Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/07/18
Euskararen Aholku Batzordeak Batzorde atalek egindako lana ezagutu du.
Euskara Aholku Batzordearen Osoko bikura, ehun lagunetik gora ari dira parte hartzen Batzorde atalen lanetan

Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria buru zuela, bildu da gaur arratsaldez Euskararen Aholku Batzordea Gasteizen, Lehendakaritzaren egoitzan. Bileran batzorde ataletan egiten ari diren lanen berri eman da eta izen bereko Batzorde atal berezian lantzen ari den XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak dokumentuaren aurkezpena egin da, horrez gain, EABren Osoko bilkurari IV. Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu zaio eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua ere aurkeztu da.

2007ko urriaren 16an Euskararen Aholku Batzordearen antolamendu eta funtzionamendu araudi berria jasotzen duen Dekretua onartu zen. Dekretu honek aukera ematen du EABren baitan batzorde-atal berezi berriak sortzeko, Batzorde Osoari bere eginkizunetan laguntzeko, bai eta Euskararen Aholku Batzordeak eskatutako oinarrizko azterlanak egiteko.

Dagoeneko sei dira eratu eta lanean aritu diren Batzorde-atal bereziak: Toponimia, Terminologia, Lege-garapena, Informazio eta komunikazio teknologiak, Euskarazko hedabideak eta euskararen presentzia hedabideetan, eta XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak, eta batzorde atal hauetan 100 lagunetik gora ari dira lanean zuzenean. Batzorde-atal berezi bakoitzak egindako lanaren berri eman du Batzorde Osoaren aurrean gaurko bileran.

Horrez gain, bileran XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak dokumentuaren aurkezpena egin da. Izen bereko batzorde-atal bereziak gaur goizean bertan ere egin du bere bilera. Joan den ekainaren 26an bildu ziren Batzorde-atal bereziko kideak, aipatu dokumentuari nork bere ekarpenak aurkezteko. Oinarrizko Txostenaren eta, oro har, hizkuntza politikaren nondik norakoaren inguruan osaturiko ekarpenak aurkeztu zituzten aipatu bilkuran Batzorde-atal bereziko kideek. Egun hartan ekarpen guztiak aurkezteko denborarik izan ez zenez, gaur goizean eman zaie jarraipena aurkezpenei, eta, ondoren ekarpenen inguruko iritzi-trukaketari ekin diote. Helburua, ekarpenen inguruko eztabaida aberasgarria egitea da, XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak finkatze aldera. Trukaketaren emaitzak Batzorde-atal Iraunkorrari helaraziko zaizkio, honek gogoeta prozesuari jarraibide eman diezaion. Guztira 18 dira egin eta gaurko bileran aurkeztu den liburuan argitaratu diren ekarpenak. Bestalde, ekarpenak irakurgai daude ere, euskaraz zein gaztelaniaz, Euskara 21 web gunean.

IV Inkesta Soziolinguistikoaren aurkezpena ere egin da Euskararen Aholku Batzordearen gaurko bilkuran. Azterketa soziolinguistikoak garrantzi handiko lanabesak dira indarberritu nahi den hizkuntza baten egoera eta bilakaeraren berri izan ahal izateko. Inkestak euskararen lurraldeetako hamabost urtetik gorako biztanleak hartzen ditu aintzakotzat (2.500.000 pertsona gutxi gorabehera). Beraz, ez ditu kontuan hartzen hamasei urtetik beherekoak. Adin-tarte hori pisu handikoa da euskararentzat, eskolaren eraginez euskaldunenak diren gazteen adin-tartea delako. Gaur Batzorde Osoan den aurkeztu den Inkestaren argitalpena datozen egunotan zabalduko da. Inkesta euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez eskuratzeko aukera izango da.

Bukatzeko, uztailaren 1ean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzko Dekretua ere aurkeztu da, gaurko bileran. Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileei aitorturiko hizkuntza eskubideak bermatzera dator Dekretu berri hau. Euskararentzako berarentzako da garrantzitsua, baina batez ere euskal gizartearen hizkuntz bizikidetzarako da oso garrantzitsua. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legeak kapitulu oso bat dauka (VII) hizkuntza eskubideei buruz, eta bertan ezarrita dagoenez, Euskadiko herritarrek eskubidea dute zerbitzuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko eta Euskadiko lurraldean ari diren enpresa eta saltokiekin nahi duten hizkuntza ofizialean jarduteko. Eskubide horien zehaztapena eta eskubide horiek baliatzeko arauak dekretu baten bidez emango direla ezartzen du lege horrek, eta, gainera, legeak dio, arlo guztietan batera ez, ezta ere arlo guztietan goizetik gauera, baizik eta modu progresiboan, pixkanaka alegia, bermatu behar direla hizkuntz eskubide horiek dekretu baten bidez. Horretara dator hain zuzen ere dekretu hau.

Dekretu hau lankidetzaren fruitua da. Alde batetik, Eusko Jaurlaritzako bi sailek elkarrekin bultzatu eta lideratu dute: Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasuneko sailburuordetzak (Industria saila) eta Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak (Kultura saila).

Vitoria- Gasteizen, 08-07-17an