David Crystal
Inprimatzeko bertsioa (pdf, 127 kb)
Hizkuntzalariok miretsita egon behar dugu Internetekin, ezinbestean. Izugarrizko aukerak ematen dizkigu, eta gure hizkuntzei buruzko alderdi asko eta asko erakusten dizkigu. World Wide Web delakoak, zehazkiago, orain arte idatzizko hizkuntzan garatu diren estilo guzti-guztiak jasotzen ditu: egunkariak, zientziari buruzko txostenak, eleberriak, olerkiak, otoitzak… Bururatzen zaizkigun estilo guztiak aurki ditzakegu Interneten. Gainera, idatziz adierazteko molde edo estilo berriak aurkezten dizkigu, inork inoiz ikusi ez dituen estiloak. Hizkuntza bizidun edo animatua dugu horren adibide bat, esate baterako. Agertzen eta desagertzen diren kolore askotako hitzez osatuta dago hizkuntza bizidun hori. Esaldiak hortxe agertzen zaizkigu pantailan, orain bai orain ez. Letrak, berriz, dantzan ikusten ditugu gure begien aurrean. Esan bezala, hizkuntzarentzako ingurune berria eskaintzen digu sareak, idazkera tradizionala baino biziagoa eta betiko berbaldia baino iraunkorragoa. Askotan aipatu izan da Internetek iraultza ekarri duela eta hala da, eta hizkuntzaren alorrean ere horixe gertatu da.
Hizkuntzaren historian gutxitan izaten da iraultzarik. Hizkuntzaren sorrera izan zen aurrenekoa, orain dela 50.000 urte. Idazkera etorri zen gero, duela 10.000 urte inguru. Eta orain, gure garaian, hirugarren ingurune edo bitartekoa sortu dugu: ordenagailuen eta bestelako tresna elektronikoen bidezko komunikazioa. Hizkuntzarentzako ingurune berri bat sortzea ez da batere gauza arrunta. Horregatik dira hain deigarriak komunikazio elektronikorako teknologiek hizkuntzan eragindako ondorioak.
Izen bat behar dugu hizkuntzaren ingurune berri hau izendatzeko. Ordenagailuz lagundutako komunikazioa (CMC: Computer mediated communication) izendapena erabili izan dute adituek, baina SMSak eta komunikazio mugikorreko beste bitarteko batzuk hedatzearekin batera beste izen orokorrago bat behar dugu orain. Elektronikaz lagundutako komunikazioa (EMC: Electronically mediated communication) izen egokia izan liteke horretarako. Biak ere aho-korapilo samarrak dira, eta beste bi izen errotu dira prentsa arruntean: netspeak (sareko hizkera) eta textspeak (SMSetako hizkera). Nik txosten honetan ingelesezko EMCren adibideak emango ditut, baina Interneten erabiltzen diren hizkuntza guztietan joera bertsua aurkitzen dugu. Berez gai honi buruzko oso datu enpiriko gutxi daude hizkuntza gehienetan, baina euskarazko EMCn ere gertatzen diren antzeko joerak nolabait deskribatzen ariko direla espero dut.
Netspeak
Internet ez da gauza bakar eta mugatu bat. Alor ugari biltzen ditu: World Wide Web sarea, solasguneak (denbora errealean gertatzen direnak nahiz bestelakoak), fantasiazko jokoen mundua, blogak, aldi bereko mezuak eta abar. Alor horietako bakoitzak gizakion artean komunikatzeko aukera berriak eskaintzen dizkigu, eta aukera horiek iraultzaileak direla uste dut.
E-postetan iraultzailea dena ez da erabiltzaile batzuek ortografiarekin, letra larriekin eta puntuazioarekin darabilten zabarkeria, hori bigarren mailako ondorioa baita, eta ez digu testuak ulertzea askorik oztopatzen. E-postak idazterakoan izaten dugun presaren ondorioz (erabiltzaile gazteen eta gazte-jitekoen artean) sortzen ari den estilo berezi baten ezaugarria da zabarkeria hori, eta, horrekin batera, berezia eta ausarta izateko nahiari ere erantzuten dio. Eta horrelaxe hartzen ditugu halakoak. Alegia, Smith-ek mezu bat bidaltzen badit eta hitzen bat gaizki idatzita badago, ez dut pentsatuko Smith-ek ondo idazten ez dakienik, korrika eta presaka zebilela baizik. Neronek ere, presaka nabilenean, gauza bera egiten dudalako dakit hori. Baina hor ez dago ezer iraultzailerik.
