere ustez, erabileran dago euskararen etorkizunaren "giltzarria", eta erabilera handitzeko ezinbestekotzat jo du gizarte osoaren euskararekiko "leialtasuna eta atxikimendua areagotzea".
"Euskal gizarteak hauspoa eman dio euskarari, milaka hiztun berri irabaziz eta lehen baino gehiago eta toki gehiagotan erabiliz", oroitarazi du sailburuordeak, nabarmenduz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunaren helburu nagusia "gero eta hiztun gehiago sortzen laguntzea" dela, eta dagoenekoz hitz egiteko gai direnak "euskara erabiltzera bultzatzea".
Badakigu bide horretan ezinbestekoa dugula gaur oraindik beren burua euskararekiko urrun sentitzen dutenak pixkanaka euskararantz erakartzea, batetik, eta euskaraz asko edo gutxi -baina zerbait- dakiten guztiek, hala nahi badute, euskara erabiltzea eta erabili dezaten benetako aukerak edukitzea, bestetik.
"Bakoitzak erabili dezala dakien euskara, hanka sartzeko beldurrik eta lotsarik gabe, garbi edukiz euskararik txarrena erabiltzen ez dena dela eta norberak dakien euskara sekula ez dela gutxi eta ez dela txarra". Bide horretan, ohartarazi du ezinbestekoa dela gaur oraindik beren burua euskararekiko "urrun" sentitzen dutenak "pixkanaka" euskararantz erakartzea", batetik, eta euskaraz asko edo gutxi -baina zerbait- dakiten guztiek, hala nahi badute, euskara erabiltzea eta erabili dezaten benetako aukerak edukitzea, bestetik.
Hizkuntza-askatasunaren eremua "gero eta zabalagoa izatea" dutela helburu esan du Baztarrikak. "Horregatik ditu gure hizkuntza politikak bi zutabe nagusi: hizkuntza-aukera indibiduala erabat errespetatzea, batetik, eta hizkuntzen erabilera-aukerak bermatzea, bestetik, euskara erabiltzeko ditugun aukerak indartuz eta berriak sortuz, euskararen erabilera bultzatzea izanik gure goiburu".
Bere aburuz, bide horretan "inor ez dago soberan, guztiok gara beharrezko. Euskal hiztunak behar ditugu, euskaraz primeran hitz egiten dakitenak eta zerbait dakitenak, euskaraz hitz egiteko ez baina ulertzeko gai direnak, kolore politiko guztien gainetik euskara batzeko eta ez gatazkarako erabiltzen dutenak".
Protagonismo nagusia gizartearena izan behar den bide horretan, beharrezkotzat jo du euskararen alde lanean ari diren elkarte, enpresa eta eragile ugariek lanean jarrai dezaten "laguntza ematea". Horretara datoz baita ere 2008ko aurrekontua eta diru-laguntza deialdiak. "Fede itsua daukagu elkarlanean, herri-erakundeen eta gizarte eragileen arteko elkarlan leialaren osagarritasunean itsu-itsu sinesten dugu. Horregatik dute deialdi hauek baita ere helburu euskararen aldeko lanean dabiltzan elkarte eta enpresen jarduna diru-laguntza bidez bermatzea".
Aurrekontuak aurrekontu, diruak diru, Baztarrikak berretsi du euskara "erabiltzea" dela euskarak behar duen "aurrekonturik handiena", eta horretan gutariko bakoitzak daukala "giltza nagusia". "Ez da berria, baina ez gara esateaz aspertzen: euskarak salbatzaileak ez, borrokalariak ez, baizik eta hiztunak behar ditu. Horrexegatik jartzen ditugu aurrekontuak hiztun berriak sortzeko ahaleginen zerbitzura eta euskal gizartean hizkuntza aukera berdintasun erreala lortzeko lanen zerbitzura, euskara erakargarri eta gozagarri eginez euskararen erabilera etengabe handitzeko bidean".
