Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2009/01/30
"Euskara 21" ekimenak integrazioaren emaitza den amaierako txostena aurkeztu du
Amaierako txostena ikuspegi askoren integrazio saiakera baten emaitza da. Eta, ondorioz, itun berritu bateranzko abiapuntua izan nahi luke. XXI. mende hasiera honetan ezinbestekoa da adostasunean, pertsuasioan eta tinkotasun demokratikoan oinarrituriko hizkuntza politika.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Euskararen Aholku Batzordearen bidez, ireki zuen hizkuntza politikaren oinarriei buruzko askoren arteko eztabaida eta hausnarketa fasea bere amaierara iritsi da. Gogoan izango duzuenez, Euskararen Aholku Batzordeak, Miren Azkarate Kultura sailburuaren proposamenez, "XXI mende hasierarako hizkuntza politikaren oinarriak" izena duen Batzorde-atal berezia eratu zuen 2007ko urriaren amaieran. 2008ko lehen hilabeteetan ekin zitzaion eztabaidari. Hona, laburbilduta, ibilbide oparo horretan emandako urratsak: 

-2008ko urtarrilean: eztabaidaren abiapuntu izan den Oinarrizko txostena, eta, azkenik, eztabaidaren Amaierako Txostena idatzi dituen Batzorde-atal bereziko Batzorde Iraunkorra eratu zen, honako hauek osatua: Aurelia Arkotxa, Lore Erriondo, Alberto Lopez Basaguren, Eneko Oregi, Pello Salaburu, Erramun Osa (idazkaria) eta Patxi Baztarrika (batzorde burua).
-2008ko apirilean: Oinarrizko txostena idatzi eta ezagutzera eman zen.
-2008ko ekainean: Batzorde-atal bereziko kideek ekarpen idatziak egin zituzten.
-Batzorde-atalak zortzi lan-jardunaldi egin ditu.
-8 aurkezpen publiko eta mintegi egin dira hilabeteotan zehar, hiriburuetan eta zenbait gizarte-erakunderekin.
-Ekimenaren barruan, Euskara 21 izeneko webgunea jarri zen martxan, jendeak gogoetan parte hartu eta gogoetaren berri izan zezan. Webguneak bisita kopurua osoa altua izan du, eta partaidetza bizi-bizia izan da.
-2009ko urtarrilean: Batzorde Iraunkorrak gogoeta irekiaren Amaierako txostena idatzi eta aurkeztu du.

Lehentasunezko ildoak

Ordu askotako eztabaidaren ondoren egindako txostena da azkeneko hau, ikuspuntu asko entzun eta kontrastatu ondoren egindakoa. Zentzu horretan, adostasunaren emaitza da txostena, eta itun berritu batera heltzeko aurrerapausoa. Izan ere, mende hasiera honetan ezinbestekoa da adostasunean, pertsuasioan eta tinkotasun demokratikoan oinarrituriko hizkuntza politika. Hona, laburbilduta, Amaierako txostenean aipatzen diren lehentasunezko ildoak: 
1. Euskararen ezagupena eta erabilera belaunaldi berrietan bermatzea.
2. Euskara ohiko hizkuntza izango duten arnasgune eta funtzioak zaindu, indartu eta hedatzea, euskararen belaunez belauneko transmisioa bermatzeko eta erreferentzialtasun soziala indartzeko. Azken batean, helburua ez baita euskararen ezagutza zabaltzea, besterik gabe, baizik eta euskal hiztunak sortzea.
3. Familia-transmisioa bermatzea, oso bereziki 25 urte barru izango diren 30 urtez azpiko gazte elebidunek euskara ere izan dezaten etxeko hizkuntza. Hauxe dugu etorkizunaren gako nagusia.
4. Euskal hiztunen erkidegoa trinkotzea, euskararen erabilerarako sare operatibo presentzialak zein birtualak hedatuz eta indartuz.
5. Hiri handietan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea, familia euskaldunei, gazteei eta haurrei lehentasuna emanez.
6. Elebitasun pasiboa helduen munduan -eta gutxieneko helburutzat- areagotzea eta prestigiatzea.
7. Euskarazko kultura kontsumoa indartzea, euskal kultura industria, ekoizle eta sortzaileekiko ikuspegi emantzipatzaile batetik.
8. Euskara eta haren munduak etorkinengana hurbiltzea, hauen integrazio zabala eta aberatsa ahalbidetzeko eta euskara erabilera-eremu demografikoki dinamikoetara hurbiltzeko xedez.
9. Euskaraz komunikatzeko estandarrak malgutzea eta aberastea, hiztun berrien adierazkortasunaren mesedetan. Zuzentasunaren irizpide bakarretik komunikagarritasunarenera eta adierazkortasunarenera igarotzea.
10. Hizkuntza eskubideak eremu publikoan aitortu ez ezik errespetatzeko bidean, euskara erabiltzeko aukerak bermatzea.
11. Euskararen erakargarritasuna lantzea eta era egokian proiektatzea: euskarak mundu ugari ditu bere barnean, eta euskarara datozenen munduentzako tokirik ere badu bere barnean. Proiektatzen dugun baino anizkoitzagoa da euskararen unibertsoa, eta are anizkoitzagoa egin beharra dugu, gizartearen pare anizkoitza izatera iritsiko bada.
12. Euskararen irudiari prestigioa ematea, kultura eta komunikazioaren alorreko lorpenak garbi proiektatuz, batetik, eta, bestetik, euskal gizartearen kohesiorako osagai ezinbestekoa dela praktikan eta diskurtso publikoan adieraziz.
13. Hizkuntzaren teknologiak (informazio eta komunikazioaren teknologiak euskararen garapenerako baliatzea), sarerako euskarazko edukiak sortzea eta komunikaziorako sare birtualak era egokian baliatzea, euskararen normalkuntza eta erabilera aukeren mesedetan. Izan ere, euskara informazio eta komunikazioaren teknologiez baliatzen den hizkuntza izatea ezinbesteko baldintza baita hizkuntza garatua izango bada.
14. Hizkuntza politikaren inguruko akordiorik zabalena etengabe elikatu eta sendotzea, euskararen biziberritzea eta kohesio soziala estu lotuko dituen itun berritu baten bila.