E-postek ekarritako benetako iraultza framing delakoan oinarritzen da. Demagun mezu bat jasotzen dugula eta paragrafo bakar batean hiru gai desberdin aipatzen direla mezu horretan. Nahi izanez gero, paragrafoa hartu eta hiru zatitan banatuta erantzun diezaiokegu gai horietako bakoitzari, bakoitzarekin paragrafo bat osatuz. Gure mezuak elkarrizketa baten nolabaiteko itxura hartuko luke orduan. Gure mezua jasotakoan, hasierako bidaltzaileak gauza bera egin dezake gure erantzunekin, eta haren mezua berriz ere jasotzen dugunean, gure erantzunei emandako erantzunak ikusiko ditugu han. Galdera-erantzun horiek guztiak hartu eta beste inori bidaltzea daukagu orduan, haren iritzia jasotzeko, eta haren mezua iristen zaigunean, hiru iritzi desberdin izango ditugu gure pantailan. Kate hori nahi beste luza daiteke erantzunei emandako erantzunen erantzunekin, eta erantzun horiek guztiak pantaila berean agertuko zaizkigu, tipografia mota berarekin. Gizakion arteko komunikazio idatziaren historian ez dugu inoiz horrelakorik izan.
Web orriek, bestalde, beste era bateko iraultza eskaintzen digute. Betiko idazkerak duen berezitasunetako bat bere iraunkortasuna da, testuak iraunkorrak direla, alegia. Liburu bat 6. orrialdean ireki, liburua itxi eta berriz ere 6. orrialdean ireki dezakegu. Eta orri horretan beti gauza bera aurkitzea espero dugu, noski. Txundituta geldituko ginateke liburua ireki-itxi bitartean 6. orri horretan aldaketarik egongo balitz. Iraunkortasun-eza, ordea, oso gauza arrunta da sarean, eta Interneteko orriak gure begien aurrean ikus ditzakegu aldatzen. Hitzak agertu eta desagertu egiten dira, kolore desberdinetan. Esaldiak hortxe agertzen zaizkigu pantailan, orain bai orain ez. Letrak dantzan ikusten ditugu gure begien aurrean. Esan bezala, hizkuntzarentzako ingurune berria eskaintzen digu sareak, idazkera tradizionala baino biziagoa eta betiko berbaldia baino iraunkorragoa. Sarean dagoena ez da ez berbaldia ez testu idatzia. Bitarteko edo ingurune berria da.
Interneteko denbora errealeko eztabaidagune eta solasguneek ere aukera iraultzaileak eskaintzen dizkigute. Mundu osotik iritsitako mezuak agertzen zaizkigu pantailan. Gure solasgunean 30 lagun baldin badaude, haien guztien mezuak iritsiko zaizkigu, bakoitzak hizpide dugun gaiari buruz esateko dutenarekin, eta askotan bospasei azpi-elkarrizketa desberdin sortzen dira hor. Koktel batean egotea bezalakoa da, inguruan elkarrizketa asko dauzkagula. Kokteletan, ordea, ezin dugu gure arreta elkarrizketa guztietan jarri, baina solasguneetan ezinezkoa zaigu elkarrizketa horiek guztiak saihestea. Gizakion arteko komunikazioaren historian lehenbiziko aldiz daukagu aukera 30 lagunei aldi berean "entzuteko". Hori egin dezakegu orain. Gainera, nahi besteri erantzutea daukagu, edo gure adimenak eta idazteko bizkortasunak ahalbidetzen diguten besteri bai behintzat. Hori ere gertakari iraultzailea da, inondik ere.
