Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
:: AURREKOAK ::
Voluntaris per la llengua, immigrazio berria gizarteratzea sustatzeko tresna eginkorra


Dolors Solá

 Imprimatzeko bertsioa (pdf, 105 kb)

Katalunia, immigrazio-herria

Kataluniako historian zehar hainbat immigrazio-bolada izan dira, eta immigrazio-prozesu horiek egituratu dute gaur egungo Katalunia. Anna Cabré Kataluniako demografoari ospetsuenetakoa da. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Giza Geografiako katedraduna eta El sistema català de reproducció liburuaren egilea da, eta honela dio duela gutxi egin dioten elkarrizketa batean: «Katalan ugaltze-sistemak bi modutara egiten ditu katalan herritarrak: erdiak prozedura biologiko unibertsalen bitartez, eta beste erdiak, bereziki XX. mendean, inportazioaren bitartez, asko izan baitira aurrena iritsi eta gero katalan egin direnak. Eta horrexegatik dugu guk ahalmen integratzaile handia, aldez aurreko immigrazio-kulturarik ez duten beste lekuek baino askoz handiagoa bai behintzat». [1]

XXI. mendeko katalanok aski desberdinak gara aurreko mendeetako katalanen aldean, eta esan genezake historian zehar Katalunian egoitza hartu duten pertsonen batuketaren emaitza garela gaurko katalanak. Haratago joan gabe, gaur hemen bizi diren katalanen zenbateko garrantzitsu bat, XX. mendearen hasieratik 60ko hamarkada bukaera arte Murtziatik, Aragoitik, Andaluziatik, Extremaduratik, Galiziatik edota Gaztelatik Kataluniara bizitzera etorritakoen seme-alabak eta bilobak dira.

Kataluniak beste immigrazio-prozesu garrantzitsu bat bizi du orain. Europako beste herrialde batzuek duten immigrazioaren antzekoa da, munduko leku guztietatik datorrena. Kulturaren edota hizkuntzaren ikuspegitik, ez da immigrazio homogeneoa. Eta, uneotan, Marokotik datozen pertsonen kasuan, familia berriz elkartzeko prozesua abian jarri da dagoeneko. Beste kasu batzuetan, familia berriz elkartzeko prozesua errealitate bihurtzen hasia da, Hegoamerikatik eta Erdialdeko Amerikatik Kataluniara lanera etorri diren amen seme-alabak iristen hasi baitira. Hala bada, pentsa daiteke afrikar gurasoen seme-alabak diren neska-mutil hauek, adibide baterako, txikitan iritsi direnak eta orain eskolara joaten direnak, aita-amak eta aitona-amonak Katalunian jaioak dituzten neska-mutilekin jolasean ibiltzen eta haiekin nahasten direnak, azkenean, eta beren jatorrizko nortasunari uko egin gabe, katalanak ere sentituko direla.

Garrantzitsua da neska-mutil horiek, gaur egungo immigrazio-prozesuaren haurrek, beren burua katalantzat hartzea, baina era berean halakotzat joak izatea ere garrantzitsua da. Ezagutza hori, immigranteak hartzen dituen gizarteak erraztu eta bideratu behar du. Derrigorrezko baldintza da pertsona horiek bertan errotzea, identifikazio-prozesu bat hastea sorburu-herrialdearen eta hartzen dituen herrialdearen artean.


Katalunian erroldatutako atzerritar biztanleen sorburu-herrialde nagusiak 2007 [2]

Katalunian erroldatutako atzerritar biztanleen sorburu-herrialde nagusiak 2007.

Hamar urte baino gutxiagoan, Katalunia 6.000.000 biztanle izatetik 7.000.000 biztanle izatera igaro da, eta erronka bat du orain, katalana gizarte-kohesiorako tresna bihurtzea. Biztanleria berriari harrera egiteko prozesuan, hizkuntza oinarrizko tresna da, eta Voluntaris per la llengua, beste ekimenen artean, hori lortzeko modu egokia da.

