Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Arimak salbatu, hizkuntzetan hitz egin: erlijio gatazka, generoen aldaketa euskaran


Begoña Echeverria

Inprimatzeko bertsioa (87,3 kb)

"Itxura denez, Euskal Herria ebanjelizatu egin da, eta euskaldunak kristau onak dira... Hala ere, badira eszena atzeko gurtzak, jainkotasun txiki ahaltsuak" (Barandiaran 1972:78).

Sarrera

Euskaldunak berandu samar ebanjelizatu izanari nolabaiteko meritua eman zaio, euskara mantentzeari dagokionean. Erromatar elizaren ustezko eragin orokortzailetik babestuta (ahalegin logikoa), euskaldunak aske ziren beren jainkoak beren hizkuntzan nahi zuten moduan gurtzeko. X. mendean, euskaldunak erlijioz aldatu eta katoliko sutsu bihurtu ziren. Hala ere, goiko aipuak dioen bezala, ez zituzten ezinbestez guztiz alde batera utzi beren sinesmen "paganoak" (eta sinesmen horiek ere euskaraz transmititu ziren). 

Kontakizun horretan, baina, erlijioaren eta hizkuntzaren artean lotura argia dagoela onartzen da. Alegia, hizkuntza bat gurtzarako erabiltzeak hizkuntza hori suspertu egingo du eta eguneroko hizkuntza bihurtuko da; hizkuntza bat gurtzarako ez erabiltzeak, aldiz, aurkako eragina izango du. Hala ere, hizkuntzaren erabilera erabat ulertze aldera, kontuan izan behar dugu zein diren eremu eta testuinguru berezietan hizkuntzari edo hizkuntzei lotutako gizarte esanahiak (ikus Woolard & Schieffelin 1994:70), ez soilik halakorik baden ala ez den. Euskal Autonomia Erkidegoan egin nuen lanak, esate baterako, erakutsi zuen ikastetxeetan esplizituki sustatzen zela euskaldunak "euskaraz hitz egiten zekitenak" zirela zioen ideia, baina ikastetxeek, inplizituki, herriko landako gizonezko hiztunen alde egiten zutela (Echeverria 2003). Orobat, erakutsi nuen gizonezkoen pribilegioa diaspora amerikarrerako bereziki idatzitako Euskara-Ingelesa hiztegian jasota dagoela. Hiztegian, gizonezko erreferenteak baliatu ziren genero espezifikoa erabili zen adibidezko esaldi gehienetan. Gainera, emakumezko erreferenteak agertzen ziren rolak eta jarduerak murriztu ziren, eta emakumezko erreferenteak bigarren mailan jarri ziren, gizonezko erreferenteekin aurrez aurre zeudenean (Echeverria 2007b).

Lan honetan, erlijio arloan euskararen eta euskaldunen gainean generoak zer-nolako eginkizuna duen aztertu dut. Zehazki, erakutsi dut hi forma pronominalak (lagunkidetasuna eta benetako "euskaldun jatorra" adierazteko gakoak) hainbat modutan erabiltzen direla askotariko erlijioetako testuetan. Gainera, kutsu negatibo handiagoa dute emakumezkoen formek, gizonezkoen formek baino eta, horren ondorioz, emakumezkoen forma gehiago galdu da, denboran.

Arrazoiketa hori testuinguruan jartzeko, hurrengo atalean euskarazko izenordainek gramatikan eta pragmatikan nola funtzionatzen duten azalduko da.

Izenordainen arazoak: zergatik axola dute?

Euskalki guztietan, bigarren pertsonako bi izenordain singular erabiltzen dira: hi eta zu. Dena den, hi formak lagunkidetasuna eta hurkotasuna markatzen dituela kontsideratzen den arren, zu forma erabiltzen dute hiztun gehienek, elkarrekintzako helburuetarako. Nolanahi ere, hi eta bestelako T formak antzekoak dira, Brown & Gilmanek (1960) azaldu bezala, eta hurbileko lagunen artean erabiltzen da, txisteak kontatzeko edo haserrea erakusteko. Gizartean antzeko mailetan dagoen jendearen artean hitz egiteko ere maiz erabiltzen da (neba-arrebak eta adin bereko adiskideak), bai eta beheragoko gizarte mailako jendearekin hitz egitean ere (haurrak, neba-arreba gazteagoak). Alde horretatik, funtsean, hi formak lagunkidetasuna edo hurkotasuna markatzen duela kontsideratzen da (Echeverria 2003; Urla 1997). Hala ere, hi formak gizarte esanahiak ere adierazten ditu, zeharka (ez nahitaez bestelako T formen parean), hala nola, euskaldun "jatorra"ren nortasuna eta gizontasuna (Echeverria 2003). Hika forma zuka formarekin asimetrikoki erabiltzen da, baina ez bestelako T/V formen parean. Gero azalduko dut hori zehatzago.

