Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Hizkuntza ikasgaiak, genero ikasgaiak: euskara-ingeles hiztegi baten eduki androzentrikoa


Begoña Echeverria

Sarrera

Heuscara, ialgui adi campora

Lengoagetan ohi inçan estimatze gutitan
Oray aldiz hic behar duc ohoria orotan
 
Berceak oroc içan dira bere goihen gradora
Oray hura iganen da berce ororen gaynera

Heuscara, ialgi adi dançara

Bernart EtxepareLinguae vasconum primitiae, 1545

Duela 450 urte luze argitaratutako euskarazko lehen liburuan agertzen diren hitz hauek gaur egun desagertzeko arriskuan dauden milaka hizkuntzetako edozeini buruz idatz zitezkeen. Galtzen den hizkuntza bakoitzarekin gizadiaren galera handia gertatzen delako leloa etengabe errepikatzen da, mundua ulertzeko era berezi baten desagerpena suposatzen baitu. Hala izanda, akademikooi -besteak beste- hizkuntzon iraupenaren aldeko ahaleginak eskatzen zaizkigu.

Baina beste guztia esanda dagoenean, gauza bat garbi dago: arriskuan dauden hizkuntzen etorkizuna hiztun arrunten hizkuntza-aukeren menpe dagoela. Azken hiztunen grabaketak burutuz zein hizkuntza ikasteko tresnak sortuz arriskupeko hizkuntzen alde diharduenak, jardun ere, geure ahaleginei esker beste batzuek beren lengoaia eskutan hartu eta dantzara irtetera animatuko diren itxaropenarekin jardutea besterik ez dugu.

Hau honela, zilegi da galdetzea zernolako gonbidapenak luzatzen dituzten ahalegin horiek. Nor gonbidatzen ote dute dantzara, alegia, eta nor uxatzen? Galdera hauen atzean lengoaiari buruzko suposizio batean datza noski, hots, hau komunikatzeko tresna neutrala ez ezik, mundu-ikuspegi menperatzaileen kodeketa bat eta ezberdintasunean sustraitutako botere-harremanak iraunarazteko modu bat delakoa (Bourdieu 1991, Ehrlich & King 1994, Schieffelin, Woolard & Kroskrity  1998). Botere-desoreka horietako bat gizonezkoen nagusitasuna izanik, arriskuan dauden hizkuntzak bizirik mantentzeko materialetan ere hau islaturik ikustea ez da hain harritzekoa, nahiz eta materialon helburua guztiz goresgarria izan berez.

Adibide gisa, euskara "kanpora jalgi" dadin laguntzeko propio idatzi zen testu konkretu bat izango dut aztergai hemen: Estatu Batuetako diasporakoei euskara irakasteko sortutako The Basque-English Dictionary (Aulestia 1989) delakoa. Hemen erakutsiko dudanez, hiztegi hau ez da "neutral storehouse of words and their meanings" bat (Romaine 1999:117), zeren eta (zitarekin jarraituz): "Meanings are shaped by usage, and it is largely men's usage and meanings that are included" (1). Euskal Herrian bertan euskara irakasteko erabiltzen diren material didaktikoak bezala (Echeverria 2003), Aulestiaren hiztegian aurkeztutako mundu euskaldunaren irudia gizonentzako mundu bat da. Galde daiteke, hortaz, ea emakumezkoak dantza horretan parte hartzera gonbidatuak sentitzen ote diren.

Genero-neutraltasuna euskaraz

Hiztegian agertzen den androzentrismoaren adierazpenak ikusten hasi baino lehen, ohar gaitezen euskaran bertan ez dagoela ez genero naturalik ez eta gramatikalik. Hain zuzen ere, genero-marka bakarra hi izenordainari loturik agertzen dena da (Aulestia 1989:a49). Solaskidea aditz iragankor baten subjektua denean (ergatibozko argumentua alegia) edo zehar-objektua (datibozkoa), aditz jokatuak solaskide horren generoa markatzen du (emakumezkoa bada, -n, eta gizonezkoa bada, -k).