Katalunian erroldatutako atzerritar biztanleen sorburu-herrialde nagusiak 2007 [3]

   Guztira  % Gizonak  Emakumeak
 Maroko  191.652   19,7  118.246   73.406
 Ekuador  81.831   8,4  38.165   43.666
 Errumania  63.534   6,5   33.361   30.173
 Bolivia  51.584   5,3   21.782   29.802
 Kolonbia  42.797   4,4   19.342   23.455
 Italia  37.750   3,9   22.173   15.577
 Argentina  34.528   3,6  17.392   17.136
 Txina  33.689   3,5   18.303   15.386
 Peru  30.144   3,1   13.989   16.155
 Frantzia  29.561   3,01   15.189   14.372
 Pakistan  25.362   2,6   22.119   3.243
 Alemania  20.937   2,2   10.834   10.103
 Brasil  20.194   2,1   8.488   11.706
 Erresuma Batua  18.673   1,9   10.141   8.532
 Dominikar Errep.  17.063   1,8   6.855   10.208
 Beste batzuk, 161  273.208  28,1  154.640  118.568
 Atzerritarrak guztira  972.507   100,0  531.019  441.488


Interesgarria da zenbait herrialdetatik datorren immigrazioa, printzipioz, gizonez osatua dela azpimarratzea, batez ere Afrikatik (Marokotik eta Saharaz behetiko herrialdeetatik) datorrena. Era berean, badakigu Saharaz behetiko beste herrialde batzuetatik datorren immigrazioa ere -Senegal, Ghana, Nigeria eta abarretatik-, nahiz eta datu zehatzik izan ez, uneotan gehienbat gizonezkoena dela. Marokotik datozen emakumeen kopuruak aski gora egin du, familia elkartzeko prozesuaren ondorioz, herrialde hura izan baitzen prozesu hori bideratzen lehena, 2006tik aurrera, erregularizazio-prozesu baten ondoren. Hegoamerikatik datorren immigrazioan, berriz, gehiago dira emakumeak gizonak baino, eta horrek esan nahi du abian jartzeko dagoela oraindik familia elkartzeko prozesua. Aurreikuspenen arabera, etorkinen sarrera-tasarik handiena familia elkartzeko prozesuak eragindakoa izango da.


Katalanaren ezagutza eta ikaskuntza biztanle iritsi berriengan


Berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetako immigrazioa

Katalunian badira oraindik ere, batez ere Bartzelonako inguruetako herrietan, berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan Estatuko hainbat lekutatik Kataluniara etorri ziren pertsonak. Haiek diote, nahiz eta katalana primeran ulertu, ez dutela katalanez hitz egiten, ez dituztelako beti horretarako solaskideak aurkitzen. Alabaina, gehienak katalanak sentitzen dira. Honela dio Lluís Cabrerak Els altres andalusos lanean: «Alabaina, gaur egun, XXI. mendeko Katalunian, bada andaluziar jatorriko katalanen ehuneko oso-oso altu bat, beren ahaleginaren eta lanaren bitartez kulturalki eta ekonomikoki aurrera egin dutenak, saiatu direnak, eta askotan beren seme-alabak unibertsitatean lizentziatzea (eta unibertsitatea oso leku egokia da adiskideak egiteko) lortu dutenak. Asko dira baita ere, jatorriz katalanen eta ez-katalanen arteko nahasketak eskaintzen duen bateratze-bide naturala aukeratu dutenak, hots, igurtzi pozgarriena. Begira ditzagun Kataluniako unibertsitateetan ikasleen abizenak, ikus dezagun telefono-zerrenda… Gaur egun, katalan gizartea bikote mistoen emaitza diren seme-alaben aita eta ama da, eta ezaugarri espontaneo horrek zabaltzen dio bidea ulerpenari, zeure komunitatean gizarteratua sentitzeari, Kataluniako hiritarren multzoaren parte izateari». [4] 

Izan ere, katalana da adierazpen politiko subiranorik gabe, hiztunen kopurua hiztun-komunitatearen hazkunde begetatiboaren gainetik hazten ari den europar hizkuntza bakarra. Gai izango gara munduko leku guztietatik datozen etorkinak hizkuntzaren aldetik gizarteratzeko? Izan ere, Katalunian etorkinak, 2007ko uztailean, biztanle guztien (7.323.065 biztanle) % 14,8 ziren (1.080.762 lagun) [5]. Kataluniak du Europako immigrazio-tasarik altuena.