2008ko Aurrekontua
54.474.005 eurokoa da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2008ko aurrekontua. Beraz, 2007koarekiko %6,5eko gehikuntza izan du, eta legealdiko lehen aurrekontuarekiko -2005ekoarekiko, alegia- %44,04koa. Datu hau oso adierazgarria da: iazko aurrekontuarekiko igoera aurtengorako aurreikusitako KPI halako ia bi delako, eta legealdiko hiru urteotan egin den gehikuntza %44,04 delako, hiru urteotan Eusko Jaurlaritzako aurrekontuak izan duen hazkundea (% 39,66) baino %4,38 puntu gehiago.
HABEk kudeatuko duen aurrekontua 42.900.000 eurokoa da. Beraz, 2007koarekiko %6,19 gehiago, eta legealdiko lehen aurrekontuarekiko %50,52 gehiago.
Ondorioz, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk hizkuntza politika kontuetan guztira ia 70.000.000 euro (69.334.905 euro) kudeatuko ditugu.
.jpg)
Aurtengo aurrekontuak, beraz, kontsolidatu egin du legealdi honetan zehar hizkuntza politikaren arloan eman den gehikuntza nabarmen eta bikaina.
Honi guztioni gehitu beharko zaizkio, gainera, Euskadi Informazioaren Gizartean Plan bereziaren (PESI) barruan hizkuntza politikarako arloan egingo diren inbertsioak. Proiektu bakoitzaren kostuak oraindik zehazteke dauden arren, jadanik aurreratu ditzakegu Plan Aparteko horren barruan 2008tik aurrera bideratuko ditugun hiru proiektu nagusi:
- Itzultzaile automatikoa: dagoenekoz lehiaketa publikoa deituta dago Aldizkari Ofizialean.
- Euskarazko entziklopedia elektronikoa.
- Euskararen Corpusa.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aurrekontuaren zati handiena (aurrekontu osoaren %82) diru-laguntzetara destinatzen dugu, zuzenean euskararen erabilera sustatzeko proiektuak bultzatzera destinatzen dugu.
Era eta esparru ugaritako diru-laguntzak dira, hitzarmen bidezkoak batzuk, deialdi publiko bidezkoak gehienak. Diru-laguntzen bilakaera legealdi honetan baita ere oso nabarmen eta bikaina izaten ari da.
Hitzarmen bidezko eta oso proiektu berezietarako diren diru-laguntzek 3.950.000 euroko diru-kopurua osatzen dute 2008an.
Deialdi publiko bidez banatzen ditugun diru-laguntzetarako (hedabideak, lan-mundua, IKT, udalerrietako EBPN eta euskalgintza oro har) 13.166.000 euro destinatuko dira 2008an, hots, iaz baino %9,04 gehiago, eta legealdi hasieran baino %62,17 gehiago. Legealdiko gehikuntza handienak hiru deialditan eman dira: hedabideak (%52), lan-mundua (%140) eta IKT (%183).
Nazioarteko unibertsitateetan euskara eta euskal kulturako "irakurleak" finantzatzera 264.130 euro destinatuko ditugu 2008an.
HABEren diru-laguntzetara 32.723.600 euro destinatuko ditugu 2008an, legealdi hasieran baino %54,25 gehiago.
Merezi du kontuan hartzeak HABEren legealdi honetako aurrekontuaren bilakaera eta, bereziki, euskaltegietarako diru-laguntzek izan duten bilakaera. HABEren aurrekontua 42.900.000 eurokoa da, iaz baino 6,19 gehiago eta legealdi hasieran baino %50,52 gehiago. Zifra hauek berez adierazten duten helduen euskalduntzeari Eusko Jaurlaritzak aitortzen dion garrantzia.
Aurrekontu horien %76,28a diru-laguntzetara destinatzen da, eta merezi du euskaltegietarako diru-laguntzen bilakaerari erreparatzea. Euskaltegiei 31.215.600 euro emango zaizkie 2008an: heren bat udal euskaltegiek eta beste bi herenak euskaltegi pribatuek jasoko dituzte. Euskaltegi pribatuei ematen zaien diru-laguntza %93,06 gehitu da legealdi honetako hiru urteetan.
Horiek dira aurrekontuaren zifra nagusiak. Dirulaguntzek guztira, beraz, 50.103.730 euroko diru-kopurua osatzen dute. Legealdiko ia hiru urteotan hainbat proiektu jarri ditugu abian, eta abian jarritako proiektu horiek guztiak sendotu, indartu eta hedatzea da 2008ko aurrekontuaren funtzioa.