1. Taula: Genero-markak euskaraz

 Ergatiboa  Datiboa
 Lan egin du-n  Gertatu zai-n
 Lan egin du-k  Gertatu zai-k

Genero-markaren sistema honen alderdi ohargarri bat alokutibotasuna da, hots, aditz jokatua solaskidearen generoarekin komunztatzen da, solaskidea esaldian agertzen ez denean ere (Oyharçabal 1993:91):

2. Taula: Alokutibotasuna euskaraz

 Laguna-k ikusten n-a-i-n-o

 Laguna-k ikusten n-a-i-k-o



Perpaus honetan ez da agertzen "hi"; hala eta guztiz ere, "ikusi" aditzean solaskidearen generoa markatzen da.

Badirudi, hortaz, ez litzatekeela zaila euskara-ingeles hiztegian generoari dagokionez neutraltasuna gordetzea, zeren eta ingelesak, gaztelaniak eta frantsesak ez bezala (hizkuntza hauetara gehienetan itzultzen baita), ez baitago genero gramatikalik, eta genero naturalari dagokionez, hiztegiak neutraltasuna lor lezake ingelesezko hizkuntza erreformatzaileen ildoari jarraituz eta generoarentzat neutralak diren formak erabiliz (adib. s/he, it edo pluralak) generoa zehazten duten formen ordez.
Metodoak

Generozko neutraltasun hori gauzatzen ote den egiaztatzeko asmoz, 50.000 bat hitzeko hiztegi honetako adibide-perpaus guztiak aztertu ditut, nolabaiteko genero-bereizketa adierazten duten perpausei erreparatuz. Euskarari dagokionez, honek esan nahi du: izen propioak, generoaren arabera bereizten diren bikote lexikalak (hala nola: ama-aita, alaba-seme …), eta 1. eta 2. Tauletan aipatu dugun bezala, hi izenordaina. Ingelesari dagokionez, berriz, izen propioen erabileraz eta generoz bereizitako hitz-bikoteez gainera, berez euskaraz generorik adierazten ez duten perpausen ingelesera itzultzeko modua ere kontuan hartzekoa da hemen. Gehienetan, "hura" she edo he gisa, edota "haren" her edo his gisa itzultzea egoten zen jokoan horrelakoetan.

Emaitzak: zein genero euskara-ingeles hiztegiak?

Hauxe izan da ondorioa: hiztegi honek mezu androzentrikoak (berr)itsasten dizkiola euskarari. Batetik, gehien-gehienetan adibide-perpausak generoari dagokionez espezifikoak direnean gizonezko erreferenteak erabiltzen ditu. Bigarrenez, emakumezko erreferenteak agertzen direnean, hauen paper eta jardueren aipamenak ez dira ugari. Eta hirugarrenik, modu batean edo bestean, emakumezko erreferenteak gizonezko erreferenteekiko menpeko lekuan kokatzen ditu hiztegiak behin eta berriro. Puntu hauek banan-banan hartuko ditugu orain.

Emakumezkoen aipamen eskasak

3. Taula: Gizonezkoen nagusitasuna adibide-perpausetan

 Giz. soilik  Emak.soilik  Biak  Guztira
 2.208  129  53  2.390
 %92  %5  %2  


3. Taulan ikus daitekeenez, hiztegi osoan guztira 2.390 perpausetan generoa nolabait aipatzen da. Hauetatik, 2.208k (%92) gizonezko-erreferentea besterik ez dute aipatzen, eta 53 (%2) gehiagotan, bai gizonezkoak bai emakumezkoak aipatzen dira. Emakumezkoen aipamen soilak 129 perpausetan (%5) bakarrik aurkitzen dira. Gainera, emakumezko-erreferenteak dituzten perpausen %29k (283tik 53k, alegia) gizonezko erreferenteak ere aipatzen dituzte; aitzitik, azken hauek gizonezko erreferenteak dituzten perpaus guztien %2 baizik ez dira (2.303tik 53). Emakumezko erreferenteek askotan gizonezko erreferenteekin protagonismoa konpartitzen dutela esan dezakegu, beraz, eta gizonezkoek, aldiz, gehienetan arreta osoa izan ohi dute beraientzat bakarrik.

