Egitasmoaren helburua da, urtean gutxienez bost film euskaraz bikoiztea.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak euskarazko ikus-entzunezkoen zabalkundea helburutzat hartuta Zinema euskaraz programa sortu eta martxan jarri zuen duela hainbat urte. Programa horrek euskaraz egindako edota bikoiztutako pelikulak zirkuitu komertzialean pantailaratzen eta banatzen laguntzen du. Lana erraztearren, zine-programatzaileek, kultura-sustatzaileek eta ikusleek euskaraz zer sortu den eta euskarara zer bikoiztu den jakin ahal izateko datu-basea sortu zuen Kultura Sailak.
Datozen egunotan, programak beste pauso bat emango du, izan ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sei zinema-areto komertzialetan filmak euskaraz ikusteko aukera izango da. Zirkuitua ehun filmez osatua dago, eta urte amaiera bitartean zinemaz zinema aldatzen joango dira. Egitasmoan Bilboko Multicines eta Reinor, Basauriko Bilbondo, Donostiako Antiguo Berri, Errenteriako Niessen eta Gasteizko Florida zinema-aretoek hartuko dute parte. Eskainiko diren filmak, berriz, honakoak dira: Perez sagutxoa 2, Aupa Etxebeste!, Winx erreinu galduaren sekretua, Harri magikoaren bila eta Obaba.
Hala ere, proiektua haratago eraman nahi dute, eta ostiraletako gaztelerazko estreinaldiekin batera, euskarazko bertsioa estreinatu nahi dute. Horrez gain, urtean gutxienez bost film euskarara bikoizteko helburua du egitasmoak.
|