Euskara

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera

W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa

Azken eguneratzea: 2008/06/25
Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek euskararen erabilera erraztuko dute teknologia berrietan
Milioi bat inguru euskal hiztunei zuzendurik, Microsoft Office 2007 eta Windows Vista euskaraz erabiltzea ahalbidetzen duen softwarea doan eskura daiteke jada www.microsoft.es/eus web berrian. Ahalegin honekin bat egin dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektorean lider diren Dell, Inves eta HP konpainiek. Euskarazko interfazeen deskarga sustatzea helburu duen Klik egin euskarari maratoia martxan jarriko du Microsoftek uda osoan zehar.

Euskararen zabalkundea eta erabilera teknologia berrien eremuan irmo sustatzeko helburuarekin, Microsoftek Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailarekin batu ditu indarrak milioi bat inguru euskal hiztunei zuzenduriko ekimen-saila bultzatzeko. Ahalegin honekin bat egin dute Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektorean lider diren Dell, Inves eta HP konpainiek.

Gaur goizean Donostian, Miramon Parke Teknologikoan, eraikin nagusian, "IKT tresna berriak euskaraz, ekoizpena hobetzeko" ekimena aurkeztu da. Bertan parte hartu dute Miren Azkarate Kultura sailburuas, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Rosa García andrea, Microsoft Ibéricako presidentea.

Gaur egun, Estatistikako Institutu Nazionalaren (EIN) arabera, Euskal Herriko etxeen ehuneko 63,6an badago ordenagailua, eta ehuneko 50ean badute interneterako sarbidea. Kopuru hauek Estatu mailan IKTek ezarpen handiena duten autonomia-erkidegoetako batean bihurtzen dute Euskal Herria.

Teknologia ahalik eta pertsona gehienen eskuetara heldu dadin, haien beharrak asetze aldera, eta IKTek euskal hiztunen hizkuntzan "hitz egin" dezaten eskaera hazkorrarekiko bere konpromisoa erakutsiz, Microsoftek inbertsio ahalegin garrantzitsua egin du softwareko bere azken produktuak euskarara egokitzeko. Hori gauzatu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Hizkuntza Politikarako Sailburuaren euskarria izan du lagun, hizkuntza eta terminologia gaien inguruan aholkularitza jasoz, eta hizkuntza honetan eginiko interfazeen lehen bertsioen ebaluazioan elkarlanean arituz.

Windows Vista eta Microsoft Office 2007, euskaraz
IKTen bitartez euskararen zabalkundea bultzatzeko konpromisoari ekarpen berria eginez, Microsoftek gaur egun merkatuan dituen bere bi produktu izarren interfazeak euskaraz eskuratu daitezkeela iragarri du: Windows Vista sistema eragilea eta Microsoft Office 2007 suite ofimatikoa. Honako interfazeak doan eta modu erraz eta seguruan deskargatu daitezke Microsoftek horretarako propio eskainitako webgunetik, www.microsoft.es/eus. Microsoftek bere produktuen aurreko bertsioetarako euskarazko interfazeak baditu, Windows sistema eragilea erabiltzaileek eskuarki aukeratutakoa izaten hasi zenez geroztik, 3.1. bertsioa sortu zenetik, alegia. Gaurko egunean, erabiltzaileek, halaber, Windows XP sistema eragilerako eta Office 2003 suiterako euskarazko liburutegiak deskargatu ditzakete eskainitako webgune horretatik bertatik.

Euskara informatikan ohiko hizkuntza bilakatzeko ahaleginean, Microsoftekin bat eginik, Dell, Inves eta HP bezalako fabrikatzaileek urrats bat aurrera eman nahi izan dute, eta Windows Vista nahiz Office 2007ko interfazeak belaunaldiko berriko euren ordenagailuetan aurreinstalatuak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan. Windows Vistak ordenagailua nahiago duen hizkuntzan abiarazteko aukera emango dio erabiltzaileari, eta hala nahi izanez gero, Windows Vista eta Office 2007ren esperientzia euskaraz gozatu ahalko du hasiera hasieratik, Internetetik aplikazio gehigarriak jaitsi eta instalatu beharrik gabe. Honako ekimenak katalan hizkuntza izan zuen protagonista joan den 2007. Urtean; beste hainbeste gertatu zen hizkuntza galegoarekin ere, arrakasta handiz gainera, orain dela hilabete eskas. Eta, orain, euskarari heldu zaio txanda. Honela, Microsoften filialak bere produktu nagusien interfazeak Estatuko hizkuntza ofizial guztietan garatzeko konpromisoa indartzen du.

Rosa Garcíak, Microsoft Ibéricako lehendakariak, adierazi duenez: "Windows Vistak eta Office 2007k esperientzia berri aberasgarriak ekartzen dizkigute informazio sistema berriekin, eta aldi beran, gure produktibitatea hobetzen laguntzen dute: bilatzaile integratu biziek edo testuinguru-interfazeek, lehen hiru sagu klikekin egiten genuena orain klik bakar batean egitea ahalbidetzen digute. Hori dela eta, ezin genuen gure erabiltzaileentzat funtzionalitate nagusienetakoa dena bazter utzi, ordenagailu berriekin zein hizkuntzatan lan egin nahi duten aukera-askatasuna eskaintzearena hain zuzen ere. Gaur aurkezten dugun ekimena urrats bat aurrera da Estatuko hizkuntza ezberdinekiko gure konpromiso-ildoan, katalanarekin hasi, galegoarekin segi eta gaur euskararen eskutik aurkezten duguna".