Gauza bertsua gertatzen da izen propioekin: gizonezko izenak 59 bider erabiltzen dira; emakumezkoak 17 aldiz baino ez. Gizonezko izen horietatik hamalau "Kepa" edo "Jon" bezalako izen arrunt hutsak badira ere, euskal kulturarako eta mundurako ekarpen handiak egin dituzten gizonen ospea aldarrikatzeko asmo bat garbi nabaritzen da: hain zuzen, perpaus hauetatik 22tan agertzen dira Pedro Axular (1556-1664) idazle ezagunaren izena, Miguel de Unamuno (1864-1936) filosofo ospetsuarena, eta hauen antzeko beste zenbait. Areago, euskal munduaz landako gizon garrantzitsuen aipamenak ere ez dira falta: Fidel Castro, Albert Einstein eta Victor Hugo bezalakoak -Adolf Hitler ahaztu gabe, "Arrazakeriak Hitler hil zuen" perpaus bitxian hain zuzen- bederatzi perpausetan aipatzen baitira. Aitzitik, emakumezko izenak aipatzen dituzten hamazazpi perpausetatik, zortzitan aurkitzen den izena Mary dugu, generiko samartzat har daitekeena. Euskal emakume gailenik (tradizionalki ez baita inor haietaz gogoratzen, hain zuzen) ez da inon ere aipatzen: esate baterako, Katalina Erauso, "Moja alfereza" goitizenekoa (1592 urtean jaioa), edota Dolores Ibarruri komunista ospetsua (1895-1989). Euskaldunak ez diren zenbait gizonezko pertsonaia ezagun aipatzen direnez hiztegiko adibide-perpausetan, munduan eragin handia izan duten zenbait emakume ez-euskaldun ere aipatzea espero zitekeen, hala nola Espainiako Isabel erregina edo Joana Ark-eko frantziarra. Eta  etxetik hurbilago, zergatik ez Nafarroako Joana Albretekoa, 1571 urtean euskal testurik garrantzitsuenetako baten eragilea izan zena, Itun Berria euskarara itzultzeko agindua berak eman baitzuen? Baina ez: hiztegian aipatzen diren emakume "ospetsu" bakarrak Ama Birjina eta Santa Ageda dira. Kristautasunaren aurreko euskal erlijioan jainko nagusia izan zen Mari jainkoarentzat ere ez dago aipamenik.

Emakumezkoen paper eta jarduera mugatuak

Hona hemen datu hauetan agertzen den bigarren ezaugarri bat: emakumezkoak aipatzekotan ere, beraiei esleitzen zaizkien jarduera motak eta gizonezkoen jarduera multzoa arras ezberdinak izaten dira, emakumeenak askoz mugatuagoak direlarik. Hau 4. Taulan garbi ikusten da:

4. Taula: Familiaren edo maitasun-harremanen aipamenak

 Giz. soilik  Emak. soilik  Biak  Guztira
 229  68   48  345
 2.208  129  53  2.340
 %10  %54  %91  %15


Alegia, perpaus guztien ehunetik hamabostek (N=345) baizik ez dute harreman-egoerari buruzko nolabaiteko aipamenik egiten, baina emakumezko eta gizonezko erreferenteak batera aipatzen dituzten perpausetan (hirugarren zutabekoetan alegia) portzentaia honek ehunetik laurogeita hamaikara egiten du jauzi. Bestalde, emakumezko-erreferenteak soilik dituzten perpausetan ere (bigarren zutabean daudenetan) erdiak baino gehiago ugalketa-zereginaz, harreman sentimentalaz edota familia-harreman batez ari dira, emakumeak ama, amabitxi, amaorde, emazte, alargun, amona, alaba, ahizpa edo arreba gisa agerraraziz.