Gainera, izenordain sistema horren barruan bakarrik -hi forma erabiltzean- markatzen da generoa euskaraz. Hitz egiten zaion hura aditz iragankor baten subjektua edo zeharkako objektua bada, aditz laguntzaileak markatuko du hitz egiten zaion haren generoa ("-n" emakumezkoa bada, "-k" gizonezkoa bada):


1. taula: generoa markatzea euskaraz

 Ergatiboa  Datiboa
 "Lan egin dun"    "Gertatu zain"
 Lan egin du-n  Gertatu -ø-zai-n
 Lan egin LAG-2sgFemErg   Gertatu 3Abs-LAG-2sgFemDat
 Lan egin du-k  Gertatu -ø-zai-k 
 Lan egin LAG-2sgMaskErg   Gertatu 3Abs-LAG-2sgMaskDat

 

Genero markatze horren ezaugarri ezohikoagoa generoaren alokutibotasuna da. Hori dela eta, aditz deklinatua bat dator hitz egiten zaionaren generoarekin, hiztun hori esaldian ez badago ere (Oyharçabal 1993:91):

2. taula: Alokutibotasuna euskaraz

 Laguna-k ikusten n-a-i-n
 Lagunak-Erg ikusi/ikusten 1SgAbs-orainaldia-LAG-ALOKfem -3SgErg
 Laguna-k ikusten n-a-i-k
 Lagunak-Erg ikusi/ikusten 1SgAbs-orainaldia-LAG-ALOKmask -3SgErg

 

Generoak baldintzatutako erabilera ereduak oihartzuna du gramatikan genero markatze horretan. Goian esan bezala, hi forma askoz gutxiago erabiltzen da, zu forma baino. Baina hi forma bereziki gutxiago erabiltzen da emakumeei hitz egitean (noka), gizonezkoei hitz egitean baino (toka). Funtsean, hika formaren erabilera gorde duten landa eremuetan, maizago erabiltzen da forma hori gizonezko hiztunen artean, gizona emakumeari zuzentzean edo bi emakumeren artean baino. Gainera, nahiz eta hika forma kulturako eremu tradizionaletan oraindik erabiltzen den (herri kiroletan, hitzezko erronka tradizionaletan), eskuarki toka formak aurkitzen dira. Agian, eremu kultural horietan gizonezkoak nagusi direlako izan daiteke (Echeverria 2003).

Beharbada, soziolinguistikan, maiz noka formaren erabilerari lotuta izaten den kutsu negatiboa izan daiteke interesgarriena. Euskal Herrian eta diasporan egin dudan landa lanak erakutsi du noka formak askoz onespen txikiagoa duela gizartean, toka formak baino. Noka forma erabiltzea bitxia da, toka forma ondo menderatzen duten euskal hiztunen gutxiengoaren artean ere. Hori zergatik gertatzen zen galdetu nuenean, erantzun lausoak jaso nituen, hala nola, "gaizki ikusita dago" edo "errespetugabea da". Bitxitzat jo nituen erantzun haiek, noka formak eta toka formak "hizkuntzalaritzan berdinak" baitira. Euskararen egituran toki bera dute eta, beraz, elkarrekintzako helburu beretarako erabili beharko lirateke. Izan ere, hala izan zen behinola. Euskal hizkuntzalariak bat datoz, jatorrian, noka eta toka formak bigarren pertsonako izenordain singular bakarrak zirela dioen baieztapenarekin, eta zu forma bigarren pertsona pluralerako erabiltzen zen (Alberdi 1995; Trask 1997).

