Normalizazioari eta estandarizazioari begira abiatu arren, Brauli Montoyaren liburu hau haratago doa. Egungo soziolinguistikak oinarrizko dituen kontzeptuak zehazteko ahalegina da lan hau. Era berean, XX. mende bukaeratik hona katalanaren normalizazio-prozesuaren panorama ongi dokumentatua dagoela erakusten digu, hizkuntza, hezkuntza eta hedabideei dagokienean batik bat, baina gizarteak berak eragiten dituen alderdiak ahaztu gabe.
Brauli Montoyak dioenez, katalanaren historia garaikide laburrean, soziolinguistikak lehen mailako protagonismoa lortu du. Alabaina, zientzia horri dagozkion kontzeptuek askok nahi baino ilunago iraun dute. Zertaz ari gara, adibidez, hizkuntza-gatazkaz ari garenean? Zer da, justuki, diglosia? Zer, hizkuntza-politika, hizkuntza-normalizazioa, hizkuntza estandarra?, etab. Batzuk zein besteak, hamaikatan nahasi dira, eta nahas-mahasa are nahastenago da hizkuntza-plangintza, estandarizazioa eta gisakoak ageri direnean. Horiek horrela, Montoya nozio bihurriok argitzen eta mugatzen ahalegindu da dibulgazio-lan honetan.
Izenburuan normalizazioa eta estandarizazioa ageri badira ere, hizkuntza-politika eta hizkuntza-plangintza dira egilearen aztergaiak. Hizkuntza-politikaren definizioetarik bat hartu du abiapuntu, hau da, Boix eta Vilarena. Horrela, hizkuntza-politika zera litzateke: «Komunitate jakin baten baitako gizarte-lehian hizkuntza-barietateek jokatzen duten egitekoaren zehaztapena». Montoyak egiten duen ohar zuhurraren arabera, «hizkuntza-politika, ordea, egintzak esplizitatu gabe ere jar liteke praktikan, edota, besterik gabe, inhibizioz, gatazkan diren barietateetako baten alde jokatuz; era horretara, hizkuntza-errealitatearen aldaketarik ñimiñoena ere hizkuntza-politika da». Hari berean, besterik litzateke hizkuntza-plangintza. Hau, hizkuntza-politika esplizitu eta berariazkoa litzateke, arestian aipatu ditugun bi hizkuntza-politiken kontrakarrean, hots, inplizituen eta inhibituen kontrakoa. Hizkuntza-politika deliberatu edo formalei dagokienetan, horiek prozesu antolatuak izan ohi dira, borondate politiko baten jabe direnak, hierarkian osterantzeko guztien gainetik dagoen barietate bati leku egiteko asmoa dutenak.
Plangintza esplizituaz denaz bezainbatean, hiru adar ere bereiziko ditu Montoyak: hizkuntzaren jabetze prozesua edo hizkuntzaren irakaskuntzari dagokiona, hizkuntza-kodearen egiturarena, eta funtzio berrien asignatzea edota gizarte-erabileraren eremuei dagokiena.
Lanaren hasieratik, beraz, oinarri-oinarrizko kontzeptuak finkatzen jardungo du Montoyak. Besteak beste, hizkuntza-plangintza terminoaren sorrera azalduko du, adieraziz XX. mendearen erdialdera sortu zela, Afrikako eta Asiako herri deskolonizatuetako hizkuntza-egoera antolatu beharrak eraginda; atzerriko hizkuntzalariak izan zirela protagonista eta betiere hizkuntza-egitura izan zutela helburu. Halaber, hizkuntza-politika terminoaren jaiotza Europako eta Quebeceko hizkuntza-aldarrikapenak tarteko eta lekuan lekuko espezialisten eskutik sortu zela esango digu egileak. Modu berean azalduko ditu beste zenbait kontzeptu ere: adibidez, glotopolitika -hizkuntza-politikaren sinonimo, Frantzian indar hartu zuena-, mehatxupeko hizkuntza, normalizazioa…
Normalizazio hitzaren esanahia dela eta, Montoyak zera dio: hizkuntza-plangintzak duen esanahi bertsua duela, adituen artean behinik behin. Eta, atzera berriz Boix eta Vilaren iturritik edaten du: «hizkuntza-normalizazioak hizkuntza gutxituko komunitate batean hizkuntza-ordezkapena iraultzea esan nahi du, corpusean, jabekuntza-prozesuan eta gizarte-erabilerari dagokionean». Liburuaren izenburuan normalizazio hitzari lagun egiten dion beste izenaz ari dela, corpus plangintzaren fasea litzateke estandarizazioa; hots, «normatibizazioa eta gero datorrena; normatibizazioa, hizkuntza-arauaren ekoizpen garaia izango litzateke, eta estandarizazioa, aldiz, arau hura gizartean ezartzea».
Harriok ezarri eta berorien gainean eraiki du Montoyak liburua. Harako greziar filosofo Epiktetok Enkhiridion ondu bezala, soziolinguistikaren inguruko eskuliburua osatu digu katalan hizkuntzalari eta irakasleak, korapiloak askatzera datorren lanean. Soziolinguistikan hain usu darabiltzan kontzeptuak irakurle orori xehe-xehe esplikatuak.
Aurkibidea:
- I. Els concepts fonamentals
- II. La planificació lingüística
- III. La normalització del català
- IV. Bibliografía
- V. Annex legislatiu
Liburuaren ezaugarriak:
- Argitaratzailea: Bromera, Alzira
- Hizkuntza: Katalana
- Urtea: 2006
- Orrialdeak: 144
- ISBN: 84-9824-044-1
|