2008ko aurrekontuaz eta diru-laguntza deialdien bidez garatuko ditugun 20 lan-ildo nagusiak honako hauek dira:
-Arlo sozio-ekonomikoan, lan-munduan, 2006an abian jarritako LANHITZ programa kontsolidatu eta hedatuko dugu. 500 enpresa berrik azaldu dute interesa euskarari euren enpresetan sarbidea emateko. Enpresaburuen elkarteekin eta sindikatu nagusiekin sinaturiko akordioetan aurreikusitako programa hori (Lanhitz) garatzen jarraituko dugu, eta sortu berri dugun BIKAIN euskararen kalitate-ziurtagiria enpresetan aplikatzen hasiko gara.
-Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazioa berriak garatzeko programak bultzatuko ditugu. Beste zenbait ekintzen artean, euskarazko itzultzaile automatiko bat sortzeko lanak esleituko zaizkio datorren martxoan enpresa bati. Eta, gainera, euskarazko eduki digital bikainak sortzeko bultzada ematen jarraituko dugu. Horrela, euskarazko entziklopedia elektronikoa sortzeko lanei ekingo zaie, eta euskararen corpusa osatzeko lanak martxan jarriko dira.
-Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, euskaltegien sektorea normalizatzeko berealdiko saltoa eman dugu 2006 eta 2007 urteetan. 2008an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, EUDELek eta Kultura Sailak osaturiko batzordeak lortzen dituen akordioen arabera. Eta ikasleentzako diru-laguntza indibidualak sendotuko ditugu.
-ELEBIDE hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua garatu eta sendotuko dugu, hizkuntz eskubideei buruzko informazioa eta kontzientzia gizarteratzeko lanak egingo ditugularik. Datorren otsailean kaleratuko dugu ELEBIDEren lehen memoria, 2007 urteari dagokiona.
-Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiari bultzada berritua emango diogu aurten. 95 udalerri ziren legealdi hasieran EBPN onarturik zutenak: 2008an 150 izatera iritsiko gara.
-Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa plazaratuko dugu.
-Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin, hau da, Frantziako erakunde publiko guztiak -Pariseko Gobernua barne- bere baitan biltzen dituen erakunde publikoarekin iaz sinaturiko hitzarmena kontsolidatuko den urtea izango da 2008koa.
-Euskara munduan zehar zabaltzeko lanei dagokienez, duela hiru ikasturte martxan jarritako Unibertsitateetako "irakurle-programa" indartu eta hedatuko dugu. 2008an 12 herrialde eta 24 unibertsitatetan euskara eta euskal kulturaren "irakurleak" izatea da helburua. Gainera, nazioarteko hizkuntzen azoka garrantzitsuenetan parte hartuko dugu, Kataluniako Generalitat eta Galiziako Xuntarekin batera. 2008an abian jarriko da euskara eta euskal kultura nazioartean hedatzea helburu duen Etxepare Euskal Institutua.
-Herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko IV Plana onartu eta martxan jarriko dugu, 2008 - 2012 iraunaldia izango duena.
-Euskararen erabileraren normalkuntza sozialari buruzko gogoeta edo debate zabala antolatuko dugu, orain arte egindako bideari buruz eta etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnarketa egiteko ehunka pertsonak parte hartu ahal izango duten debatea, euskararen inguruko kontsensu sozial eta politikoa berrindartzeko baliagarri izateko helburuarekin. "XXI mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izena duen batzorde bat sortu dugu Euskararen Aholku Batzordearen barruan debate hori bideratzeko, eta datozen hilabeteetan plazaratuko dira lehen urratsak.
-Euskara etorkinen eskura jartzeko egitasmoak sendotuko ditugu.
-Euskal gizartearen euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa sendotzeko helburuarekin UKAN elkarbizitzarako birus osasungarriaren mezuari jarraipen berritua emango diogu 2008an.
-Euskarak hedabideetan presentzia gero eta bikainagoa izan dezan bultzada emango dugu, eta euskarazko hedabideen kontsumoari buruzko gogoeta zabala bideratuko dugu. Horretarako, Euskarazko hedabideak eta euskararen presentzia hedabideetan" izena duen batzordea sortu dugu Euskararen Aholku Batzordearen barruan.