Blogek bestelako berrikuntza ekarri digute. Blogetan erabiltzen den idazkera jarraituak jendaurreko idazkerak ez duen berezitasun nabarmen bat du: blogetako testuetan ez duela guk ez beste inork esku hartzen. Aldizkari baterako artikulu bat edo liburu bat idazten dudanean, editoreak eta zuzentzaileak goitik behera arakatzen dute nire testua, testu hori argitaratzaileak finkatuta duen ingeles-ereduarekin bat datorrela ziurtatzearren. Nire ortografian, puntuazioan eta gramatikan aldaketak egin ditzakete orduan. Eta horixe izan da argitalpenak tratatzeko modua joan deneko 200 urte luzeetan. Orain, ordea, blogen garaian, testu jarraituak ikusten ditugu, batzuetan zenbait paragrafoz osatuak. Testu horiek begien aurrean agertzen zaizkigu inprimatuta egongo balira bezala, baina pantailan, inolako editore nahiz zuzentzaileren aldaketarik gabe. Horren ondorioz, blogetan aurkitzen ditugun estiloak betiko argitalpenetan agertu ohi direnen oso bestelakoak dira: esaldiak modu askeagoan eratuta daude, puntuazioak berbaldiaren erritmoari erantzuten dio, erabilitako lexikoa arruntagoa da, etab.
Interneteko teknologia-mota guztiek berrikuntza dakarte hizkuntzaren esparrura. Aldi bereko mezuetan, adibidez, puska txikietan agertzen zaigu hizkuntza, hizkuntzaren erritmo-unitateetan zatituta, elkarrizketa tradizionaletako esaldi luze eta osaturik gabe. Emotikonoak ere ugariak dira komunikazio-molde horretan. Eta Facebook-en eta YouTube-ren tankerako jardun interaktibo berriek sormenerako eta sorkuntza kreatiborako aukera ugari eskaintzen dizkigute. Dena den, goizegi gabiltza oraindik hizkuntzaren baitako joera orokor batzuk identifikatzeko.
Emotikonoak

Textspeak
Telefono mugikorretako pantaila txikiko teknologiak dakartzan muga estuen ondorioz, hizkuntzaren historiako aldaerarik berezienetakoa gertatu da azken urteotan. Textspeak izena darabilt nik berrikuntza hori izendatzeko.
Hieroglifo moduko laburdurak erabiltzea da hizkera horren ezaugarri nagusia. Letrak elkartu egiten dira, letrek silabak adierazten dituzte eta logogramak erabiltzen dira (& ikurra eta zenbakiak, esaterako). Adibide batzuk: NE1 (anyone, "edozein"), 2day (today, "gaur"), B4 (before, "lehenago", and l8r (later, "beranduago"). Halako formak ez dira textspeakean bakarrik erabiltzen, beste eremu elektroniko batzuetan -e-postetan eta solasguneetan- ere bai. Gainera, tankera honetako hieroglifoek berez bide luzea egina dute hizkuntzaren historian. Viktoriarrek jolasak egiten zituzten hieroglifoekin, eta umeen Gabonetako urtekarietan oso arruntak dira halakoak aspaldidanik. Textspeak ean, baina, zerbait erradikalagoa gertatu da.
Telefoniaren mugen ondorioz, eta pantailetan gehienez ere 160 karaktere sartzen direlako, konbentzio multzo berri eta orokor bat hedatu da azkenaldian. Textspeak delakoak esamoldeen sorta zabala dauka. Adibidez: F2T (Free to talk?, "hitz egiteko moduan zaude?"), PCM (Please call me, "deitu mesedez"), MMYT (Mail me your thoughts, "bidali e-postaz zure ideiak") eta RUOK (Are you OK, "ondo zaude?"). Zenbait hitzez osatutako esaldiak eta erantzunak hasierako letrez osatutako sekuentzietara muga daitezke. Adibide batzuk: SWDYT (So what do you think?, "eta zuri zer iruditzen zaizu?"), BCBC (Beggars cant be choosers, "eskekoak dena hartu behar, belarrondokoa bada ere bai"), BTDT (Been there, done that, "ezagutzen ditut kontu horiek"), YYSSWW (Yeah, yeah, sure, sure, whatever, "bai, bai, seguru, nahi duzuna"), eta HHOJ (Ha, ha, only joking, "kar, kar, txantxetan ari nintzen"). Laburdura kodetu are burutsuago edo biziagoak ere asmatu dira, beren mezuetan inor kuxkuxean ibiltzerik nahi ez eta argota erabiltzen dutenen artean bereziki.