Hurrengo atalean, erlijio edota mitologia testuetako izenordainaren erabilera aztertu dut, euskal izenordainen "genealogia sinbolikoa" ezagutzera emateko saiakeran. Ikusi dudanaren arabera, testuetan generoaren arabera erabili dira izenordainak, eta noka formak kutsu negatiboagoa du toka formak baino. Horrek, denboran, noka formaren erabilera eta prestigioa galtzea ekarri du. Toka forma zenbait hizketakidek erabiltzen du testu katoliko, protestante eta mitologikoetan, soziolinguistikako hainbat helburutarako. Aldiz, noka forma maizago aurki daiteke zenbait pertsonaiaren arteko elkarrekintzetan, besteak beste, sorginen eta laminen artean (kristautasunarekiko borrokako galtzaileen alderdiko "paganoak").

Generoaren araberako hizkuntzaren erabilera, erlijio testuetan

Nire aurreko lanean, erlijioak euskararen izenordain sisteman aldaketak eragiten lagundu duela erakutsi nuen. Protestanteak, Itun Berria  (Leizarraga 1571) eta Itun Zaharreko zati batzuk (Urte 1700) euskarara itzultzearen bidez, sinestunak erakartzen saiatu ziren. Bestalde, katolizismoak protestantismoa garaituta zuen XVIII. mende bukaerarako. Arimen borroka horrek, baina, izenordainen ondare interesgarria utzi zuen. Protestanteek hi forma erabiltzen zuten beren dokumentuetan. Katolikoek (Duvoisin 1865), baina, zu erabiltzen zuten, eta hi forma, nagusiki, elkarrekintzako xedeetarako baliatzen zuten, hala nola, mespretxua edo destaina adierazteko. Horrek konnotazio negatiboz jantzi zuen hika, eta denboran zehar forma hori galtzea eragin du (Echeverria 2007a).

Leizarragaren Itun Berria

Hala ere, testu horiek sakonago aztertu izanari esker, genero lagin interesgarriak agertu dira. Protestanteen testuetan, noka da hitz egiten zaion emakumezkoari hitz egiteko pragmatikoki markatu gabeko forma; eta gauza bera da toka, gizonezkoei hitz egiten zaienean. Noka forma gutxiago erabili da toka forma baino, testu biblikoetan, oro har, emakumezko pertsonaia gutxiago agertzen direlako. Erabiltzen denean, baina, toka formaren antzera erabili da. Hau da, lagunarteko forma horiek ohituraz erabiltzen dira norbaitek pertsona bakar bati hitz egiten dion aldiro, hizketakideen gizarte egoera edo egoera zibila, gizarte maila edo harreman mota (lagunartekoa edo bestelakoa) edozein izanik ere.

Dena den, protestanteen testuetan lagunarteko forma hori modu librean erabiltzea gaur egungo estandarrek euskaran egokitzat jotzen duenetik askoz haratago doa. Behean, ikus dezakegu Abrahamek eta bere emazte Sarak elkarrekin hika forma erabiltzen dutela (letra lodiz dagoena noka da; letra lodi eta etzanez dagoena, toka; azpimarratuta dauden hitzak forma alokutiboak dira):

1. testua: Sara eta Abraham
Neura nescatoa ematen daroat hire galtcarbean: bagnan ikhussi dic contcebitu cuela, horrengatic mesprecio eguiten dic nitaz . . . Orduan Abranec ihardetssi cioen Sarairi, horra hire nescatoa heure escuan dun, eguin dio nahi dun becala. (Gen 16: 5-6)

Badirudi ez dela ezohikoa senarraren eta emaztearen artean lagunarteko forma erabiltzea, bestelako hizkuntzetan -gaztelanian eta frantsesean, adibidez- lagunarteko formak nola erabiltzen diren kontuan hartzen badugu. Erabilera hori, baina, markatu egiten da euskaraz. Senar-emazteek, normalean, zu forma erabiltzen dute elkarren artean, maitasun harremana izan baino lehen hi forma erabiltzen bazuten ere; izan ere, ezkontzean oso bestelako rol ereduak hartzen dira, eta rol horiek senarraren eta emaztearen artean lagunkidetasuna alde batera uzten dutela jotzen da (de Rijk 1991:377).

