Apirilaren 20an eta 21ean, Bilboko Guggenheim museoan, “Eskualdeetako edo Eremu Urriko Europako Hizkuntzen Gutuna: Lorpenak eta Desafioak” jardunaldiak egin zituzten. Gutunak 10 urte bete ditu eta horixe izan zen jardunaldiak egiteko arrazoia.
Antolatzaileak Europako Kontseilua, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskal Herriko Unibertsitatea izan ziren. Europako Gutunak hamar urteko epean egindako lorpenez eta aurrera begira dituen erronkez aritu ziren adituak bi egunez. Euskararen egoeraz mintzatu ziren, baita Europako beste hizkuntza gutxituen egoeraz ere.
Europako Gutuna Espainiako Gobernuak 1992. urtean sinatu zuen eta 2001. urtean berretsi. 2009. urte hasieran Europako Kontseiluak Gutuna Espainiako estatuan zenbateraino betetzen den egiaztatzeko bigarren ebaluazioaren txostena ezagutarazi zuen. Txostena prestatu zuen Adituen Batzordeak Katalunia, Galizia eta Euskadi goraipatu zituen abian dituzten hizkuntza-politikengatik. Aldiz, defizitak aurkitu zituen Espainiako estatuko administrazioan, hala nola, justizia administrazioan, sozietate estataletan eta zerbitzu publikoen enpresetan eta estatuaren edo edozein ente publikoren mendeko hedabideetan.
Juan Jose Ibarretxe jarduneko lehendakaria jardunaldien inaugurazio ekitaldian izan zen eta zenbait autonomia erkidego beren hizkuntzen normalizazioaren alde egiten ari diren ahalegina nabarmendu zuen, bereziki Euskadi, Katalunia eta Galizia. Euskarari dagokionez, eman den aurrerapausoa nabarmena izan dela gaineratu zuen.
Hona hemen jardunaldietan parte hartu zuten hainbat adituren adierazpenak:
- Terry Davis Europako Kontseiluko idazkari nagusia: «Hizkuntza gutxituak gure aniztasunaren adierazle dira, ez mehatxu». «Hizkuntza gutxituak subiranotasun nazionalaren eta herrialdearen osotasunaren barruan babestu behar dira. Nortasun kulturalekin lotutako auzietan eleaniztasuna aitortzeak tentsioak gutxi ditzake».
- Lluis Maria de Puig Europako Kontseiluaren Parlamentu Batzarreko presidentea: «Europako 37 hizkuntza daude mende honetan desagertzeko arriskuan. Hizkuntza bat galtzea europarren porrot kolektiboa da». «Eurogutuna indarrean jartzea ona izan zen. Arrakasta izan du, baina ez guztizko arrakasta, herrialde batzuek ez dutelako sinatu. Frantziak esan zuen hizkuntza gutxituei eskubideak aitortzeak hizkuntza horiek ez dakizkiten frantziarren aurka jardutea ekarriko lukeela».
- Manuel Lezertua, Europako Kontseiluko legelaria: «Eurogutuna aitzindaria da munduan hizkuntza-eskubideen babesean eta Europan hizkuntza-aniztasunaren aldeko printzipio nagusi bat ezarri nahi du. Bere xedea eremu urriko hizkuntzen eta hizkuntza gutxituen hiztunak babestea da eta hizkuntza ezberdinen hiztunen arteko bizikidetza antolatzea. Hori horrela izanik, nire ustez, horren ondorio zuzena hauxe da: Eurogutuna ezin da erabili babestu nahi dituen hiztunen aurka eta ezta euskara ez ikasteko aitzakia gisa ere».
- Sigve Gramstad, Euroituneko Adituen Batzordeko presidenteordea: «Jarraipena egiten hasi ginenean, konturatu ginen udal batzuetan euskararekiko jarrera ezkorra zegoela, baina gerora hobetu egin zen hori. Nafarroan ere joera positiboa egon da, azpiegituren sorrerari dagokionez batik bat, eta eremu mistoan batez ere»
|