Fundació Bofill eta Institut d'Estudis Regionals i Metropolitans de Barcelona erakundeek, Kataluniako 10.600 etxetako bizitza-baldintzei eta ohiturei buruzko inkesta batean oinarrituta, Les condicions de vida de la població immigrada a Catalunya azterlana aurkeztu dute 2008ko maiatzean. Etorkinek mila galdetegi inguru erantzun zituzten. Azterlan honetan ageri denez, etorkinen % 75,7k diote gauza direla gaztelaniaz hitz egin eta idazteko, eta % 12,7k gauza bera egin dezakete katalanez. Horrez gain, % 1,7k baino gehiagok dio ez duela gaztelania ulertzen, eta % 19,8k ez duela katalana ulertzen. Magrebtarrak -talde honetan handiagoa da katalana ulertzen ez duten pertsonen kopurua, % 32,8- eta asiarrak dira katalana gutxien ulertzen eta hitz egiten dutenak.

Azterlan honen emaitzen arabera, zenbat eta denbora gehiago eman Katalunian, kanpotarrek orduan eta gaztelaniaz gehiago dakite, katalana ez bezala. Alabaina, azterlanak dioenez, katalanez mintzatzen diren etorkinek hizkuntza hori hitz egiteak asko laguntzen diela eta, gizartean eta lan munduan aurrera egiteko tresna eraginkorra dela aitortzen dute.

Etorkinek Kataluniako bi hizkuntza ofizialez (gaztelania eta katalana) duten ezagutza [6]


 Hitz egiten du eta idazten du.


Hitz egiten du baina ez du idazten.

 

Ulertzen du baina ez du hitz egiten.

 

Ez du ulertzen.

 

Inkestaren arabera, beren jatorrizko hizkuntzan mintzatzen dira etorkin gehienak seme-alabekin.

 

Etorkinek etxean erabiltzen dituzten hizkuntzak.


Katalunian jaioa ez den beste idazle batek, eta immigrazio-prozesuen azterketan erreferentea den Paco Candel-ek, honela zioen Els altres catalans lanean: «Lehengo etorkinekin eta betiko katalanekin gertatu den prozesu bera gertatuko da oraingo etorkinekin. Katalanak izango dira. Nork jartzen du hori zalantzan?»[7]. Kataluniak erronka garrantzitsu bat dauka: immigrazio berriak katalana bere hizkuntza egitea, era horretan, hizkuntzari esker, pertsona horiek katalan gisa ezagutuak eta aitortuak izan daitezen. Voluntaris per la llengua proiektua hori lortzeko modu egokia da.

Hizkuntz boluntariotza


Aurrekariak

Hizkuntz boluntariotzaren aurrekariak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko (UAB) Voluntaris per la llengua  ekimenean aurkitzen ditugu. 1994. urtean, hiri horretako l'Oficina d'Afers Socials bulegoa arduratzen zen UABen ordezko gizarte-zerbitzuaz, eta boluntariotza-plan bat jarri zuen abian, zenbait programatan boluntario gisa lan egiteko aukera eskaintzen zuena. "Unibertsitateko Hizkuntz Zerbitzuen VII. Topaketa"n, UABeko Katalan Hizkuntzaren Kabineteak ekimen hori hizkuntz boluntariotzara zabaltzea erabaki zuen. Boluntario horiek atzerritar unibertsitarioei laguntzen zieten, ikasle haiek katalan hizkuntza, kultura eta ohiturak ikasteko aukera izan zezaten.