Gainera, inguruko hainbat hizkuntzetan ez bezala, euskaraz T/V formak asimetrikoki erabiltzea oso ohikoa da. Lagunartean hi forma erabiltzen denean, zu/hi forma asimetrikoa erabili behar dela dio arauak; gurasoek seme-alabekin hi forma erabiltzen dutenean, seme-alabek zu forman erantzuten diete. Baina protestanteen testuetan ez zaio arau horri jarraitu. Bigarren testuan, Rebekak eta bere seme Jakobek hi forma erabiltzen dute elkarrekin hitz egiteko:

2. testua: Rebeka eta Jakob
Oray bada, ene Semea, obedio diococ ene hitcari manteen daroadan gaucan  . . . Eta Jabobec ihardetssi cioen Rebecca . . . bere Amari, horra, Esau ene anaia . . . guicon illetss dun bagnan ni naun guicon ille gabea . . . (Gen 27: 11)

Euskararen gainean ikerketak egiten dituzten ikertzaileak bat datoz hika erabiltzen denean, hizketakideak gizarte hierarkiako askotariko mailetakoak direnean, asimetrikoki erabiltzen dela esatearekin. Baina, hirugarren eta laugarren testuetan ikus dezakegunez, protestanteen testuetan lagunarteko forma erabiltzen da hizketakideen artean, gizarteko hierarkiak oso maila desberdinetakoak diren hizketakideen arteko elkarrizketetan ere (jainko irudiak eta gizakiak):

3. testua: Jainkoa eta Eva
Eta Jainco Eternalac erran cioen emazteari, cergatic eguin dun hori . . . . eta emazteac ihardesssi cuen, sugueac enganatu niauc, eta jan diat handic. (Gen 3: 13).

Era berean, nahiz eta elkarrizketa "Jainkoaren semearen" eta gizarte talde estigmatizatuko emakumearen artekoa izan, elkarrekin hi forma erabiltzen dute:

4. testua: Jesus eta emakume samariarra
Ethor cedin emazte Samaritanabat ur idoquitera: erran ciecon hari jesusec, indan edatera . . . . Diotsa emazteac, Jauna, eztuc cercaz idoqui decan, eta putzua duc barna: nondic duc beraz ur vici hori? (Jn 4: 7, 9)

Hortaz, ikusi dugu protestanteen testuetan noka forma ohituraz erabiltzen dela emakumezkoei hitz egitean, elkarrekintzako helburu guztietarako. Testu katolikoetan noka formaren erabilera, ordea, guztiz bestelako kontua da.

Testu katolikoak

Lehen esan bezala, testu katolikoen eta protestanteen arteko aldea da testu katolikoetan forma jasoa (zu) erabiltzen dela pertsona bakarrari hitz egiten zaionean, baldin hitz egiten zaion horri zigortzeko edo errieta egiteko hitz egiten bazaio. Bosgarren testuan, adibidez, apaiz nagusiek toka forma erabiltzen dute Juda ukatzeko:

5. testua: Juda eta apaiz nagusiak
Zerralarik: Bekhatu egin dut, hobengabeko dola salduz. Bainan hekiek ihardetsi zioten: Guri zer dihoakigu? Hire ikhustekoa duk. (Mt 27: 4-5)

Orokortze hori, baina, hitz egiten zaiona gizonezkoa denean bakarrik da hala; emakumezkoei errieta egitean ez dira noka formak erabiltzen.

Testu katolikoetan lagunarteko formak hainbat egoeratan erabiltzen dira. Erabilera ohikoenen artean, demonioak kanporatzeko erabiltzen dela da aipatzekoa. Beheko seigarren testuak erakusten duenez, kasu guztietan arima edo espirituren bati konjuruak egitean toka forma erabiltzen da:

6. testua: Arima, gizonezkoa
Bada, Jesusek galdatu zioen: Zer duk izena? Eta ihardetsi zuen: Andana; zeren hainitz debru baitziren gizon hartan sarthuak.

Baina badago frogarik iradokitzeko arima ez dela beti gizonezko gisa hartu. Axularren Gero (1643) lan espiritualean, arima zigortzen da eta, horretarako, noka forma erabiltzen:

Axularren "Gero"

7. testua: Arima, emakumezkoa
Baina alferrik guztiak. Zeren nola baituen libertatea, eta heure burua heure eskuko, hala egin dun heure plazera eta borondatea: garaitu naun, eztun nitzaz konturik egin: ez aiz nitzaz gobernatu. Galdu dinat nik neure trabaillua, eta bai hik ere, sekula fingabekotzat heure burua."