-Euskararen erabilera gizarte-bizitza arruntean areagotzeko saio berezitu eta pilotuak bultzatuko ditugu, zehazki merkataritzaren esparruan hiriburuetan eta kirol/aisialdi arloan gaztetxoei dagokienean.
-ONCErekin euskal literaturako dozenaka obra braille sistemara eta entzutezko formatura egokitzeko lankidetzan jarraituko dugu.
-Mintzalaguna egitasmoa sendotu eta zabalduko dugu.
-Euskalgintzako erakunde eta elkarteekin ohiko lankidetzan jarraituko dugu: Euskaltzaindia, Labayru Ikastegia, Euskal Herriko Bertsozaleen Elkartea, EIZIE, UNESCO Etxea, Topagunea, Literatura Unibertsalaren programa, EUDEL, eta abar.
-Terminologia arloko lan berezituekin eta hiztegigintza lanekin jarraituko dugu.
-Kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak betetzeko arauak emango dira.
-Euskararen gaitasun agirien baliokidetze edo konbalidazio-sistema onartuko dugu.
Aurrekontuko eta diru-laguntza deialdietako lan-ildo guztiak ez baina bai nagusiak nabarmendu nahi izan ditugu. Bistan da badugula esku bete lan. Eta badugu baita ere lan hauek garatzeko aurrekontu egokia.
5 DIRU-LAGUNTZA DEIALDIEI BURUZKO XEHETASUNAK
Bost dira deialdi publiko bidez kalean diren diru-laguntza deialdiak:
-Gizarte-bizitzan euskararen erabilera indartzeko ekimenak.
-Euskarazko hedabideak eta euskararen presentzia hedabideetan.
-Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
-EBPNren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren) garapena udalerrietan.
-Arlo sozio-ekonomiko pribaturako eta lan-mundurako euskararen erabilera planak burutzea eta garatzea.
1. Gizarte-bizitzan euskararen erabilera indartzeko ekimenak
Norentzat? Gizarte bizitzan oro har euskararen erabilera sustatzeko proiektuak dituzten elkarte pribatuentzat.
Zertarako? Euskararen erabilerari arnasa eman diezaioketen mota guztietako ekimenak:
-Aisialdian (begiraleen prestakuntza, eskola-orduz kanpoko kirol eta kultura jardunak, jostailuak eta jokoak), kulturgintzan…
-Etorkinentzat, euskaldun berrientzat eta gazteentzat hizkuntza gaitasuna eta trebetasuna sendotzeko proiektuak.
-Erdal mundua euskarara hurbiltzeko ekimenak.
-Euskararen transmisioa.
-Euskarazko irakurzaletasuna suspertzeko ekimenak.
-Euskararen sutapena nazioartean
-Euskararen ondarea jaso eta hedatzeko ekimenak.
Zenbat? 1.300.000 euro. Legealdi hasieran baino % 30 gehiago.
Deialdi honen baitan, iaz 191 egitasmotarako eman zen diru-laguntza, eta 85 entitatek jaso zuten laguntza.
2. Hedabideak
Norentzat? Egunkari, aldizkari, irrati, telebista eta Internet bidezko hedabideren bat egiten duten enpresa pribatuentzat.
Zertarako? Euskarazko hedabideak sendotzen laguntzea da deialdiaren helburua, eta euskarari hedabideetan oro har presentzia eman diezaioketen euskarriak bultzatzea.
Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte mota hauetako ekimenek:
-euskara hutsean egiten den eguneroko prentsa, Euskal Herri mailakoa nahiz tokiko prentsa. Kasu honetan guztia enpresa talde berarena (Berria eta Hitza) da, Hernaniko Kronika izan ezik.
-euskara hutsean egiten diren aldizkariak, informazio orokorrekoak nahiz espezializatuak, haurrei eta gazteei zuzendurikoak eta bestelakoak.
-herrietako aldizkariak.
-gaztelania nagusi duten prentsa idatziko euskarazko gehigarriak.