Amaierako dokumentua ez dator beste ezer ordezkatzera. Ikuspegi askoren integrazio saiakera baten emaitza da. Eta, ondorioz, arestian esan bezala, itun berritu bateranzko abiapuntua izan nahi luke. Hain zuzen ere, itun berritu horretarako oinarriak dira Euskara 21 eztabaida prozesuan mahairatu direnak. Hartara, bada lan bat ondorengo hilabeteetan ekin beharko litzaiokeena: hamar urteko ibilbidea egin duen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) berrikusi eta garai berrietara egokitzeari ekin beharko litzaioke berehala, hain zuzen ere Euskara 21 prozesuan mahairatu diren oinarrien arabera.


*ERANSKINA

"XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak"
izeneko Batzorde-atal bereziko kideak:

Patxi Baztarrika Galparsoro jauna, batzorde-ataleko lehendakaria
Erramun Osa Ibarloza jauna, idazkaria
Kike Amonarriz Gorria jauna
Aurelia Arkotxa andrea
Joseba Arregi Aranburu jauna
Mikel Basabe Kortabarria jauna
Koldo Biguri Otxoa de Eribe jauna
Garbiñe Biurrun Mancisidor andrea
Ana de Castro Rubalkaba andrea
Ana Eizagirre Garate andrea
Lore Erriondo Korostola andrea
Miren Dobaran Urrutia andrea
Gotzon Egia Goienetxea jauna
Ramon Etxezarreta Aizpuru jauna
J. Iñaki Etxezarreta Alberdi jauna
Itziar Idiazabal Gorrotxategi andrea
Iciar Lamarain Cenitagoya andrea
Gorka Landaburu Illaramendi jauna
Miguel Lazpiur Lamariano jauna
Anjel Lertxundi Esnal jauna
Jose Luis Lizundia Askondo jauna
Alberto Lopez Basaguren jauna
Lucía Martínez Odriozola andrea
Koldo Martinez Urionabarrenetxea jauna
Jasone Mendizabal Altuna andrea
Garbiñe Mendizabal Mendizabal andrea
Xabier Mendiguren Bereziartu jauna
Ludger Mees jauna
Mertxe Mugika Balanzategi andrea
Pedro Ochoa Bernales jauna
Eneko Oregi Goñi jauna
Carlos Ruiz Gonzalez jauna
Pello Salaburu Etxeberria jauna
Tomás Uribe-Etxeberria Maiztegi jauna
Ana Urkiza Ibaibarriaga andrea
Andres Urrutia Badiola jauna
Jesus Uzkudun Ilarramendi jauna
Mikel Zalbide Elustondo jauna

Batzorde-atal Iraunkorra
Amaierako Txostena prestatu duena
Patxi Baztarrika Galparsoro jauna, batzorde-atalburua
Erramun Osa Ibarloza jauna, idazkaria
Aurelia Arkotxa andrea
Lore Erriondo Korostola andrea
Alberto Lopez Basaguren jauna
Eneko Oregi Goñi jauna
Pello Salaburu Etxeberria jauna

Donostia, 2009ko urtarrilaren 29an

 

Txostena osorik (pdf, 512kb)