Testu katolikoetan, berrehun urte lehenago, hala ere, gizakiekin, gorpuzdunekin edo kontu espiritualekin zerikusirik ez duten gauzei hitz egiteko baino ez zen erabiltzen noka forma. Hain zuzen, noka forma entitateei -besteak beste, hiriei- hitz egiteko baino ez zen erabiltzen:

8. testua: Hiriari noka forman hiz egiten
Jeresulame, Jerusaleme, profetak hiltzen eta hire gan bidaliak direnak harrikatzen ditunana, zembatetan nahi izan ditinat hire umeak bildu, oiloak hegalpera chitoak biltzen dituen bezala, eta hik ez baitun nahi izatu! (Mt 23: 37)

Goikoak erakusten du toka noizean behin erabiltzen dela testu katolikoetan (baina destaina erakusteko), baina ez da erabiltzen emakumezko gizakiei hitz egitean. Horrek, agian, kutsu negatiboagoa eman dio noka formaren erabilerari, toka formaren erabilerari baino. Testu katolikoetan ikusi da gizonezko hizketakideak zigortzeko lagunarteko formak erabiltzen direla, baina ez da halakorik erabiltzen hizketakideak emakumezkoak direnean. Ia herri katoliko osoak, beraz, noka forma erabiltzeari ezegoki iritziko zion, bai eta emozio gehieneko egoeretan ere.

Noka forma mitologian

Alde handia dago goian azaldutako testu biblikoen eta euskal mito eta kondairen artean (Azkue eta beste 2002; Barandiaran 1960, Barandiaran 1962, Barandiaran 1972, Barandiaran 1987, Barandiaran 2002; Cerquand 1987). Lehenik eta behin, ikus daiteke emakumezko pertsonaiak askoz sarriago ageri direla euskal mitologian, testu biblikoetan baino. Hori, beharbada, ez da harritzekoa; izan ere, Euskal Herriko kristautasun aurreko erlijioa matriarkala zen. Bigarrenik, normalean noka forma erabiltzen zen emakumezkoei singularrean hitz egitean, testu katolikoetan ez bezala: katolikoetan zuka erabiltzen zen. Hizketakideak gizarte maila desberdinekoak zirenean, testu mitologikoetan noka/zuka formen erabilera asimetrikoa gailendu zen; testu protestanteetan, aldiz, hika forma erabiltzen zen hizketakideen artean. Hirugarrenik, mito horietan gizakiak eta pertsonaia kristauak agertzen diren arren, noka forma agertzen da, nagusiki, gutxienez hizketakide bat (edo guztiak) sorgina, deabrua, "paganoa" edo euskal mitologiako irudi bereziren bat (besteak beste, lamina) den elkarrizketetan.

Esate baterako, kondaira batek dioenez, jostunak eztabaidan ari ziren ea sorginak existitzen ote ziren ala ez. Azkenean, sorginak bazirela ondorioztatu zuten (azken finean, "izena duen orok existitu behar du"), baina jostun bat zalantzatan geratu zen. Ilunabarrean, jostun hura etxerantz zihoanean, sorgin talde batek inguratu zuen. Sorgin bakoitzak ile bat kendu zion burutik jostunari, eta iseka egin zioten:

9. testua
"Ez geala, bano bagittun: Maripetralin ez beste guztik emen gaittun "

Diotenez, hain zeuden sorgin asko, ezen jostuna burusoil utzi baitzuten.

Beste kontakizun baten arabera, gauero, laminak tximiniatik sartzen zitzaizkion etxera emakume bati, eta beldurtuta zuten. Azkenean, laguntza eskatu zion senarrari, eta hark plan bat asmatu zuen. Emaztearen arropa jantzi eta haren eguneroko lanak egiten hasi zen gizona. Lamina, tximiniatik etxe barrura sartu zenean, "emakumeak" aurrekoetan ez bezala jarduten zuela ohartu zen. Orduan, laminak galdetu zion: "Nor haiz hi?". "Inor ez" erantzun zion senarrak. "Emaidan edateko zerbait" esan zion laminak. Edatekoa eman beharrean, gizonak olio beroa bota zion laminari aurpegira. Lamina hegan joan zen, laguntza eske, oihuka. Baina ez zuen bere lamina lagunengan errukirik sortu:

10. testua
Lamiaren lamiak ikusi zutenean haren arrenkura, galdegiten diote, "Zer dun lagun? Nork egin din?" "Inork ez." "A! Orduan zer nahi dun hik, inork ez badin egin herorrek dun kulpa eta beste inork." (Azkue eta beste, 2002:30-31).