-Irratiak eta telebista lokalak, osorik nahiz partez euskaraz ari direnak.
-Internet bidezko euskara hutsezko agerkariak eta notiziak euskaraz ematen dituzten berri-agentziak.
Gainera, euskarazko hedabideen kontsumoa sustatzeko hainbat ekimen espezifiko burutuko ditugu. Horrela, Euskarazko Hedabideak Hobetzeko berrikuntza-proiektuetarako 165.000 euroko diru-laguntza deialdia aterako da, eta UKAN Publizitate Saria eta UKAN Berrikuntza Saria emango ditugu. Hedabideen deialdian soberakinik geratuko balitz, euskarazko hedabideen sustapenera destinatuko dira diru horiek.
Zenbat? 5.776.000 euro, legealdi hasieran baino %52 gehiago.
Kopuru horretatik 575.000 euro toki-telebistei dagokie osorik.
Deialdi honen baitan, iaz 99 egitasmotarako eman zen diru-laguntza, eta 74 entitatek jaso zuten laguntza.
3. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak
Norentzat? Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskarazko baliabideak eta aplikazio berriak sortzen eta garatzen, eta euskararen presentzia Interneten areagotzeko ekimenak garatzen diharduten elkarte pribatuentzat.
Zertarako?
-Euskarazko atari eta web gune biziak eta dinamikoak, eta parte hartze eta komunikaziorako edukiak egitea eta komunitate birtualak sustatzea helburu duten egitasmoak.
-Hizkuntzen teknologietan euskara integratzeko egitasmoak (ahotsaren ezagutza eta sintesian oinarritutako aplikazioak, hiztegi elektronikoak, lematizatzaileak, hainbat lanabes).
-Softwarea euskaraz sortzea edo euskarara lokalizatzea.
-Bizi-kalitatea hobetzeko eta aisialdirako edukiak (jolasak, erabilpen handiko zerbitzuak, ez gaituentzat egokiturikoak…).
Zenbat? 1.700.000 euro. Legealdi hasieran baino % 183,33 gehiago.
Deialdi honen babesean, iaz 106 egitasmotarako eman zen diru-laguntza, eta 76 entitatek jaso zuten laguntza.
4. EBPNren (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren) garapena udalerrietan.
Norentzat? Udalentzat eta udal organismoentzat (mankomunitateak, patronatuak).
Zertarako? EBPN diseinatu eta martxan jartzeko, jadanik onarturiko EBPN garatzeko eta udal-administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko plana diseinatu eta martxan jartzeko.
Helburu bat markatu dugu: 2008aren amaieran 150 udal izatea EBPN onarturik izango dutenak, hots, legealdi hasieran baino 55 gehiago, duela hiru urte 95 udal baitziren EBPN onarturik zeukatenak.
Lehentasun apartekoa emango zaie honako ekimen hauei:
- Administrazioko IV erabilera-plana (2008 - 2012) diseinatzea.
- "LanHitz" egitasmoaren barruan euskara planak bultzatzea.
- Aisialdiko eta kirol munduko ekintzetan euskararen erabilera sustatzea.
- Euskara etorkinei eta erdal munduari gerturatzeko saioak.
- Famili transmisioa,"Mintzalaguna" eta gisa horretako esparru ez-formaletan euskararen erabilera sustatzea.
Zenbat? 1.700.000 euro.
Iaz 101 udal-erakundek jaso zuten deialdi honen babeseko diru-laguntza: biztanleriaren %80 bizi da udalerri horietan.
5. LANHITZ: arlo sozio-ekonomiko pribatuan, enpresa munduan alegia, euskararen erabilera sustatzeko deialdia.
Norentzat? Enpresa pribatuentzat.
Zertarako? "LanHitz" egitasmoaren barruan euskararen erabilera plana egiteko edota jadanik egina dutena garatzeko. Plan horiek aurten gauzatuko den BIKAIN euskararen kalitate ziurtagiriarekin lotuko dira.
Zenbat? 2.690.000 euro. Legealdi hasieran baino % 140,50 gehiago.
Iaz 141 enpresa izan ziren deialdi honen babesean diru-laguntza jaso zutenak.
Donostia, 2008ko urtarrilaren 2a
|