Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera

Herritarrek ipuin kolektiboak osatuko dituzte

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak KONTALARIA izeneko kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburu nagusia euskararen erabilera espazio publikoetan eragitea da. Baina, horrez gain, beste helburu batzuk ere baditu: euskararen erabilerari balioa ematea, sormena lantzea, teknologia berrien inguruan jardutea eta belaunaldien arteko harremana eta komunikazioa bultzatzea.

Kontalaria logoaEusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kontalaria kanpaina abiarazi du. Proiektua hizkuntza sustatzeko elkarreraginezko multimedia ekimena da.

Egitasmoak hiru helburu hauek ditu:

  • Euskararen erabilera eragitea eguneroko espazio publikoetan.
  • Euskararen erabilerari balioa ematea.
  • Sormena eta teknologia berrien inguruan jardutea hizkuntzarekin bat eginez.

Helburuok lortzeko, herritarrei adierazpen tresna bat eskainiko zaie, mintzaira ludikoa eta normalizatua eraginez. Bestalde, euskarak eguneroko espazio publikoetara hurbiltzeko aukera izango du, kaleko ekintza zuzenaren bidez.

Herriz herri ibiliko den unitate mugikorrean, horrela nahi duen orok, ipuin kolektiboa, elkarreraginezkoa eta ikus-entzunezkoa gauzatzeko aukera izango du. Unitate mugikor horren barruan, kontu-kontari jarduteko pantaila eta bideo-kamara izango dira.

Zortzi lagunez osatutako lantaldeak Euskal Autonomia Erkidegoko hogei herritan egun bateko egonaldia egingo du egitasmoa bere osotasunean gauzatzeko. Herrien hautaketa egiterakoan, bi irizpide erabili dira: batetik, biztanle-kopurua (10.000 biztanle baino gehiago dituztenak), eta, bestetik, herriotako egoera soziolinguistikoa.

Kanpoko animazioaren bitartez, lantaldeak herritarren partaidetza bultzatuko du. Horretarako, bertaratzen direnei, funtzionamenduaren mekanika argituko zaie, irudi eskubideen lagapenaren berri eman eta aurreko parte-hartzaileak kontaturiko istorioa erakutsiko zaio, jarraipena eman diezaion, ipuin kolektiboa osatuz. Istorioa egiteko proposatuko diren gaiak askotarikoak izango dira: urte-sasoiarekin lotutakoak, herriko edo hiriko gaiak eta kontakizunak eta beste zenbait.

Kanpainaren ibilbidean bildutako materiala EITBren esku jarriko da, hark bere emisioetan material hori baliatuz programazio berezia egin dezan.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren jardunean, erronkarik garrantzitsuena euskararen erabilera sustatzea da eta lehentasunezkotzat du erabilera hori esparru ez formaletan (lagunartean, aisialdian, familian eta abarretan) bultzatzea, hau da, auzo-bizitza eta herri-bizitza egiterakoan euskara erabiltzea.

Kontalaria egitasmoaren aurkezpenean, Blanca Urgell Kultura sailburuak adierazi zuenez, Kontalaria proiektuaren bitartez, besteak beste, eguneroko espazio publikoetan euskararen erabilera bultzatu nahi da: «Proiektu honekin, gainera, euskararen erabilerari balioa eman nahi zaio. Betiere, hizkuntzarekin bat eginda sormena eta teknologia berriak landuz». Urgellek, bestalde, inposizioetatik ihes eginez, euskara zabalduko bada, pertsuasioa dela bidea argudiatu eta horretarako ipuinek duten indarra azpimarratu zuen: «Ipuin eder bat irakurtzean edota entzutean edonork sentitu du noiz edo noiz zirrara, magia edota poza. Ez da zalantzarik ipuinak gozamenerako tresna direla. Guk argi daukagu gozamena dela biderik onena euskara bultzatzeko. Ipuinekin eta euskaraz gozamena eragitea lortu ahalko bagenu, benetan izugarria litzateke».

Ibilbidearen datak eta herriak

Azken eguneratzea: 2010/10/15