Harreman-egoeraz edo ugalketa-funtzioaz ezer esaten ez duten perpausek zer, ordea? Nolako jarduerei eta paperei lotzen zaizkie emakumezko erreferenteak hauetan? Datuek erakusten  dutenez, emakumeak edo neskatxak askoz ere jarduera eta paper mota gutxiagotan aurkezten dira gizonak edo mutikoak baino. Emakumeak edo neskatxak aipatzen dituzten hamasei perpausetan bakarrik esan daiteke, inola ere, lanbide-arloari buruzko zerbait esaten dela. Ikus ditzagun:

5. Taula: Emakumezko erreferenteak lanbide arloan

 Emakume maratza zen. She was a hard-working woman.
 Artzaneskak ekarri ditu gazta hauek.  The shepherdess has brought these cheeses.
 Barazkiak astasaskian ezarri ditu. She has put the vegetables in the saddlebags.
 Artilea emakumeek iruten dute. The women weave the wool.
 Linda eta Jill gure idazkariak dira. Linda and Jill are our secretaries.
 Neskame ona da baina geldia. She's a good maid, but slow.
 Gaurko neskei neskame izatea ez zaie gustatzen. Today's girls don't like being a maid.
 Zenbat irabazten dute haurtzaindegiko neskek? How much do the girls of the childcare center earn?
 Hariko mahaioihal eder bat egin du. She has made a beautiful linen tablecloth.
 Hire ahizpa omen da herriko jostunik onena. It is said that your sister is the best seamstress in the town. 
 Gure andereñoa Miren da. Our Basque teacher is Mary.
 Moja sartu zen. She became a nun.
 Serora berriek lehen botuak egin dituzte. The new sisters have made their first vows.
 Lekaime berriek lehen botuak egin dituzte. The new nuns took their first vows.
 Emakumeek ere parte hartzen zuten etxegintzan. The women also used to take part in building the house.
 Hire arreba aurkezlari ona da. Your sister is a good demonstrator.


Nabarmenki, perpaus hauetako gehienek emakumezko-erreferentea lanbide arlo tradizional batean aurkezten dute. Azken biak bakarrik ditugu salbuespen, emakumeak hain tradizionalak ez diren lanbideetan aurkezten baitituzte, eta bi horietan, hain zuzen, ez dago garbi emakumeek aipatutako jardueretan aritzeagatik dirurik irabazten ote duten. Gainera ez dago garbi zernolako "demonstrator" esan nahi den hemen: manifestatzailea ote? ala telebistan tresnen erabilpena demostratzen duena? Ahizparen edo arrebaren egoera nabarmentzen da: "arreba", gizonezko batena, "ahizpa", emakumezko batena.

Gizonezko-erreferenteak hauekin kontrastatzen dira. Haietako 229tan bakarrik (%10 alegia) aipatzen dira harreman-egoerak edo ugalketa-funtzioak . Gizonezko-erreferenteak hainbat lanbide eta zeregin ezberdinetan erakusten dira. Egia da perpaus hauetako gehienetan gizonezkoak baserri-giroko bizimodu tradizionalari lotutako lanetan edo ari direla: goldaketan, ereiten, artzain-lanetan eta abar. Hala eta guztiz, ez dira falta gizonezkoak lanbide ez-tradizionaletan edo profesionaletan erakusten dituztenak, politikan, historian, irudi monumentalak egiten ere…. Jarduera-aniztasun hori ez da lanbideetara mugatzen, gainera: beren aisia denboran ere, emakumezkoak baino zeregin ugariagotan erakusten dira gizonezkoak, hala nola musika sortzen (13); mendizaletasuna praktikatzen (7); lehiaketak egiten (9); igeriketan edo arrantzan (9); kirolari bezala edo kirolak ikusten (6); jolasean edo animaliekin jolasten (12); edo modu orokor batean beren aisialdian dibertitzen (10). Horiek bezalako denbora-pasetan ez da emakumezko-erreferenterik agertzen, girls just wanna have fun (neskei dibertitzea besterik ez zaie interesatzen) baieztapena gorabehera.