Bokalek ez bezala, kontsonanteek informazio ugari ematen dutela konturatu dira erabiltzaileak, eta bokalik gabeko hitz asko erabiltzen dituzte orain. Adibidez: XLNT (excellent, "bikain, ederki"). Laburdurek beren balio ergonomikoa ere badute, letra gutxiago idatzita denbora eta energia aurrezten ditugulako eta, gure hornitzailearen arabera, telefono-faktura ere merkeago aterako zaigu. ru2cnmel8r (Are you two seeing me later?, "zuek biok geroago etortzekoak zarete?") modukoetan forma osoa idatziz gero erabiliko genituzkeen letren erdia erabiltzen da. Azkenik, laburduraren balio soziala nabarmendu behar dugu, forma hauek adiskidantzazko harremanak sendotzen baitituzte pertsonen eta taldeen artean, eta oso forma kreatiboak sortzen dituzte (SMS bidezko poemak edota eleberriak daude). "Primerakoak" dira, nolabait esateko.
Duela zenbait urte ingelesezko SMSen hiztegi bat argitaratu nuen (A Glossary of Netspeak and Textspeak, Edinburgh University Press, 2004) eta, letra larri eta xeheen erabilerari jaramonik egin gabe, 500 bat textspeak-laburdura bildu nituen. Halere, 500 horietako gutxi batzuk baino ez dira erabiltzen normalean. Gehien-gehienak asmamena erakusteko edo daude hor, hizkuntza-jokoak eskaintzen dituen aukerak erakusteko. ROTFL (rolling on the floor laughing, "lurrean botata barrez") formak, adibidez, nolabaiteko erabilera izan zuen hasiera batean, baina forma horretatik eratorritako beste forma batzuek (ROTFLMAO eta ROTFLMAOWTIME - rolling on the floor laughing my ass off… with tears in my eyes "lurrean botata barrez lehertzen eta begiak malkotan") norberaren komunikazio-gaitasun berezia erakusten dute baina ez dute benetako erabilerarik izaten komunitatean. Eta ez dut uste SLHBMM (laughing so hard my belly is bouncing, "tripa lehertzeko moduan barrezka") moduko formak askorik erabiltzen direnik berez.
Izan ere, metodo honek bere zailtasunak dauzka. Letrak alde batera utziz gero, anbiguoak izateko arriskua daukagu. Hartzaileak esanahi bat baino gehiago eman diezaieke jasotako esaldiei: BN - been "izan aditzaren partizipio burutua" nahiz being "izan aditzaren gerundioa" izan daiteke, CID - consider it done "seguru, bai, bale, ados" nahiz crying in disgrace "negar batean", CYA - see you "laster arte" nahiz cover your ass "norbere burua babestu", N - and "eta" nahiz no "ez" eta Y - why "zergatik" nahiz yes "bai". Mezu batean maitasuna bidali eta LOL erantzuten badigute, gure esku gelditzen da horrek zer esan nahi duen erabakitzea: laughing out loud "barrez lehertzen" ala lots of love "maitasun pila". Eta hartzailea ondo ezagutu behar dugu GBH ondo deszifratzeko, bi esanahi izan ditzake eta: great big hug "besarkada bero bat" ala grievous bodily harm "gorputz-lesio larriak". Ingelesa ez diren beste hizkuntzetan ere antzeko anbiguotasunak izaten dituzte textspeak eko testuek.
Gainera, bidaltzaileak hainbat forma izaten ditu aukeran. Good to see you "pozten naiz zu ikusteaz" GTCY, GTSY, G2CY nahiz G2SY idatzi daiteke; I love you "maite zaitut" ILU, ILUVY eta ILY izan daiteke eta thanks "eskerrik asko" THNX, THX, TX eta TNX. Talk to you later "gero arte" esamoldeak, esaterako, zortzi aldaera desberdin ditu: TTUL, TTUL8R, TTYL, TTYL8R, T2UL, T2UL8R, T2YL eta T2YL8R, eta gehiago ere egongo dira ziurrenik. What's up? "zer moduz?" galdetzeko are aukera gehiago daude: WASSUP, SUP?, WU?, WSU?, WSUU?, WSUUU?, etab. Nolanahi ere, SMS-dialektoak garatzen ari dira oraindik.
