2008ko apirilean argitaratu zen Euskara 21 gogoeta prozedurari hasiera publikoa eman zion "Oinarrizko Txostena". Euskararen Aholku Batzordearen "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko batzorde-atal bereziaren barruan osatutako batzorde iraunkorrak idatzi zuen hura. Batzorde-atal ezberdineko kideek eta herritarrek egindako gogoeta eta eztabaidaren ondorio dugu, berriz, oraingo azterlan hau, hura ordeztu ez baina osatu eta aberastera datorrena
Eskuartean dugun "Itun berri baterantz" txostenaren sarreran azpimarratzen denez, "beste deusen gainetik, euskararen biziberritzeak adostasun eragingarrira eraman gaitzan iritzi-trukaketa leiala behar du". Txosten honek, funtsean, horretarako bidea eman nahi du ideia, gogoeta eta proposamenak eginez.
Itun berri baterantz urratu beharreko bidean, hainbat dira garatu beharko liratekeen abiapuntuak. Txostenean jaso denaren arabera, hizkuntza politika beharrezkoa da, bi hizkuntzen arteko estatus berdintasuna ez delako berez inon gauzatu, ezta gauzatuko ere. Nahitaezkoa da esku hartze politikoa eta ezinbestekoak, berriz, lege, dekretu eta arauak. Hizkuntza politika behar da, beraz, baina "adostasunean, pertsuasioan eta tinkotasun demokratikoan oinarriturikoa".
Testuan esaten denez, hizkuntza politika egiterakoan, bestalde, kontuan hartu behar da hizkuntzaren gizarte-errealitatea eta, horri dagokionean, azpimarraturik ageri da progresibotasun kontzeptua, hizkuntza politikaren gune-gunean dagoena. "Progresibotasuna da herritarren atxikimendua, egin daitekeena eta erritmoak lotzen dituen printzipioa, eta, aldi berean, prozesuaren arrakastaren bermea".
Itun berri bateranzko bidean gogoan hartu beharreko beste puntu bat litzateke identitate edota adskripzio politikoari lotutakoa. Txostengileen arabera, identitate ireki eta integratzailea eraikitzeko balio duena besterik ez litzateke onargarria izango: "norberaren adskripzio askeari uko egitea eskatzen ez duen identitate-sistema (…) bere barnean adskripzio guztiak maila berean biltzeko gai dena, euskal herritar huts sentitzetik espainiar huts sentitzerainoko adskripzio guztiak naturaltasunez onartzen dituena". Orain baino lehen ere hamaikatan aldarrikatu den leloa berritzeko moduan gara, Euskara guztiona da, alegia, eta guztiona delako guztion eginkizuna da hizkuntza politika mamitzea. Txostenean idatzita dagoenez, "gizarte eleaniztun baten barnean euskara biziberritzea gizarte osoaren helburu kolektiboa da, eta, beraz, herritar guztiona, zeinahi delarik ere norberaren ideologia edo jarrera politikoa".
Itun berrituaren bidean behar den adostasuna azpimarratu digute txostengileek beren lanaren amaieran. Adostasuna behar da, ahalik eta zabalena, bai kuantitatiboa, bai kualitatiboa. Hizkuntza politika eztabaidagarria delako behar da kontsentsua, baina hizkuntza politika beraren premia da eztabaida ezin daitekeena eta, ildo horretan, "ukaezina da euskararen normalkuntzaren aldeko politika izan behar duela euskal gizartearen eragile soziopolitiko guztiak konprometituko dituen itun berrituaren oinarrian dagoen hizkuntza politikak".
Euskararen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz jarduteko ez ezik, gure hizkuntzaren indarberritzea EAEn ahalbidetu lezakeen helduleku berriak jartzen lagunduko duen txostena da honako hau.
AURKIBIDEA
Hitzaurrea
- I. Sarrera
- II. Garena: nondik gatoz, non gaude, nora goaz
- III. Lan-ildo nagusiak
- IV. Itun berritu baten abiapuntuak
Liburuaren ezaugarriak:
- Hizkuntza: Euskara, Gaztelania
- Argitaratzailea: Eusko Jaurlaritza, Kultura Saila
- Urtea: 2009
- Orriak: 60
- ISBN: 978-84-457-2873-4
|