Noka forma erabiltzen da deabruak sorginei hitz egiten dienean ere. Beste kondaira batek dioenez, bi anaia apaiz bihurtzeko ametsa bertan behera uztekotan zeuden, ikasten jarraitzeko txiroegiak zirela eta. Bi anaiek gizon batekin egin zuten topo, eta gizonak urrez betetako zaku bat eman zien, eta edalontzi bat ere bazegoen zaku barruan. Gizonak esan zien urtebeteko epean edalontzia zerez zegoen egina asmatzen bazuten, urrez betetako zakua beraientzat izango zela. Baina, asmatzen ez bazuten, bien arimak eramango zituen. Anaiek suharki egin zuten otoitz, Jainkoak erantzuna zein zen esango zielakoan, baina alferrik. Zorionez, urtebeteko epea bukatu bezperan, anaietako batek kobazulo bat ikusi zuen eta, barruan, ustekabean, gizon bat entzun zuen -deabrua-, sorgin batekin dantzan eta harrokeriaz hizketan:

11. testua
"Biar garai ontako etortzeko zetunat ba nik be gazte. "Zeittea?"-galdetu ementzion sorginek. "Baso 'at eman nenan: asmatzen baldin bazoen zekin eine zan, zaku-urrre 'at antzako izetekon, eta bestela an animak netzako izetekon." "Zekin eine da ba basoa?" "Ostielan da launbaten ebaittako azkazalakin." (Barandiaran 1962: 93-95).

Horri esker, hurrengo egunean galderari erantzuteko gai izan ziren bi anaiak, eta urrez betetako zakua lortu zuten. Horrek, apaiz izateko zuten ametsa betetzeko aukera eman zien.

Oro har, norbaiti hitz egiteko noka bakarrik erabiltzen duten hogeita hemeretzi mito edo kondaira aurkitu ditut. Noka izenordaina baino ez da erabili bi emakumezko hizketakideren artean; emakume bati hitz egiteko (emakume hori mintzatzailea ez denean); edo toka formarekin batera, gizonezko hizketakideari hitz egiteko.

Horrez gain, bost adibide aurkitu ditut, non noka forma zuka formarekin asimetrikoki erabili den; hau da, hiztun zaharrenek (emakumezko nahiz gizonezkoek) noka erabiltzen zuten emakumezko gazteagoekin hitz egiteko, eta gazteek hiztun zaharrei erantzuteko zu forma erabiltzen zuten.

Beste kondaira baten arabera, baziren behin hiru umezurtz. Etxetik alde egin zuten janari bila eta, azkenean, toki batera iritsi ziren, eta, han, neskameak jatekoa eman zien. Baina neskameak jakinarazi zien isil-isilik egon behar zutela, bestela tartaroa (nolabaiteko munstroa) etorri eta jan egingo zituela, kristauak zirelako. Haurrak beldurtu egin ziren eta isil-isilik egoten saiatu ziren, baina, azkenean, tartaroak aurkitu zituen, arnasa hartzen entzun baitzituen. Munstroak haurrak non zeuden galdetu zion neskameari eta hark, hasieran, haurrak babesten saiatu zen arren, azkenean non zeuden esan zion. 12. testuan ikus daitekeenez, tartaroak neskameari erronka jotzen dionean noka forma erabiltzen du, baina neskameak zuka forma erabiliz defendatzen du bere burua:

12. testua
Tartaroa jiten da. Sarthu bezain fite hasten da usaindatzen; erraiten dio neskatoari, "Hemen badun giristino zenbait." Neskatoak erraiten dio, "Ez, jauna, ez da batere." Tartaroak: "Izan bederen badun, sentitzen dinat heien usaina. Erran egia, bertzenaz hiltzen hut." Neskatoa izitzen da eta erraiten dio tartaroari: "Bai, jauna, egia erratea badut hemen zenbait giristino; zu hemen ez zinelarik jin zaitazu hirur haur gaxo hormatuak eta goseak hilak; sar arazi ditut barnerat, eman diotet jateran eta edatera, eta nola bait ziren biziki uhnatuak, Juan dituzu etzatera: hortxeko barrika horren bornean dituzu, gaxo aingeruak." (Cerquand, 1987:75).