Dena den, ez dago batere argi teknologia honek zenbateko mugak dituen mezuak bidaltzeko sistema bezala. Nolabaiteko muga egon behar du laburduren bidez eman daitekeen informazio-kopuruan, esamolde sozial batzuetatik haratago joaten saiatuz gero anbiguotasuna sortzeko arrisku handia dago gainera. Sor litezkeen benetako mezuen kopurua oso txikia da berez, eta laburdura gutxi batzuk baino ezin dira esaldi askotan erabili. Adibidez: C (see, "ikusi"), B (be, "izan"), 2 (to, too, two, "-ra atzizkia", "ere", "bi"), 4 (for, four, -fore, "-rentzat atzizkia", "lau, "aurretik, aurreko"), eta U (you "zu").
Jendea teknologia asmo berrietara egokitzen saiatu ahala (Interneteko sarbidera, adibidez) gero eta nabarmenagoak izango zaizkigu muga horiek. Nahiz eta Interneteko orriak gure telefono mugikorreko pantailara jaisteko edo gure PDAn ikusteko aukera egon, berez zer egin dezakegu grafiko askoz hornitutako testu konplexu bat hain eskala txikian agertzen bazaigu? Zer-nolako "itzulpen" linguistikoa egin beharko da pantaila txikian erabilitako esaldi-egiturak erraz erabiltzeko modukoak eta ulergarriak direla ziurtatzeko? Badirudi esaldien luzera laburtu egingo dela ezinbestean, eta esaldien egitura konplexuak saihestu egingo direla.
Textspeak delakoak izango al du eraginik hizkuntza osoan? Egia esan, ez dut uste. Leku-muga estuak uzten dizkigun teknologia batera egokitzea da textspeakeko estiloa erabiltzeko arrazoia, eta halako mugarik ez dugunean ez dugu zertan hizkera laburtua erabili. Esan dugun bezala, gazteen (eta gazte-jitekoen) artean ondo gelditzen da hizkera hau erabiltzea eta hizkera horretako berezitasun batzuk beste leku batzuetara ere zabalduko dira; zenbait laburdura (LOL adibidez) hasiak dira ahozko hizkeran ere erabiltzen, esate baterako. Baina joera mugatuak dira horrelakoak.
Beharbada, eragin handiagoa izango du hizkuntza batzuetako textspeakak beste hizkuntzetako textspeakean. Txtng: the Gr8 Db8 (Oxford University Press, 2008) liburua idazteko SMSei buruz ikertzen ari nintzenean, dozena bat hizkuntzatan erabilitako laburdurak aztertu nituen. Zenbait hizkuntzak beren konbentzio propioak dituzte: frantsesez, adibidez, cb1 (c'est bien "ederki") erabiltzen dute eta gaztelaniaz salu2 (saludos "ondo izan") erabiltzen da. Dena den, gazte askok esan zidatenez SMSak idazteko garaian ingelesezko laburdurak erabiltzen dituzte askotan, beren hizkuntzan bertan beste forma batzuk garatu beharrean. Antza denez, LOL hizkuntza askotako SMSetan erabiltzen da gaur egun. Ikusteko dago joera horrek aurrera egiten duen. Goizegi da oraindik zer gertatuko den jakiteko, SMSak gauza berria baita gehienontzat (azken hamar urtekoa asko jota).
Textspeak hizkerak aldekoak eta aurkakoak dauzka: batzuk txundituta daude erabilera horrekin, eta beste batzuk gogaituta. Ni, behinik behin, liluratuta nauka, hizkuntzan sormenez aritzeko eta hizkuntza ingurune desberdinetako beharretara egokitzeko dugun gaitasunaren azken adierazpena dela iruditzen zaidalako. Textspeak en bidez hizkuntzaren iraultza txiki bat ikusten ari gara.
Hizkuntza guztiak
Internet tresna iraultzailetzat jotzeko arrazoi gehiago daude. Arrazoi horietako bat harrigarria iruditzen zaie askori. Internet hizkuntza guztientzako aterpetxea da, nolabait esateko, hizkuntza horietako hiztunek ondo dabilen teknologia informatikoa badute behintzat. Gero eta tresna eleanitzagoa da, eta horixe izan da ez hain aspaldi sortu zenetik izan duen aldaketarik handienetakoa, hasiera batean ingelesa besterik ez zelako erabiltzen Interneten. AEBetako presidenteorde izandako Al Gore-k pasadizo bat kontatzen du gai honen inguruan. Gorek dioenez, Kirgizistaneko Akaiev presidentearen zortzi urteko semeak ingelesez ikasi behar zuela esan omen zion aitari. Eta zergatik galdetu zionean, hauxe erantzun zion umeak: «Aitatxo, ordenagailuak ingelesez mintzo direlako».