Imagen de "Voluntaris per la llengua".


Ekimen horretan oinarrituta, hizkuntz dinamizazioko ekimenen euskarri-sare bat antolatu zen. Gaur egun, katalan unibertsitateek hizkuntz zerbitzuak dituzte, eta hizkuntzaren aldeko boluntario-bikoteak osatzeko aukera eskaintzen dute, katalanez egiten duten unibertsitarioen eta, Séneca eta Erasmus programei esker, Katalunian ikasten ari diren unibertsitarioen artean.

Unibertsitateetako eta Consorci per a la Normalització Lingüística erakundeko boluntarioez gain, badira beste zenbait erakunde (Plataforma per la llengua, Òmnium Cultural) eta sindikatu (UGT eta CCOO) Voluntaris per la llengua abian jarri eta sustatzen dutenak. Europar Batzordeak Europar Batasunean abian diren 50 ikasketa-praktika hoberenetako bat gisa aitortu zuen ekimen hau, 2006ko irailean (http://ec.europa.eu/education/policies/lang/doc/lingo_en.pdf ).

Hizkuntzaren aldeko boluntariotza, gaur egun, Kataluniako Generalitateko programa bat da, Consorci per a la Normalització Lingüística erakundearen lankidetzarekin bideratzen dena. Erakunde hori publikoa da eta legezko nortasuna du. 1989an sortu zuten Kataluniako Generalitateak eta 19 udalek, katalanaren ezagutza eta erabilera sustatzeko xedez. Harrezkero, Kataluniako beste tokiko erakunde eta eskualdeko kontseilu asko sartu dira erakunde honetan. Gaur egun, Kataluniako Generalitateak, 84 udalek, 37 eskualdeko kontseiluk eta Gironako Diputazioak osatzen dute. Lleida, Tarragona eta Bartzelonako diputazioek lankidetzan dihardute Consorci per a la Normalització Lingüística erakundearekin, beren lurralde-esparruetako katalanezko eskualde-zerbitzuei emandako diru-laguntzen bitartez, edota programa berezien garapenerako lankidetza-akordioen bitartez (hizkuntz harrera, etab.). Udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta horregatik da hain garrantzitsua Consorci per a la Normalització Lingüística-ren kide sortzaile eta bazkide izatea, Generalitatearekin batera. Erakunde hau, beraz, Kataluniako Generalitatearen eta tokiko erakundeen hizkuntza-politika publikoen gauzatzea da, eta denek, asmo bera dute, hau da, "katalanaren ezagutza, erabilera eta zabalkundea bultzatzea". [8]

Consorci per a la Normalització Lingüística erakundeak zenbait ekimen bultzatzen du helburu horiek lortzeko: helduentzako katalanari buruzko ikastaroak eta Hizkuntz boluntariotza izeneko programa, besteak beste.

Hizkuntz boluntariotza programaren bitartez, katalana ikasten ari den pertsona bat -oinarrizko ezagupenak dituena, alegia, katalana ulertzen duen eta hitz egiten hasi dena-, normalean katalanez aritzen den beste pertsona batekin harremanetan jartzen da. Ikasle horietatik etorkinak dira asko, duela gutxi gure herrira iritsiak, nahiz eta programan parte hartzen duten guztiak etorkinak ez izan. Horietako batzuk, batez ere Bartzelonatik eta Bartzelona inguruetako herrietatik datozenak, Katalunian zenbait urte bizitzen daramaten pertsonak dira, eta badute hizkuntzaren ezagutza pasibo bat, baina hizketan hasteko pausoa ez dute eman. Ikusi da horietako batzuek katalanez hitz egiteko erabakia hartzen dutela heldu berriak diren etorkin batzuek katalanez egiten dutela konturatzen direnean.

Programa honek bi helburu nagusi ditu: katalana bertakoen eta etorkinen arteko komunikazio-hizkuntza bihurtzea, batetik, eta, partaideek elkar ezagutzea, bestetik. Bi helburuak elkar lotuak daude erabat, eta bat ez da betetzen bestea betetzen ez bada.

