Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
:: AURREKOAK ::
ZABALETA GORROTXATEGI, I.
Paideia eta hizkuntza: euskal hezkuntza


"Paideia eta hizkuntza: euskal hezkuntza" liburuaren azala.Hezkuntzaren izaera antropologikoa, hizkuntzaren interes pedagogikoa. Biak aztertu ditu Iñaki Zabaleta Gorrotxategik liburu honetan. Ondoren, berriz, azterketa horietan oinarritu eta euskal hezkuntzari buruzko hausnarketa egin du egileak, gure hezkuntzak dituen zenbait erronka ere seinalatuz.

Iñaki Zabaleta Gorrotxategiren helburua da, lan honetan, euskal hezkuntzari buruzko gogoeta mamitzen lagunduko duten elementuak aztertzea, teoria pedagogikotik abiaturik. Egilearen iritziz, Euskal Herrian hezkuntza-gaiak politikoki oso korapilatsuak eta mediatikoki oihartzun handikoak dira, eta eredu linguistikoen eta euskal curriculumaren inguruko eztabaidak dira erakusgarri. Zabaletak, ordea, gaiok kontuan harturik ere, atzean dagoen problematikaren alderdi funtsezkoenak argitzea du helburu. Hezkuntzaz eta hizkuntzaz hausnartu du, Humboldten teoria pedagogiko-linguistikoari buruz egile honek berak argitaratutakoari jarraiki.

Lehen atalean, hezkuntzaren antropologia filosofikora, batetik, eta kulturalera, bestetik, jo beharra azpimarratzen du egileak, hezkuntza zer den galderari erantzun nahian. Esango duenez, «Kontua da […] "norbait" heztea askoz ere gehiago dela "zerbait" irakastea baino, eta, horregatik, hezkuntzak ezin duela bere eginkizuna ondo bete gizakiaren "irudi" orokor bat eduki gabe, zeinak bere ezaugarri konkretuak eta ahalmen potentzialak islatuko dituen».

Bigarrenean, hizkuntzak berak funtzio hezitzaile propioa duela azpimarratzen digu Zabaletak. Funtzio hori «gizakiaren berezko linguizitatean oinarritzen da -gizakia berez da hiztuna-, eta, horrenbestez, gizakiaren izaeran eta garapenean eraginkorra den hizkuntzaren zeregin antropologiko edo humanizatzaileaz hitz egiten dugu». Horren arabera, hitz egiten ikastea giza izaki bezala portatzen ikastea da eta heziketa linguistikoa, berriz, formazio gizatiarra.

Zabaletak berak gaztigatzen digunez, lehen atal biok aparte eta euskal gaiari lotu gabe irakur daitezkeen arren, «gure hezkuntza kontsideratzeko abiapuntu teoriko edota erreferentziazko marko bat» osatzeko balio digute, eta hirugarren atalaz -euskal hezkuntzari buruzkoa-, behar bezala jabetzen laguntzen digute.

Hirugarren atalean, honenbestez, euskal hizkuntza-komunitateaz eta hezkuntzaz ari da lehenik, esanez euskaldunek eta euskaraz hitz egiten dutenek gertakari antropologiko propioa osatzen dutela. Bigarrenik, euskal lurralde eleanitza eta hezkuntzaz dihardu; Zabaletaren arabera, «euskal hezkuntzak ezin du ahaztu egungo euskaldunen egoera diglosiko glotofagikoa -ez bakarrik funtzionala-, zeinaren arabera euskal hiritar askok ez dakien euskaraz baina euskal hiztun orok erdaraz ere dakien». Hirugarrenik, euskal hezkuntzaren dimentsio etikoaz ohar egiten du: «etika komunikatiboaren haritik, beharrezkoa dirudi gure euskal hezkuntza elebiduna, funtsean, elebitasunerako euskal hezkuntza bezala planteatzea», zeinak bazterketarik gabeko eta baldintza berdinetan gauzatutako elkarrizketa bideratuko duen.

Egileak euskal hezkuntzaren erronkaren inguruko zenbait ohar ere erantsi ditu, ordea. Euskararen auziari dagokionez, nahitaez da epe luzera kontsideratu beharrekoa: espainierarekin eta frantsesarekin alderatu eta euskarak «erakusten duen egoera eskasa […] aspalditik datorren arazoa da, eta, horrexegatik, berorren ezagutzaren eta erabileraren normalizazioa ere pazientzia historikoz» bideratu beharko da. Horren harian, Zabaletak dio hartzen diren erabakiak hartzen direla ere, ezinezko izango dela urte gutxian urrats izugarriak egitea. Aurrerapausoez ari eta esango du: «apaltasun minimo batez planteatu behar ditugu, frustrazioan erori nahi ez badugu bederen". Hizkuntza gizakiarena denez, gizabanakoarena eta gizataldeena, eta giza jardun guztietan inplikatuta dagoenez, hezkuntzak eta eskolak uste baino muga handiagoak dituzte euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko; ondorioz, pedagogo eta hezitzaileei ezin zaie eskatu dagokien erantzukizun zatia baino. Azkenik, euskararen berreskurapenean zaindu beharreko modu eta erritmoak ere aipatzen ditu Zabaletak. Dioenez, euskararen normalizazio-prozesua "belaunaldi mailako prozesu gisa ulertu behar da, non euskararen aldeko "presioa" -diskriminazio positiboa- eta "erakarpena" -lotura afektiboa- elkarrekin uztartu beharko diren».

Zabaleta Gorrotxategik, azkenik, Otto Friedrich Bollnow (1903-1991) filosofo eta pedagogo alemaniarraren testu bat dakar eranskinean, pentsalari ospetsuak ere ezinbesteko ikusten baitzuen hizkuntza aintzakotzat hartzea, gizakiaren izaera ezagutu eta beraren garapena bultzatzekotan. Hain zuzen, iritzi sendo horixe baliatu du 'Paideia' eta hizkuntza: euskal hezkuntza honen egileak, hasi eta buka, liburuaren lerro guzti-guztietan.

Aurkibidea:

  • Sarrera: hezkuntza, hizkuntza eta euskara
  • Hezkuntzaren antropologiaz
  • Hizkuntzaren pedagogiaz
  • Euskal hezkuntzaz
  • Ondorioa: euskal hezkuntzaren erronka
    Eranskina: Otto Friedrich Bollnow-en "Elkarrizketarako hezkuntza"
Oharrak eta bibliografia

Liburuaren ezaugarriak:

  • Argitaratzailea: Jakin, Donostia
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2007
  • Orrialdeak: 128
  • ISBN: 978-84-95234-34-6

 

Azken eguneratzea: 2008/05/30