Asko eta askorentzat ingelesa da Interneteko hizkuntza. The New York Times egunkariak, adibidez, lerro-buru hau argitaratu zuen 1996an: "World, Wide, Web: 3 English Words " ("World Wide Web: ingelesezko hiru hitz"). Michael Specter-ek idatzitako artikuluan hauxe esaten zen: «Interneti etekin osoa ateratzeko modu bakarra dago: ingelesez ikastea». Beste hizkuntza batzuk ere Interneten erabiltzen hasiak zirela onartzen zuen Specter-ek: «Sarea handitu ahala», zioen, «bertan dabiltzanen artean adibidez frantsesez eta errusieraz hitz egiten dutenen kopurua ugaritu egingo da eta ugaritasun horrek eragina izango du sarean. Horregatik esaten da sarea teknologia zeharo demokratikoa dela», zioen Specter-ek, «halere, beste hizkuntzen ugaritasun hori ez dugu berehalakoan ikusiko».
Gaur egun argi gelditu da oker zebilela Specter. Interneten globalizazioarekin batera etengabe ugaritu da beste hizkuntza batzuen presentzia. 1990eko hamarkada erdialdean, sarearen % 80 inguru ingelesez zegoela esaten zen. Babel izeneko erakunde batek 1997an Interneteko hizkuntza-erabilerari buruz egindako ikerlan zabal bat hartu zen erreferentziatzat kopuru hori emateko. Internet Society eta Alis Technologies erakundeen babesarekin egin zen ikerketa hura. Ingelesa gainerako hizkuntzen oso gainetik zegoela ikusi zen, baina beste hizkuntza batzuk ere hasiak ziren lehian, alemana, japoniera, frantsesa eta gaztelania, bereziki.

Orduz gero, ingelesaren hedapenari buruzko kalkuluak etengabe murriztu dira. Zenbait adituren arabera, komunikazio-azpiegiturak Europan, Asian, Afrikan eta Hego Ameriketan garatu ahala, ingelesak sareko (eta Internet osoko) hizkuntza nagusia izateari utziko dio aurki. Global Reach-en azterketa baten arabera, ingeles hiztunak ez diren herrietan 1995-2000 bitartean 7 milioitik 136 milioira handitu da Interneterako sarbidea zutenen kopurua. 1998an, beste ustekabe bat izan genuen: urte horretan ingelesez sortuak izan ez ziren web guneek ingelesez sortutakoak gainditu zituzten lehenbiziko aldiz. 2002an bilatzaileen estrategiei buruzko konferentzia bat egin zen Londresen, eta konferentzia hartan Alta Vistak iragarri zuen aurki web ostalarien erdia baino gutxiago izango zirela ingelesez. Iragarpen hura bete egin da. Munduko zenbait herritan bertako hizkuntzak nagusi dira dagoeneko. Yoshi Mikami Interneteko aditu japoniarraren arabera, Japoniako web orrien % 90 japonieraz daude dagoeneko.
Sareak hizkuntzek munduan duten hedapen eta banaketa islatzen du gero eta gehiago, eta horren froga dira gune asko eta asko. Milaka eta milaka enpresa nortasun eleanitza aurkezten saiatzen dira. Egunkariek ere hainbat edizio izaten dituzte hizkuntza desberdinetan. Eta ehunka web gune garrantzitsutan hizkuntzei buruzko era guztietako datuak biltzen ari dira gaur egun. Har dezagun Oregon-eko Unibertsitateko letra-tipoen artxiboa, esate baterako: 40 hizkuntzatako ehundik gora letra-tipo jaso dituzte artxibo horretan. Umorerik ere ez zaie falta, era guztietako hizkuntzei buruzko datuak bildu baitituzte: Star Trekeko Klingon hizkuntzakoak eta JRR Tolkienek Eraztunen jauna libururako asmatu zuen elvish hizkuntzakoak, esaterako.