Hurrengo atalean ikusiko denez, dantzara gonbidatuak izanik ere, neskak ez dira beti dibertitzen.

Emakumezko-erreferenteen bigarren mailako zereginak

Hiztegi honek emakumeak bigarren maila batean kokatzen ditu gizonen aurrean, gizonezkoen aldeko joera areago bermatuz. Hau zenbait modu desberdinetan gertatzen da; hona hemen bat. Emakumezko eta gizonezko-erreferenteak batera aipatzen dituzten 53 perpaus horietatik, hamabitan bakarrik (%25) aurkitzen dugu emakumea perpausaren egile moduan:

6. Taula: Egiletasuna emakumezko-erreferenteetan

Seme batez amatu da. She has had a son.
 Erditu baino lehen hil zen. She died before she gave birth to a son.
 Semea erdituko du. She will give birth to a son.
 Seme bat munduratu zuen Miren-ek. Mary brought a son into the world.
 Amak musuka jaten du bere semetxoa. The mother eats up her little son with kisses.
 Amak atzekaldea berotu dio semetxoari. Mother has spanked her little son.
 Miren bere lehengusuarekin ezkondu zen. Mary married her first cousin.
 Emaztea matrakan hasi zitzaion. His wife began arguing with him.
 Zure emaztea sukaldari ona da. Your wife is a good cook.
 Hire arreba aurkezlari ona da.  Your sister is a good demonstrator.
 Aita euskalduna dau, ama barriz frantsesa. His father is Basque, but his mother is French.
 Amak txapel berri bat erosi dio aitari. Mother has bought a new hat for father.


Perpaus hauetan emakumezkoa "egilea" bada ere, emakumeen paper tradizionalak azpimarratzea besterik ez dute lortzen, amatasunari edo erditzeari lotutako paperak baitira hauek.

Ikus dezagun orain emakumezko-erreferentea gutxiesteko beste era bat hiztegi honetan, hots: bera definizio tradizional edo mugatu batean aipatuz, gizonezko-erreferentea, aldiz, mundu zabalagoari lotutako definizio batean erabiltzen denean. "Argiratu"/"argitaratu" sinonimo bikotearekin aurkitzen ditugun perpausetan, adibidez (biok bi adiera baitituzte: "publikatu" edo "erditu"). Ikus dezagun:

1. Testua:
argiratu vt to publish, to bring to light. Alabatto bat argiratu zuen.
She gave birth to a small daughter.
Argitaratu vt to publish; vt to give birth to. Liburu berri bat argitaratu du.
He has published a new book.

Berriro ikusten dugu hiztegiak emakumezko erreferentea mugatuena den definizioarentzat erabiltzen duela, honen ugalketa-funtzioari lotuta dagoenarentzat alegia. Gogora gaitezen euskarazko "du" laguntzaileak berez ez duela berez subjektuaren generorik zehazten.

Baina emakumezko-erreferentearen paperak mugatzerakoan, hauek ez dira amatasunezko zereginetara soilik mugatzen. Demagun "botu" hitza ["boto" alegia], bi zentzutan erabil daitekeena: "boto politikoa" edo "erlijiozko botoa" adierazteko, hain zuzen. 5. Taulan ikusi denez, emakumezko- erreferenteari definiziorik mugatuena, erlijiozkoa alegia, esleitzen zaio:

2. Testua:
botu (B, G, U) n. vote, n (eccl) vow. Lekaime berriek lehen botuak egin dituzte.
The new nuns took their first vows.

Aitzitik, politika mailako egiletasunari dagokionean, gizonezko-erreferentea agertzen zaigu:

3. Testua:
botu eman vt to vote. Errepublikanoari eman dio bere botua.
He has given his vote to the Republican candidate.

