Eusko Ikaskuntzak "Euskara eta euskalkien egoera Iparraldean gaur" izeneko jardunaldia antolatu du Bilbon.
Eusko Ikaskuntzaren Hizkuntza eta Literatura Sailak antolatuta "Euskara eta euskalkien egoera Iparraldean gaur" jardunaldia egingo da apirilaren 17an Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Besteak beste, Iparraldean euskarak duen presentzia eta erabilera, euskalkiek azken ehun urteotan izan duten bilakaera eta euskara batuak izan duen eragina aztertuko dira jardunaldian. Horrez gain, irakaskuntzak, komunikabideek eta beste zenbait eragilek egungo euskalkietan izan duten eragina mintzagai izango da. Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta hiru hitzaldi izango dira: "Lapurteraren berezitasunak eta egoera" Beñat Oyharçabal euskaltzain eta Baionako Iker-CNRSko ikerketa zuzendariaren eskutik, "Behe-nafarreraren berezitasunak eta egoera" Xarles Bidegain Pau eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakaslearen eskutik, eta "Zubereraren berezitasunak eta egoera" Txomin Peillen euskaltzain eta Pau eta Aturri Herrialdeetako Unibertsitateko irakasle emerituak emana. Ondoren, hizlariekin mahai-ingurua egingo da "Iparraldeko euskararen etorkizunaz" gaiaren inguruan.
|