Euskara

euskadi.net

Hemen zaude:
  1. Hasiera
Udaltop, udaletako euskara zerbitzuen jardunaldiak


Maiatzaren 7an eta 8an egingo dituzte Lasarte-Orian.

Lasarte-Oriako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) laguntzarekin, Udaltop Udaletako Euskara-Zerbitzuen I. Topaketak antolatu dituzte. Udaltop jardunaldien lehen edizioa maiatzaren 7an eta 8an egingo dute Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Helburua Euskal Herriko osoko udaletako euskara zerbitzuen arteko elkarlana sustatzeko bideak irekitzea da.

Euskara teknikarien topagune bihurtzeaz gain, hausnarketak, ikerlanak eta esperientziak aurkeztuko dituzte. Aurtengo gaia "Nola indartu euskararen erabilera familietan?" izango da. Besteak beste, Mikel Zalbidek (Hezkuntza saila) eta Pello Jauregik (EHU) hitzaldia emango dute.

Bestalde, jada sarean da Udaltopen webgunea: http://www.udaltop.com. Jardunaldiekin zerikusia daukan guztiaren berri jasoko da bertan. Bere helburua parte-hartzaileen jarrera aktiboa bultzatzea da. Jardunaldietan aurkeztuko diren ponentziak bertan zintzilikatuko dira, hainbat elkarrizketa eta erreportajez gain.

Jardunaldiak udaletako euskara teknikariei zuzenduta badaude ere, euskararen normalkuntzan lanean diharduen elkarte, erakunde eta profesional orok eta etorkizunera begira beren formazioa sail horretara bideratuko duten ikasleek har dezakete parte.

Matrikulatzeko epea martxoaren 3tik apirilaren 16ra bitartean egongo da zabalik Udaltopen webgunean.

Azken eguneratzea: 2009/02/18