Azken eguneratzea: 2010/07/05
Uztailaren 12an eta 13an Euskal Herriko Unibertsitatearen Uda Ikastaroen barruan Kultura Sailaren lankidetzaz
Euskal Herriko Unibertsitateak Uda Ikastaroen barruan “Euskara 2.0” deritzon ikastaroa antolatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren lankidetzaz. Uztailaren 12an eta 13an Donostian egingo den ikastaroak 20 orduko balio akademikoa du.
Gero eta globalizatuagoa den mundu honetan, gizarte-sareek ohiko muga guztiak gainditzen dituzte, unibertso birtuala sortuz. Unibertso birtual horretan gizakion arteko harreman ohiturak eta moduak aldatzen ari dira nabarmen. Harreman horien garrantzia, gainera, gero eta handiagoa da. Gertakari horren atzean teknologia berriak eta 2.0 kontzeptua daude.
Harreman birtualek jokabide-arau propioak dituzte. Hori dela eta, hizkuntzek oro har eta eremu urriko hizkuntzek bereziki joko-arau horiek ezagutu eta bereganatu beharko dituzte, eleaniztasuna salbuespena baino arau bihurtu den mundu birtual horretan bizirik iraun nahi badute.
Horregatik, euskarak zein hiztun-kopuru txikia duten hizkuntzek egungo gizarte-sarearen zirrikiturik txikienak ere aukera bihurtu behar dituzte.
Ikastaroaren helburuak honako hauek dira:
Ikastaroak 2.0 plataforma interaktiboa izango du (video streaming eta Twitter) Hartara bertan, ikastaroaren aldi bereko jarraipena egin ahal izango da, modu birtualean parte hartu ere bai, sare operatiboak erraztuko dira.
Egitarauari (pdf, 136 Kb) erreparatuz, uztailaren 12an Jeremy Evas galesak “Web 2.0 zerbitzuak eta eleaniztasuna” gaia jorratuko du. Ondoren, Maite Goñik “Euskaljakintza: Web 2.0 euskararen zabalkuntzarako”. Azkenik, Gorka Juliok “Euskara Interneteko sare sozialen testuinguruan” gaitzat hartuta emango dio amaiera egun horretako jardunari.
Uztailaren 13an, Jeremy Evas “Eskerrak memoriei: taldeen jakinduria eta itzulpen teknologia” gaiaren inguruan arituko da. Ondoren, Luis Angel Fernandez Hermana kataluinarrak “2.0 hizkuntzak ba al dira?” galderari erantzungo dio. Unai Fernandez de Betoño izango da hirugarren hizlaria, eta “Euskara sarean: arkitektura irakasle baten esperientzia” da bere hitzaldiaren izenburua.
Ikastaroaren amaiera gisa, mahai baten inguruan bilduko dira Eli Pombo, Maite Goñi, Gorka Julio eta Unai Fernandez de Betoño “Euskara 2.0: aukerak eta zailtasunak” gaiaz jarduteko.