Beren ordenagailuetan euskarazko liburutegiak aurreinstalazearen ekimen aitzindariaren gainean DELL ESPAÑA-ko Administrazio Publiko, Hezkuntza eta Osasun Zuzendari Jaime Mistralek, zera baieztatu du: "Ordenagailu bakoitzaren neurrira eginiko fabrikazio-ereduari esker, Dell-ek Windows Vistak hizkuntzaren aukera-askatasunari dagozkion aukera berrien integrazioaren alde egin du apustu. Hala, Windows Vista eta Office 2007 fabrikatik aurreinstalatuta dakartzan ordenagailua erosteko aukera ematen diogu bezeroari".

Bestetik, Inves-eko Operazio Zuzendari Jose Antonio Landrovek adierazi duenez: "Gure produktuak bezeroen mesedetan pertsonalizatzea eta egokitzea ahalbidetzen diguten ekimen guztiak, bat datoz gure markaren nortasunarekin. Microsoftek berriro ere eskaintzen digun aukera honek, geure ordenagailuak euskarazko softwarearekin pertsonalizatu ahal izatea, hain justu, Erkidego honetako erabiltzaileen eta euskara ohiko hizkuntza bezala erabiltzen duten gainerako pertsonen beharrak asebetetzeko aukera ematen digu".

HP-ren Ipar Eskualdeko Zuzendari Koldo Ruizen arabera: "HP-n merkatuko produktu-zorro zabalena daukagu, eta produktu horien guztien izendatzaile komuna da erabiltzaileei teknologia gero eta errazagoa eta ulerterrazagoa egitea, haien behar eta eskakizunetara hobekien egokitzen diren gailuak eskainiz". Eta zera gaineratzen du Ruizek: "Micosoftekin dugun itunari esker, euskarazko sistema eragiledun ordenagailuak eskaini ditzakegu egun, Euskal Herria bezalako hizkuntza propiodun eskualdeetako garapen teknologikoarekin dugun konpromisoaren adierazgarri". 

"Klik egin euskarari"
Euskarazko informatika ahalik eta hiritar-kopuru zabalenera iritsi dadin bermatzeko, Microsoftek adierazi du "Klik egin euskarari" izeneko kanpaina abiaraziko duela. Kanpaina hau udan zehar egingo da, ekainaren 25etik irailaren 1a bitarte. Kanpainaren helburua da, hain zuzen ere, herritarrek euskarazko interfazeen ahalik eta behera kargatze eta instalazio-kopuru handiena egitea, bai Windows Vista eta Microsoft Office 2007 erabiltzen dituztela, bai programa hauen bertsio zaharragoak erabiltzen dituztela ere. Euren ingurunean deskargatze gehien "sortzea" lortzen dutenek teknologiaren munduarekin zerikusia duten sari interesgarriak jasoko dituzte, besteak beste, azken belaunaldiko hainbat ordenagailu. 

Microsoft Ibérica-ri buruz
Microsoft Ibérica Microsoft Corporation-en ordezkatzaile espainiarra da. 1975ean sortua, Microsoft informatika pertsonaleko eta enpresentzako softwarean mundu mailako liderra da. Konpainiak pertsonen talentua garatzeko nahiz enpresen eraginkortasuna, produktibitatea eta lehiakortasuna handitzeko diseinaturiko produktu eta zerbitzu aukera zabala eskaintzen du. Informazio gehiagorako, gaztelaniaz dauden orrialdeak bisita ditzakezu Interneten: http://www.microsoft.com/spain

Dell-i buruz
Dell Inc. (NASDAQ: DELL) enpresak kasu egiten die bezeroei eta hauen konfiantzazko modu oneko produktu eta zerbitzuak eskaintzen ditu. Negozio zuzeneko bere ereduari esker, Dell konpainia lider da produktu eta zerbitzuen eremuan, eta Fortune 500 rankingean 34. postuan dago. Informazio gehiagorako, bisita ezazu www.dell.es gunea edo jar zaitez konpainiarekin harremanetan www.dell.com/conversations estekak eskaintzen dituen bide ezberdinak baliatuz. Dell-en informazioa zuzen-zuzenean jasotzeko, www.dell.es/RSS bisitatu.

Inves-i buruz
Investrónicak egindako ordenagailuen marka espainiarra da Inves. 1986az geroztik, Inves merkatu nazionalean dago. Orduz gero, arian-arian finkatu da merkatuan urtez urte bere hazkundeari eutsiz, azken 20 urteetan guztira milioi batetik gorako gailu-parkea ekoitzi duela. Bere historian zehar, Inves enpresak mugarri teknologiko zerrenda luzea erdietsi du; horren adierazgarri dira: I+Gean inbertitzeren alde eginiko apustua eta industriako nazioarteko liderrekin eramandako elkartasun-politika. Fabrikazio-lantegia Tres Cantos-en kokatua dago eta bukatutako produktuen biltegi eta banaketa Zentro Logistikoa, Getafen, biak ere Madrilgo Autonomia Erkidegoan. www.inves.es

HP-ri buruz
HP bere bezeroei esperientzia teknologiko onena eskaintzeko ardaztuta dago, norbanako kontsumitzaileetatik hasi eta korporazio handietara. Bere produktuetan nabarmen dira irudiari eta inprimatzeari, informatika pertsonalari eta informazioaren teknologien azpiegiturari dagozkionak. HP munduko konpainia teknologiko handienetakoa da, azken lau hiruhileko fiskaletan, joan den 2007ko apirilaren 30ean amaitutakoak, guztira 97.100 milioi dolarreko diru-sarrera aitortu zuelarik. HP (NYSE, Nasdaq: HPQ) enpresari buruzko informazio gehiago: <http://www.hp.com>.

Donostia, 2008ko ekainaren 25ean

Kultura sailburuaren hitzak (pdf, 57kb)
Hizkuntza Politikarako sailburuordearen hitzak (pdf, 80kb)