Ohorezko 11 euskaltzain berri izendatu ditu Euskaltzaindiak
Gaur egun guztira, 33 ohorezko euskaltzain dira, euskarari egindako mesede bikainengatik izendatuak.
Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain berriak izendatu zituen joan den urtarrilaren 29an, Donostian egindako osoko batzarrean. Orotara, 11 euskaltzain berri izendatu zituen, guztiak euskarari egindako mesede bikainengatik. Euskaltzaindiak aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak. Azken izendapena 2004an egin zuen. Gaur egun guztira, 33 ohorezko euskaltzain dira.
Hauek dira izendatu berri diren ohorezko euskaltzainak:
Pakita Arregi. Hezkuntzaren Soziologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
Gorka Aulestia: Deustuko Unibertsitatean eta EHU-UPVn literatura eskolak eman zituen jubilatu arte. Basque English Dictionary eta English-Basque Dictionary lanak osatu ditu, besteak beste.
Joxe Azurmendi: Idazle eta filosofoa. Jakin aldizkariaren bultzatzaileetakoa.
Luis Baraiazarra: Karmel aldizkariko idazle eta zuzentzaile izandakoa. Lexikologia arloan egin du lan gehien.
Erramun Baxok: Euskal Kultur Erakundeko buru izandakoa. Bat soziolinguistika aldizkarian, Euskera, International Journal of the Sociology of Language, Jakin edota Jazten aldizkarietan argitaratu ditu bere artikulu zientifikoak.
Martzel Etchehandy: Belokeko abadiaren liburuzaina da. Elizen Arteko Bibliaren itzultzailea da, besteak beste.
Ana Etxaide: Hizkuntzalaritza Orokorraren katedraduna.
Joshua Fishman: New Yorkeko Yeshiva Unibertsitateko ikerketarako katedradun emeritua da. Mundu osoko hainbat hiztun elkarte txikiren egoera aztertu du, baita euskararena ere.
Jose Angel Irigarai: Ez Dok Amairu taldeko hasierako partaidea, Herri Gogoa argitaletxearen fundatzaileetarikoa eta Nafarroako ikastolen sorrerako mugimenduan ibilitakoa.
Joxemari Iriondo: Kazetaria. Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu zuen. Bertsolaritza arloan ere lan handia egindakoa.
Xabier Lete: Idazle, poeta eta kantaria. Ez Dok Amairu taldea sortu zuenetarikoa.