Katalan-hiztunak katalana berezko hizkuntza ez duen pertsona batekin solasean ari direnean katalanari eusteak duen garrantziaz jabetzea; katalana ikasten ari direnek hizkuntz etorria eskuratzea, hizkuntza egiazko testuinguru batean praktikatzea, bizitzera joan diren tokiko kultura, geografia, etab. ezagutzea, eta beste jarduera batzuetan elkarrekin parte hartzea, horiek guztiak dira programa honek dituen beste helburu batzuk.

Bi kideei, hamar astetan, astean behin katalanez jarduteko elkartzea eskatzen zaie. Bi parte-hartzaileek adinez nagusiak izan behar dute, eta konpromisoa denboraldi horretarako hartu behar dute. Aldez aurretik fitxa bat bete behar izaten dute; datu pertsonalez gain, zer ordutegi nahiago duten galdetzen zaie, noiz dauden libre, zer zaletasun dituzten, etab.

2007ko apirilaz geroztik, Consorci per a la Normalització Lingüística erakundearen hizkuntza-normalizazioko zentroek aplikazio informatiko bat dute hizkuntz bikotea osatu behar duten pertsonak aukeratzeko, baina, dinamizatzaile lanak egiten dituen pertsonak izaten du bikotea osatzeko eta haiei argibide nagusiak emateko erantzukizuna. Programako pertsona dinamizatzaileak arduratzen dira web orriaren bitartez programan izena eman duten edota Centre de Normalització Lingüística-ra izena ematera joan diren pertsonekin hizkuntz bikoteak osatzeaz. Haiek osatzen dituzte bikoteak, izena emandako pertsonen lehentasun, gustu-parekotasun eta aukeren arabera. Ondoren, bi aldeak harremanetan jarri eta oinarrizko jarraibideak eman ostean programa martxan jartzen dute. Dinamizatzaileek, aldi berean, hizkuntz bikoteen jarraipena egiten dute, bikoteek programaren parte direla senti dezaten, eta prozesuan laguntza dutela kontura daitezen. Topaketen bukaeran, haien iritziak jasotzen dira, zer hobetu behar den jakiteko. Bestalde, dinamizatzaileak dira hainbat erakunderekin harremanetan jartzen direnak programan parte har dezaten, haren berri emanez, Hizkuntzaren aldeko boluntariotzarako jarduera bereziak antolatuz, programa erakundean aplikatuz, edo, besterik gabe, programan izena emandako pertsonek normalean beren bazkideentzat antolatu ohi dituzten jardueretan parte har dezaten utziz. Dinamizatzaileak du jarraipena egiteko erantzukizuna, ezustekoren bat gertatuz gero ere -lan-ordutegiaren aldaketa edo bestelakoak-, bi alderdiek proiektuan jarraitu ahal izan dezaten. Programaren dinamizatzaileek hainbat jarduera osagarri antolatu ohi dute: irtenaldiak, bisitak museoetara, antzerki eta musika emanaldiak ikustera joatea, liburuen aurkezpenak, irrati eta telebistako programetan parte hartzea, beste lekuetako boluntarioekin topaketak, antzezlanak egitea, solasaldiak eta mahai-inguruak, etab. Jarduera osagarri horiek jarduera kolektibo batean parte hartzeko eta gure herriko kultura, geografia, etab. ezagutzeko aukera ematen diete etorkinei. Elkarrekin egiten diren aisialdiko eta kultur jarduera horiek parte-hartzaileen lotura sozialak eta ongizate komunaren aldeko gizarte-konpromisoa sendotzen dituzte.

Kataluniako Generalitateko Hizkuntz Politikako Idazkaritzak  diru-laguntzak ematen dizkie programak abian jarri eta, boluntarioei lagungarri zaizkien eta bazkideen parte-hartzea ahalbidetzen duten ekintzak antolatzen dituzten erakundeei.