Azkenean, baina, haurrek tartaroa garaitu zuten, eta ihes egitea lortu zuten.

Zenbaitek esan dezake bi forma horiek asimetrikoki erabiltzen direla izaki desberdinak direlako. Beharbada, ezegokitzat jo daiteke gizaki xume batek lagunarteko forma erabiltzea mundu metafisikoko irudi ahaltsu batekin hitz egitean. Barneko ezaugarriek, baina, ez dela hala iradoki dute. Goian azaldutako kondairez gain, badira deabruen, sorginen edo laminen eta gizaki arrunten arteko elkarrekintza erakusten duten istorioak ere. Hamargarren testuan ikusi dugu noka forma erabili dela "emaztearen" eta laminaren artean. Halaber, deabruak noka forma erabili du emakume gazteari hitz egitean (deabruak emakume horri atzamarrak eskatu zizkion, sakrifizio gisa), eta emakumeak toka forma erabiliz erantzun dio. Hika forma erabili da senarraren eta emaztearen artean ere (emaztea sorgina zen).

Oro har, testu horietan noka forma erabiltzen den berrogeita lau kasu aurkitu ditut. Horrek, agian, ez dirudi beste askoren modukoa denik, ez badugu kontuan hartzen horiek euskal mitologia eta kondairen liburuki gutxi batzuetatik aukeratutako adibideak direla. Ez ninduke harrituko gainerako corpusean noka gehiago erabili dela ikusteak, baldin euskal mitologiari loturiko bestelako iturriak (abestiak, adibidez) gida badira.


Ondorioa

Lan honetan, erakutsi dut jendeari hitz egiteko lagunarteko formak ez direla berdin erabiltzen askotariko erlijioetako testuetan. Emakumeei hitz egiteko formek kutsu negatiboagoa izan dezakete, gizonezkoei hitz egiteko formek baino, eta horrek, ziur asko, denboran, emakumezkoen forma gehiago galtzea eragin du. Hori esanguratsua da, izan ere, lagunarteko hi formak forma nagusi dira lagunkidetasuna, konfiantza eta euskaldunen nortasun "jatorra" kontzeptuak adierazteko. Emakumezkoei hitz egiteko formak gizartean baztertuta badaude, beharbada, emakumezkoek euskal nortasun "jatorra" hizkuntzaren bitartez adierazteko gaitasuna galarazita izango dute. Zer-nolako eragina izan dezake horrek, emakumezko hiztunek euskaraz hitz egiteko duten aldez aurreko jarreran? Zer-nolako ondorioak izan ditzake horrek euskararen etorkizunerako, euskara galtzeko arriskuan dagoen hizkuntza dela kontuan izanik?

Azterlan honek ondorioak ditu azterketa eremu berri samar baten ere, alegia, "Hizkuntzaren eta erlijioaren soziologia" gaian. Erlijioa eta hizkuntza aldi berean aztertzea kontu berritzailea izan zen, eta harrigarria da arlo horretan ez zaiola arreta handirik eskaini jendea bestelako moduetan eta generoetan jartzen duen beste gizarte egitura bati. Euskarak erakusten digu hori egitearen balioa. Euskaran erabilerak eta aldaketak ezin dira ondo ulertu ez badira beren testuinguru sozial eta historikoan jartzen. Hain zuzen, testuinguru horietan, erlijioak eta generoak eginkizun erabakigarria izan dute, eta hala dute, gaur egun ere. Hala gertatzen da galtzeko arriskuan dauden bestelako hizkuntza komunitateetan ere. Beraz, horrek komunitate horietako ikasleak eta hizkuntzaren arloko ekintzaileak behartzen ditu erlijio, genero eta hizkuntza ideologien elkarrekintza aldi berean aztertzera.