"Dio" laguntzaileak berez berdin balio du euskaraz gizon baten edo emakume baten egiletasuna (subjektua) adierazteko, baina erabilitako ingelesezko itzulpenak gizonezkoa dela zehazten du.

Bestalde, emakumezko-erreferenteak bigarren mailako paperetan kokatzen dira hauek objektu bihurtuz edo izaki sexualtzat hartuz; horrelakorik ez da gizonekin edo mutikoekin gertatzen. Adibidez, "droga" hitzak bi esanahi dituela azaltzen du hiztegiak, bata "substantzia psikotropikoa" adierazten duena, eta bestea "errierta". Hau erakusteko erabiltzen dituen bi perpausetan "zuen" lehenaldiko laguntzailea agertzen da, inola ere generoa zehazten ez duena noski. Hona hemen:

4. Testua:
droga n drug. Drogak erosteko dirua, gorputza salduz irabazten zuen.
She earned the money to buy drugs by selling her body.
droga n. argument.  Droga ederra atera zuen.
What an argument he caused!

Ingelesezko itzulpenetan emakumezko izenordainak bi perpausotan erabiltzea posiblea zen, baina lehenengoan bakarrik egiten da hori, ageriko esanahi sexuala dagoenean, eta esanahi negatiboa dagoenean, gainera.

Gauza bera dugu sinonimotzat jo daitezkeen zenbait aditz ("hunkitu", "zirri egin") itzultzean. Bi perpaus ematen dira hura argitzeko, biak aski neutralak eta emakumezko edo gizonezko izenordainekin ingelesera litezkeenak:

5. Testua:
Hunkitu vt to touch, to feel, to palpate. Eskuaz hunkitu diot
I have touched him with my hand.

Hunkitu--Ez zen inoiz hunkitu.
He never showed emotion.

Gizonezko izenordainekin itzulita aurkitzen ditugu, nahiz eta "diot" eta "zen" neutralak izan generoari dagozkionez. Alta, sexuzko kutsua duen "ukitze" bat ("zirri egin"-ekin) aipatzerakoan, izenordain femeninoa erabiltzen da [objektu gisa alegia]:

6. Testua:
zirri egin vt to touch (usually a boy touching a girl in a sexual way). Neska gazte horri zirri egin zion agure zaharrak.
The old man touched that young girl.

Inork esan lezake, perpaus honen defentsan, deskribatzen duen agertokia guztiz ezezaguna ez dela. Zergatik ordea ez erabili jokabide hori gaitzesten (edo areago, salatzen) duen esaldi bat hitz berbera argitzeko? Edota "neska gazteak" agure zaharraren zirri horri aurre egiten dion egoera bat adierazi? Edo besterik gabe, hiztegiko definizioa kontuan hartuta, zergatik ez erabili adin bereko gizonezkoen eta emakumezkoen artean gogoz abiaturiko sexu-joko bati buruzko perpaus bat? Susma liteke, horrelako aukerarik egin ez denez, azaltzen den jokabide mota hori kuestionatu ordez, normaltzat jo daitekeen sujerentzia bat egiten ari dela.

Emakumezko-erreferenteak ikuspegi sexual batetik aurkeztea hiztegi honetan emeak objektu bihurtzeko joera orokorrago baten barruan uler daiteke. Emakumezko erreferenteak aipatzen dituzten perpausetako askok modu batean zein bestean emakumeen itxura edo gorputzari buruzko komentarioak dira, neutral samartzat jo daitezkeenetatik hasi (Your oldest daughter has grown more beautiful "Zure alaba zaharrena edertu egin da") eta bortxakeria sexualaren adierazpenetaraino (A rapist got our daughter pregnant "Bortxatzaile batek gure alaba haurdun utzi du"). Batera hartuta, erreferente hauek emakumea gizonezkoaren begietan islaturik aurkezten dute, eta ez berezko eragile gisa.