Generalitatearentzat lehentasuna du programa honek. Legegintzaldiko hizkuntza-politikako egitarauan ondoko helburua jasotzen du: "Programaren eragina areagotu eta Katalunia osoan katalanaren oinarrizko ezagutza duten eta hizkuntza erabili nahi dutenengana zabaldu, bai katalana ikastera eskolara joaten badira, baita joaten ez badira ere".

Programaren ebaluazioa alderdi kualitatibotik zein kuantitatibotik egiten da. Parte-hartzaileei galdetegi labur bat ematen zaie, esperientzia balioetsi eta hobekuntzak iradoki ditzaten.

Parte-hartzaileen asetasun maila altua da, ikasle gisa parte hartzen duten pertsonen nahiz bikotearen beste aldea osatzen dutenen aldetik. Ikasleen balorazioak era honetakoak izan ohi dira: «Asko lagundu dit hizkuntzaren gaineko ezagutza hobetzen», «gehixeago ezagutu ditut herrialdeko historia eta kultura», «katalanak ezagutzen lagundu dit eta orain hobeto ulertzen ditut, batez ere hobeto ulertzen dut zergatik maite dituzten hainbeste euren hizkuntza eta kultura», «jende asko ezagutu dut eta adiskideak egin ditut», «nire hizkuntz bikotea da orain nire lagunik onena», «gauza asko egiteko aukera izan dut», «katalanez hitz eginez, ez naiz horren etorkina sentitzen», «konfiantza handiagoa dut neure buruarengan, katalanez hobeto hitz egiteaz gainera, hobeto ezagutzen baitut orain gizarte katalana», «orain arte udaletxea bisitatzeko eta alkatea agurtzeko aukerarik ez nuen izan», etab.

Katalan-hiztunek, berriz, horrelako iritziak ematen dituzte: «Haien kulturako gauza asko ezagutu ditut», «asko gustatu zait bere komunitatea, adiskideak, familia ezagutzea», «boluntariotza oso modu ona da elkarren berri jakiteko», «sinetsita nago orain beste modu batera begiratzen diedala etorkinei», «ez dakit ni horrenbeste denbora egongo ote nintzatekeen nire familia gabe», «nire hizkuntz bikoteak ez zekien hemen katalanez egiten dela, eta nik ez nekien Marokon amazigh hizkuntza hitz egiten dela», etab.

Parte-hartzaileen balorazio positibo hau da inondik ere hizkuntz bikoteek bost urtetan izan duten hazkunde ikusgarria azaltzen duen faktoreetako bat, ondorengo grafiko honetan ikus daitekeen bezala:

Hizkuntz bikoteen bilakaera [9]

 Urtea

Bikote kopurua 

 2003

 1.552

 2004

 4.600

 2005

 3.800

 2006

 4.496

 2007

 6.304


Iritsi berriak eta hizkuntzaren ikasketa

Pertsona helduentzako katalan ikastaroak dira Consorci per a la Normalització Lingüística erakundeak baliabide ekonomiko eta giza baliabide gehienak bideratzen dituen jardueretako bat. Ikastaro horien parte handi bat katalanez egiten ez duten (hasierakoa, oinarrizkoa eta elementala) pertsonei zuzenduak daude. Hizkuntz boluntariotzaren programa, lehenago ikusi dugun bezala, hizkuntzaren ikasgelako ikasketa osatzen duen balio erantsi bikaina da.


Consorci per a la Normalització Lingüística erakundeko aurrez aurreko ikastaroen banaketa, mailen arabera. 2006-2007 ikasturtea [10]

 Maila Ikastaro kopurua Ikasle kopurua
 Hasierakoa  454  8.053
 Oinarrizkoa  1.844   44.274
 Elementala  399   6.860
 Bitartekoa  519   10.964
 Nahikoa  443   8.646
 Hobekuntza  55   1.239
 Beste batzuk  111   1.308
     
 Guztira  3.823   81.344


Consorci per a la Normalització Lingüística erakundeko aurrez aurreko ikastaroen banaketa, mailen arabera. 2005-2006 ikasturtea [11]

