Azken eguneratzea: 2011/08/24
Ekimen horrek EAEko gazteei euskara erabiltzeko beste aukera bat eskaintzen dietela adierazi dute HPSko ordezkariek.
Trafiko araudiari buruzko liburua, multimedia programa eta testak jasotzen dituen CDa iaztik dago autoeskolatan. Orain, beste hainbat euskarri ere banatu dituzte udalerrietan, autoeskolatan, ikastetxeetan eta gazte informazio bulegoetan.
Uztailaren hasieran gidabaimena euskaraz ateratzeko aukeraren berri ematen duen kanpaina zabaldu zen, Euskaraz badu halako punttu bat lelopean. Trafikoko araudia jasotzen duen eskuliburua, multimedia programa bat eta testak biltzen dituen CDa autoeskola guztien eskura zeuden iaztik. Baliabide horiek aurkezteaz gain, triptikoak, kartelak eta bestelako euskarriak banatu dira dagoeneko hainbat tokitan: udalerrietan, autoeskoletan, ikastetxeetan eta gazte informazio bulegoetan, besteak beste. Informazio-orrietan kanpainan parte hartzen duten autoeskola guztien izenak eta helbideak jaso dira; horretarako, material didaktikoa euskaraz edukitzea beharrezkoa den bezala, autoeskolek irakasle euskaldunak ere izan behar dituzte.
Kanpainaren aurkezpenean Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazi zuen bezala, ekimen honek beste aukera sendo bat eskaintzen die EAEko gazteei euskara erabiltzeko, oraingo honetan gidatzeko karneta eskuratzeko behar diren urratsak euskaraz egiteko.