Erreferentzia lanak

  • ALBERDI, Xabier: "The development of the Basque system of terms of address and the allocutive conjugation" (1995) in Hualde, Jose Ignacio; Lakarra, Joseba; eta Trask, R.L. (arg.): Towards a history of the Basque language (Current issues in linguistic theory, 131), John Benjamins, Amsterdam, 275-293.
  • AXULAR, Pedro: Gero, Bordele, 1643.
  • AZKUE, Resurreccion Maria; BARANDIARAN, J.M.; BARBIER J.; CERQUAND, J.F.; GARMENDIA LARRAÑAGA, J.; GEREÑO, J.; eta WEBSTER, W.: Euskal Herriko mito hautatuak, Donostia: Hiria, 2002.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel: Brujeria y brujas en los relatos populares vascos, Txertoa argitaletxea, Donostia, 2002.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel: De ethnografia de Navarra, Txertoa argitaletxea, Donostia, 1987.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel: El Mundo en la mente popular vasca II. Auñamendi bilduma, Donostia, 1972.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel: El mundo en la mente popular vasca III. Auñamendi bilduma, Donostia,1962.
  • BARANDIARAN, Jose Miguel: El mundo en la mente popular vasca I, Auñamendi bilduma, Donostia, 1960.
  • BROWN, Roger; GILMAN, Albert: "The pronouns of power and solidarity", in Sebeok, Thomas (arg.): Style in language (1960), 253-276.
  • CERQUAND, Jean Francois: Ipar Euskal Herriko legenda eta ipuinak, Txertoa argitaletxea, Donostia, 1987.
  • DE RIJK, Rudolf P.G.: "Familiarity or solidarity: The pronoun hi in Basque", RIEV, 36 (1991), 373-378.
  • DUVOISIN, J.: Bible saindua edo testament zahar eta berria, Londres, 1865.
  • ECHEVERRIA, Begoña: "Indexing religious identity in the French Basque Country: Towards a theory of pronominal shift", in Studies in historical and Basque linguistics dedicated to the memory of R.L. Trask, Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibersitatea eta Gipuzkoako Aldundia, Bilbo eta Donostia (2007a), 273-292.
  • ECHEVERRIA, Begoña: "Language lessons, gender lessons: Androcentric inscription in a Basque-English dictionary", Hizkunea, 2007b.
  • ECHEVERRIA, Begoña: "Language ideologies and practices in (en)gendering the Basque nation", in Language in society 32 (3), (2003), 383-413.
  • GARMENDIA LARRAÑAGA, Juan. Jentilak, sorginak eta beste: Euskal pentsamendu magikoa II, Elkar, Donostia, 1994.
  • LEIZARRAGA, Joannes: Jesus Christ Gure Jaunaren Testamentu Berria Othoitza Ecclesiasticoen Forma Catechismea. Euskaltzaindia, Bilbo, 1990 [1571].
  • OYHARCABAL, Bernard: "Verb agreement with non arguments: On allocutive agreement", in Hualde, Jose Ignacio; eta Urbina, Joseba (arg.): Current issues in linguistic theory, 105: Generative studies in Basque linguistics, John Benjamins, Amsterdam (1993), 189-220.
  • OMONIYI, Tope; FISHMAN, Joshua A. (arg.): Explorations in the sociology of language and religion, John Benjamins Company, Amsterdam eta Filadelfia, 2006.
  • TRASK, R. L.: The history of Basque, Routledge, Londres eta New York, 1997.
  • URLA, Jacqueline: "Outlaw language: Creating alternative public spheres in Basque free radio", in Lowe, Lisa; eta Lloyd, David (arg.): The politics of culture in the shadow of capital, Duke University Press, Durham eta Londres, 1997.
  • URTE, Pierre: The earliest translation of the Old Testament into the Basque language (A fragment), Clarendon Press, Oxford, 1894.
  • WOOLARD K.; SCHIEFFELIN, B.: "Language ideology", in Annual review of anthropology 23 (1994), 55-82.

Oharra
Zu eta zuka terminoak (izenordaina eta izena, hurrenez hurren) bata zein bestea erabiliko dira; berdin hi eta hika ere. Euskaraz, bigarren pertsona singularreko beste bi izenordain ere badaude. Xu forma ekialdeko euskalkietan baino ez da erabiltzen. Berori forma, bestalde, begirune handia erakusteko baliatzen da; tradizioan mendebaldeko euskalkietan erabili izan da, baina gaur egun desagertu egin da (ikus Alberdi 1995).