 Maila Ikastaro kopurua  Ikasle kopurua
 Hasierakoa  285   5.150
 Oinarrizkoa  1.589   37.027
 Elementala   350   6.387
 Bitartekoa   500   10.413
 Nahikoa   392   7.518
 Hobekuntza    55  1.249
 Beste batzuk  60  854
     
 Guztira  3.231   68.598

Datu positiboak dira. Hala ere, katalanez egiten ez dutenentzako ikastaroak doakoak izan arren, heldu berri gehienek, neurri handi batean, -lehen aipatu dugun Bartzelona inguruetako herrietako biztanle heldu berrien gaineko azterlanean ikusi dugun bezala- oraindik ez dute katalanez hitz egiten, eta gutxi batzuek ez dute katalana ulertzen. Etorkinek bi bide dituzte hizkuntza ikasteko: akademikoa eta soziala, edo biak batera. Alde batetik, hizkuntza-normalizazioko zentroak edo helduentzako eskolak dauzkate, eta, beste aldetik, sozializazioaren bidea dute, hau da, lanean, kalean, tabernan, bizilagunekin… aritzea; laburtuz, bertakoekin solasean jardunez, familiaren esparrutik kanpora. Gehienek halaxe egiten dute...

Kataluniara datozen etorkin gehienek ez dakite herrialdearen hizkuntza-errealitatearen berri: bertako hizkuntza bat eta bi hizkuntza ofizial. Egoera horrek, beraz, katalana gizartearen bidez ikastea eragozten du, bide horretatik, askotan, gaztelania ikasten baita. Pertsona horietako askok ez dute behar bezalako informaziorik, eta pentsatzen dute hizkuntza bakarra egiten dela Espainiako Estatuan: gaztelania. Era berean, guk ez dakigu pertsona horietako asko eta asko ofizialak ez diren eta aitortu gabe dauden hizkuntzetan mintzo direla. Hauxe da Katalunian bizi diren magrebtar gehienen kasua, amazigh-a baita horietako % 80ren berezko hizkuntza. Hemen denboraldi bat eman ondoren, batzuk konturatzen hasten dira, katalanaren eta amazigh-aren egoera ezberdina bada ere, bai katalanek eta bai amazigh-ek antzinako kultura bateko parte den geure hizkuntza propioa dugula. Etorkinak sarritan, etxetik urruti daudela, konturatzen dira beren hizkuntza-aberastasunaz. Gaur egun Katalunian dagoen hizkuntza-aniztasun aberatsak katalanean aurki dezake batasunerako, kohesiorako eta komunikaziorako hizkuntza.

Gainera, esan daiteke katalan-hiztunek katalana ez erabiltzera jotzen dutela bere solaskidearen berezko hizkuntza katalana ez dela konturatzen direnean. Jarrera horrekin katalanaren sozializazioa eragozten da, izan ere, kanpotarrak uste du katalan hiztunak berarekin darabilen hizkuntza, gaztelaniaz hain zuzen ere, hizkuntza nagusia dela.

Hizkuntz boluntariotza beharrezkoa al da?

Hizkuntz boluntariotza denentzat da beharrezkoa. Katalanaren ikasleei katalana ikasgelatik kanpo ikasteko balio die, eskolan ikasi dituzten hizkuntz egiturak praktika ditzakete, eguneroko bizitzako egoera errealetan eta ugarietan gauzatzen diren komunikazio-funtzioetan. Bertako pertsona baten eskutik, era guztietako lege ikusezinak ikasten dituzte, hartu dituen gizartea arautzen dutenak, eta kanpoko pertsona batek denborarekin baizik bereganatzen ez dituenak. Proiektu honetan parte hartzen duten pertsona askok agertzen dute gizarte-bizitzan parte hartzeko borondatea, ingurua eta katalan kultura ezagutzekoa, adiskideak egitekoa. Badakite bizitzeko aukeratu duten herrialdea izango dela, ziurrenik, beren seme-alaben eta biloben herrialdea. Gizarteratzeko tresna bat da hizkuntza, gizarte berrian sartzeko ateak zabaltzen dituen bidea. Hizkuntzak tresna-balioa eta balio afektiboa ditu aldi berean etorkinentzat.