Atal honetan aipatuko dugun azken joeran, berriro ere emakumezko egileak adieraziko lituzketen perpaus posibleak ez dira kontuan hartzen eta ondorioz, berriro ere, emakumezkoen egiletasuna mespretxuz ikusten da, emakumeak bigarren mailan utziz. Adibidez, hiztegiko zenbait adibide-perpausek euskal kantak dituzte iturri. Hirurogeita hamar hamarkadako abestiotako batean, lagunak saltzea baino hiltzea nahiago zuen gudari gazte baten laudorioak kantatzen dira. Abesti hau "salatu" aditza argitzeko asmoz aipatzen da. Aipatzen den esaldian, gizonezko solaskidea inplikatzen duen "duk" adizkia gertatzen da (ikus 1. Taula goian):

7. Testua:
Itziarren semea: hori duk mutila, inor salatu baino nahiago du hila.

Hain zuzen ere, abesti bereko beste estrofa batzuk delako gaztearen amari (Itziarri)  zuzenduta daude; hauetan "salatu" hitza berriro erabiltzen da, "dun" adizkiarekin oraingoan:

8. Testua:
Maji neskatila, hori dun mutila, inor salatu baino nahiago du hila.

 Halere, lerro hau ez da erabiltzen nahiz eta testu berberekoa izan. Iturri literarioagoetatik ateratako beste zenbait adibidetan joera berdintsua sumatzen da, lan honen hasieran aipatu dudan Etxepareren Linguae vasconum primitiae-koak kasu. Bilduma honetan aurkitzen den "Amore gogorraren despita" (Etxepare 1995:225) delako olerkian, esaterako, jaun bat "andre eder jentil" bat gorteiatzen saiatzen da, baina honek ezetz erantzuten dio hitz hauek (besteak beste) erabiliz:

9. Testua:
Gazte zoroa nizan arren, enukezu hargatik.
A foolish girl though I might be, on that account will you not have me.

Gure hiztegia ez da adibide honetaz baliatzen foolish ("tuntun", "ergel"…) hitza argitzeko, ordea, beste bi hauetaz baizik (biak asmatuak, antza):

10. Testua:
suntsun adj foolish, idiotic. Bizimodua olgeta dela uste du neska suntsun honek.

11. Testua:
txatxala (B, U) adj foolish, stupid, simple (female). Andre txatxala baten hitzak dira

Beraz, adiera honentzat bi esaldi hutsetik asmatu bide ziren, emakumeen "aldeko" adibide on bat baztertuz. Hain zuzen ere, hainbat mendetako olerki eta kanten tradizioa badu euskal kulturak, eta tradizio hori ere gizonezkoengan zentratua izan arren, baditu emakumeen eta nesken aipamen ugari ("noka" edo "hitanoa" barne). Zergatik ez ote dira hauetako gehiago jaso testu honetan?

Arriskupekoa ere generodun

Ikusi dugunez, euskaran, hizkuntza bezala, generoari dagokionean neutraltasuna egon arren, Basque-English Dictionary delakoa zenbait estrategiaz baliatzen da mundu euskaldunaren irudia gizonen mundu bat bezala erakusteko. Ikertzaile askok argitu dute nola erabiltzen den hizkuntza gizonezkoen nagusitasuna iraunarazteko (Ehrlich & King 1994, Romaine 1999, Spender 1980). Eta zenbait idazlek arestian erakutsi dutenez, generoari buruzko ideologiek bigarren hizkuntzen edo hizkuntza arrotzen ikasleei ere eragiten diete aukera linguistikoei dagokienez (ikus Pavlenko, Blackledge, Piller & Teutsh-Dwyer  2001). Baina arriskuan dauden hizkuntzak defenditzen edo ikertzen dituztenek hau gutxitan hartzen dute kontuan, dirudienez. Gizonezkoen aldeko desoreka handi honetaz ohartzeko, hiztegiaren azterketa sistematiko bat egin behar da; hala ere, testu hau etengabe kontsultatu behar dutenek mezu hauetako zenbaiti gutxienez erreparatzea ez litzateke hain harrigarria. Eta emakume batzuek beren jatorrizko hizkuntzan honelako testuen aurrean -beren hizkuntzan beraiek ez-pertsonak bezala tratatzen baitituzte- deserosotasun psikologikoa sentitzen badute (Romaine 1999:108), oraingo testua erabiltzen duten zenbait emakumek ere dudarik gabe beste hainbeste senti lezakete.

