Eusko Ikaskuntzak eta Etxepare Euskal Institutuak mintegi bat antolatu dute uztailaren 13an, Donostian.
Uztailaren 13an Eusko Ikaskuntzak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Gerra Zibila eta Memoria Historikoa iberiar penintsulako literaturetan mintegia izango da Donostiako (Gipuzkoa) Bakearen eta Giza Eskubideen Etxean.
Mintegia Eusko Ikaskuntzak eta Etxepare Euskal Institutuak elkarrekin antolatzen duten lehenengo ekimena da. Estatu espainiarreko lau hizkuntza ofizialetako literaturan Gerra Zibilaren memoria historikoa berreskuratzeak hartu duen garrantzia kontuan hartuta, erabaki dute bi erakundeek ikerketa ikuspuntu original batetik abiatzea.
Mintegi honetan nazioarteko unibertsitatetako irakasle eta ikerlariak izango dira. Honako galderei erantzunak bilatzen ahaleginduko dira: estatu espainiarreko literaturetan zein memoria historiko partekatzen dugu? Ba al dago literatura guztietan errepikatzen den gertaera edo gerra kontakizunik? Hala bada, zein dira?
Mintegian parte hartu nahi dutenek www.eusko-ikaskuntza.org webgunean eman dezakete izena. Eusko Ikaskuntzako bazkideek eta ikasleek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek, 10 euro.