Katalan-hiztunak hizkuntzaren erantzukizun sozialaz kontzientziatzea

Hizkuntzaren erantzukizun soziala gizarte osoari dagokio, eta, hortaz, baita gutako bakoitzari ere. Argi dago, denek ez dute ez maila bereko erantzukizuna. Gobernuak hizkuntzaren erabilera soziala sustatu behar du, eta beharrezko mekanismoak jarri behar ditu abian hizkuntzaren erabilera egunez egun zabal dadin. Gutako bakoitzak ere ezin du bere erantzukizuna ahaztu; izan ere, erakundeen, elkarteen, enpresen erantzule gisa, lurraldea, hizkuntza, kultura zaintzea dagokigu. Erantzukizun sozialak atzeraeraginezko mugimendu bat sortzen du, hizkuntza sendotzen duena, eta, hala, atzera, elkar elikatzen dute. Hizkuntza heredatu dugun ondasun komuna da, guk zaindu, transmititu eta zabaldu behar duguna. Hizkuntza bat ikasteak ez du pertsona heldu berrien ahalegina izan behar, gizarte osoaren laguntza eta parte-hartzea behar dituen eginkizuna baizik.

Voluntaris per la llengua ekimenak katalana ulertzen duten eta erabiltzen hasiak diren (nahiz hizkuntz etorri handirik izan ez) pertsona haiengan guztiengan hizkuntza mantentzeak duen garrantziaz kontzientziatzen du programako parte-hartzailea. Izan ere, horixe da etorkinei harrera egiteko modurik hoberena, hizkuntza sentitzeko eta praktikatzeko aukera emanez herri honetako parte dela sentiaraziko dion demostrazio praktikoa da, eta gizarte-kohesioa lortzeko modu aproposa. Gizarte kohesionatu bat dakarren gizarteratzea lortzea denboraren mende dago, eta batzuen eta besteen aldeko jarreren mende, bai heldu berrien, bai lehenago etorri zirenen, bai arbasoak iritsi ziren eguna denboran galtzen den haien mende. Hizkuntza ez da gizarte-kohesioa lortzeko faktore bakarra, baina hizkuntzarik gabe ez dago gizarte-kohesiora heltzerik.

 

 

 

[1] AIRA, A., "Entrevista a Anna Cabré" Òmnium, 5. zenbakia. 12-17 orrialdeak. 2007. [Itzuli]
[2] Iturria: INE. Biztanleriaren errolda ofiziala, 2007ko urtarrilaren 1ean. [Itzuli]
[3] Iturria: INE. Biztanleriaren errolda ofiziala, 2007ko urtarrilaren 1ean. [Itzuli]
[4] DD.AA. Els altres Andalusos. La qüestió nacional a Catalunya. Argit.: L'Esfera dels llibres. Bartzelona, 2005. [Itzuli]
[5] Iturria: Secretaria per a la Immigració. Generalitat de Catalunya. Behin-behineko datuak. [Itzuli]
[6] Iturria: Institut d'Estudis Regionals i Metropolitans. [Itzuli]
[7] Candel. F. Els altres catalans. Argit.: 62. Lehenengo argitalpena, 1964. Bartzelona, 2002. [Itzuli]
[8] Estatutos del Consorci per a la Normalització Lingüística, 3. artikulua. [Itzuli]
[9] Hizkuntz Politikako Idazkaritzak emandako argibideak. [Itzuli]
[10] Iturria: Consorci per a la Normalització Lingüística. 2007ko txostena. [Itzuli]
[11] Iturria: Hizkuntza Politikako Idazkaritza Nagusiaren txostena. 2006. [Itzuli]

Azken eguneratzea: 2008/05/27