Hala gertatzen den ala ez egiaztatzeko, ikerketa etnografiko bat burutu beharko litzateke, jakina. Baina eskarmentu bezala harturik bederen, hemen aurkeztu diren datuak baliagarriak izan daitezke hizkuntzak bizirik mantentzeko hain garrantzitsua den corpus planning delakoan dihardutenentzat. Zeren horrelako jarduerak, hiztegigintza bezalaxe, ez dira ideologikoki neutralak. Beraz, arriskuan dauden hizkuntzen hiztunek beren hizkuntza "baztertzen" dutelako eskuak etsipenez altxatu ordez, agian komeniko litzateke hiztunontzat irudikatzen dugun munduari arreta gehiago jartzea, berauek mundu horretatik nolako harrera jasotzen ote duten galdetuz.

Hots, Etxepareren metafora gogoan hartuz: dantzarako gonbidapen hori, nori ote dago zuzendua?

Esker onak

Jose Ignacio Hualderi, Margaret Nash-i eta Robert Ream-i nire eskerrik beroenak ematen dizkiet lan honi buruzko beren oharrengatik, baita graduondoko nire ikasleei ere, erakutsi duten berotasunaren bitartez eman dizkidaten animuengatik.

Erreferentziak

  • Aulestia, Gorka. 1989. Basque-English Dictionary. Reno eta Las Vegas: University of Nevada Press.
  • Bourdieu, Pierre. 1991. Language and symbolic power. Cambridge Polity Press.
  • Echeverria, Begoña. 2004. Language ideologies and practices in (en)gendering the Basque nation. Language in society 32(3):383-413.
  • Eckert, Penelope eta Sally McConnell-Ginet. 1992. Think practically and look locally:  Language and gender as community-based practice. Annual Review of Anthropology 21:461-490.
  • Ehrlich, Susan eta Ruth King.  1994. Feminist meanings and the (de)politicization of the lexicon. Language in Society 23:59-76.
  • Etxepare, Bernart.  1995 [1545]. Linguae vasconum primitiae. Real Academia de la Lengua Vasca. Bilbao.
  • Oyharçabal, Bernard. 1993. Verb agreement with non arguments: On allocutive agreement. In: Jose Ignacio Hualde & Jon Ortiz de Urbina (zuz.), Current issues in linguistic theory, 105:  Generative studies in Basque linguistics, Amsterdam: John Benjamins, 189-220 orr.
  • Pavlenko, Aneko, Adrian Blackledge, Ingrid Piller & Marya Teutsch-Dwyer (zuz.), 2001. Multilingualism, second language acquisition and gender. Boston & New York: Mouton de Gruyter.
  • Romaine, Suzanne.  1999. Communicating gender. Lawrence Erlbaum Associates: Mahwah, New Jersey eta Londres.
  • Schieffelin, Bambi B., Kathryn A. Woolard & Paul Kroskrity. 1998. Language ideologies:  Practice and theory. Oxford University Press: New York eta Oxford.
  • Spender, Dale. 1980. Man made language. London: Routledge & Kegan.
  • Woolard, Kathryn A. 1985.  Language variation and cultural hegemony:  Towards an integration of sociolinguistics and social theory. American Ethnologist 12:738-748.


Oharrak

(1) Itzulpena: "... hitzentzako eta berauen esanahientzako gordeleku neutro bat. Erabilerak sortzen ditu esanahiak, eta gehienetan gizonezkoen erabilerak eta esanahiak hartzen dira kontuan." [Itzuli]

Azken eguneratzea: 2007/02/06