Euskaltzaindiak EITBren testu-masa eskuragarri izango du Lexikoaren Behatokia egitasmoan erabiltzeko.
Euskaltzaindiak eta Euskal Irrati Telebistak (EITB) lankidetza-hitzarmena sinatu berri dute. Hitzarmen horren bitartez, EITBk ekoitzitako hainbat testu Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu, Akademiak Lexikoaren Behatokia egitasmoa gara dezan.
Lexikoaren Behatokiak ikerketarako testu-corpus etiketatu eta linguistikoki antolatua prestatzea du helburu. Euskaltzaindiak prosa arruntezko corpusa prestatu nahi du, bai lexikoaren erabileran azterketak egiteko, bai eta lexikoari dagozkion arauak eta gomendioak dokumentatzeko ere.
Corpus hori osatzeko hainbat hornitzaile aurreikusi ditu Euskaltzaindiak, gehienak hedabideak. EITBren kasuan, 2000. urteaz geroztik ekoitzitako testuak jarriko ditu akademiaren eskuetan.
Lexikoaren Behatokia UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearen elkarlanarekin garatuko du Euskaltzaindiak.
|