Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Zure hizkuntza-eskubideak ezagutzen dituzu?


 


Elebide, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuak aukera ematen die herritarrei beren zalantzak, galderak eta kexak argitzeko.

Hiru zeregin nagusi ditu Elebidek: hizkuntza-eskubideak sustatu eta bermatzea, herritarrei babesa emanez; prozedura bat jartzea berme hori eraginkorra izan dadin eta, azkenik, konponbideak ezartzeko ardura duten administrazio eta erakundeekin lankidetzan jardutea, irtenbiderik onena aurkitzeko. Herritarren eskubideak bermatzeko bitartekotzan egiten du lan Elebidek. Laguntza eskaintzen dio harengana jo duen herritarrari, baita herritarraren galdera, kezka, kexa edo dena delakoari erantzutea dagokion erakundeari ere.

Elebidek beti ere indarrean den araudian aitortutako hizkuntza-eskubideak hartzen ditu oinarri, euskara eta gaztelania erabili nahi duten herritarren babesean, biak baitira hizkuntza ofizialak Euskal Autonomia Erkidegoan.

Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari atxikita dago Elebide, eta uztailaren 29ko 150/2008 Dekretuak arautzen du haren jarduna.

Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek jo dezakete Elebidera, eta beren zalantzak, galderak eta kexak helarazi. Izan ere, zerbitzu horri honakoak baitagozkio:

  • Herritarrek hizkuntza-eskubideen babesarekin lotuta egiten dituzten iradokizunak jaso eta izapidetzea.
  • Herritarren kontsultak jaso eta erantzutea, hizkuntza-eskubideen eta hizkuntza araudiaren gaineko informazioa eta aholkularitza emanez.
  • Herritarren kexak jaso eta izapidetzea, hizkuntza-eskubideak urratu direla-eta edo horiek erabiltzearen ondorioz kalteak jasan direla-eta.

Herritarrek bide ezberdinak dituzte eskura Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzura jotzeko:

  • Posta arrunta: Elebide Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua; Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza; Kultura Saila; Eusko Jaurlaritza. Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
  • Telefonoa: 012.
  • Internet: www.euskadi.net/elebide
  • Posta elektronikoa: elebide@ej-gv.es

Elebidera jotzean, herritarrek hainbat datu eman behar dituzte: izen-abizenak; nortasun agiri zenbakia; helbide bat; egitateak; kexa, kontsulta edo iradokizunaren muina diren arrazoiak; lekua eta data.

Prozedura: Elebidek kexen, kontsulten eta iradokizunen barne-erregistro bat kudeatzen du eta horiei guztiei buruzko informazioa jaso, tartean haien izapidetze-prozedura eta, dagokionean, ebazpena edo erantzuna.

Kexa, kontsulta edo iradokizuna aurkeztuta, Elebidek informazio-espedientea zabaltzen du eta, behar denean, egoki iritzitako ikerketak eta diligentziak burutzen.

Ondoren, eragindako erakundera bideratzen du Elebidek jasotako kexa, kontsulta edo iradokizuna, aintzat har dezan, eta hala badagokio, erantzun egokia presta dezan. Eragindako erakundeak Elebidera bidaliko du erantzuna, eta horrek pertsona interesdunari igorriko.

Horrela, prozedurako azken urrats gisa, herritarrak jakinarazpen bat jasoko du Elebidetik, eta bertan izapidetzearen berri emango zaio eta erantzuna atxikiko.

Bere jardunean datu pertsonalen babesa bermatzen du Elebidek, Datu Pertsonalen Babesa arautzen duen abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat.

Azken eguneratzea: 2009/12/22