Interneten hizkuntzen bila miaka ibiliz gero, ordubete eskasean ehunka hizkuntza aurkituko ditugu. Language and the Internet (Cambridge University Press, 2001) liburua prestatzeko egun batzuk eman nituen sarea arakatzen, ahal nituen adibide guztiak jasotzeko asmoz. World Language Resources izeneko web gunea aurkitu nuen: 728 hizkuntzatako produktuak dauzkate bertan. Afrikako baliabide-zerrenda bat ere aurkitu nuen, bertako zenbait hizkuntzaren berri ematen zuena. Yoruba hizkuntzako 5.000 hitz inguru (esaera zaharrak, izenak eratzeko moldeak, agurrak…) agertzen ziren bertan, besteak beste. Beste orri batean Europako 87 hizkuntza gutxituren berri ematen zen. Orri horietako asko murritz samarrak dira eduki aldetik, noski, baina, halere, oso zabalak dira jorratutako gaien aldetik: batean Gure Aita ia 500 hizkuntzetan ematen zen.
Oraindik ez du inork kalkulatu zenbat hizkuntza dauden Interneten, presentzia txiki-txikiarekin bada ere. Milatik gora aurkitu nituen nik azkar batean. Munduan gehien erabiltzen diren hizkuntza guzti-guztiek eta hizkuntza gutxitu askok eta askok Interneten duten presentziaren aztarnak erraz asko aurkitzen dira. Munduko hizkuntza guztien laurden batek -1.500 inguru hizkuntza- nolabaiteko ziber-existentzia dutela kalkulatua daukat.
Aipatzen ari naizen adibide horietan guztietan hizkuntzaren benetako presentzia dagoela azpimarratu beharra dago. Ez naiz hizkuntzei buruz ari diren edo hizkuntzak hizkuntzalaritzaren nahiz beste alor akademikoren baten ikuspegitik aztertzen dituzten web guneei buruz ari. Hizkuntzak bere horretan, diren horretan, erakusten dizkiguten web guneez ari naiz. Kasu askotan, hizkuntza horiek sarean duten presentzia oso txikia da, kopuru aldetik. Baina hortxe daude hizkuntza horiek, eta hori da garrantzitsuena hemen, hor zehar barreiatutako orri gutxi-gutxi batzuetan agertu arren. Hizkuntza gutxituentzako bitarteko edo ingurune ideala da Internet, azken batean. Demagun galtzear dagoen hizkuntzaren baten -hizkuntza aborigen baten, galeseraren nahiz euskararen- hiztunak edo bultzatzaileak garela, eta gure hizkuntzari publizitate pixka bat eman nahi diogula, munduari gure hizkuntzaren egoera jakinaraztearren. Orain dela gutxi arte oso zaila zen hori lortzea. Pentsa zein zaila den egunkari batek gai horri buruzko artikulu bat idaztea, eta zein garestiak diren egunkarietako iragarkiak. Era berean, ia ezinezkoa izango litzaiguke gai horri berari buruzko irratsaio edo telesaio bat lortzea. Orain, ordea, hortxe dauzkagu web orriak gure zain eta e-postek telefono-deien pare balio dute; hortaz, gure hizkuntzan idatzitako mezuak mundu osoaren aurrean zabal ditzakegu istant batean, eta nahi izanez gero itzuli ere egin dezakegu. Horrelako hartzaile-kopuru potentzialen aldean betiko hedabideetako hartzaileak hutsaren pare gelditzen dira.
Bestalde, onartu beharra dago hizkuntzek ziberespazioan txokotxo bat aurkitzea ere ez dela batere erraza. Interneten hedapenak nolabaiteko "masa kritikoa" lortu beharra dauka edozein herrialdetan, hizkuntza batek bizitza zibernetiko bizia garatu ahal izan dezan. Alferrik da gure herriko hizkuntzan idatzitako pare bat web gune besterik ez izatea. Gure hizkuntza erabili edo haren berri jaso nahi dutenak berehala aspertuko lirateke. Web guneak sortu eta sortu egin behar dira, halako batean jende guztia gune horiek erabiltzen hasi eta denon artean gune berriak sortzen hasten garen arte. Une magikoa izaten da hori eta oraingoz ehunka gutxi hizkuntzak besterik ez dute lortu. Interneteko hizkera erabiliz, "eduki" on ugari behar dira sarean dauden hizkuntza txikietan. Dena den, hori lortu arte eduki asko dauzkaten hizkuntzak -ingelesa bereziki- erabiltzen jarraituko du jendeak.
