|
Hala ondorioztatzen da gaur Donostian aurkeztu duten IV Mapa Soziolinguistikoaren aurkezpenean. Prentsaurrekoan izan dira Miren Azkarate Villar, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Koordinaziorako zuzendaria, eta Jon Aizpurua Espin, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlan arduraduna.
2008. urtean, IV. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aurkeztu ziren. Jakina denez, inkesta soziolinguistikoak hamabost urte baino gehiagoko biztanleak eta euskararen lurralde guztiak kontuan hartzen ditu. Inkesta soziolinguistikoa egiten den urte berean Mapa Soziolinguistikoa ere egin ohi da. Mapa Soziolinguistikoak lau aldagai aztertzen ditu: batetik, hizkuntza gaitasunaren bilakaera (1981eko zentsuan txertatutako aldagaia); bestetik, biztanleriaren lehen hizkuntza (1986. urtean txertatutako aldagaia); hirugarrenik, hizkuntza gaitasunaren eta lehen hizkuntzaren arteko gurutzaketa, BILA indizea (1986tik aurrerako datuak kontuan hartuz); eta, azkenik, etxeko erabilera (1991. urtean gaineratutako aldagaia).
IV. Mapa Soziolinguistikoaren datu nabarmenenak:
-Azken 20 urteotan lehen aldiz, EAEko hiru lurraldeetan biztanleriak gora egin du. Errekuperazio
demografikoarekin batera, biztanleriaren zahartze-prozesua gelditu egin dela dirudi, eta 2001. urtean biztanleria gazteenean hasitako gorakada hori baieztatu egin da.
-Azken hamarkadan, atzerriko populazioa sei bider baino gehiago areagotu da. Atzerriko biztanleria oso gaztea da, % 75ek 40 urte baino gutxiago dute, eta gehienak Latinoamerikatik (% 47,6) eta Europatik (% 28,8) iritsi dira. Azken horien artean gehienak Europa Ekialdetik iritsi dira.
-Hezkuntza-ereduak abian jartzea eta euren bilakaera erabakigarriak izan dira elebidunen kopuruaren hazkundean.
-Elebidunen %53k euskara erdara beste edo gehiago erabiltzen dute etxean.
Lurraldeka
-5-30 urte bitarteko bizkaitarren erdia baino gehiago elebidunak dira. Era berean, 30 eta 40 urtekoen artean ere %30 baino gehiago dira elebidunak.
-5-25 urte bitarteko arabarren erdia baino gehiago elebidunak dira gaur egun, Arabako elebidunen batez bestekoaren (%25) bikoitza, alegia. Oso gazteak dira
arabar elebidun gehienak. Araban daude elebidunen arteko alderik handienak gazteenen eta zaharrenen artean. Izan ere, 60 urtetik gorako arabarren %7 ere ez dira elebidunak, eta %60 baino gehiago 20 urtetik beherakoen artean.
-Donostian biztanleriaren %40,5 da elebiduna (69.481 elebidun). Beraz, elebidunen portzentaiarik handiena duen hiriburua dugu.
Donostia, 2009ko apirilaren 24a
|