Garapen bidean dauden herrialdeetan asko hedatu da Interneterako sarbidea baina, estatistikek erakusten digutenez, bide luzea gelditzen da oraindik. Afrika osatzen duten 54 herrialde eta lurralde guztietan Interneterako sarbidea dute gaur egun hiri handietan, baina 2008ko hasieran afrikarren % 4,7k bakarrik zeukaten Internet erabiltzeko aukera (iturria: Internet World Stats). Dena den, 2000-2007 bitartean % 800eko hazkundea izan du Interneten erabilerak Afrikan. Estatistika horiek datu interesgarri bat erakusten digute, ordea: Internetek hedapen txikiena duen lekuetan dagoela, hain zuzen ere, hizkuntza-ugaritasunik handiena, eta hizkuntzak galtzeko arriskurik handiena. Eta gakoa hemen ez da argindarra eta ordenagailuak eskuragarri izatea bakarrik. Interneten ibiltzeko denborak ere garrantzia du, multimedia materiala jaisteko eta erantzun-denbora laburrak ziurtatzeko garaian bereziki, solasguneetan interakzio bizia lortzeko ezinbestekoa baita Internet azkar ibiltzea.
Hortaz, Internet eleaniztun bat ziurtatu gabe daukagu oraindik. Web gune berriek tokian tokiko hizkuntzak bultzatzeko azkartasunaren eta bultzada hori aprobetxatzeko gaitasunaren mende egongo da hori. Horrekin batera, zailtasun praktiko ugari dauzkagu. Orain dela gutxi arte arazo handiak egon dira munduko hizkuntza guztien alfabeto-aniztasunari erantzungo zioten teklatuak erabiltzeko. Estandar gisa erabilitako alfabetoa ingelesarena zenez, ingelesezkoak ez ziren azentu eta ikur diakritiko gutxi batzuk baino ezin ziren erabili. Itxura bitxiko azentudun hitz arrotzak alde batera uzten zituen Interneteko softwareak, garrantzitsuak izango ez balira bezala. Hori oraindik gertatzen da tarteka, baina gauzak asko aldatu dira hasierako garaiez geroztik. Teklatuetako oinarrizko karaktere-sorta, ASCII sorta delakoa, hedatu zen hasieran, ingelesezkoak ez ziren diakritiko erabilienak ere sorta horretan sartuz. Baina orduan ere 256 karaktere baino ez ziren onartzen, eta munduan kopuru hori baino askoz ere letra-forma gehiago daude. Arabierako, hindiko, txinerako, koreerako eta latindar alfabetoa erabiltzen ez duten hizkuntza asko eta askotako letra-formetan pentsatu besterik ez dugu egin behar horretaz jabetzeko. Gaur egun kodetze-sistema berria sortu da -UNICODE sistema-, aurrekoa baino askoz sofistikatuagoa: 4.1. bertsioak pantailan 97.000tik gora karaktere idazteko aukera ematen digu. Aurrerapen izugarria izan da hori, baina motz gelditzen da oraindik munduko hizkuntza guztietan erabiltzen diren zeinu guztiak eta elementuen zeinu guztiak irudikatzeko, halako 170.000 inguru daudela kalkulatu baita.
Unicode sistema

Dena den, sareko eleaniztasunak etorkizun oparoa izango duelakoan nago, eta itzal handiko jende askok ere horixe bera pentsatzen du. Ned Thomas-ek adibidez. European Bureau of Lesser Used Languages-ek (eremu urriko hizkuntzetarako Europako bulegoak) hamabostean behin kaleratzen duen Contact izeneko buletinaren argitaratzailea da Thomas, eta duela gutxi argitaratutako editorial batean hauxe esan zuen: «Ez da egia ingelesak hizkuntza guztiak baztertuko dituenik Interneten. Alderantziz, web gune eleaniztunen eta datuak eskuratzeko tresna eleaniztunen eskari handia egongo da eta jendeak ordenagailu bidezko itzulpen-tresna eta ahotsa errekonozitzeko sistema eleaniztunak eskatuko ditu». Tyler Chambers Interneteko hizkuntza-proiektu askoren sortzailea ere bat dator ikuspegi horrekin: «etorkizunean orain baino askoz ere eleaniztasun handiagoa izango dugu Interneten, bai eta kultura arteko ulermen handiagoa ere». Ni ere ados nago horrekin. Sareak ongietorria emango dio mundu osoko hizkuntza-aniztasunari.
|